Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
5016

EBAZPENA, 2024ko urriaren 11koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2024ko uztailaren 8an, Gipuzkoako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko maiatzaren 27an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari buruzkoa) ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, zehaztapen hauekin:

A) Proiektuaren xedea da Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linea itxi eta desegitea; izan ere, Errenterian dagoen 120. euskarritik Hernaniko Martindegi auzoan dagoen 48. Euskarrira arteko tartea ez da erabiltzen.

B) Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Sociedad Financiera y Minera SAk zerbitzuz kanpo dauden instalazioak deuseztatzeko jarduketa sorta bat abian jarri du, eta horietako bat da hizpide dugun proiektua. Izan ere, proiektuan zehazten den linea zatiak ez du Sociedad Financiera y Minera SAren Añorgako (Donostia) fabrika hornitzen 1991z geroztik. Ordutik, ezertarako ez da erabiltzen linea; beraz, itxi eta desegiteko proiektua gauzatu nahi da.

Desegin beharreko 30 kV-eko aireko linea zatiak 6.332 metroko luzera du. Errenteriako udalerrian dagoen 120. euskarritik Hernaniko udalerriko Martindegi auzoan dagoen 48. euskarrira doa. Proiektuko linea zatiak udalerri hauek zeharkatzen ditu: Errenteria, Donostia, Hernani eta Astigarraga, guztiak ere Gipuzkoan.

Proiektuan jarduketa hauek jasota daude:

– Bideak egokitu eta garbitzea, euskarrien oinarrietara iristeko.

– Bide berriak irekitzea, biderik ez badago, euskarrien oinarrietara iristeko. Bide horiek 6.035 m2-ko azalera hartzea aurreikusi da. Oro har, bide berriek 4 m-ko zabalera izango dute.

– 120. euskarriaren eta 48. euskarriaren arteko aireko linearen kableak desmuntatzea. Prozesua honetan datza: kableak lasaitu, moztu eta jaistea, eta, ahal dela, txirrikak erabiliko dira. Eroaleak eten aurretik, euskarriak tirantez finkatuko dira, desoreka-tentsiorik ez gertatzeko. Komeni denean, euskarriari eusteko, garabi-kamioia erabiliko da.

– 23 sareta-euskarri desmuntatzea. Desmuntatu beharreko euskarriak lotu egingo dira, ez daitezen istripuz jausi.

– Euskarrien zimenduak eraistea.

Lanen gehieneko iraunaldi aurreikusia 6 hilabetekoa da.

Ingurumen-dokumentuak 0 alternatiba aztertzen du, alegia, linean ez esku hartzekoa. Alternatiba baztertu da, paisaia-inpaktuek bere horretan jarraituko luketelako, bai eta hegaztiek talka egiteko arriskuak ere. Gainera, instalazioak zahartzeak arriskuak eragin ditzake, esaterako, euskarriak eta linea erortzea.

Ezertarako erabiltzen ez den linea elektrikoa kentzeak (1. alternatiba) inpaktu negatiboak izango ditu aldi batez, obra fasean, baina, behin linea deseginda, inpaktuak positiboak izango dira.

Kableak erretiratzeko, bi prozedura daude:

– 1A alternatiba: kableak desmuntatzea lurzorura jaitsiz: prozedura honetan, euskarriz euskarri, kableen lokailuak kendu, eta kableak lurzorura jaisten dira. Behin lurzoruan, moztu eta erretiratu egiten dira. Horrek guztiak eragin negatiboa du linearen peko lurzoruan.

– 1B alternatiba. Kableak desmuntatzea txirrikak erabiliz: prozedura honetan, txirrikak jartzen dira euskarrien gurutzetetan. Hala, kableak biltzen dira tira eginez, lurzorura jaitsi beharrik gabe.

1B alternatiba da inpaktu txikiena izango duena, eta, beraz, hautatu dena: tiratze eta frenatze bidezko gailuekin kentzea kableak (txirrikak erabiliz). Prozedura horren bidez, ez zaie erasango linea elektrikoaren pean dauden zuhaitzei, eta makinak eta kable-bobinak egongo diren lekuei soilik eragingo zaie.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Aiako Harria KBEan (ES2120016) egiteko da. Eremu hori Europako Natura 2000 Sarearen barruan dago, eta izendapen hori eman zion 355/2013 Dekretuak, ekainaren 4koak, Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duenak (ES2120016), eta eremu horren kontserbazio-neurriak onartzen dituenak. Halaber, eremua Aiako Harria Natura Parkearen barruan dago (apirilaren 11ko 241/1995 Dekretuak izendatu zuen natur parke).

Desmuntatu beharreko linea elektrikoak Aiako Harria Natura Parkea eta kontserbazio bereziko eremua zeharkatzen ditu Nafarroako mugatik hasita (Aitzbitarte esaten zaion eremuan), Errenteriako udal-mugartean, eta 100. euskarriaren 48.aren arteko baora arte (Hernaniko Martindegi auzoan dago azken euskarri hori). Bi linea zati KBEtik eta natur parketik kanpo daude; 106. eta 104. euskarrien artekoa eta 110. eta 107. euskarrien artekoa.

Naturagune horren barruan desmuntatu beharreko aireko linearen luzera 5.626 metrokoa da.

Eremu babestuaren zonakatzearen arabera, linea elektrikoak eremu hauek ukitzen ditu: leheneratze ekologikoko gunea, bilakaera naturaleko gunea, abeltzaintza-aprobetxamendu estentsiboko gunea, nekazaritza eta basozaintzako aprobetxamendu intentsiboko gunea eta babes zorrotzeko gunea. Azken mota horretakoak dira ur-ibilguak.

Linea elektrikoak erreka hauen ibilguak zeharkatzen ditu: Errekabeltz, Urdaburu, Soñegi, Uso eta Añua. Landarbaso ibaia ere zeharkatzen du. Guztiak dira Urumea ibaiaren adarrak.

Proiektua egin nahi den esparruan ez dago hezegunerik. EG12 Añarbeko urtegia (EAEko hezeguneen inbentarioko I. taldean sartua) linea elektrikotik 1,5 km-ra dago.

Linea Errekabletza eta Añarbe onura publikoko mendietan zehar doa, eta Aparrain onura publikoko mendia ere ukitzen du tarteren batean

Lineak landaredia hau zeharkatzen du: harizti azidofiloa, eta harizti/baso misto atlantikoa, pagadi azidofiloa, txilardi-otadi-iratzedi atlantikoa eta baso-landaketak.

GeoEuskadi datu espazialen azpiegiturak adierazitakoaren arabera, jarduketa gunean bertan ez dago flora-espezie interesgarririk. Lineatik 800 m-ra, ordea, Prunus lusitanica-ren orban bat dago. Espezie hori EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasota dago, espezie mehatxatu gisa.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, landa-bisitan, Buddleja davidii flora espezie exotiko inbaditzailearen aleen kokagune batzuk topatu dira.

Faunari dagokionez, proiektuaren eragin-eremuan, EAEko edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoetan mehatxu kategoriaren batean jasota dauden espezie hauek topatu dira: txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), horma-sugandila (Podarcis muralis), uhalde-enara (Riparia riparia), miru gorria (Milvus milvus), okil beltza (Dryocopus martius), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), bisoi europarra (Mustela lutreola) eta muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus). Azken bi espezie horiek kudeaketa-plan bana dute Gipuzkoan. (Foru Agindua, 2004ko maiatzaren 12koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus, E.Geoffroy, 1811) kudeatzeko plana onartzen duena; eta Foru Agindua, 2004ko maiatzaren 12koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bisoi europarra Mustela lutreola, Lineo, 1761) kudeatzeko plana onartzen duena).

Kultura-ondareari dagokionez, desmuntatu beharreko lineak Igoin-Akola estazio megalitikoa zeharkatzen du 105. eta 101 bis euskarrien artean. Sagastietako Lepua I trikuharritik hurbil dago 104. euskarria. Urrunago daude Sagastietako Lepua II eta III trikuharriak, Akolako Lepua I eta II trikuharriak eta Arritxietakoa.

Proiektuaren eragin-eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzati bat dago Lurzatiak 20040-00150 kodea du eta Hernaniko udal-mugartean dago. Zabortegi zahar bat da. Ez da espero lurzati horri eragitea, ez baita lur-mugimendurik aurreikusi, ezta indusketarik ere.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Linea elektrikoa desmuntatzeko lanen inpaktu nagusia obra fasean eragindakoa izango da, euskarrietarako irispide berriak irekitzearen ondorioz eta linearen segurtasun-zerrendan makinak ibiliko direlako.

Proiektuan eta ingurumen-dokumentuan jasotakoaren arabera, egun dauden sarbideak ahalik eta gehien erabiliko dira (linea elektrikoaren mantentze-lanetarako erabiltzen zirenak lehen). Hala ere, linea aspaldi honetan erabili ez denez, bide horietako batzuk ibilgaitzak dira desmuntatzeko lanetan erabili beharreko makinetako batzuentzat.

Ondorioz, sarbide berriak egokitu beharko dira, guztira, 6.035 m2-ko azalera hartuta.

Sarbide berrietako batek zuzenean eragiten dio 9120 Batasunaren intereseko habitatari (pagadi azidofiloa). Eragina minimizatzeko, ingurumen-dokumentuak zuzenketa-neurri hau proposatzen du: habitat horietan dauden euskarrietara iristeko, linea elektrikoaren peko lur-zerrenda baliatzea.

Bide berriek hauei eragingo diete: 4030 Batasunaren intereseko habitataren (txilardi atlantikoak) 1.138,64 m2-ri, 9210 Batasunaren intereseko habitataren (pagadi azidofilo atlantikoak) 589,39 m2-ri eta 6510 Batasunaren intereseko habitataren (Altitude baxuko sega–belardi elkorrak) 203,6 m2-ri. Azken horri dagokionez, zehaztu da soro horien landare-osaera eta Batasunaren intereseko habitat horrena ez datozela bat, soroak oso eraldatuta daudelako.

Ingurumen-dokumentuan adierazitakoaren arabera, azken 30 urteetan ez da ezein mantentze-lanik egin segurtasun-zerrenda; beraz, landarediak segurtasun-zerrendaren zati bat birkolonizatu du. Tarte batzuetan, eroaleen pean dagoen landaredia inausi beharko da, eroaleak erretiratzeko lanak errazteko. Inausketa txikiak izango dira, kontuan hartuta eremuak guztira 13.813 m2 inguru dituela, eta beharrezkoa izan daiteke zenbait zuhaitz ere botatzea.

Bestalde, ingurumen-dokumentuaren arabera, «baso naturalak» elementuaren 49.181,24 m2-tan izango dute eragina sarbide berriak egokitzeko lanek, eta 16.863 m2-tan, bide berriak irekitzekok, hala naturagune babestuaren barnean, nola kanpoan.

Lineak ur-ibilguak zeharkatzen dituen tarteetan, kableak oinez edo saski-kamioia erabiliz desmuntatuko dira; beraz, ibaiertzeko landarediak eta ur-ibilguei loturiko faunak ez dute eraginik nozituko.

Faunari dagokionez, Aiako Harrian, okil beltzaren (Dryocopus martius) presentzia nabarmendu behar da, obragunean ager daiteke eta. Beharrezkoak ziren babes- eta zuzenketa-neurriak hartu dira, populazioen egoera onari eusteko (landaredia babesteko itxiturak, habien prospekzioa, obra-egutegia...), are habitata hobetzeko ere (leheneratze-plana). Ibilguetan egin beharreko obrak, esan bezala, ibilgua zeharkatzen duten kableak erretiratzea besterik ez da, beraz, ez da espero urari loturiko espezieei eragitea, esaterako, bisoi europarrari eta muturluzeari. Biek ala biek kudeatzeko plana dute Gipuzkoan.

Igoin-Akola estazio megalitikoak nozitu lezakeen eragina da beste auzietako bat, izan ere, 104. euskarria Sagastietako Lepua I eta II trikuharrietatik hurbil dago. Proiektuan jasotakoaren arabera, inguru horretan dagoen telekomunikazio-antenarako sarbideak balio lezake 104. euskarrira iristeko. Horrek euskarri hori desmuntatzeko lanak erraztuko lituzke, baita hurbileko euskarriei dagozkienak ere (102. eta 103. euskarriak), babestutako ondasunei eragin gabe.

Obra fasean, orobat, inpaktu hauek ere izango dira: hautsa harrotzea eta kutsatzaileak aireratzea, eta zarata sortzea, materialen garraioaren eta makinen joan-etorrien ondorioz.

Ingurumen-dokumentuan Natura 2000 Sarean izango dituen ondorioei buruzko ebaluazio-azterlana ere jaso da (I. eranskina). Azterlan horretan ondorioztatzen denaren arabera, KBEaren osotasunari eta elementu giltzarriei obra fasean soilik eragingo zaie, eta, ingurumen-dokumentuan jasotako prebentzio-neurriak hartuta, inpaktuari bateragarri irizten zaio.

Linea kenduta, inpaktua positiboa izango da; espazioa liberatuko da, linearen azpiegiturak behin betiko kenduko direlako, eta aireko linea ez da hesi izango gehiago (hegaztiek talka egitea saihestuko da). Gainera, paisaiaren kalitatea ere hobea izango da, linea kenduta (ikus-hesi fisikoa da). Paisaia, beraz, naturalagoa izango da, eta baliotsuagoa.

Ingurumen-dokumentuak sarbide berriak leheneratzea aurreikusten du, eta eraiki aurreko egoeran uztea.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuak hauxe bete beharko du: 355/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2120016) eta kontserbazio-neurriak onartzen dituena; eta 241/1995 Dekretua, apirilaren 11koa, Aiako Harria aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena.

– Kableak erretiratzeko teknika: txirrikak erabiliko dira zuhaitzak dauden tarteetan, Aiako Harria natura parkearen eta KBEaren barnean.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.

Eremu osagarri horiek inola ere ezingo dira kokatu intereseko landare-formazioak dauden eremuetan (Batasunaren intereseko habitatak eta eskualde intereseko habitatak), ez eta aipatutako ibilguen ertzetako landaredian edo landare-espezie babestuen formazioetan ere.

Erabiliko diren bideen ibilbide osoan, pistaren zabalera ahalik eta txikiena izango da.

Debekatuta dago makina astunek ibilguen barruan eta jabari publiko hidraulikoaren 5 metroko zortasun-eremuan zirkulatzea, eta eremua balizatu egingo da, espazio hori libre mantentzeko.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin.

Inausketa egingo da, bideragarria den guztietan, eta mozketa behar-beharrezkoa denean bakarrik egingo da.

– Obrak egin aurretik, jarduketa-eremua zehatz-mehatz aztertuko da, Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako flora-espezieak egon daitezkeen identifikatzeko. Hala badagokio, zona horiek balizatu eta babestu egingo dira, eta horietan ez da jarduketarik egingo.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz ebaki edo lepatuko diren erabakitzeko irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Sarbide berriak egiteko lanak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, zer dagokion, lur-mugimendua minimizatuz eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina saihestuz egingo dira.

– Gipuzkoak Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Lineo, 1761) kudeatzeko plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduarekin bat, interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkie, bai lanak gauzatzeko moduari, bai lanak egiteko uneari.

– Obra-egutegia: jarduketa aldiak mugatu beharko dira, okil beltzarentzat garrantzitsuenak diren aroak ekiditeko (apirila-ekaina), muturluze piriniotarrarenak ekiditeko (otsailaren 15etik uztailaren 31ra) eta bisoi europarrarenak ekiditeko (martxoaren 15etik uztailaren 31ra).

Gipuzkoako Foru Aldundiak, espazioa eta espezieak kudeatzen dituen organoa izanik, ezartzen duena ezertan eragotzi gabe, gordelekuen detekzio goiztiarrerako aurretiazko prospekzioak hauek barne hartuko ditu:

• Zutik diren zuhaitz hilak identifikatu eta babestea. Hala, beharrezkoa bada, trazadura zuinkatuko da, elementu horiei kalterik ez egiteko, intsektu saproxilikoentzat garrantzi handikoak dira eta.

• Esku-hartzea egingo den eremuan pilatuta egon litekeen zur hila identifikatu eta eramatea.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak

– Oro har, eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Ingurumen-dokumentuan, erasandako pagadi azidofiloa (BIH 9120) eta hariztia leheneratzea aurreikusten du. Pagoaren familiako zuhaixka erabiltzea hobetsi da, ingurua gutxika leheneratze aldera.

– Landaketa osagarriak egin beharko dira, baso naturalei kalte egingo zaienez, leheneratze-landaketek epe labur-ertainean ez baitute erdiesten kaltetutako masen funtzionaltasun ekologikoa –alegia, 1:1 konpentsazioa, proposatzen dena, ez da nahikoa; gutxienez, 1:2 konpentsazioa (kendua: leheneratua)–. Azalera kaltetuak zenbatzean, kontuan hartu behar da egungo bideak egokitzeko lanek eragindako azalerak, ez direlako leheneratuko. Sustatzaileak eremu babestu kaltetuen organo kudeatzailearekin (Gipuzkoako Foru Aldundia) neurri osagarriak adostu beharko ditu, eragindako kaltearen adinako onura ekarri beharko dutenak (birlandaketak inguruko eremuetan edo eremuaren ingurumen-hobekuntzarako bestelako neurriak).

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bestalde, intereseko mikrohabitatak dauzkaten zuhaitzak (zuhaitz handiak, lepatuak, adintsuak, etab.) garrantzizko elementutzat sailkatu beharko dira, zuinkatzeari begira.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan adierazitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Monumentu-multzoko 1. eta 2. babes-eremuak zehazte aldera, monumentu bakoitzaren benetako neurriak kontuan hartu behar dira, zeinak zehaztuta baitaude Gipuzkoako Arkeologia Gutunean jasotako deskribapenetan eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren arkeologia-ondasunen inbentarioan. Horrenbestez, ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko, funtsezkoa da aurretiaz zuinketa-lana egitea eta eragindako monumentu megalitikoen plano-jasotzea egitea, zehazki, Sagastietako Lepua I trikuharriarena; izan ere, desmuntatu beharreko 104. euskarria haren tumuluaren kanpoko ertzetik oso metro gutxira dago. Monumentu hori balizatu eta babestu egin beharko da, aurretiaz egindako plano-jasotzeari jarraikiz.

– Jarduketarik egin nahi bada 3. atalean deskribatutako estazio megalitikoaren babes-eremuetako batean, horren berri eman beharko zaio hasi baino hamabost egun lehenago Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

– Aurretiazko prospekzio sistematikoa egin beharko da, zuzenean, lekuan bertan, ikusiz zein beste teledetekzio-bitarteko batzuk erabiliz (esku-hartze arkeologikoak egin behar izatea baztertu gabe, indusketak barne) euskarrien inguruan eta egokitu nahi diren pistetan, topatu ez den egitura megalitikorik ez dagoela ziurtatzeko. Monumentu megalitikoei buruzko lanetan esperientzia egiaztatua duten arkeologoek egingo dituzte lan horiek, ahal dela.

– 102., 103., 104. eta 105. euskarrien zimenduei dagokienez, adierazten da ez direla eraitsi behar, eta lurperatu egin behar direla, edo, bestela, eskuzko tresna mekanikoekin txikiagotu (eskuzko mailu hidraulikoa), puntu horien ingurumen-leheneratzea errazteko; zimendu-lauza, behin beheratuta, landare-lurrezko geruza lodi batez estaliko da. Zimenduak ez eraistea ezinezkoa bada, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean jasotako jarraibideak bete beharko dira (euskarrien zimenduen deskribapen zehatza eta trikuharriari kalterik ez egiteko prebentzio-neurri espezifikoak).

– Inguru horretako euskarrietara iristeko bada bide bat, Sagastietako Lepoa I eta II trikuharrietatik oso hurbil doana. Hala ere, desmuntatu beharreko 104. euskarria, antza, Sagastietako Lepua I trikuharria inguratzen duen tumuluaren ertzetik 10 m-ra baino gutxiagora dago, eta, proiektuaren arabera, 60 m inguruko luzera duen sarbide bat ireki nahi da euskarri horretara iristeko. Euskarrirako sarbidea egokitzeko lanak bateragarriak dira babes-araudiarekin, non eta ez dagoen ibilgailu edo makina zirkulaziorik euskarriaren eta trikuharriaren artean, eta ez den erabiltzen desmuntatutako euskarrien zatiak behin-behinean pilatzeko edo desmuntatze-lanetan erabilitako makinak uzteko.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta 137/2003 Dekretuan ezarritako babes-araubidean xedatutakoaren arabera, estazio megalitikoaren eremuaren barnean egiten diren lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuaren baimena jaso beharko dute hasi baino lehen. Gainera, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio zuzendaritza horri, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

Obraren okupazio-mugen kontrola.

– Batasunaren intereseko habitaten eta Aiako Harria natura parkearen eta Natura 2000 Sareko KBEaren (ES2130011) gaineko erasana kontrolatzea.

– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak afektazio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorreko erabakiak hartu aurretik, aholkularitza hori ematen duten adituek txosten bat egin beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obrak gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, Goizuetako Zentralaren (Nafarroa) eta Añorgaren (Cementos Rezola SAren fabrika, Gipuzkoa) arteko 30 kV-eko goi-tentsioko aireko linearen 120. euskarritik 48.erako tartea itxi eta desegiteko proiektua –Sociedad Financiera y Minera, SAk sustatzen du– ez dago zertan jarri ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industriako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 11.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala