Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5013

448/2024 EBAZPENA, urriaren 23koa, Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Gimnasioa-Errehabilitazio Zerbitzuko Gainbegiralea lanpostua izendapen askez hornitzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuan.

Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuan hutsik dago Gimnasioa-Errehabilitazio Zerbitzuko Gainbegirale lanpostua. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, oinarri hauek jarrita:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko betekizunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupeko langilea, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

b) Fisioterapiako graduko titulua edo unibertsitate-diplomatura izatea, B1 lanbide-taldekoa.

c) Hiru urteko lan-esperientzia izatea, gutxienez, B1 lanbide-taldean (fisioterapeuta).

d) 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarekin.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

– Esperientzia eta/edo prestakuntza errehabilitazioaren edozein eremutan.

– Esperientzia eta/edo prestakuntza taldeen gaineko kudeaketa- eta erantzukizun-postuetan.

– Lanpostuarekin zerikusia duten aplikazio informatiko korporatiboei buruzko ezagutzak.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Goierri-Urola Garaiko ESIko Langileen Zuzendaritzara (Argixao auzoa z.g., 20700 Zumarraga) igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek Goierri-Urola Garaiko ESIko Langileen Zuzendaritzara (Argixao auzoa z.g., 20700 Zumarraga) bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazioak honelakoa izan behar du:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden edukiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzordea eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ostean, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, zeintzuen berri emango zaien izangaiei.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretariko bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez emango zaio amaiera honen bitartez hasitako prozedurari (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzako intranetean eta webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, non eta bertan besterik xedatzen ez den.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zumarraga, 2024ko urriaren 23a.

Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari-gerentea,

LAURA AGUIRRE ALBERDI.


Azterketa dokumentala