214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1602 KB - 118 orri.)
- EPUB (3468 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
5011
AGINDUA, 2024ko urriaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita estatu-mailako lekualdatze-lehiaketa unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat, lanpostuak betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak (uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuaren bidez aldatua), betebehar bat ezartzen die hezkuntza-administrazioei: bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak deitzekoa. Lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere mendekoak diren edo sartu diren hezkuntza-administrazioa, baldin eta horretarako betekizunak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, eta ebazpenaren ondotik kidego bakoitzean destino bakarra lortuko dute.
Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretua argitaratzearen ondorioz, aldatu egin dira merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioak, bai atal batzuen gehieneko puntuazioan, bai azpiatal batzuei esleitutako puntuazioan. Horregatik, deialdi honetan dagozkion egokitzapenak egin dira merezimenduen baremoaren I. eranskinean.
Bestalde, 2024-2025 ikasturtean deitu behar diren estatu-mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu behar zaizkien prozedura-arauak onartu dira (urriaren 1eko EFD/1056/2024 Agindua). Era berean, deialdi honen I. eranskineko merezimenduen baremoari dagokionez, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenaren oraintsuko jurisprudentzia, zeinaren arabera ezin diren desberdin baloratu karrerako funtzionario edo langile finko gisa eta bitarteko funtzionario edo iraupen jakineko langile gisa egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu berberetakoak badira eta eginkizunak berdinak edo antzekoak badira. Izan ere, bestela, EBJAren jurisprudentziaren arabera, diskriminazio-tratua egongo litzateke, zeina Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak debekatzen baitu. Zuzentarau horrek iraupen jakineko lanari buruzko Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK), Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren (UNICE) eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren (CEEP) Esparru Akordioa jasotzen du.
Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan lanpostu hutsak badaudenez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
1.– Iragartzea estatu-mailako lekualdatze-lehiaketa unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat, lanpostuak betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan.
2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.
OINARRIAK
SUMARIOA
I. kapitulua. Oinarri orokorrak.
II. kapitulua. Parte hartzeko betekizunak eta izaera.
1. atala: Orokorrak.
2. atala: Maisu-maistren kidegoa.
3. atala: Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoak.
4. atala: Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten kidegoa.
5. atala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen eta Irakasleen Kidegoak.
III. kapitulua. Borondatezko parte-hartzea.
IV. kapitulua. Nahitaezko parte-hartzea.
V. kapitulua. Lehentasun-eskubideak.
VI. kapitulua. Konkurrentzia-eskubidea.
VII. kapitulua. Parte hartzeko eskabideak, dokumentazioa eta barematzeko aukerak.
VIII. kapitulua. Merezimenduen baremoaren aplikazioa.
IX. kapitulua. Prozeduran onartzeari eta puntuazio-emateari buruzko ebazpenak.
X. kapitulua. Destinoak esleitzea, destinoari uko egitea eta lanpostuaz jabetzea.
XI. kapitulua. Datu pertsonalak.
I. eranskina. Merezimenduen baremoa.
II. eranskina. Ikastetxeen zerrenda.
III. eranskina. HHEko ikastetxeei buruzko informazioa.
IV. eranskina. Espezialitateak.
V. eranskina. Kidegoen, probintzien, lurraldeen, autonomia-erkidegoen eta hizkuntza-eskakizunen kodeak.
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– Hamargarren eta hamaikagarren oinarrietako kasuetan dauden unibertsitatez kanpoko irakasleen kidego hauetako karrerako funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da:
a) Maisu-maistrak.
b) Bigarren Hezkuntzako irakasleak.
c) Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoa.
d) Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.
e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak.
f) Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleak.
g) Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleak.
h) Bigarren Hezkuntzako katedradunak.
i) Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunak.
j) Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak.
k) Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak.
2.– Lehiaketa honetan parte hartzeko deialdian sartzen dira, baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioko irakasle-kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozesuetan aukeratuak izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak.
3.– Lehiaketa honetan, honako xedapen hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretua; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena, uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuaren bidez aldatua; martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakaspostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak ezartzen dituena; martxoaren 10eko 42/1998 Dekretua, irakaspostuetarako hizkuntza- eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen dekretua aldatzeko dena; urriaren 6ko 263/1998 Dekretua, Euskararen Gaitasun Agirien baliokideak eta irakasleen hizkuntza-eskakizunak ezarri, eguneratu eta berresten dituena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuaren bidez aldatua); maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena (eta 2022ko ekainaren 16ko Agindua, dekretu horren eranskina eguneratzekoa); urriaren 1eko EFD/1056/2024 Agindua, 2024-2025 ikasturtean deitu behar diren estatu-mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu beharreko prozedura-arauak ezartzen dituena; abenduaren 1eko 11/2022 Legea, Euskal Enplegu Publikoarena; oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenak, eta deialdi honetan ebatzitakoa.
Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.
1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko finkatuko dira Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Behin-behinean, destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena eman baino lehen, eta, behin betiko, destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus helbidean.
2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2024ko abenduaren 31n dauden lanpostu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2024-2025 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira hezkuntza-plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.
3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.
4.– 2024-2025 ikasturterako lanpostuen zerrendaren arabera, langileak destinoa lortzen duen zentroak berari atxikitako beste herri batzuetako zentroetan eskolak emateko aukera eskaintzen badu, eskatutako lanpostuari atxikitako edozein herritan eman beharko du zerbitzua. Lanpostuen zerrendan adierazi egiten da zein diren egoera horretan dauden lanpostuak, «ibiltari» izenarekin (maisu-maistren eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako-HHI Hezkuntza Orientazioko espezialitateko lanpostuetarako, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegorako).
5.– Dagokion ikasturterako eta irakasle-kidegoetarako lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuetan zehaztutakoa izango da deialdian jasotako lanpostuen berariazko osagarria. Lanpostuen zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratzen dira.
II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA IZAERA
1. ATALA
OROKORRAK
Hirugarrena.– Betekizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten langileek –errege-dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen ditu–, baldin eta bosgarren oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunaren betekizunak eta kapitulu honetako ataletan eskatzen direnak betetzen badituzte lehiatzen deneko kidegoari eta espezialitateari edo lanpostu motari dagokienez.
Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek dagozkien mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioekin batera hartuko dute parte, lanpostu huts berak lortzeko, hargatik eragotzi gabe aipatutako katedradunen kidegokoak izateagatik aplikatu beharreko merezimendu espezifikoak aplikatzea.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako espezialitateen titularrak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko, desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoko karrerako funtzionarioek batera parte hartuko dute, eta beren espezialitatean edo espezialitateetan eskaintzen diren plaza hutsetara mugitu ahal izango dira.
2.– Parte hartzeko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzerako bete beharko dira, eta prozedura osoan mantendu, destino berria jabetzan hartu arte. Nolanahi ere, sartzeko hautaketa-prozesuetan hautatu diren praktiketako funtzionarioak karrerako funtzionario izendatzen direnean, haien administrazio-egoera aldatu egingo da.
Laugarrena.– Parte-hartzearen izaera.
1.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da hamargarren oinarrian jasotako kasuetan.
2.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da hamaikagarren oinarrian jasotako kasuetan.
Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.
1.– Hurrengo apartatuan jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea edo, bestela, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuak aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan –uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuak aldatua– aipatutako titulu edo hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea.
2.– Ez da beharrezkoa hizkuntza-eskakizuna edo titulu edo egiaztagiri baliokiderik egiaztatzea, baldin eta egiaztatzen bada Euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak (dekretu horretan ezarritako eran) eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren bidez egindako aldaketan aurreikusita daudenak gertatzen direla.
2. ATALA
MAISU-MAISTREN KIDEGOA
Seigarrena.– Maisu-maistren kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.
1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lanpostuak, espezialitate hauetan: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa; Atzerriko Hizkuntza: Frantsesa; Gorputz Hezkuntza; Musika; Pedagogia Terapeutikoa, eta Entzumena eta Hizkuntza.
Lanpostu horiek eskatu ahalko dituzte espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, kidegoan sartzeko kasuko hautapen-prozedura gainditu ondoren edo azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitako bideen bitartez. Eskatu ahal izango dituzte, halaber, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horietarako gaituak izan direnek aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.
2.– Lehen Hezkuntzako euskarazko lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) OHOko Euskal Filologiaren arloko lanpostuetan aritzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera.
b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo hizkuntza-eskakizun horren hizkuntza-ziurtagiri homologatu edo baliokideetakoren bat lortzera bideratutako probak gainditu izana, bosgarren oinarrian adierazitako araudiaren arabera.
3.– Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:
a) Aholkulari lanpostua betetzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera.
b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).
c) Honako lizentzia, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.
d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).
4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (HHE).
Helduen Hezkuntza-Hasierako Ikasketak, Helduen Hezkuntza-Ingelesa eta Helduen Hezkuntza-Frantsesa lanpostuak eskatu ahalko dituzte Lehen Hezkuntza, Ingelesa edo Frantsesa espezialitateak hurrenez hurren dauzkaten maisu-maistrek. Eskatu ahal izango dituzte, halaber, 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera espezialitate horietarako gaituak izan direnek, aipatutako errege-dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.
5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahalko dituzte maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarrita dagoenaren arabera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistren kidegoko funtzionarioek.
Era berean, lanpostu horiek eskatu ahal izango ditu aurreko paragrafoan aipatzen den atxikipen-baldintza bete eta lanpostua ezabatzeagatik galdu duenak, baldin eta gerora ez badu behin betiko destinorik lortu beste irakaskuntza batzuetan.
Nolanahi ere, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluarekin bat etorriz, dagokion gaikuntza duten espezialitateetako lanpostuak soilik eskatu ahal izango dituzte.
Aipatutako atxikipen horretaz gainera, honako hau eskatuko da:
a) Erantsitako zerrendako eskuineko zutabean jasotako espezialitateetako lanpostuak eskatzeko, ezkerreko zutabean aipatutako gaikuntza egiaztatu beharko dute:
(Ikus .PDF)
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Teknologia arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:
– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentzia, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasketa Zibileko Diploma, edo haiei dagozkien graduak, edo bigarren graduko lanbide heziketa edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo goi-mailako teknikari baliokidea, edo
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako edo homologatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan, 250 ordu edo gehiagokoetan, parte hartu izana.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Plastika- eta Ikus-hezkuntza arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:
– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo haiei dagozkien graduak, edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa edo goi-mailako teknikari baliokidea.
6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako Pedagogia Terapeutikoko lanpostuak.
Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horretarako gaituak izan direnek, aipatu errege dekretua indarrean jarri aurreko araudiari jarraituz, bosgarren apartatuko lehen lerrokadan adierazitako mugapena eduki gabe, hau da, DBHko lehen bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita egoteko baldintza bete behar izan gabe.
7.– Espezialitate berriak aitortzea. Maisu-maistren kidegoa
Azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluaren b) eta c) kasuetako batzuetan egoteagatik espezialitate berri bateko lanpostuak eskatu nahi dituztenek espezialitate berriaren aitorpena izan beharko dute. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko dute EIZUko Enplegatuaren Atariaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari zuzenduta. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eskaera onartzeko edo ezesteko. Espezialitatea edo espezialitateak aitortzeko eskaera lekualdatze-lehiaketa honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin behar da. Espezialitate berria aitortzeko eskaera egiten ez bada, nahiz eta aitorpen hori emateko baldintzak bete, lekualdatze-lehiaketako plazen eskaeran aitortu ez diren espezialitateen eskaerak baliogabetuko dira.
Maisu-maistren kidegoko aholkulariaren eta euskararen espezialitateak ez daude jasota 1594/2011 Errege Dekretuan, eta, beraz, ezin dira aintzatetsi. Lekualdatze-lehiaketa honetan, espezialitate jakin horietan parte hartu ahal izateko, oinarri honetako 2. eta 3. puntuetan adierazitakoa hartu behar da kontuan.
3. ATALA
BIGARREN HEZKUNTZAKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK
Zazpigarrena.– Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.
1.– II.2 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak. IV.4 eranskinean adierazten dira espezialitateak.
Dagokion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu lanpostu horiek.
2.– Curriculum aniztasuneko lanpostuak: Hizkuntza eta Gizarte arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Alemana, Latina, Euskara eta Euskal Literatura.
3.– Curriculum aniztasuneko lanpostuak: zientzia eta teknologia arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika,Teknologia eta Informatika.
4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (IV.5 eranskina).
a) Komunikazio arloa. Ingelesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
b) Komunikazio arloa. Frantsesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.
c) Komunikazio arloa. Gaztelania. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
d) Komunikazio arloa. Euskara. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Euskara eta Euskal Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.
e) Gizarte arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.
f) Zientzia eta teknologiaren arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia eta Informatika.
5.– Kultura Klasikoko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horien titularrek Latina eta Grekoa espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Lanpostu horiek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko lanpostu-zerrendan, eta, era berean, aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek eta katedradunek eskatu ahal izango dituzte. Lanpostuak eskuratzen dituztenek Latineko zein Grekoko espezialitateari atxikitako irakasgaiak eman beharko dituzte nahitaez.
6.– Hizkuntza indartzeko lanpostuak (IV.5 eranskina).
Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura, Filosofia eta Alemana.
7.– Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak.
Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak aukeratzeko, IV. eranskinean jasotako espezialitateren bateko irakasle titularra izan behar da, eta maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren 2. artikuluan (eta dekretu horren eranskina eguneratzen duen 2022ko ekainaren 16ko Aginduan) jasotzen diren honako titulu, gaikuntza edo ziurtagiri hauetakoren bat egiaztatu behar da (73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats- arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza- gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena):
– Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentzia, eskatutako hizkuntzan; edo gradu baliokidea.
– Itzulpengintza eta Interpretazioko diploma, eskatutako hizkuntzan.
– Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako gaikuntza edo espezialitatea duen maisu-maistra.
– Eskatutako atzerriko hizkuntzan Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, 73/2012 Dekretuaren eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiri baten bidez (2022ko ekainaren 16ko Aginduak eguneratutako eranskina).
Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak eskatzeko interesa duenak eskabidean elebitasuna ataleko 1. Frantsesa eta/edo 2. Ingelesa aukera hautatu beharko du, hemezortzigarren oinarriko 5. apartatuan adierazten den bezala.
8.– Zereginen Ikaskuntzarako Geletako lanpostuak, 250 kodea (IV-4 eranskina).
Lanpostu horiek eskatu ahal izango ditu desagertuko den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegotik datozen Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan integratutako espezialitateren baten titularra denak (205etik 231ra bitarteko espezialitateak).
9.– Desagertuko den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak, baldin eta, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan adierazitakoa aplikatuta, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu ez badira.
Irakasle horiek IV-4 eranskinean adierazitako espezialitateetako lanpostuak lor ditzakete, titular diren espezialitateen arabera, II-2 eranskineko ikastetxeetan.
4. ATALA
LANBIDE HEZIKETAKO SEKTORE BEREZIETAKO IRAKASLE ESPEZIALISTEN KIDEGOA
Zortzigarrena.– Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.
1.– Kidego honetako irakasleek IV.6 eranskinean adierazita dauden beren espezialitateko lanpostuak eskatu ahal izango dituzte, II.3 eranskinean agertzen diren ikastetxeetan.
2.– Era berean, II.3 eranskineko ikastetxeetan dauden eta IV.6 eranskinean aipatzen diren espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte desagertzear dagoen Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko karrerako funtzionarioek, espezialitate horietakoren baten titularrak badira.
5. ATALA
HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAKO, MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK
Bederatzigarrena.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartzeko betekizunak.
1.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.
II.4 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.7 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.
2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.
II.5 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.8 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.
3.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.
II.6 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.9 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA
Hamargarrena.– Borondatezko parte-hartzerako baldintzak eta prozedura.
1.– Lehiaketa honetan borondatez parte hartu ahal izango dute jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden karrerako irakasle funtzionarioek:
a) Jarduneko egoeran daudenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan behin betiko destinoarekin, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaierara arte gutxienez bi urte iragan badira.
Ondorio horietarako, katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei kontuan hartuko zaie dagokion irakasle-kidegoko karrerako funtzionario gisa lanpostu berean aurretik egin duten denbora.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoeran daudenek, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaierara arte gutxienez bi urte iragan badira.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentzia-egoeraren edozein motatan daudenek.
Norberaren interesengatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian daudenen kasuan, funtzionarioek soilik parte hartu ahalko dute, baldin eta ikasturte hau amaitzean egoera horretara pasa zirenetik bi urte iragan badira.
Senitartekoak zaintzeko eszedentzian daudenen kasuan, funtzionarioek soilik parte hartu ahalko dute, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeek deklaratutako eginkizun-gabetzearen egoeran daudenek, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzearen diziplina-zehapenaren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik gutxienez bi urte iragan badira.
e) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan daudenek, baldin eta gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte.
2.– Lehiaketa honetan norberaren borondatez parte hartzeko, 1. apartatuan aipatutako langileek parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, VII. kapituluan aipatutako moduan eta epean.
3.– Beste hezkuntza-administrazio batzuen menpe dauden karrerako irakasle funtzionarioak:
Deialdi honi dagozkion lanpostuak eskatu ahalko dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuen mendeko karrerako irakasle funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezartzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte eta beren lehenengo behin betiko destinoa lortu bazuten hautatua izan zireneko deialdiari zegokion hezkuntza-administrazioaren esparruan, salbu eta deialdi horretan betekizun hori eskatzen ez zen kasuetan.
Langile horiek eskabide-ereduaren arabera egin beharko dute eskabidea, destinoko zentroari dagokion hezkuntza-administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean.
IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA
Hamaikagarrena.– Parte hartzeko kasuak eta nahitaez parte hartzeko prozedura.
1.– Lehiaketan parte hartzera behartuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langileak:
a) Behin-behineko destinoa izan eta sail honen menpe dauden ikastetxeetan 2024-2025 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenak.
Langile horiek honako baldintza hauen arabera eskatu behar dituzte lanpostuak: titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera, edo, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera.
Aitzitik, oraindik bere behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioek eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenek, hautatu zuten espezialitatearen lanpostua dagoen tokian lortu beharko dute beren betiko lehen destinoa. Horretarako, espezialitate horri dagozkion lanpostuak eskatu beharko dituzte, Latineko eta Grekoko espezialitatekoak diren langile funtzionarioen kasuan izan ezik. Horiek Latineko eta Grekoko espezialitatekoak ez ezik, Kultura Klasikoko lanpostuak ere eskatu eta lortu ahalko dituzte. Bestalde, Entzumena eta Hizkuntza eta Pedagogia Terapeutikoa espezialitateetako funtzionarioek hauek eskatu eta lortu ahal izango dituzte: Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak (36 eta 37 espezialitate-kodeak, hurrenez hurren), eta Pedagogia Terapeutikoa espezialitateko DBHko lehen ziklokoak (60 kodea).
Lehen behin betiko destinoa oraindik lortu ez dutenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko lanpostuen artean soilik hautatu ahal izango dute.
b) Eszedentzia-egoeratik edo eginkizun-gabetzetik etorri eta behin betiko destinoa galdu dutenak, zerbitzu aktibora itzuli badira eta behin-behineko destino bat lortu badute sail honen mendeko zentro batean, deialdi hau argitaratu zen eguna baino lehen.
c) Nahitaezko eszedentziaren egoeratik edo eginkizun-gabetze irmo batetik etorri edo behin betiko destinoa galdu duenaren egoeratik lanpostu batera berriz sartzekotan daudenak, baldin eta egoera horiek sail honen mendeko ikastetxe batek aitortu baditu.
d) Atzerriko lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2024-2025 ikasturtean sail honen kudeaketa-eremura itzuli behar dutenak edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenak.
e) Epai edo errekurtso bati emandako ebazpena betetzeagatik edo behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua espresuki ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu dutenak.
f) Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle-kidegoetan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozesuetan aukeratua izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak edo egitetik salbuetsita daudenak.
Langile horiek hezkuntza-administrazio honen mendeko lanpostuetan bakarrik eskatu eta lortu ahal izango dute behin betiko lehen destinoa, hautatua izan den espezialitatearen arabera, 1. apartatu honetako a) letraren azken paragrafoko aurreikuspenak kontuan hartuta. Destinoa lortzeko baldintza izango da praktikaldia gainditzea eta karrerako funtzionario izendatzea.
g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.
2.– Lehiaketa honetan parte hartzera behartuta dauden langileek parte hartzeko eskabidea aurkeztuta eska ditzakete eskainitako lanpostuak, VII. kapituluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatutako lanpostuetako bat ere lortzen ez bada, hamahirugarren oinarrian aurreikusitako ondorioa izango da.
Hamabigarrena.– Praktiketako funtzionarioei destinoa esleitzea.
Praktikak egiten ari diren funtzionario langileek beren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren menpe dauden lanpostuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik eskatu eta lor dezakete.
Praktiketako funtzionarioei karrerako funtzionarioen ondoren esleituko zaie destinoa, hautatuak izan diren deialdiaren urtea (zaharrenari, eta ez berrienari, emango zaio lehentasuna) kontuan hartuta, eta deialdi bakoitzaren barruan lehentasunezko txanda hauek ezarriko dira, aipatzen diren hurrenkera beraren arabera:
1.– Talde bereko kidegoetara sartzea.
2.– Goi-mailako talde bateko kidegoetara sartzea.
3.– Txanda librea eta desgaitasuna dutenentzako txanda.
Txanda bakoitzaren barruan, dagokion kidego eta espezialitatean praktiketako funtzionario izendapenean agertzen den ordena hartuko da kontuan, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazio globalaren arabera. Parte hartu behar duten praktiketako funtzionarioak Hezkuntzako sailburuaren 2022ko abenduaren 19ko Aginduaren bidez deitutako bi oposizio-lehiaketetatik (egonkortzea eta arrunta) datozenez, kidego eta espezialitate berean hautagai bat baino gehiago egonez gero ordena berberarekin, hautatuak izan diren hautaketa-prozesuko oposizio-fasean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan berdinketa hausteko irizpide gisa.
Praktiketako funtzionario izendatu eta bigarren urtean deialdi honetan parte hartzen duenari deialdi honen I. eranskinean ezarritako merezimendu-baremoaren arabera esleituko zaio destinoa honako kasu hauetan: funtzionario izendatu eta lehenengo urtean praktikaldi hori atzeratzea baimendu bazaie, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 49. artikuluan aitortutako bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko baimenak hartzeagatik, edo aldi baterako ezintasun-egoeran egoteagatik, edo arrazoi berberengatik ezin izan badira ebaluatu. Parte-hartzaile horiek J modalitatea adierazi beharko dute eskaera-orrian, parte hartzeko modalitate gisa (J modalitatea: behin betiko destinoa sekula lortu ez duten behin-behinekoak).
Deialdi honetan praktiketako funtzionario izendatu eta bigarren urtean parte hartzen dutenei –dela izendapenaren lehenengo urtean praktikaldia gainditu ez dutelako, dela aurreko paragrafoan jasotakoez bestelako arrazoiengatik praktikaldia atzeratzea baimendu zaielako–, praktiketako funtzionario izendapenean agertzen diren ordena hartuko zaie kontuan esleipena egiteko. Parte-hartzaile horiek K modalitatea adierazi beharko dute eskaera-orrian, parte hartzeko modalitate gisa (K modalitatea: praktiketako funtzionarioak).
Dagokien destinoa, praktika-aldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du.
Hamahirugarrena.– Lanpostuen esleipena eta ondorioak, norbaitek lehiaketan parte hartzera behartuta egon arren parte hartzen ez badu edo eska ditzakeen lanpostu guztiak eskatzen ez baditu.
1.– Hamaikagarren oinarriko a), b), c), f) eta g) letren kasuetan parte hartzera behartuta daudenek parte hartzen ez badute edo eska ditzaketen lanpostu guztiak eskatzen ez badituzte, ondorio hauek izango dituzte:
a) Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretan aipatzen diren nahitaezko parte-hartze kasuetan, behartutako pertsonari behin betiko destinoa eman ahalko zaio ofizioz titular den espezialitateen eta egiaztatzen duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuetan edo, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera emango bete ditzakeen lanpostuetan, oraindik beren behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioen kasuan izan ezik eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenen kasuan izan ezik, horientzat hautatu zuten espezialitatearen araberako lanpostua soilik eman ahal izango baita, ofizioz.
b) Hamaikagarren oinarriko c) letran aipatzen diren nahitaez parte hartzeko kasuetan, behartutako pertsona, lehiaketa horretan behin betiko destinoa lortzen ez badu, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren (EPOELTB) 89. artikuluko 1.a) apartatuan adierazitako borondatezko eszedentziako egoeran geratuko da.
c) Hamaikagarren oinarriko f) letran aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuetan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko lanpostua, hautatua izan den espezialitateko lanpostuen artetik.
2.– Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letren kasuen arabera parte hartzera behartuta dauden pertsonek parte hartzen ez badute, ondorio hauek izango dituzte:
Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letretan aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuan dagoen pertsonak lehiaketa horretan parte hartzen ez badu, ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko destinoa, titularra den espezialitateen eta ziurtatua duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuen artetik; edo, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera gaituta dagoen lanpostuen artetik. Eska ditzakeen lanpostu guztiak eskatu gabe parte hartzen duenari, berriz, ez zaio ofizioz esleituko behin betiko destinoa.
3.– Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko epigrafea bete beharko du. Bertan, lehentasun-ordenaren arabera, deialdi honetan ezarritakoaren arabera aukera ditzakeen lanpostu-moten (espezialitatea) eta hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna) kodeak adierazi beharko ditu, eta kode horiek hartuko dira kontuan ofizioz behin betiko destinoa esleitzeko, baldin eta borondatez eskatutako lanpostuetako batean ere destinorik lortu ez badu.
Oinarri honen 1., 2. eta 3. puntuetan adierazitakoarekin bat etorriz, destinoaren ofiziozko esleipena aplikatu behar den kasu guztietan, esleipena II. eranskinean argitaratutako ikastetxeen ordenari jarraituz egingo da, lortu nahi den irakasleen kidegoaren arabera.
4.– Halaber, hamaikagarren oinarriko a), b), f) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» epigrafean hautatu ahal izango du ofiziozko esleipenean kontuan hartu beharreko lurralde historikoa edo lurralde historikoak –lurralde bat baino gehiago adieraztekotan, lehentasun-ordenan–.
Parte hartzen ez badu edo lurralde historikoaren apartatua betetzen ez badu, 2024-2025 ikasturtean behin-behinean edo praktiketan zerbitzuak bete dituen lurralde historikoan soilik esleitu ahal izango zaizkio lanpostuak ofizioz. Behin-behineko destinoa eduki ezean, azken destinoa izan zuen lurralde historikoan egingo zaio esleipena.
Aipatutako idazpuruan 2024-2025 ikasturtean behin-behinean zerbitzua ematen ari den edo praktikaldian dagoen lurraldeaz bestelako lurralde historiko bat aukeratzen den kasuan, adierazitako lurralde historiko horretako lanpostuak soilik esleitu ahal izango zaizkio ofizioz.
Aurreko hiru lerrokadetan xedatutakoa ez da aplikatuko Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioen kasuan; izan ere, ofizioz eta behin betiko esleitu ahal izango zaizkie honako lanpostu hauek: dituzten espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera euren aukerakoen artekoak direnak; betiere II-5 eranskinean argitaratutako ikastetxe guztien ordenari jarraituz.
5.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioei ofizioz ez zaizkie inolaz ere esleituko honako hauei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntza.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.
Lanpostu ibiltariak.
6.– Inolaz ere ez zaizkie ofizioz esleituko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Katedradunen Kidegoetako eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako langile funtzionarioei honako hauei dagozkien lanpostuak:
Helduen Hezkuntza.
Zereginen Ikaskuntzarako Gelak.
Curriculum aniztasuna.
Hizkuntza indartzea.
Ingelesezko edo frantseseko irakaskuntza (elebiduna).
Lanpostu ibiltariak (Hezkuntza Orientabidea espezialitatea HHEn).
V. KAPITULUA
LEHENTASUN-ESKUBIDEAK
Hamalaugarrena.– Lehentasun-eskubideaz baliatzeko moduak, kasuak eta baldintzak.
Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzailea ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta/edo herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatu ahalko da, eta hala jasoko du parte-hartzeko eskabide-orrian.
Ikastetxerako lehentasun-eskubidea erabiltzeak destinoa lortzeko lehentasuna dakar herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenen aurrean.
Hamabosgarrena.– Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.
1.– Behin betiko destinoa duen edo izan duen ikastetxe berean lanpostu berri bat lortzeko lehentasun-eskubidea izango du lanpostua betetzeko baldintzak betetzen dituen eta jarraian adierazten den kasuetako batean dagoen parte-hartzaileak, zerrendatzen diren lehentasun-hurrenkeran:
a) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua ezabatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.
b) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua aldatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.
c) Behar adina irakastordu izan ez eta, bere ikastetxetik lekualdatua izateagatik.
d) Espezialitate berri bat eskuratzeagatik, lehentasun-eskubidea izango du eskuratutako espezialitate berri horretan lanpostu bat lortzeko, behin betiko destinoa duen ikastetxean. Eskubide horretaz baliatu ahal izango dira Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen kidegoetako, desagertu beharreko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko eta Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoko irakasleak. Lanpostu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.
2.– Aurreko apartatu bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean lanpostu bererako, lanpostua merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioetan berdinketak gertatuko balira, berdinketa horiek hausteko lehen irizpide gisa ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da, eta, beharrezkoa balitz, merezimenduen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren ordenan.
3.– Eskabidea nola bete:
Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea eta eskubideaz baliatzeko arrazoia adierazi beharko ditu. Halaber, adierazi beharko du eskubide hori zein lanpostu-motatan (espezialitatea) eta hizkuntzatan (hizkuntza-eskakizuna) baliatu nahi duen, lehentasun-ordenan. Gainera, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratuko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte.
Ikastetxerako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.
Hamaseigarrena.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.
1.– Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango du jarraian adierazten diren egoeretakoren batean dagoen eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzaileak, zerrendatzen diren lehentasun-ordenan:
a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuen lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango du plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko.
b) Behar adina irakastordu ez izateagatik bere ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, ezabatutako lanpostuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, barrutian dauden lanpostu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango dute.
c) Behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Herri Administrazioan beste lanpostu bat betetzera pasa direnak, betiere lanpostu hura eten badute.
d) Behin betiko betetzen zuten lanpostua galdu dutenek urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia-egoeran egoteagatik eta zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitzeagatik, betiere zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.
e) Kanpoan irakasle-lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2024-2025 ikasturtean sail honen kudeaketa eremura itzuli behar duten funtzionarioek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.
f) Azken behin betiko destinoa galdu dutenek, epaia dela eta edo administrazioarekiko errekurtsoaren ebazpena dela eta.
g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.
2.– Lanpostu berera karrerako bi funtzionario edo gehiago aurkezten badira eta lehentasunezko kasu berean badaude, merituen baremoa aplikatzean puntuazio handiena lortzen duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.
Hamaseigarren oinarri honetan adierazitako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, herrian ala barrutian erabiltzearen artean aukeratu beharko du.
Baldin eta herri edo barruti batean destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi bada, parte hartu beharko da, eskubide hori erabiliz, deitzen diren lekualdatze-lehiaketa guztietan, harik eta destino hori lortu arte. Hala egin ezean, lehentasun-eskubidea indargabetu egingo zaio.
3.– Eskabidea nola bete:
Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:
– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidearekin parte hartzeko arrazoia zein den ere.
Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitateen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodeak adieraziko dira, lehentasun-ordenaren arabera. Gainera, maisu-maistren kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratuko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte. Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, ibiltaritza Hezkuntza Orientazioko espezialitateko (018) lanpostuetarako soilik erabil daiteke Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan (HHI). Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.
Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute ikastetxe jakin bateko destinoa.
Beraz, eskubide hau erabiliz hautatzen den herrian eskaera egiten duten lehiakide guztientzako nahiko plaza huts ez balego, bakoitzaren puntuazioa alde batera utzita, lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari plaza huts horietako bat bermatuko zaio. Hortaz, partaide horrek lehentasunezko destino bat lortu ahal izango du puntu gehiago dituen beste partaide baten aurretik. Behar adina lanpostu huts badago, herria eta plaza mota ziurtatuta (espezialitatea/lanpostua eta hizkuntza-eskakizuna/hizkuntza), zentro zehatz bat esleitzeko, eskubide hori duen parte-hartzailea kidego, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun berberak betetzen dituzten gainerako partaideekin batera lehiatuko da, merezimenduen baremoan lortutako puntuak kontuan hartuta.
– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea bakarrik –edo herri batzuetakoa, barrutirako lehentasun-eskubidearen kasuan– adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten hautatutako herriko edo herrietako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean lanposturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxetako lanpostu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.
Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide hori baliatuta lehiaketara aurkezten denak «HLE» –lehentasun-eskubidea– siglak adierazi beharko ditu eskatutako ikastetxeko «plaza-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan adierazitako parte hartzeko eskatutako espezialitate guztiak hartuko dira kontuan.
Herri baterako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.
VI. KAPITULUA
KONKURRENTZIA-ESKUBIDEA
Hamazazpigarrena.– Konkurrentzia-eskubidea.
1.– Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da behin betiko destinoa duten irakasleen kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketan parte hartzeko baldintza gisa lurralde historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa lortzea jartzen dutenean.
2.– Eskubide hori baliatzeko, honako arau hauek bete beharko dira:
a) Parte-hartzaileek, beren eskabideetan, lurralde historiko bakarreko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina konkurrentzia-talde bakoitzerako.
b) Talde bakoitzean, gehienez ere, lau pertsonak hartuko dute parte, eta derrigorrezkoa izango da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea. Eskabide bakoitzean beteko da eskubide horri dagokion apartatua, eta aipatuko da zein diren eskatzailearekin batera doazen pertsonak.
c) Destino-esleipena bete beharreko lanpostu hutsen artean egingo da, agindu honen bigarren oinarrian xedatutakoaren arabera, eta agindu honen I. eranskinean jasotako merezimenduen baremoa aplikatuta zehaztuko da.
d) Parte hartzeko modu horren helburua da talde bereko parte-hartzaileek lurralde historiko bereko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa aldi berean lortzea. Horietako baten batek ezin izango balu plaza edo lanpostu bat lortu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabide guztiak ezetsiko lirateke.
VII. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK, DOKUMENTAZIOA ETA BAREMATZEKO AUKERAK
Hemezortzigarrena.– Eskabidea nola bete.
1.– Lekualdatze-lehiaketan borondatez (hamargarren oinarria, 1. apartatua) zein nahitaez (hamaikagarren oinarria) parte hartzeko, https://hezigunea.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da, eta, ondoren, NAN eta kontuari lotutako pasahitza idatziko dira. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza ahaztu duzu» apartatuan.
Pasahitza sartu ostean, Eremu pertsonala-Izapideak langileen sailarekin-Lekualdatze-lehiaketa -Onartzeko-eskabidea gunera jo behar da.
2.– Lehiakide bakoitzak eskabide bakarra egingo du irakasleen kidego bakoitzeko (baita kidego bereko espezialitate batean baino gehiagotan parte hartzen badu ere), eta eskabide horretan sartuko dira lanpostu-eskaera guztiak. Parte-hartzaileak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoari eta Lanbide Heziketako Sektore Berezietako Irakasle Espezialisten Kidegoari dagozkien espezialitateak baditu, integrazio-prozesuen ondorioz, eskaera bat egin beharko du parte hartzen duen kidego bakoitzeko.
Parte-hartzaile bakoitzak bere eskabidean sar ditzakeen eskaerak ez dira 300 baino gehiago izango.
3.– Eskabidea osorik bete ostean, «ontzat emanez» itxiko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin. Ondoren, eskabidearen gordekina inprimatu beharko da.
Eskabidea «ontzat emanez» ixten ez bada, eskabide hori egin gabe geratuko dela ulertuko da, pertsona hori parte hartzera behartuta egon eta behar bezala itxitako beste eskabiderik aurkeztu ez duen kasuan izan ezik. Kasu horretan, egindako baina itxi gabeko eskabidea eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan itxiko da automatikoki, eta ordura arte gordetakoa hartuko da kontuan esleipena egiteko.
4.– Lanpostuen eskaerak «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu bat hutsik duen herriko lehen ikastetxea edo oinarri-arauen II. eranskinean adierazitako hurrenkera berean azaltzen dena esleituko da. Lanpostu-eskaera bakoitza, beraz, zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (maisu-maistren kidegorako eta HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko espezialitatea bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan) gehikuntzaren/konbinazioaren emaitza da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren menpe dauden irakasle funtzionarioek beste hezkuntza administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraiki, betiere haien lehengo behin betiko destinoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuaren baitan lortu badute, sartu zireneko deialdiak baldintza hori betetzea eskatzen ez zien kasuetan izan ezik.
Langile horiek lehentasunaren arabera eskatuko dituzte lanpostuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo ikastetxeen kodeak eta lanpostu motarenak (espezialitatea) nahiz hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, deialdia egin duten beste hezkuntza-administrazio batzuen lekualdatze-lehiaketen deialdietako eranskinetan agertzen diren bezala. Parte hartzeko eskabidean ez dago Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren ikastetxeak eta hizkuntzak aukeratzeko menu zabalgarririk, eta, beraz, nahitaezkoa da parte hartzen duten langileek kodeak idaztea eskaeren aplikazioan.
5.– Lanpostu bakoitzaren eskaera zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (maisu-maistren kidegorako eta HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko espezialitatea bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan) gehikuntzaren/konbinazioa dela kontuan izanik, lanpostuen eskaerak ondoren adierazitakoa kontuan izanik egin beharko dira:
– Zentro edo herri berean lanpostua espezialitate batengatik edo gehiagorengatik eskatzen bada, beharrezkoa da zentroa edo herria errepikatzea eskatzen den espezialitate bakoitzeko, espezialitate bakoitzeko lanpostuaren kodifikazioa ezberdina baita.
– Zentro edo herri eta espezialitate bereko lanpostua eskatzen bada hizkuntza-eskakizunean aukera ezberdinak erabiliz, zentroa edo herria eta espezialitatea behar adina aldiz errepikatu beharko dira, jarraian hizkuntza-eskakizunari dagokion aukera diferente bakoitza adieraziz (V. eranskina).
– Lanpostu elebidunak eskatuz gero, eskabidearen Elebitasuna atalean, 1. eta/edo 2. aukera adierazi beharko da, «Frantsesa» eta/edo «Ingelesa», hurrenez hurren.
– Zentro edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada elebidun modalitatean nahiz modalitate ez-elebidunean, zentroa edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta Elebitasuna atalean adierazi, lehen kasuan «1. Frantsesa eta/edo 2. Ingelesa» aukeratuz eta bigarren kasuan «0. elebitasunik ez» aukeratuz.
– «3. Alemana» eta «4. Italiera» lanpostu elebidunen kodeak beste autonomia-erkidego batzuei dagozkie; Euskal Autonomia Erkidegoan ez da halakorik iragarri.
– Frantses, Ingeles edo Aleman hizkuntzetarako espezialitateei dagozkien eskaerek ez dute inoiz eramango elebitasun-koderik: «0. Elebitasunik ez» izango dira.
– Ibiltaritza duten lanpostuak eskatzen dituzten maisu-maistren kasuan, «Bai» adierazi beharko da «ibiltaritza» apartatuan. Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, ibiltaritza duten lanpostuak Hezkuntza Orientazioko espezialitatera (018) mugatuta daude HHEko ikastetxeetan.
– Zentro edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada «ibiltaritza» modalitatean nahiz «ibiltaritzarik ez» modalitatean, zentroa edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta «ibiltaritza» apartatuan adierazi «Bai» «ibiltaritza» modalitaterako eta «Ez» «ibiltaritzarik ez» modalitaterako.
– Helduen Hezkuntzako mailako espezialitateetako lanpostuak eskatzen badira (IV-2 eranskina), maisu-maistren kasuan, edo curriculum-aniztasuna eta HHE, eremu guztietan (IV-5 eranskina), HHEko ikastetxeak soilik hautatu beharko dira.
– HHEko ikastetxeak eskatzen badira, Helduen Hezkuntzako mailari dagozkion espezialitateak (IV-2 eranskina) aukeratu beharko dira, maisu-maistren kasurako, edo Curriculum-aniztasunekoak edo HHEkoak, hainbat arlotarako, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegorako.
– Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako lanpostuak EZ dira ibiltariak, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko (018) espezialitateko lanpostuak izan ezik.
6.– Zentroa aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak hamabosgarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz bete beharko du eskabidea, eta herria edo barrutia aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, berriz, hamaseigarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz.
7.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen edo parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe destinoak ofizioz esleitzea, deialdi honetan aurreikusten den eran.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, ez da aldaketarik onartuko; salbuespen izango dira baremo bidez onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren ezarriko den zuzenketa-epearen barruan onartzen direnak. Interesdunak esleipenari eragiten dion daturen bat ez badu eman edo oker eman badu, ezin izango du etorkizuneko erreklamazioetan hori alegatu, ez eta arrazoi horrengatik bere interesak eta eskubideak kaltetutzat jo ere.
Adierazitako arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe destinoak ofizioz esleitzea, deialdi honetan aurreikusten den eran.
8.– «Adingabearen babesa» deritzon apartatua bete beharko dute eskaeran lehiakideek, egiaztatzeko epai irmoaren bidez zigorrik jaso ez dutela delitu hauetakoren bategatik: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta esleipenduna bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena.
Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie apartatu hau eskaeran erakutsiko.
Hemeretzigarrena.– Lehiaketara aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Agindu honen I. eranskinean aurreikusitako merezimenduei buruzko dokumentazioa.
Aipatutako I. eranskinean xedatutakoaren arabera ofizioz balora daitezkeen merezimenduak ez dira alegatu edo egiaztatu beharko, baldin eta Hezkuntza Saileko Langileen Erregistroan edo prestakuntza-jardueren erregistroan jasota badaude, kasuaren arabera.
Horretarako, parte-hartzaileek egoera hori egiaztatu beharko dute, bi erregistroetan agertzen den informazioa kontsultatuta, 3. apartatuan adierazitako moduan.
Ofizioz balora daitezkeen merezimenduak ez badaude jasota dagokion erregistroan, hurrengo paragrafoan ofizioz balora ezin daitezkeen merezimenduetarako aurreikusitakoaren arabera alegatu eta egiaztatu beharko dira.
Ofizioz baloratu ezin diren merezimenduak alegazio- eta egiaztapen-orria betez alegatu beharko dira. Merezimendu horiek Langileen Erregistroan edo, hala badagokio, prestakuntza-jardueren erregistroan jasota ez badaude, alegatu, eta, horrez gain, egiaztatu egin beharko dira. Horretarako, I. eranskinean merezimendu bakoitzerako aurreikusitako egiaztagiriak aurkeztu beharko dira «merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orriarekin» batera, zeina Interneteko helbide honetan entregatu beharko baita: https://hezigunea.euskadi.eus (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzailea) «Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Lekualdatze-lehiaketa – Merezimenduak entregatzea». Adierazitako alegazio-orria bete eta dagokion dokumentazioa erantsi ondoren, «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klik egin beharko da. Aplikazio informatikoaren bidez, entregatu izanaren egiaztagiria lor daiteke, erregistro-datarekin. Atalei dokumentuak gehitzen bazaizkie, baina prozesua ez bada amaitzen «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klik eginda, dokumentaziorik entregatu ez dela ulertuko da. Nolanahi ere, eskakizunak eta merezimenduak entregatzeko aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.
2.– Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak eskatzekotan, zazpigarren oinarriko 7. apartatuan ezarritako titulu, gaikuntza edo ziurtagiriren bat edukitzeari buruzko egiaztagiriak, salbu eta langileen erregistroan badaude.
3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa edo, ikastaroen kasuan, prestakuntza-jardueren erregistroan dagoena kontsultatzeko, bai alegatutako merezimenduei buruzkoa, bai oinarri honen 2. apartatuko lehen paragrafoko betekizunei buruzkoa, helbide honetara jo behar da: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) Eremu pertsonala-Nire laneko datuak. Eta ondoren, apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:
Zerbitzu-orria.
Tituluak, espezialitateak eta ziurtagiriak.
Zuzendaritza-karguak.
Prestakuntza-jardueren kasuan, Eremu Pertsonala-Nire prestakuntza atalean sartu beharko da.
4.– Praktiketako funtzionarioek ez dituzte merezimenduak alegatu behar, ezta merezimenduen egiaztagiririk aurkeztu behar ere, hamabigarren oinarriaren laugarren paragrafoan aurreikusitako kasuan izan ezik (bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko arrazoiak direla-eta deialdi honetan bigarren aldiz parte hartzen duten praktiketako funtzionarioak).
5.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua, honako kasu hauetan izan ezik: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko hizkuntza-ziurtagiriak eta argitalpen horiek aurkezten dituzten hizkuntza modernoko espezialitateren baten titularrek aurkeztutako argitalpenak (6.1).
6.– Parte-hartzaileek beren gain hartzen dute aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasunaren erantzukizuna. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei edo betekizunei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.
7.– Parte-hartzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko 6.1 apartatuan –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztutako dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, betiere parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa.
8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira alegatutako merezimenduak.
Hogeigarrena.– Hezkuntza-administrazio honen lanposturen batean egonda, azken hamalau lekualdatze-lehiaketetako batean parte hartu dutenen merezimenduak.
1.– I. eranskineko 3.1.3, 3.1.4, 4.3, 6.1, 6.2, 6.3, eta 6.6.1 azpiapartatuetako eta gainerako apartatuetako merezimenduei dagokienez (baldin eta ofizioz zenbatu ezin badira Langileen Erregistroan edo Prestakuntza Jardueren Erregistroan jasota ez egoteagatik), eta administrazio-izapideak murriztu eta errazte aldera, 2010eko azaroaren 16ko Aginduaren bidez (2010eko azaroaren 22ko EHAA) deitutako 2010-2011 lekualdatze-lehiaketan edo ondorengoetan (guztiak hezkuntza-administrazio honek deitutakoak) parte hartu zutenek honako hauen artean aukeratu beharko dute eskabidean:
– Parte hartu zuten azkeneko lehiaketako puntuazioari eustea.
– Merezimendu berriak gehitzea.
– Baremazio berria.
Ofizioz zenbatu daitezkeen merezimenduak ofizioz baloratuko dira, egindako aukera edozein dela ere, baldin eta I. eranskinean adierazten badira eta eskatzailearen Langileen Erregistroan edo Prestakuntza Jardueren Erregistroan jasota badaude.
Aipatutako I. eranskinean, ofizioz zenbatzen diren merezimenduak adierazten dira (ez dira alegatu behar, eta ez da horien egiaztagiririk aurkeztu behar), bai eta ofizioz zenbatzen ez direnak ere (merezimendu horiek alegatu egin behar dira beti, eta horien egiaztagiriak aurkeztu).
2.– Adierazitako aukerek ondorio hauek dauzkate:
a) Ados egon eta parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011 edo ondorengoak) lortutako puntuazioari eutsi nahi diotenek, oinarri honetako 1. puntuan adierazitako azpiataletan, eskabidean, «Parte hartu zuen azken lehiaketako puntuazioari eustea» markatu beharko dute. Kasu horretan, ez dute aurkeztu beharko adierazitako ataletako merezimenduei buruzko dokumentaziorik.
b) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011 edo ondorengoak), oinarri honetako 1. puntuan adierazitako azpiapartatuetan lortutako puntuazioarekin ados egonda ere, puntuazio horri parte hartu zuten azken lehiaketan barematutakoen ondoren lortutako beste merezimendu batzuk gehitu nahi dizkiotenek «Beste merezimendu batzuk gehitu» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, aurkeztu egin beharko dituzte, kontuan hartuta parte hartu zuten azken lekualdatze-lehiaketako eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren amaitutakoak izan behar dutela, kasuaren arabera, jarraian adierazten den bezala:
– 2010eko abenduaren 15etik.
– 2012ko urtarrilaren 28tik.
– 2012ko azaroaren 23tik.
– 2013ko abenduaren 21etik.
– 2014ko azaroaren 25etik.
– 2015eko abenduaren 22tik.
– 2016ko azaroaren 29tik.
– 2017ko abenduaren 14tik.
– 2018ko azaroaren 28tik.
– 2019ko abenduaren 20tik.
– 2020ko azaroaren 27tik.
– 2021eko abenduaren 2tik.
– 2022ko azaroaren 8tik.
– 2023ko abenduaren 22tik.
«Beste irakaskuntza-funtzio batzuetako» merezimenduaren kasuan (I. eranskineko 4.3 atala), b) letran adierazitako denbora-erreferentzia ez da eskaerak aurkezteko epearen amaiera, baizik eta parte hartu zuten azken lekualdatze-lehiaketan barematu zen azken hilabetea. Adierazitako apartatu edo azpiapartatuetako batean puntuen gehienekora iritsi badira, ez da beharrezkoa izango kasuko apartatuan edo azpiapartatuan merezimendu berriak gehitzea.
Apartatu horietako merezimenduak adierazitako daten aurrekoak badira, ez dira barematuko.
c) Oinarri honen 1. puntuan adierazitako azpiapartatuetako merezimenduak barematzea nahi dutenek, baldin eta merezimendu horiek parte hartu zuten azken lehiaketaren deialdia baino lehenagokoak badira, edo apartatu horietan egindako baremazioarekin ados ez daudenek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, aipatutako apartatu guztietako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, hemeretzigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera eta data hauek kontuan hartuta:
– 2010-2011 lehiaketako deialdia: 2010eko abenduaren 15a baino lehenagokoak.
– 2011-2012 lehiaketako deialdia: 2012ko urtarrilaren 28a baino lehenagokoak.
– 2012-2013 lehiaketako deialdia: 2012ko azaroaren 23a baino lehenagokoak.
– 2013-2014 lehiaketako deialdia: 2013ko abenduaren 21a baino lehenagokoak.
– 2014-2015 lehiaketako deialdia: 2014ko azaroaren 25a baino lehenagokoak.
– 2015-2016 lehiaketako deialdia: 2015eko abenduaren 22a baino lehenagokoak.
– 2016-2017 lehiaketako deialdia: 2016ko azaroaren 29a baino lehenagokoak.
– 2017-2018 lehiaketako deialdia: 2017ko abenduaren 14a baino lehenagokoak.
– 2018-2019 lehiaketako deialdia: 2018ko azaroaren 28a baino lehenagokoak.
– 2019-2020 lehiaketako deialdia: 2019ko abenduaren 20a baino lehenagokoak.
– 2020-2021 lehiaketako deialdia: 2020ko azaroaren 27a baino lehenagokoak.
– 2021-2022 lehiaketako deialdia: 2021eko abenduaren 2a baino lehenagokoak.
– 2022-2023 lehiaketako deialdia: 2022ko azaroaren 8a baino lehenagokoak.
– 2023-2024 lehiaketako deialdia: 2023ko abenduaren 22a baino lehenagokoak.
Era berean, honako hauek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean: baremoaren puntuazioetan izandako aldaketen eraginpean daudenek, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua aldatzen duen uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuaren arabera (2024ko uztailaren 17ko BOE) (atal batean lor daitekeen gehieneko puntuazioa eta azpiatal bateko puntuazioa handitzea, 3.2.1 azpiataleko zenbaketa-sistema aldatzea eta azpiatalen arteko bateraezintasuna kentzea), baldin eta aurreko urteetako merezimenduak justifikatzeko agiriak aurkeztu behar badituzte. Aldaketak baremoko atal hauei eragiten die, eta, ofizioz zenbatuko ez direnez, nahitaezkoa da horiei buruzko dokumentazioa aurkeztea: 3.1.3, 3.2.1, 4.3, 6.3 eta 6.6. Bestalde, 4.1, 4.2, 4.3 eta 6.4 eta 6.6 azpiatalen arteko bateraezintasuna desagertu da.
Ofizioz zenbatzen diren eta aipatutako aldaketak eragiten dien baremoko beste atal batzuei dagokienez, ofizioz eguneratuko da puntuazioa, egindako aldaketetara egokituz.
3.– Nolanahi ere, egindako aukera edozein dela ere, 1. atalean adierazitakoez bestelako atal edo azpiatal batzuei dagozkien merezimenduak aurkeztu ahal izango dira.
Hogeita batgarrena.– Zer kasutan den ezinbestekoa «Baremazio berria» hautatzea.
Hogeigarren oinarriko 2.c) letran adierazitako kasuez gainera, non parte-hartzaileak «Baremazio berria» aukera markatu beharko baitu eskabidean, kasu hauetan aplikazio informatikoak «Baremazio berria» aukera lehenetsiko du:
– Hogeigarren oinarriko 1. apartatuan adierazitako inongo deialditan parte hartu ez dutenak.
– 2024ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin karrerako funtzionario izendatuta egon eta oraindik destinorik lortu ez dutenak.
– Beste autonomia-erkidego batzuetako karrerako funtzionarioak, autonomia-erkidego honetan destinoa lehen aldiz lortu zutenak estatu mailako lekualdatze-lehiaketa batean eta harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.
– Praktiketako funtzionario izanik lekualdatze-lehiaketan destinoa lortu zuten karrerako funtzionarioak, harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.
Kasu horietan, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hemeretzigarren oinarrian adierazitakoaren arabera.
Hogeita bigarrena.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak eta, hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera, horiei erantsi beharreko agiriak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 5etik 26ra bitartekoa izango da, biak barne.
Eskabidea Internet bidez bete behar denez, gomendatzen da behar adina denborarekin betetzen hastea, ager daitezkeen zailtasunak direla eta.
2.– Epe hori igarota, ez da eskaeren aldaketarik onartuko, ez eta merezimenduei edo betekizunei buruzko dokumentaziorik ere, hurrengo paragrafoan xedatutakoa izan ezik.
3.– Aurkeztutako eskabideak edo dokumentazioak ez baditu betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta esango zaio hala egiten ez badu prozeduratik kanpo geratuko dela.
VIII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA
Hogeita hirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.
1.– Honela jardungo da I. eranskineko merezimenduen baremoaren 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 apartatuetako merezimenduak baloratzeko:
a) Maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzean batzorde barematzaile bat edo batzuk osatuko dira parte-hartzaile kopuruaren arabera. Batzorde barematzaile horietako kideak Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu, eta honako hauek izango dira:
Lehendakaria: Hezkuntza ikuskatzaileen kidegoko funtzionario bat.
Bokalak: lurralde-ordezkaritza bakoitzari dagokion lurralde historikoko zentroetan destinatuta dauden karrerako lau irakasle funtzionario gutxienez.
Bokal gazteena idazkari izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.
b) Gainerako irakasle-kidegoetako funtzionarioen kasuan, sail honetako Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezkoak diren batzorde barematzaileak, espezialitateen arabera edo espezialitateak multzokatuta.
Batzorde barematzaileek honako kide hauek izango dituzte:
Lehendakaria: Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionario bat edo, batzordea zein irakasle-kidegotarako izendatzen den, kidego horretako funtzionario bat.
Bokalak: Batzordea izendatzen den kidegoko karrerako lau irakasle funtzionario gutxienez.
Halaber, bokal gazteena idazkari izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik ezartzen ez badu.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du b) apartatuko batzorde barematzaile bakoitzeko lehendakaria; bokalak, aldiz, zozketaz izendatuko dira aurrez.
c) Kidego guztietan, ordezkaritza zabalena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lana egiteko.
d) Batzordekideek, deitutako lanpostuetarako beharrezko diren titulazio-multzo berekoak edo altuagokoak izan behar dute. Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordekideak izenda daitezke.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentziorako eta errekusatzeko kausei lotuta egongo dira batzordekideak. Era berean, batzorde horien funtzionamendua lege horretan aurreikusitakoaren mende egongo da.
e) Gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute batzordeetan, horren kontrako arrazoi sendorik adierazi ezean, betiere Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
f) Oinarri honetan aurreikusitako eta jarraian adierazten den kasuetako batean dauden funtzionarioak batzordeetako kideak zozketa bidez izendatzeko prozesutik kanpo geratuko dira, lehiaketaren xede den espezialitateren batean dagokion balorazio-batzordea osatzeko behar adina irakasle ez daudenean izan ezik:
– 2024-2025 ikasturtean zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria eta lanbide-heziketako administratzaile izatea.
– Sindikatuen ordezkari-lanak egiteko baimena izatea, lanera joateko erabateko liberazioa dakarrena.
– 2023ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketako batzorde barematzaileetan parte hartu izana (2023ko abenduaren 1eko EHAA).
– Lekualdatze-lehiaketa honen deialdiaren aurreko azken bi ikasturteetan irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako batean destinoa izatea.
– Kidegoan zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batean egotea.
– Irakasle funtzionarioei irekita dagoen Administrazio Orokorreko lanpostu batean aritzea.
– Partzialki ordaindutako baimena izatea.
– Ordaindu gabeko baimena izatea ikasturte osorako.
– Amatasunagatiko edo aitatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko lizentzia, edo edoskitze-aldia metatzeagatiko lizentzia izatea.
– Haurdunaldiko arriskuagatiko lizentzia izatea.
– Ezkontzagatiko lizentzia izatea, oso-osorik merezimenduen baremazio-fasearekin bat datorrena.
– Aldi baterako ezintasunagatiko lizentzia izatea, iraupen luzekoa.
g) Lehiaketaren xede diren espezialitateetakoren batean batzordea osatzeko nahikoa irakasle ez badago, bokalak antzeko irakasgaietako irakasleen artean edo gai horretako adituen artean izendatuak izango dira. Era berean, parte-hartzaile kopurua txikia denean, zenbait espezialitate biltzen dituen batzorde bat izendatu ahal izango da.
h) Beharrezkoa ikusten den batzorde barematzaileetan, haiek hala eskatuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak izenda ditzake, aholkulari gisa, arlo horretako bi aditu, eginkizunak aurrera ateratzen lagunduko dietenak, batzordeetan parte hartuko ez badute ere.
i) Bidaia-gastuen kontzeptuagatik soilik ordainduko zaie kalte-ordaina batzorde barematzaileetako kideei. Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, janari- eta bidaia-gastuei dagokienez zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) –aipatutako 16/1993 Dekretua hirugarrenez aldatzen du– xedatzen denaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak.
j) Batzorde barematzaileen osaera argitara emango da sail honen webgunean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean.
2.– Lehiakideei baremoaren gainerako apartuetan dagokien puntuazioa Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako langileen administrazio-unitateek (maisu-maistren kidegoaren kasuan) eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako administrazio-unitateek (gainerako kidegoen kasuan) esleituko dute.
IX. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK
Hogeita laugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.
1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzaileen aktak eta langile-unitateek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eta, behin-behinean, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak onetsiko dira; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Berriak.
Halaber, aipatutako behin-behineko zerrendekin batera, webgune horretan –https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Parte-hartzailearen fitxa-argitara emango da parte-hartzailearen fitxa, norberak kontsultatu dezan, erabiltzailea eta pasahitza sartuz. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak: parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.
2.– Lehiakideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Langileak Kudeatzeko zuzendariaren behin-behineko ebazpenaren aurka, ebazpenean bertan adierazten diren tokietan, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, aipatutako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Epe horretan bertan zuzendu ahal izango dira forma-akatsak dituzten merezimenduak, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Berriak; onartuen zerrendekin batera argitaratuko dira merezimenduak.
Interesdunak ez badu zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa edo beste akats batzuk adierazitako epean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hogeita bosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.
1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin betiko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Berriak.
2.– Aipatutako behin betiko zerrenda horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda adierazitako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, behin betiko ebazpenean adierazitako lekuetan.
X. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEA, DESTINOARI UKO EGITEA ETA DESTINOAZ JABETZEA
Hogeita seigarrena.– Destinoak behin-behinean esleitzea.
1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, erresulten behin-behineko esleipena honako hurrenkera honen arabera egingo da:
a) Lehenik, ikastetxerako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamabosgarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatzen diren kasuetako lehentasun-ordenan, eta, kasu bakoitzaren barruan, agindu honen I. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena.
b) Bigarrenik, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamaseigarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatutako kasuetako lehentasun-ordenan, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena. Eskubide hori baliatzen den herri edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago lehiakide eskatzaile guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaio lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari, eta, beraz, parte-hartzaileak lehentasuna izango du destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duen parte-hartzaile baten aurretik. Hala eta guztiz ere, ikastetxe jakin bat esleitzeko, lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatuta, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzailea bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin lehiatuko da, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.
c) Hirugarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak esleituko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.
d) Aipatutako esleipenak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei destinoa esleituko zaie, praktiketako funtzionario izendapenean agertzen diren ordena kontuan hartuta.
2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeran ebatziko da, aurreko apartatuetako bakoitzean parte hartzen dutenen aldeko lanpostu hutsak eta erresultak esleitzeko lehentasunaren arabera. Horrela, ezingo zaio plazarik esleitu horietako batean parte hartzen duen eskatzaile bati, baldin eta aurreko apartatuan eskubide hobea duen eskatzaile bat badago; hori guztia, alde batera utzi gabe lehentasun-eskubidea gauzatzen dutenei plaza zehatz bat esleitzeari dagokionez xedatzen dena, deialdi honen hamabosgarren eta hamaseigarren oinarrietan ezarritakoaren arabera.
3.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko da, lortutako puntuazioaren eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasun-ordenaren arabera, baina kontuan hartuta esleipenean lehentasuna dutela ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen direnek, hurrenkera horretan. Ebazpena eta esleipenaren behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazteko, argitaratu egingo dira, sail honen Interneteko helbide honetan: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala -Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Berriak.
4.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz, betiere apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.
Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak.
Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautaketa-prozesuaren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.
5.– Erreklamazioak.
Lehiatzen diren pertsonek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote behin-behineko esleipenaren ebazpenari, sail honen Interneteko helbide honetan erakusgai jarri eta hurrengo egunetik aurrera 5 egun balioduneko epean: https://hezigunea.euskadi.eus; ebazpenean horretarako ezarritako tokietan ere aurkeztu ahal izango dira erreklamaziook.
Hogeita zazpigarrena.– Behin-behinean esleitutako destinoari uko egitea.
Borondatezko lehiakideek, erreklamazioak aurkezteko aurreko oinarrian finkatutako 5 egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, eta uko egite horrek eskabidean egin dituzten eskaera guztietan eragina duela ulertuko da. Uko egiteko eskaerak sail honen Interneteko helbide honetan aurkeztuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa-Lekualdatze lehiaketan parte hartzeari uko egitea.
Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik. Era berean, behin-behineko esleipenean destinoa lortu izanak ez du esan nahi behin betiko esleipenean destinoa lortuko denik edo behin-behineko esleipenean lortutako destinoari eutsiko zaionik.
Hogeita zortzigarrena.– Destinoak behin betiko esleitzea.
1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, baita aurreko oinarrian aipatzen diren uko egiteak ere, destinoen behin betiko esleipena onartzeko agindua emango du Hezkuntzako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, aginduan, lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da. Nolanahi ere, esleipenaren banakako kontsulta eta ikastetxeen araberako kontsulta sail honen Interneteko helbide honetan ikusi ahal izango dira: https://hezigunea.euskadi.eus Eremu pertsonala-Izapideak Langileen sailarekin-Lekualdatze lehiaketa; era berean, esleipen-zerrendak Interneteko helbide horretako Berriak atalean ikusi ahal izango dira.
2.– Destino-esleipena hogeita seigarren oinarriko 1. apartatuan lanpostu hutsak esleitzeko ezarritako ordenaren arabera egingo da, aintzat hartutako eskaeren eta merezimenduen arabera.
3.– Nahiz eta irakasle-kidego bereko espezialitate desberdinetako lanpostuak eskatu edo aldi berean irakasle-kidego batean baino gehiagotan parte hartu, prozesu honetan destino bakarra esleitu ahal izango da. Horrela, kidego batean baino gehiagotan parte hartuz gero eta horietako batean baino gehiagotan destinoa lortuz gero, destinoetako bat aukeratu beharko da, behin betiko esleipenaren Agindua argitaratu eta hurrengo hamar egun naturalen epean. Aukera hori Tramitagune plataformaren bidez egin beharko da, adierazitako epean. Aukera hori egiten ez bada, zerbitzu aktiboko egoeran parte hartu den kidegoan lortutako destinoaz jabetu beharko da.
4.– Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den hezkuntza-administrazioa edozein dela ere, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza-administraziora zuzendu beharko dira, eta hark ebatzi beharko ditu.
Hogeita bederatzigarrena.– Behin betiko esleitutako destinoari ezin uko egitea.
Behin betiko esleipenaren aginduan esleitutako destinoari ezin zaio uko egin, aurreko oinarriko 3. atalean aurreikusitako kasuan salbu; hau da, irakasle-kidego batean baino gehiagotan destinoa lortzen denean salbu.
Hogeita hamargarrena.– Zerbitzu aktibora berriz sartzen direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan (esleitutako destinoa dagoen lurraldearen arabera):
a) Eszedentziarako aginduaren kopia.
b) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste muga fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.
c) Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez Estatuko Administrazioaren, toki administrazioaren edo autonomia-erkidegoren bateko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere kanporatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasuna kendu ez diotela egiaztatzeko.
Nolanahi ere, hogeita hamabigarren oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.
Hogeita hamaikagarrena.– Baldintzak eta merezimenduak betetzeko epea.
Deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak eta I. eranskineko merezimenduak, ofizioz alegatu edo barematu daitezkeenak, beteta edo aitortuta eduki behar dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta esleitutako destinoaz jabetu arte eutsi beharko zaie, salbuespen hauekin:
– Ikasturte honen amaiera-data erreferentziatzat hartzen duten parte-hartze kasuak (hamargarren oinarria, 1. puntua).
– Praktikak gainditzeko eta karrerako funtzionario izendatzeko data (hamabigarren oinarria).
Hogeita hamabigarrena.– Destinoaz jabetzea.
Destino berriak 2025eko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan, eta aurreko destinoak 2025eko abuztuaren 31n utziko dira.
XI. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK
Hogeita hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Parte-hartzaileek emandako datuak, izaera bakar eta esklusiboarekin, lekualdatze-lehiaketaren prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.
Datu horiek Tratamendu Jardueren Erregistroan tratatu eta sartuko dira; hain zuzen ere, «Hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran. Erregistro horren arduraduna Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza da, eta helburua da hornikuntza-prozeduraren kudeaketaren ondoriozko administrazio-izapideak egitea, bai eta aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko behar den tratamendua gauzatzea ere.
Hala badagokio, datu-lagapenaren hartzaile izan daitezke Estatuko Administrazioko organo eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, sindikatuak eta langileen batzordeak.
Bai datu pertsonalak tratatzea, bai datu horiek hirugarrenei lagatzea eta datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, datuen aurka egiteko eta datu horiek eramateko eskubideak baliatzea honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko dira: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (2018ko abenduaren 6ko BOE); Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta aplikatzekoa den gainerako araudia.