214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (460 KB - 30 orri.)
- EPUB (138 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5020
AGINDUA, 2024ko urriaren 15ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2024. urterako, nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzen oinarriak onestekoa (Handitu Innova Programa 2024).
Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren 2024. urterako Plan Estrategikoan, enpresa-sektoreari laguntzeko politikak diseinatzeko testuinguru-esparru estrategiko berria zehaztu du.
Elikaduraren balio-kateek rol estrategiko bat dute euskal ekonomian, eta eragin bultzatzailea dute barne-produktu gordinean eta sortutako enpleguan duten pisuagatik. Eta hori lortzen du, halaber, gero eta inbertsio handiagoa egiten delako berrikuntzan, eta horrek areagotze-efektu handia du jarduera ekonomiko globalean, baita lurraldean egituratze-ahalmenena dutelako ere.
Plan Estrategiko berriak laguntza gehiago ematen die enpresei negozioa sortzeko, laguntza-programa batzuen, finantza-tresnen eta beste jardun-ildo batzuen bidez; jarduera ekonomikoa sustatzea eta ekoizpen- eta teknologia-aktibo berrietan inbertsioak sustatzea da horien jomuga, bai eta hazteko gaitasuna duten negozio-ideia berriak garatzen laguntzea ere, enpresako barne-ekintzailetza eta ekintzaileei lagunduz.
Ildo horretan, nahiz eta gaur egun elikaduraren eta zuraren balio-kate guztiei zuzendutako I+G+B arloko laguntza-programa bat –Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak sustatua eta arreta proiektu pilotuetan eta ekimen pilotuetako laguntza zehatzetan ipintzen duena– existitzen den, ez dago lehen sektoreari laguntzeko eta lagun egiteko tresnarik, zuzeneko ekoizpen-kostuen murrizketarako eta lanaren produktibitateren hobekuntzarako lagungarriak izanik ekoizpenaren eta ezartzen diren toki- eta eskualde-esparruetan ekonomia sortzeko gaitasuna duten berrikuntza teknologikoko ekimen handiei lotuta dagoenik.
Horrela, bada, agindu honek jarraikiz egiten dio sailak Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean berrikuntza teknologikoa sustatzeko duen eskumen-esparruari, eta honako helburu hauek ditu: nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzen oinarrietarako deialdia egitea (2024ko Handitu Innova programa); horrela, ustiapenaren lehiakortasuna hobetu eta negozio-aukera berriak sortu ahalko dira, nekazaritza- eta basogintza-sektoreko ekimen estrategiko eta berritzaile handiak bultzatuz, baldin eta ekimen horien xedea tokiko eta eskualdeko ekonomiak eraldatzea bada, berrikuntza teknologikoan inbertsio handiak eginez, ekoizpenaren zuzeneko kostuak murrizte aldera.
Laguntza horiek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen barruan daude (2022/C 485/01), eta, horrenbestez, aldez aurretik jakinarazi zaizkie Europako Batzordeko zerbitzuei, eta C (2023) 5353 azken erabakiaren bidez baimendu dira, 2023ko abuztuaren 3an hasi eta 2027ko abenduaren 31ra arte.
Agindu honen bidez deitutako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena). Plan hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago argitaratuta, «www.euskadi.eus», sailari eskainitako eremuaren barruan eta «Planak eta proiektuak» atalean.
Honako hauetan dauden xedapenetan ezarritakoa betez: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan Erregulatzekoa.
Kontuan hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea aplikatuz, zeinak 26.4 artikuluan xedatzen baitu, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren saileko gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskumena dutela,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2024. urterako onestea nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzetarako deialdiaren oinarriak (Handitu Innova Programa 2024); agindu honen I. eranskinean biltzen dira horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea, izaera eta esparrua.
1.– Agindu honen xedea nekazaritza-ekoizpen primarioko berrikuntza teknologikoarekin lotutako inbertsio handietarako laguntzetarako deialdia (2024ko Handitu Innova Programa) egitea da 2024ko ekitaldirako.
Laguntza horiek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen barruan daude (2022/C 485/01), eta Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioekin soilik finantzatzen dira.
2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez-itzulgarritzat hartuko dira, eta Batasunaren araudiari eta ingurumena babesteari buruzko legeriari jarraituko diete.
3.– Urterokoak edo hainbat urtetarako inbertsioen proiektu batera egokituko dira laguntzak, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.
4.– Honako hauek dira agindu honen laguntzen helburuak:
a) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiaren funtzionamendua eta jasangarritasun orokorra hobetzea, bereziki ekoizpen-kostuak murriztuz, ekoizpena hobetuz eta berrorientatuz, eta teknologia berriak sartuz.
b) Natura-ingurunea, higiene-baldintzak edo animalien ongizate-mailak hobetzea.
c) Nekazaritza garatzeko, egokitzeko eta modernizatzeko azpiegiturak sortzea eta hobetzea, barne hartuta nekazaritza-lurrak eskuratzea, lurrak sendotzea eta hobetzea, energia jasangarria hornitzea, energia-efizientzia eta ura hornitzea eta aurreztea.
d) Honako hauek kalte egindako nekazaritza-ekoizpenaren potentziala berrezartzea: hondamendi naturalek, hondamendi natural batekin pareka daitezkeen salbuespenezko gertaerek eta fenomeno klimatiko kaltegarriek, animalien gaixotasunek eta babestutako animalien eta landareen izurriteek, bai eta gertakari eta faktore horiek eragindako kalteen arriskua prebenitzear eta arintzea.
e) Klima-aldaketa arintzen eta haren ondorioetara egokitzen laguntzea, besteak beste berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbono-harrapaketa handituz, bai eta energia jasangarria eta energia-efizientzia sustatzea ere.
f) Bioekonomia zirkular jasangarria bultzatzea eta garapen jasangarria eta baliabide naturalen (ura, lurzorua eta airea) kudeaketa efizientea sustatzea, adibidez mendekotasun kimikoa murriztuz.
g) Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, ekosistemen zerbitzuak indartzea, eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
2. oinarria.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Nekazari aktiboa: nekazari bat, estatu kideak NPEaren plan estrategikoan zehazten duen moduan, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluko 5. paragrafoarekin bat etorriz.
2.– Ekoizleen elkartea edo antolakundea: helburu hauetakoren batekin sortutakoak:
a) ekoizleen elkarte edo antolakunde horretako kideen ekoizpena eta etekina merkatuaren eskarietara egokitzea;
b) produktuak elkarrekin merkaturatzea: barne hartuta salmenta elkarrekin prestatzea, zentralizatzea eta handizkakoak hornitzea;
c) ekoizpenaren gaineko informazioari buruzko arau komunak ezartzea, bereziki uztari eta prestasunari dagokienez;
d) ekoizleen elkarteek edo antolakundeek egin ditzaketen beste jarduera batzuk, hala nola enpresa- eta merkataritza-konpetentziak garatzea, berrikuntza-prozesuak antolatzea eta erraztea, kideen lurrak batera kudeatzea eta ingurumena errespetatzen duten laborantza-praktikak eta ekoizpen-teknikak erabiltzea, bai eta animalien ongizatea errespetatzen duten praktikak eta teknikak ere.
3.– Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean sartzen dira nekazaritzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batetik datozenak ekoiztea, eraldatzea, ontziratzea eta merkaturatzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak ezarritakoari jarraikiz.
4.– Krisialdian dagoen enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko (EB) 702/2014 Erregelamenduko 2.14 artikuluan ezarritako egoeraren bat duen enpresa. Erregelamendu horrek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako laguntza-kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak deklaratzen ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
5.– Nekazaritza-ustiategia: nekazaritza-ekoizpen primariorako erabilitako lursail, lokal eta instalazioek osatutako unitatea.
6.– Enpresa handia: Europako Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen ez dituen enpresa. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
7.– Berrikuntza teknologikoa: merkatuan berria den edo nabarmen hobetuta dagoen produktu edo zerbitzu bat txertatzea, edo establezimendu batean berria den edo nabarmen hobetuta dagoen prozesu bat txertatzea. Berrikuntza teknologikoa, lehendik dauden teknologien konbinazio berriak edota enpresak edo ustiategiak eskuratutako beste jakintza batzuk erabiltzearen emaitzetan oinarritzen da berrikuntza. Prozesu bat berritzat joko da, baldin eta enpresaren azpisektore ekonomikoan orokorrean ezarrita ez badago.
8.– Nekazari gaztea: nekazari bat, estatu kideak NPEaren plan estrategikoan zehazten duen moduan, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 4.6 artikuluarekin bat etorriz.
9.– Bertako lehengaia: Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten den nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako lehengaia.
10.– Mikroenpresak, ETE edo enpresa txiki eta ertainak: Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.
11.– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.
12.– Inbertsio-proiektua: produktu komertzialak eskuratzeko eta haien produktibitatea eta kalitatea hobetzeko diseinatutako azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta makinen multzoa.
13.– Nekazaritzako sektorea: ekoizpen primarioan zein nekazaritzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko prozesuetan jarduten duten enpresa guztiak.
14.– Enpresa berria: agindu honen aplikazioaren ondorioetarako, enpresa berritzat hartuko da, sortu berria izateaz gain, eskatutako laguntzaren xede den produkzio-zentro berria sortzen duena. Enpresa berriaren izaera hori enpresa sortu eta lehenengo bi urteetan mantendu daiteke.
15.– Inbertsio handia: agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, inbertsio handitzat hartuko da 300.000 eurotik gorako inbertsioa.
3. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2024ko eta 2025eko ekitaldietan 2.995.000 euro erabiliko dira Handitu Innova 2024 programaren deialdian ezarritako laguntzak finantzatzeko. Zenbateko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.
2.– Funtsak honela banatuko dira: 1.495.000 euro 2024rako ordainketa-kreditua izango dira, eta gainerako 1.500.000 euroak, berriz, 2025erako konpromiso-kreditua.
4. oinarria.– Betekizunak.
1.– Onuraduna izateko, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako baldintzak eta paragrafo honetan jasotako betekizunak bete behar dira:
a) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
b) Inbertsioak goi-teknologiako elementu, instalazio, ekipamendu eta azpiegiturei lotuta egotea, berrikuntza teknologikoko programa baten barruan, eta 300.000 eurokoak edo handiagokoak izatea.
c) Inbertsioak honako hauek egitea:
○ Titular edo titularkide gisa pertsona fisiko bat duten ustiategiak (sektorean lehen aldiz kokatzen diren nekazari gazteak izan ezik). Betekizun hauek betetzen dituen familia-ustiategia:
– Ustiategiaren titularra edo titularkidea izatea eta nagusiki nekazaria izatea.
– 18 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, nekazaritza-jardueraren arabera Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotea, zerga-betebeharrak eta Administrazio Publikoari lotutako era guztietako betebeharrak egunean izatea, eta nekazaritza-jardueraren ondoriozko erretiro-pentsiorik, ezintasun iraunkor absolutuagatiko pentsiorik edo ezintasun iraunkor osoagatiko pentsiorik ez kobratzea, salbu eta ezintasun hori laguntza-eskaeraren xede den jarduerari lotuta ez badago.
– EAEn dagokion lurralde historikoko nekazaritza-ustiategien erregistroan behar bezala erregistratuta izatea ustiategia.
– Gaitasun eta konpetentzia profesional egokiak egiaztatzea, dela nekazaritza-adarrean gutxienez bigarren mailako lanbide-heziketako titulu akademiko bat duela egiaztatuz, dela nekazaritza-jardueran 2 urte baino gehiago eman dituela frogatuz.
– Sektorean sartzen den 41 urtetik gorako ustiategi-titularraren kasuan, ustiategian sartzen denetik aurrera izan ahalko da laguntza honen onuradun, baldin eta bi urteko epean aurreko eskakizunak betetzen dituela egiaztatzen badu. Epe horretan egiaztatu ezin baditu, jaso dituen laguntzak itzuli beharko ditu.
○ Titular gisa pertsona juridiko bat duten ustiategi asoziatiboak:
– 1. taldea – Lan-sozietateak, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak edo bestelako merkataritza-sozietateak, ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak –LUKKak– eta lan elkartuko kooperatibak, 1305/2013 EB Erregelamenduaren 17.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz.
– 2. taldea – Nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak (NMEK).
• Nekazaritza-ustiategien titularrek osatuko dituzte, eta pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, baina inor ez da kontratista, kapitalista edo antzeko beste ezein kategoriatako titular izango.
• Sozietate-partearen gutxienez % 75 nagusiki nekazariak izango dira, eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 75, halaber, nagusiki nekazari diren kide edo bazkideen jabetzakoa.
• Lehen mailako kooperatiben kasuan, bazkideen zerbitzurako makineria-atal bat badute, euren estatutuetan hala jasota badago, atal hori NMEKekin parekatuko da.
○ Ondasun-erkidegoen, sozietate zibilen edo titulartasun partekatuko enteen kasuan, baldin eta kideen gutxienez % 50 nagusiki nekazariak badira eta kapital sozialaren edo banaketa-kuotaren gutxienez % 50 nagusiki nekazari diren bazkideena bada.
○ Sektorean lehen aldiz kokatzen den nekazari gazte bat titular gisa duten ustiategiak.
d) Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) edo Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean (REGEPA) erregistratua egotea, eta eraldatze/merkaturatzearen zatia badu, Animalien Identifikazio Indibidualeko Erregistroan (RIAA).
e) Inbertsioak ez daudela hasita eskaera aurkezten den unean. Betekizun horretatik salbuetsita egongo dira obra zibileko proiektuaren ordainsariak.
Egoera hori elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak in situ egindako ikuskapen baten bidez egiaztatuko da, edo notario-akta bat aurkeztuz –entitatearen kontura izango da–, betiere entitateak organo instruktoreari inbertsioa hasi ez dela egiaztatzeko behar diren elementuak jasotzen baditu.
Era berean, enpresa handientzat, laguntzarik gabe nolako egoera duten deskribatu beharko dute eskaeran, hau da, hipotesi kontrafaktual gisa edo proiektu edo jarduera alternatibo gisa aipatutako egoera, eta eskaeran deskribatutako hipotesi kontrafaktualaren aldeko dokumentu-frogak aurkeztu beharko dituzte.
Salbuespen gisa, bisita horien ordez, ez hastearen aktak egin ahal izango dira modu ez-presentzialean, baldin eta funtzionarioak ezin badira inbertsioaren tokira joan akta in situ egiteko, edo, bestela, onuradunak emandako edozein frogagiri egokiren bidez, baldintza hauek betetzen badira:
1) Ezinbesteko arrazoiak direla medio, laguntzaren xede den eragiketaren lekua edo inbertsioaren kokalekua bisitatu ezin izatea.
2) Akta egiteko erabilitako baliabide telematikoek eta eskatzaileak emandako dokumentazioak, argazki geoetiketatuak eta datatuak barne, argi eta garbi egiaztatzea egin nahi diren inbertsioak ez direla hasi akta aurkeztu den unean.
f) Enpresa edo pertsona onuradunak ekonomikoki bideragarriak izatea eta produktuak merkaturatzeko irtenbide normalak izatea.
g) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
h) Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, 2013ko abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 3/1998 Legea, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra) –hala badagokio, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.
i) Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
j) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
k) Nekazarien elkarte eta erakundeen kasuan, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legean erabaki-organoetako ordezkaritza orekatuari buruz ezarritako mugak betetzea.
l) Diruz lagundu daitekeen proiektuak obra zibil bat badu, proiektua ebaluatzeko unean, agiri bidez egiaztatzea inbertsioa egiteko behar diren lursailak edo higiezinak erabiltzeko aukera ematen duen titulua, gutxienez 10 urterako, eskaera aurkezten den urtetik aurrera; horrez gain, obra gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenek aurrez eskatuta egon beharko dute.
2.– Halaber, laguntzen onuradun izateko, onuradunak ez dira egongo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretan. Hau da:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso izana.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.
f) Egunean ez izatea erregelamenduz zehaztutakoaren arabera dirulaguntzak itzultzeko obligazioak.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera (Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan), dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta ez badute zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitaterekin betearazpen-aldiko dirulaguntzen itzulketengatik, edo premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoen pertsona edo entitateen kasuan, borondatezko epean erantzun gabeko zorrik ez badute. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada, edo etetea erabaki bada, dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta.
g) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
h) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak zehatuta egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
j) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen judizial irmo bat ematen ez den heinean bide emango lukeena kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izateko dagokion erregistroan.
k) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ez izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan), automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du Elikagai Industrien arloko zuzendaritza eskudunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, eskatzaileak berariaz uko egiten ez badio; kasu horretan, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.
l) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatzean, ez betetzea merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean zehaztutako ordainketa-epeak. Lege horretan ezarritako ordainketa-epeak bete beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da, aginduaren IV. eranskinean jasotzen den bezala.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritako elkarteen kasuan, kide guztiek bete beharko dituzte aurreko betekizunak.
4.– Pertsonek edo entitateek lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmisioen bidez justifikatuko dute oinarri honetako 2. apartatuko a) letratik j) letrara bitartean ezarritako baldintzak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen erregelamendu-araudian ezarritakoa betez, edo administrazio-ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, agiri hori ezin duenean agintaritza eskudunak eman, agindu honen III. eranskinean aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
5. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskaerarekin batera, oinarri honen 6. puntuan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira. Alabaina, agindu hau argitaratu aurretik baina deialdiaren ekitaldiaren barruan aurkeztutako eskaerak onartuko dira; eskaera horiek berriro aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den dokumentazio orokor eta espezifikoarekin, hala badagokio, eta agindu honek ondorioak sortzen dituenetik 15 eguneko epean.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri honen 3. apartatuan adierazten diren helbideen bidez.
3.– Eskaera, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazioa eta gainerako agiriak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri:
– https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220403
– https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1220403
Eskaeraren ondorengo izapideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» delakoaren bidez egingo dira:
– https://www.euskadi.eus/nirekarpeta, eta
– https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Laguntza-eskaeraren ereduaren oinarrizko edukia eskuragarri egongo da https://www.euskadi.eus helbidean, eta agindu honen III. eranskina da.
6.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera ordezkari baten bidez egiten bada, ordezkaritza-egiaztagiria.
b) Pertsona juridikoek, eratze-eskritura eta estatutuak (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita), eta, hala badagokio, gerora erregistratutako eskrituren kopia, enpresa gaur egun zer egoeratan dagoen egiaztatzeko.
c) Enpresa eskatzailea talde batekoa bada: enpresa zein taldetakoa den, haren antolamendu-egituraren dokumentazioa, partaidetza-ehunekoak adierazita (laguntza eskatzen den egunean).
Datu hauek emango dira:
– Negozio-zifraren zenbateko garbia.
– Langileen batez besteko kopurua.
– Aktiboaren zenbatekoa, guztira.
Era berean, emandako datuak agerian jartzen dituen dokumentazioa eman behar da, hala nola urteko kontu bateratuak, enpresa bakoitzaren urteko kontu ikuskatuak (halakorik ezean, Merkataritza Erregistroan aurkeztutako balantzea eta galera eta irabazien kontua), Sozietateen gaineko Zerga, eta abar.
d) Aurreko 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada: hirugarrenen alta-agiria; web-helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
e) Aurrekontuak eta proformako fakturak, inbertsioa edo gastua justifikatzeko direnak. Eskaintza faltsuak aurkezteak laguntza-eskaera ukatzea ekarriko du.
f) Eskatutako inbertsio guztiak banan-banan azaltzen dituen taula, eta bakoitzaren hiru aurrekontuak, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz zein aurrekontu aukeratu den adierazita. Eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da horren zergatia aldeko txosten batean. Inbertsioren batean hiru aurrekontu aurkeztu ezin badira, justifikazio-txostena, inguruabar hori ukaezina dela argudiatuz.
g) Txosten tekniko-ekonomiko bat, proiektuaren bideragarritasunari buruzkoa, edukiaren aldetik agindu honen II. eranskinari jarraikiz.
h) Proiektuan obra zibil bat edo instalazioak egin behar badira, obra egiteko proiektua eta horretarako baimena lortzeko eskaeraren kopia –hala badagokio, oniritzia izan beharko du proiektuak– eta behar diren lizentzia- eta baimen-eskaeraren kopia.
i) Obra zibila ekoizpen-establezimendu berri bat egiteko bada, inbertsioa exekutatuko den lursail edo higiezinen jabetza-tituluaren kopia edo gozamen- edo alokairu-kontratuaren kopia.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten den aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla eta 4. oinarriaren 1. puntuan ezarritako betekizunak betetzen dituela.
k) Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, 4.2 oinarriaren a) letratik j) letrara bitartean ezarritako betekizunak betetzea egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpena, halako betekizunak betetzeari buruzkoa.
l) 9. oinarriko balioespen-irizpideak betetzen direla justifikatzeko txosten bat.
m) Higiezinen erosketan, indarreko tasazio ofiziala eta eraikinak azken hamar urteetan laguntzarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.
n) 30.000 eurotik gorako dirulaguntza eskatzean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako ordainketa-epeak betetzen direla egiaztatzeko agiriak; hain zuzen ere, agindu honen IV. eranskinean ezarritako froga-baliabideak.
o) Laguntza kuantifikatzeko, entitate eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.
7.– Automatikoki egiaztatuko da entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izango onuradunek horretarako berariazko baimena ematea, salbu eta berariaz aurka egitea; kasu horretan, egiaztatu egin beharko du hori, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua, eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
8.– Agindu honen 6. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, agiri horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskaeran, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
9.– Bai laguntza-eskaera bai aurkeztu beharreko dokumentazioa aukerako hizkuntza ofizialean aurkez dezake eskatzaileak. Era berean, laguntzen eskaeratik datozen jarduketetan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.
10.– Eskaerak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan oinarrituta, elikagai-industrien arloko zuzendariaren ebazpenaren bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
11.– Edonola ere, elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, beharrezko irizten badie aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko.
6. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen kostuak, oro har.
1.– Diruz lagunduko dira, oro har, diruz laguntzeko kostu hauek:
a) Makineria eta ekipamendu berriak erostea edo haien finantza-errentamendua produktuaren merkatu-balioraino, elementu hauetan:
– Uztak biltzeko robotikako inbertsioak.
– 4.0 teknologiako eta zehaztasuneko makinak, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorean, honako hauetarako:
• Produktu kimikoen erabilera murriztea, batez ere produktu fitosanitarioena eta ongarriena.
• Laboreen trazabilitatea eta kalitatea kontrolatzea ereiteko eta lantzeko fasean.
• Abereen geolokalizazioa.
• Abereentzako itxitura digitalak.
• Abereen genetika eta ugalketa hobetzea.
– Goi-teknologiako instalazioak eta elementuak berotegietako zenbait sistematarako; besteak beste, argiztapen, berokuntza eta ureztatzeko sistemetarako.
– Ustiapenean mindak prozesatzeko eta tratatzeko goi-teknologiako makinak.
– Berrikuntza teknologikoan oinarritutako laboreetan eta ganaduetan beharrezkoak diren instalazioak, ekipamenduak eta makinak.
– Abereak (behiak, ardiak eta ahuntzak) kudeatzeko prozesuak digitalizatzea.
b) Ureztatze/ureztapen-instalazioetako inbertsioen kasuan, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan estatu-laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetako 157. eta 158. kapituluetan ezarritakoa betetzen dutenak baino ez dira diruz lagunduko (2022/C 485/01).
c) a) letran adierazitako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterlanak barne; bideragarritasun-azterlanak diruz lagundu daitezkeen gastuak izaten jarrai dezakete, nahiz eta, emaitzen arabera, a) eta b) letretan jasotako gastuak ez ordaindu.
2.– Diruz lagundu ahalko dira, halaber, inbertsioak, baldin beharrezkoak eta aurreko puntuan adierazitakoen osagarriak badira; adibidez, hauek:
a) Ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea, finantza-errentamendua barne, edo bigarren eskuko ondasun higiezinen hobekuntza, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.
b) Aurreko apartatuan ezarritako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterketak barne, proiektuaren gauzatze materialaren % 8raino. Bideragarritasun-azterketak diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira oraindik, nahiz eta, emaitza kontuan hartuta, aurreko puntuetan ezartzen diren gastuak ez egin.
c) Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea, eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
d) Bioenergia ekoizteko ekipoetan egindako inbertsioak, efizientzia-estandarrak betetzen badituzte, ustiategian soilik kontsumitzeko direnean.
e) Ingurumen-inpaktua txikitzeko eta haren kalitatea hobetzeko prozesuetan inbertsioak egitea, bereziki ustiategien karbono-aztarna gutxitzen laguntzen duten prozesuetan; helburuak izan behar du produktuek ekoizpen-prozesuetako baldintza tekniko eta sanitarioak betetzen dituztela egiaztatzea edo horietara egokitzea.
3.– Onuradunak gutxienez hornitzaile ezberdin eta independenteen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu, eskatutako laguntzaren xede diren inbertsio guzti-guztiei dagokienez, zenbatetsitako kostuaren zenbatekoa edozein dela ere (diruz lagunduko den gastua kontratu txikien zenbatekoa baino txikiagoa izan daiteke), obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta beren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan horiek egin, mailegatu edo hornitzen dituzten entitateen kopuru nahikorik ez badago –egiaztatu egin beharko da–.
Aurrekontuan jasotako inbertsioa egiteko eta zerbitzu hori emateko gaitasuna duten enpresa independenteek egin behar dituzte aurrekontuak; behar bezain zehaztuta egon behar dute, eta konparatzeko moduko gastu-kontzeptuak jaso behar dituzte.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –laguntza eskatzean aurkeztu beharko dira– efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuenaren alde egiten ez bada.
7. oinarria.– Dirulaguntza jaso ezin duten kostuak.
1.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Enpresa-salerosketak eta -eskualdatzeak.
b) Sozietate bat eratzeko eta hasteko gastuak.
c) Inbertsioa egiten den lursaila erosteko eta erosten diren lokal eta pabiloi eraikietako lurzoruaren balioa ordaintzeko inbertsioak.
d) Makinak birjartzeko inbertsioei lotutakoak, baldin eta makinaren amortizazioaldia bete ez badute (gutxienez 7 urte).
e) Nekazaritzako ekoizpen-eskubideak eta ordainketa-eskubideak erostea.
f) Urteko landareak erostea eta landatzea, salbu eta 1.4 oinarriaren d) helburua lortzeko direnean eta higadura genetikoko arriskuan dauden landare-barietateak babesteko denean, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen 210. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz.
g) Animaliak erostea, salbu eta 1.4 oinarriaren d) helburua lortzeko direnean eta arraza mehatxatuetako animaliak erosten direnean, 2016/1012 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. puntuan definitutakoaren arabera, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen gidalerroen 207. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz; horrez gain, salbuespena da, halaber, azienda harrapari handien aurka babesten duten txakur zaindariak erostea.
h) Finantza-errentamenduko kontratuekin zerikusia duten kostuak, 6. oinarrian aipatutakoak izan ezik, hala nola errentatzailearen marjina, interesen birfinantzatze-kostuak, gastu orokorrak eta aseguru-gastuak.
i) Ustiapen-kapitala.
j) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste tasa eta zerga batzuk. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz laguntzekoa izango, salbu eta BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera ez bada berreskuratzeko modukoa. Berreskuratu ezin daitekeen BEZa diruz laguntzeko modukoa izan dadin, onuradunaren merkataritza-peritu batek edo legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta onuradunaren kontabilitatean gastu modura jaso dela.
k) Normalean 5 urtetik beherako zikloetan amortiza daitezkeen materialak. Ezingo dira diruz lagundu, halaber, kontabilitateak gastutzat hartzen dituen inbertsioak, salbu eta azterlanak eta proiektuak.
l) Indarrean dauden beste programa batzuek babestutako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko inbertsioak.
m) FBEE bateko ustiategiei eragiten dieten edo frutak eta barazkiak ekoizten dituzten ekoizleen elkarte batek sustatuko inbertsioak, baldin eta euren funts operatiboetatik eskatu bada dirulaguntza.
n) Bigarren eskuko ekipamendua erosteko inbertsioak.
o) Garraio-elementuak, salbu eta ekoizpen-prozesuei kondiziorik gabe lotuta daudenean eta ustiapenaren/instalazioaren barruan daudenean.
p) Ez dira diruz lagunduko proiektuak baldin eta diruz lagundu daitezkeen kontzeptutako inbertsioa 300.000 eurotik beherakoa bada guztira.
q) Berrikuntza teknologikoko programarekin loturarik ez duten eskuzko tresnak.
r) Mantentze-lanak, konponketak eta nork bere kabuz eraikitzea.
s) Eskudirutan ordaindutako inbertsioak.
t) Biomasatik elektrizitatea sortzeko instalazioetan egindako inbertsioak.
u) EAEko nitratoekiko kalteberak diren eremuetan abeltzaintzako mindak biltegiratzeko, tratatzeko, birziklatzeko edo bestelako helburuetarako erabiltzeko ekimen publikoko inbertsioak.
8. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskuduna izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Inbertsio-eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko lau kidek osatuko dute: kide horietako bat enpresa-programaren arduraduna izango da; beste bat, Elikagaien Ikerketa eta Berrikuntzako Programaren arduraduna; beste bat, elikagai-industrien arloko zuzendaritzako teknikarien artean aukeratuko da, eta azkenekoa, HAZI Fundazioko ordezkari bat. Elikagai-industrien arloko zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira pertsona horiek. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Balorazio-batzordea osatzen duten pertsona guztientzako ordezkoak ere izendatuko dira, zuzendaritza horretako teknikarien artetik. Balorazio-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, batzordea eratu aurretik.
Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.
3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak baloratu aurretik, elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskuduneko teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako betekizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.
4.– Balorazio Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:
a) Aurkezten diren eskaera guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duen eskaera bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten inbertsio-eskaerak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.
c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion adierazten duen txostena egitea.
5.– Balorazio Batzordeak txostena igorriko dio elikagai-industrien arloko zuzendari eskudunari. Txostenak, gutxienez, agindu honen 13. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.
6.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.
9. oinarria.– Inbertsio-proiektuen balorazioa.
Eskaera baloratzeko, hasiera batean diruz laguntzeko oinarrizko baldintza bete beharko du; alegia, berrikuntza teknologikoko programa halakotzat hartu behar da. Hori egiaztatuko da Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egindako azterketaren bidez eta egindako txostenaren bidez. Balorazio Batzordeko buruak eskatu du txosten hori espediente bakoitzerako.
Agindu honek arautzen dituen inbertsio-proiektuak baloratzeko eta bakoitzari puntuazio bat emateko (proiektu bakoitzaren puntuazioaren arabera kalkulatuko da laguntza, agindu honen 10. oinarriari jarraikiz egingo dira kalkuluak), betetzen diren balorazio-irizpide hauetako bat edo hainbat hartuko da kontuan.
Irizpide horiek bete behar dira, eta eskaera egitean egiaztatu beharko dira.
Inbertsio-proiektu batek gehienez 100 puntu lor ditzake.
1.– Pertsona/entitate onuraduna zer motatakoa den, puntuazio hau emango da:
• Sektorean lehendabizikoz kokatzen diren titularrek eta nekazari gazteek (< 41 urte) sustatutako inbertsio-proiektuak. 25 puntu.
• Titulartasun partekatua duten edo titular gisa emakume nekazari bat duten inbertsio-proiektu sustatuak, edo pertsona juridikoek sustatutakoak, baldin eta pertsona juridiko horiek gutxienez % 50eko partaidetza badute nagusiki nekazariak diren emakumeen esku dagoen kapital sozialean edo banaketa-kuotan (elkartutako pertsona fisikoak bi badira), edo % 40koa (elkartutako hiru pertsona fisikoren edo gehiagoren kasuan). 20 puntu.
• 41 urtetik gorako titularrek sustatutako inbertsio-proiektuak, sektorean neurrian bildutako eskakizunei jarraikiz instalatzen direnak. 15 puntu.
Titularren bat mota bat baino gehiagokoa bada, puntuak ezingo ditu metatu, eta puntuazio handieneko mota esleituko zaio soil-soilik.
Kategoria bakoitzak 5 puntuko osagarria izango du, baldin eta onuradunak egiaztatzen badu ezen, laguntza eskatu aurreko hamabi hilabeteetan, etengabeko prestakuntzako gutxienez 40 orduko ikastaroetara joan dela, eta ikastarook hurrengo bi azpiapartatuetan hautatutako irizpideei lotuta badaude.
Nekazaritzako ustiategi asoziatiboen kasuan (pertsona juridikoak), onuradun motaren azken puntuazioa gehiengoa denaren arabera lortuko da, kontuan hartuta kide bakoitzaren kalifikazioa eta partaidetza-ehunekoa.
2.– Ustiategi motaren arabera, 25 punturekin osatuko dira (ez-metagarriak) mota hauetakoren bateko ustiategietan sustatutako inbertsio-proiektuak:
• Lehentasunezko ustiategiak, Nekazaritza Ustiategien Modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legeari jarraikiz.
• Ekoizpen ekologiko ziurtatua edo kalitate-programa ziurtaturen bat duten ustiategiak.
• Nekazaritza-ingurumeneko kontratua duten ustiategiak, edo karbono-aztarna murrizteko programa edo proiektu piloturen bati atxikita daudenak.
• Ureztatze estentsiboko laboreetan gutxienez 10 ha dituzten ustiategiak.
• Ekoizpenaren gutxienez % 40 zirkuitu laburren bidez merkaturatzen duten ustiategiak.
• Euren ekoizpenaren % 50 baino gehiago EAEn ofizialki aitortutako ekoizle-kooperatiba baten edo ekoizle-elkarte baten bidez merkaturatzen duten ustiategiak.
Mota horietako edozein 5 punturekin osatuko da, baldin eta ustiategia mendi-nekazaritzako eremu (MNE) batean edo muga naturalak edo espezifikoak dituzten beste eremuren batean badago. Ustiategi asoziatiboen kasuan:
• Nekazaritza alorreko ustiategi asoziatiboak: derrigorrezkoa izango da ustiategiaren azalera handiena mendi-eremuan egotea.
• Abeltzaintza alorreko ustiategi asoziatiboak: derrigorrezkoa izango da abelburu gehien hartzen duten instalazioak mendi-eremuetan egotea.
Era berean, proiektuak 10 punturekin osatuko dira, baldin eta haien entitate onuradunak elikagaien eraldaketa-prozesuak egiten baditu diruz lagundu beharreko proiektuari lotuta.
3.– Inbertsio motagatik, 30 puntu ez metagarrirekin osatuko dira honako inbertsio-proiektu hauek:
• Abeltzaintza estentsibo bihurtzea sustatzen duten inbertsio-proiektuak, abere-karga murriztean dautzanak, hektarea bakoitzeko azienda larriko unitate bat izateraino (gutxienez), edo hektarea bakoitzeko azienda larriko 5 unitate baino gehiago baditu, abere-zama hektarea bakoitzeko azienda larriko 2 unitatetik beherakoa izateraino.
• Nekazaritza-lurzoruan ingurumen-inpaktu negatiboak arintzeko inbertsio-proiektuak: ongarrien erabileraren eraginkortasuna hobetzeko ekipoak (traktoreak kanpo geratzen dira), eta simaurra eta mindak biltegiratzeko eta banatzeko hobekuntzak.
• Animalien higienea eta osasuna hobetzeko edo animalien ongizatea bermatzeko inbertsio-proiektuak.
• Abeltzaintzako espezieen hobekuntza genetikoan eragiten duten inbertsio-proiektuak.
• Ustiategiko energia-kontsumoa murriztea sustatzen duten inbertsio-proiektuak.
• Ureztatzeko instalazio finkoetarako edo biomasa bidezko bero-ekipoen instalaziorako inbertsio-proiektuak (barne-erabilera).
• Ustiategietan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen duten inbertsio-proiektuak.
• Inbertsio-proiektu berritzaileak, zuzeneko ekoizpen-kostuak murrizteko eta lanaren produktibitatea hobetzeko.
• Uzta hobeto biltegiratzeko eta ekoizpenen kalitatea hobetzeko inbertsio-proiektuak.
10. oinarria.– Laguntzaren kuantifikazioa.
1.– Gehienez ere, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 60ko laguntza emango da.
2.– Banakako ustiategietako inbertsioetarako (titulartasunaren forma juridikoa edozein dela ere), laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren gaineko oinarrizko dirulaguntza honako hau izango da:
• Nekazaritza- eta abeltzaintza-makinak: % 10.
• Gainerako inbertsio hautagarriak: % 20.
Oinarrizko dirulaguntza horiek handitu egingo dira, hala badagokio, espedienteari esleitutako maila eta puntu-baremo hauen arabera:
• 10 puntutik < 40 puntura: + % 0.
• 40 puntutik < 60 puntura: + % 15.
• 60 puntutik < 80 puntura: + % 20.
• 80 puntutik < 100 puntura: +% 30 (% 40ko mugarekin, kasu hauetan izan ezik: lehenengo aldiz instalatzen diren gazteek sustatutako proiektuak, MNEetan eta mugapen natural edo espezifikoak dituzten beste eremu batzuetan kokatutako ustiapen-proiektuak).
• 100 puntuko proiektuak: + % 40.
3.– Lankidetza-proiektuetan inbertitzeko, oinarrizko dirulaguntza honako hau izango da: NMEKak (nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak), LUKKak (lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak) eta lan elkartuko kooperatibak.
• Nekazaritza-makinak: % 20.
• Gainerako inbertsio hautagarriak: % 20.
Oinarrizko dirulaguntza horiek handitu egingo dira, hala badagokio, espedienteari esleitutako maila eta puntu-baremo hauen arabera:
• +% 15 arte, parte hartzen duten ustiategien kopuruaren arabera:
○ 1-5 ustiategi: % 0.
○ 6-12 ustiategi: % 5.
○ 13-20 ustiategi: % 10.
○ > 20 ustiategi: % 15.
• +% 10era arte, inbertsioaren xede den makineria zer motatakoa den: edo makineria orokorra: % 0.
○ Teknologikoki aurreratuta dagoen makineria: % 5.
○ Duela gutxi sartutako makineria: % 10.
Gainerako inbertsio hautagarriak, hala badagokio, banakako inbertsioetarako ezarritako puntuen arabera osatuko dira.
4.– Produktu batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, ordena honetan emango zaie lehentasuna:
a) Inbertsio-zenbateko txikiena duten proiektuak, inbertsio-zenbateko handienekoen aldean.
b) Adinez gazteenak diren titularrek eskatutako proiektuak, adinez zaharrenak direnen aldean.
Lehenespen-irizpideak aplikatzean berdinketa ebazten ez bada, laguntza-eskaeraren sarrera-hurrenkeraren arabera lehenetsiko da.
5.– Nolanahi ere, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako Estatuko laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako laguntzaren gehieneko ehunekoetara mugatuko da laguntza.
11. oinarria.– Laguntzak adjudikatzeko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Laguntzak esleitzeko, norgehiagoka erabiliko da, lehiaketa bidez.
2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honetan jada ezarritako irizpide objektiboak aplikatuko dira. Horrela, ordena horretan esleituko dira laguntzak, 10. oinarrian finkatutako ehunekoak aplikatuta.
3.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, inbertsioaren zenbatekoa diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da.
12. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Kontuan hartuta 7.5 oinarrian aipatu den Balorazio Batzordearen txostena, elikagai-industrien arloko zuzendari eskudunak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatzen den pertsona eskatzailea eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 1. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria.– Ebazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, elikagai-industrien arloko sailburu eskudunari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
A) Aintzat hartutako eskaerei dagokienez:
1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.
2) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.
3) Diruz lagun daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.
4) Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.
B) Ezetsitako eskaerei buruz:
1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFKa edo NANa.
2) Ukatzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
Prozeduraren ebazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatzen duena betez, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpena helaraziko zaio, eta ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.
4.– Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera sei hilabete igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskaera ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako Estatuaren laguntzei aplikatu beharreko gidalerroetan ezarritako betebeharrak, oinarri honetan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak. Hona hemen betebehar horiek:
1.– Diruz lagundu daitekeen inbertsioa laguntza emateko ebazpenak ematen duen epean gauzatzea; betiere, agindu honetan ezarritako gehieneko mugaren barruan.
2.– Eman den helburu zehatzerako erabiltzea laguntza.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean.
Elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak egiaztatuko du automatikoki eta ofizioz eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan adierazitakoari jarraikiz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa). Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.
5.– Ekipamendu informatikoen kasuan, onuradunari egiten zaion azken ordainketatik ondorengo 5 urteetan martxan egon beharko dute inbertsioek; gainerako ondasun higigarrien kasuan, guztizko ordainketa egiten denetik ondorengo 7 urteetan. Ondasun higiezinen kasuan, ondasun higiezinen erregistroan inskribatzen direnetik ondorengo 10 urteetan, eta epe horietan ezin izango dira inorenganatu, ezta amortizatu, ezta dirulaguntza helburu baterako jaso bazuten horretaz bestelako baterako erabili ere.
6.– Elikagai-industrien arloko zuzendaritzari jakinaraztea diruz lagundutako proiektua partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.
7.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.
8.– Agindu honen 4. oinarriaren 1. apartatuaren i letran xedatutakoa eragotzi gabe, baldin eta beste administrazio batek edo entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen duen beste dirulaguntza edo laguntzarik eskuratzen bada, horren berri ematea elikagai-industriaren arloko zuzendaritza eskudunari, idatziz, beste laguntza edo dirulaguntza eskuratu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egunetan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
9.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatzen badira, horren berri ematea elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunari, baldintzak aldatu izanaren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaletan eta, betiere, funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea. Dirulaguntzaren xede diren inbertsio guztietan ikusteko moduan eta agerian jaso beharko da, baita horiei buruz argitaratzen den informazio edo publizitate guztian ere, finantzaketa publikoa dela, hau da, Eusko Jaurlaritzaren funtsak dituela, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera.
11.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
12.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke; gutxienez bost urtez gorde beharko dira, azken ordainketa jasotzen denetik aurrera.
13.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.
14.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
15.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
16.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
15. oinarria.– Gehieneko gauzatze-epeak.
1.– Urtebetean edo zenbait urtetan gauzatu ahalko dira inbertsioak.
2.– Urteko inbertsioak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Epe hori ezingo da luzatu.
3.– Bi urteko inbertsioak gauzatzeko epea 2025eko abenduaren 31n amaituko da. Epe hori ezingo da luzatu.
16. oinarria.– Inbertsioa gauzatu dela justifikatzea.
1.– Emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatu dela justifikatzeko, elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunean, proiektua gauzatzeko gehieneko epea amaitu eta gehienez ere hurrengo hiru hilabeteetan, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Egindako jarduketak justifikatzeko memoria bat; informazio hau jaso behar da: proiektua egin dela, exekuzio-maila eta diruz lagun daitezkeen gastuek ez dutela merkatuaren balioa gainditzen.
b) Ondasun higiezinen erosketa bultzatzen denean diruz, salerosketaren egiaztagiri publikoaren kopia bat. Higiezin berria eraiki bada, onartutako obraren amaierako ziurtagiriaren kopia.
c) Obra zibila egitea aurreikusten bada inbertsio-proiektuaren esparruan, obra egiteko lizentzia.
d) Udal-araudiak hala eskatzen badu, inbertsioak egiteko udal-lizentzia. Edo, ez bada nahitaezkoa lizentzia edo baimena eskatzea, horren egiaztagiria.
e) Froga-balioa edo antzeko duten faktura originalak eta gainerako dokumentuak, trafiko juridiko merkataritzakoan balioa dutenak edo administratiboki eraginkorrak direnak.
f) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, aurkeztu egin badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
g) Txosten ekonomiko bat, fakturen eta egindako ordainketen xehetasunen taula bat duena (faktura eta ordainketen data eta erreferentziak, hornitzaileak, azalpena, zenbatekoa eta aplikatutako zergak).
2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeari dagokionez, ofizioz egiaztatuko du elikagai-industriaren arloko zuzendaritza eskudunak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.
3.– Elikagai-industrien arloko zuzendari eskudunak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitu egin beharko da.
17. oinarria.– Ordainketa.
1.– Ordainketak egin aurretik, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzearen eskaera eta justifikazioa egin beharko da aurreko oinarriak aipatzen dituen dokumentuen bidez, eta elikagai-industriaren arloko zuzendaritza eskuduneko teknikariek proiektuaren gauzatzea kontrolatu beharko dute. Gauzatze-kontrol hori gehienez ere sei hilabeteko epean egiaztatu beharko da, onuradunak inbertsioa osorik edo zati batean gauzatu dela jakinarazten duenetik aurrera.
2.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.
3.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie onuradunei, finantza-errentamenduen kasuan izan ezik.
4.– Urte bakoitzean, bi ordainketa partzial egin ahalko dira; betiere, interesdunak eskatzen badu. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Ordainketa egiteko eskaerarekin batera, 16. oinarriko 1. apartatuan aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da. Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere lau hilera, elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak egin beharreko izapideak egingo ditu, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa egin dezan.
6.– Laguntzaren xede den inbertsioa ez bada gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan edo eman den laguntzaren xedeko inbertsioa gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beretan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen 20. oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.
18. oinarria.– Beste laguntzarik jasotzea eta dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio elikagai-industriaren arloko zuzendaritza eskudunari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua babestu beharko dira. Horretarako, elikagai-industrien arloko sailburuorde eskudunak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Aurkeztutako inbertsio-proiektuan edozein aldaketa eginez gero eta dirulaguntza horretarako eman bada, onuradunak jakinarazi eta behar bezala egiaztatuko du elikagai-industrien arloko zuzendaritzan, inbertsioak egin aurretik eta 3 hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Aurkeztutako eta dirulaguntza jasotako inbertsio-proiektuan egindako aldaketa hauek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko dute, betiere betetzen badira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan xedatutako betekizunak:
a) Laguntzaren onuraduna aldatzea (enpresek bat egitea edo sozietate mota eraldatzea salbu).
b) Emandako laguntzaren xede den inbertsioa exekutatzeko egutegia aldatzea.
c) Inbertsioen kokapena aldatzea.
d) Inbertsioaren kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako inbertsioez gain beste batzuk ere sartuz.
Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.
Aldaketak ez badira apartatu honetan aipatutakoak, ez dute aldaraziko laguntza emateko ebazpena, kontuan harturik, nolanahi ere, oinarri honen 4. apartatuan aurreikusitakoa gerta daitekeela.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inbertsioen balorazio-irizpideen aplikazioan aldaketaren bat egiten bada eta emandako laguntzaren zenbatekoarekiko beheranzko desbideratzea eragiten badu, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dirulaguntzaren ehuneko berria oinarriarekiko aplikatuta lortzen den proportzio berean, eta, hala badagokio, behar ez bezala jasotako zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hilabeteko borondatezko epean, aldatzeari buruzko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera; borondatezko epe horretan itzulketarik egiten ez bada, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
4.– Baldin eta egindako inbertsioaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da dagokion proportzioan; horretarako, ebazpen bat emango da elikagai-industrien arloko sailburuordearen dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko, eta, hala, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa. Ez da onartuko aldaketarik baldin eta, gutxienez, hasieran onartutako diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 60 ez bada gauzatzen.
19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio elikagai-industrien arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 14. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrei jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko dio elikagai-industrien arloko zuzendari eskudunari, idatziz, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
20. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Honako kasu hauetan berreskuratu behar zaizkio organo emaileari jasotako kopuruak, eta exijitu berandutze-interesa, dirulaguntza ordaindu zenetik organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den egunera arte sortutakoak, edo zordunak organo emaileari dirulaguntza berreskuratzen dion egunera arte sortutakoak data hori dirulaguntza organo emaileari berreskuratu behar zaiola erabakitzen den eguna baino lehenagokoa bada:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.
d) Laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den eta diruz lagundu daitekeen inbertsioaren proiektuaren zenbatekoaren % 60 ez gauzatzea gutxienez; 13. oinarrian dago deskribatuta.
e) Enpresa-deslokalizazioa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.
2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako edozeinetan egongo balitz, elikagai-industrien arloko sailburuorde eskudunak ez-betetzeagatik eskubidea galtzeari buruzko espedientea egin ondoren –espediente horretan, entzunaldia emango zaio interesdunari, 15 eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan–, administrazio-ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.
Aurrekoa hala izanik ere, ez-gauzatzea dela eta laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoaren % 60tik behera gauzatzen bada, dirulaguntzarako eskubidea galduko da eta, hala badagokio, dirua itzuli beharko da, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren gain.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.
21. oinarria.– Bateragarritasuna.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publiko edo pribatuk helburu bererako ematen duen beste edozeinekin; betiere, dirulaguntza guztien batura ez bada handiagoa agindu honek finkatzen dituen gehieneko ehunekoak baino. Handiagoa bada, berriz, gehiegizko kopuruari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.
22. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml
II. ERANSKINA
BERRIKUNTZA TEKNOLOGIKOKO INBERTSIO HANDIKO PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUNARI BURUZKO TXOSTEN TEKNIKO-EKONOMIKOA
Txostenak parametro hauek hartu beharko ditu barnean:
1.– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).
2.– Enpresaren egitura. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, adierazi parte-hartzaile guztiak eta haien NAN zenbakiak.
3.– Ekoizpen-prozesuaren deskribapena.
4.– Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.
5.– Proiektuaren kokalekua.
6.– Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria, etab.).
7.– Ekoizpen-prozesu berrien eta lortu beharreko produktuen deskribapena (halakorik bada).
8.– Inbertsio-kapitulu edo -partida bakoitzean ezarritako berrikuntza teknologikoaren deskribapena (Berrikuntza Teknologikoko Programa).
9.– Gauzatzeko epeak eta kronograma.
10.– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegu-sorkuntza, etab.).
11.– Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.
12.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.
13.– Bideragarritasun-plana, honako hauek barne:
a) Egungo salmentak eta bost eta hamar urtetarako aurreikusitakoak.
b) Inbertsioaren balioztapen ekonomikoa. Balio Eguneratu Garbia eta Itzulerako Barne Tasa.
III. ERANSKINA
ESKAERA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA
Laguntzaren eskaera-inprimakia webgune hauetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus
Oinarrizko eduki hau du:
– Handitu Innova 2024.
– Kodea.
– Organo instrukzio-egileari zuzendua.
– Identitate-datuak.
– Titularra.
– Ordezkaria.
– Eskatzailearen datu fiskalak zer lurralde historikotan dauden.
– Jakinarazpenetarako eta komunikaziorako bidea.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.
– Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.
– Eskatutako laguntza-lerroa, aginduaren kapituluen arabera.
– Inbertsio-proiektuaren edo gastuaren titulua.
– Zerga-egoitza.
– Parte-hartzaileak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, parte-hartzaileen izena eta NAN zenbakia, eta parte-hartzearen ehunekoa.
– Sozietatearen kapitalaren egungo egitura: Izen-abizenak edo sozietatearen izena, NANa edo IFKa eta sozietate-partaidetza.
– Enplegatuen kopurua, sexuaren arabera bereizita.
– Artezkaritza-kontseiluko edo zuzendaritza-karguetako kideen kopurua, sexuaren arabera bereizita.
– Talde, elkarte edo kooperatiben kasuan, artezkaritza-kontseiluko edo edozein zuzendaritza-organotako kideen kopurua, sexuaren arabera bereizita. Eta bazkide kopurua, sexuaren arabera bereizita.
– Nekazaritzako ustiategia / abeltzaintzako ustiategia / basogintza.
– Egun garatutako eta/edo aurreikusitako jarduerak.
– Erabili eta/edo aurreikusi diren lehengaiak.
– Fabrikatu eta/edo aurreikusi diren produktuak.
– Inbertsioaren kokalekua.
– Inbertsioaren deskribapena.
– Inbertsioaren zenbatekoa, ekintzen eta urtearen arabera.
– Proiektuaren finantzaketa.
– Balorazio-irizpideak, aginduaren arabera; balorazio-irizpideekin batera, irizpideen gaineko azalpen-memoria eta irizpideen euskarri gisa beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztuko dira.
– Erantzukizunpeko adierazpen hauek:
• Laguntza-eskaeran adierazitakoa egia dela, eta eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak direla; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko duela, eta ez duela adieraziko ez zekiela faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaeren berri.
• Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten direla.
• Inbertsioak honako erregistro hauetako batean inskribatutako ustiategi batean egiten direla. REGEPA eta REGA.
• Bideragarritasun ekonomikoa duela, eta bere produktuek merkaturako irispide arrunta dutela.
• Ezin hartu daitekeela krisialdian dagoen enpresatzat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroen arabera (2014/C 249/01).
• Proiektuak bete egiten dituela ingurumenaren arloko arauak, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiari jarraikiz (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa).
• Diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dio/ez dio eskatu administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta hori eskuratu du/ez du eskuratu.
• Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren eraginpean, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
– Ezin izan bada lortu lekukotza judizialik, ziurtagiri telematikorik edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk, 4.2 oinarriaren a) letratik j) letrara bitartean ezarritako betekizunak betetzea egiaztatzen duenik, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauei buruzkoa:
• Ez da kondenatua izan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
• Ez du eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dago ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dago konkurtsoan deklaratuta –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, ez dago esku-hartze judizialaren pean edo ez dago desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
• Ez du eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik.
• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez dira Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
• Zerga-egoitza ez dauka erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
• Egunean du EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeagatiko edo zehapenengatiko betebeharren ordainketa.
• Ez dago zehatuta –ez zigor- ez administrazio-arloan– dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
• Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
• Bete du desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den kuota, edo egiaztatu du hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
• Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, zeinaren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
Halaber, onuradunak baimen inplizitua eman beharko du elikagai-industrien arloko zuzendaritza eskudunak automatikoki ziurta ditzan zerga-betebeharrak bete direla eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin direla; aukera izango du baimen hori espresuki ukatzeko, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.
IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTAZIOA
Onuradunaren edota entitate lankidearen kondizioa izateko, merkataritza-eragiketetan berandutzearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoari jarraikiz bete dituztela ordainketa-epealdiak.
Betetze-maila egiaztatzeko, frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.
Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudiari jarraituz.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako agiri hauetako bat aurkeztu ahal izango dute:
1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko den ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, uztailaren 5eko 15/2010 Legearen (abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duena) hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen duen informazioaren arabera.
Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, zeinean ondorioztatuko baita, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin bati egindako berrikusketa, salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik aurkituz gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza betetzat joko da, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean.