Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2024ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
5010

AGINDUA, 2024ko urriaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, deialdia egiten duena Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioen eta Hezkuntzako ikuskatzaileen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak betetzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die Hezkuntza Administrazioei, hau da, bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak iragartzea. Lehiaketa horietan karrerako funtzionario diren irakasle guztiek parte har dezakete, edozein dela ere dagokien Hezkuntza Administrazioa edo sartzeko bide eman diena, baldin eta horretarako eskakizunak betetzen badituzte, betiere. Hala, interesdunek ekintza bakarraren bitartez parte hartu ahal izango dute lehiaketa guztietan, eta, horien ebazpenaren ondotik, destino bakarra lortuko dute kidego bakoitzean.

Urriaren 1eko EFD/1056/2024 Aginduaren bidez ezartzen da zer prozedura-arau aplikatuko den Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle-kidegoetako funtzionarioentzat 2024-2025eko ikasturtean iragarri behar diren estatu-mailako lekualdatze-lehiaketetan (lege organiko hura, bide batez esanda, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatu zuen).

Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean, eta Hezkuntzako Ikuskaritzan lanpostu hutsak daudenez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioentzat eta seigarren, zazpigarren eta zortzigarren oinarrietako egoeretan dauden Hezkuntzako ikuskatzaileentzat.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzen dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

OINARRIAK
AURKIBIDEA

I. kapitulua.– Oinarri orokorrak.

II. kapitulua.– Eskakizunak eta parte-hartzearen ezaugarriak.

III. kapitulua.– Borondatezko parte-hartzea.

IV. kapitulua.– Nahitaezko parte-hartzea.

V. kapitulua.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.

VI. kapitulua.– Parte hartzeko eskabideak.

VII. kapitulua.– Merezimenduen baremoa aplikatzea.

VIII. kapitulua.– Prozeduran onartua izateari eta puntuazioa emateari buruzko ebazpenak.

IX. kapitulua.– Destinoak esleitzea, uko egitea eta lanpostuaz jabetzea.

X. kapitulua.– Datu pertsonalak.

I. eranskina.– Ikastetxeen zerrenda.

II. eranskina.– Merezimenduen baremoa.

III. eranskina.– Eskabidea.

IV. eranskina.– Lurraldeen eta hizkuntza-eskakizunen kodeak.

OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Hezkuntzako ikuskatzaileen eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileen kidegoetako karrerako eta praktiketako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da.

2.– Lehiaketa honetan, xedapen hauek bete behar dira: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 30/1984 Legea, abuztuaren 2koa, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoa (aipatutako estatutua arau bidez garatu arte indarrean jarraitzen duten artikuluak); 4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 1364/2010 Errege Dekretua, urriaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena, uztailaren 16ko 677/2024 Errege Dekretuak aldatua; 343/2001 Dekretua, abenduaren 11koa, Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntza-eskakizunak eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duena; 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuak aldatua); EFD/1056/2024 Agindua, urriaren 1ekoa, 2024-2025eko ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatzekoak diren prozedurazko arauak ezartzen dituena; 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; oro har aplika daitezkeen gainerako xedapenak, eta deialdi honetan xedatutakoa.

Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.

1.– Langileen Kudeaketarako zuzendariaren ebazpen baten bidez finkatuko dira lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko. Behin-behinean, destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena eman baino lehen finkatuko dira, eta, behin betiko, destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek hemen argitaratuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean.

2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean, 2024ko abenduaren 31n hutsik dauden lanpostuak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak sartuko dira. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2024-2025eko ikasturtea amaitu arte sortzen diren lanpostu hutsak ere sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak hezkuntza-plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean eskainiko dira, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat egiten bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion huts-zuzenketa argitaratuko da.

II. KAPITULUA
ESKAKIZUNAK ETA PARTE-HARTZEAREN EZAUGARRIAK

Hirugarrena.– Eskakizunak.

1.– Deialdi honetan, hauek parte har dezakete: lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10. artikuluan jasotako eskakizunak betetzen dituzten langileek –errege-dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dira–,eta deialdi honen bosgarren, seigarren eta bederatzigarren oinarrietan aipatutakoek.

2.– Eskakizunak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete behar dira, eta destinoa behin betiko esleitu arte mantendu behar dira, seigarren oinarriko 1.1.a) eta b) letretan jasotako salbuespenekin.

Laugarrena.– Parte-hartzearen ezaugarriak.

1.– Parte hartzea nahitaezkoa izango da zazpigarren eta zortzigarren oinarrietako egoeretan.

2.– Parte hartzea borondatezkoa izango da seigarren oinarriko egoeretan.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

Abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuaren arabera (Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko araubide espezifikoa ezartzen duena), Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostu guztiek 2. hizkuntza-eskakizuna dute esleitua, derrigortasun-data igarota. Ondorioz, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki beharko da, edo, bestela, 2. hizkuntza-eskakizunaren mailakoaren baliokideak diren hezkuntza-ziurtagiriak, 297/2010 Dekretuak aipatzen dituenak (297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, zeina apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuak aldatu baitzuen).

III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA

Seigarrena.– Borondatezko parte-hartzea.

1.1.– Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dauden karrerako funtzionarioek, baldin eta egoera hauetako batean badaude:

a) Zerbitzu aktiboan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetako batean eta behin betiko destinoarekin, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

b) Aitortutako zerbitzu berezietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetako batean, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

c) Aitortutako borondatezko eszedentzian, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetako batean, eszedentzia mota edozein dela ere.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1 artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitakoaren arabera (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), norbere interesagatik edo familiaren interesagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute eszedentziara igaro zirenetik bi urte iragan izana ikasturte honen amaierarako.

d) Aitortutako eginkizun-gabetzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetako batean, baldin eta aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzeko diziplina-zigorraren iraunaldia bukatu bada eta gutxienez urte bi pasatu badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

1.2.– 1.1 apartatuan aipatzen diren parte-hartzaileek, era berean, gainerako hezkuntza-administrazioek egindako deialdietako lanpostuak eska ditzakete, bakoitzaren oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz.

2.– Beste hezkuntza-administrazio batzuei atxikitako funtzionarioak:

Deialdi honetako plazak eskatu ahalko dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuei atxikitako funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen badituzte. Funtzionario horiek hautatuak izan ziren deialdiko Hezkuntza Administrazioaren kudeaketa-eremuan lortua izan behar dute lehenengo behin betiko destinoa, deialdi horretan eskakizun hori bete beharra ezartzen ez zenean izan ezik.

Langile horiek eskabide-ereduaren arabera bete behar dute parte hartzeko eskabidea, eta beren destinoari dagokion Hezkuntza Administrazioak egindako deialdian zehazten den organoan.

IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA

Zazpigarrena.– Nahitaezko parte-hartzea.

Lehiaketa honetan nahitaez parte hartu behar dute egoera hauetako batean dauden funtzionarioek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan 2024-2025eko ikasturtean behin-behineko destinoa duten funtzionarioek.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, edo parte hartuta ere nahikoa lanpostu huts eskatzen ez badute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskaritzako zentroetan, behin-behinean diharduten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskaritza-zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.

b) Eszedentziatik etorrita edo destinoko behin betiko lanpostua galtzea eragin dion eginkizun-gabetzetik etorrita eta deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehen zerbitzu aktibora itzuli diren eta itzulera hori dela-eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuren batean behin-behineko destinoa lortu duten funtzionarioek.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, edo parte hartuta ere nahikoa lanpostu huts eskatzen ez badute, behin-behinean diharduten lurralde historikoan dauden ikastetxeetan eman ahalko zaie, ofizioz, behin betiko destinoa, I. eranskinean ikuskaritza-zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz, edo, bestela, destinoa eman zain geratuko dira.

c) Nahitaezko eszedentzian edo destinoko lanpostua galtzea eragin dien eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, zigorra bete eta gero behin-behinean itzultzerik lortu ez badute eta egoera horietan Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako ikastetxeren batean deklaratu bazituzten.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo parte hartu arren behar beste lanpostu eskatzen ez badute eta behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzian geldituko dira, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.a) artikuluan aurreikusten den moduan (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori, bide batez esanda).

d) Epai bat beteta, errekurtso bat ebatzita edo behin betiko betetzen ari zen lanpostua ezabatuta behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioek.

Parte hartzen ez badute, ofizioz esleitu ahal izango zaie behin betiko destinoa, behin-behinean zerbitzuak ematen dituzten lurralde historikoaren barruan, galdegiten diren eskakizunak betetzen dituzten lanpostuetan jarduteko, I. eranskinean argitaratutako ikuskapen-zentroen hurrenkerari jarraituz, kasuaren arabera.

e) Behin betiko lanpostua galduta beren kidegoan zerbitzu aktiboan jarraituz Administrazioko beste lanpostu batzuetan hasi ziren funtzionarioek, baldin eta hura utzi eta behin-behineko destinoa lortu badute Hezkuntza Sailari atxikitako lanpostuetan.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, edo parte hartuta ere nahikoa lanpostu huts eskatzen ez badute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskaritzako zentroetan, behin-behinean diharduten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskaritza-zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.

Zortzigarrena.– Praktiketako funtzionarioen parte-hartzea.

1.– Praktiketako funtzionario izendatutako pertsonak, halakorik badago, behartuta daude lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzera, baita hurrengo deialdietakoetan parte hartzera ere, harik eta autonomia-erkidego honetan behin betiko lehen destinoa lortu arte.

2.– Pertsona horien destinoak esleitzeko, praktiketako funtzionario izendatzeko Hezkuntzako sailburuaren aginduan agertzen den hurrenkera-zenbakia kontuan hartuko da bakarrik. Beraz, ez dute merezimenduen egiaztagiririk aurkeztu behar.

3.– Prozesu honetan parte hartzen ez dutenei eta parte hartzen duten baina destinoa lortzen ez duten horiei praktikaldia egiten ari diren lurralde historikoko ikuskaritza-zentroetan esleituko zaie behin betiko destinoa edo, hori ezinezkoa bada, ikuskaritza-zentroetan, agindu honen I. eranskinean agertzen diren hurrenkeraren arabera.

4.– Zortzigarren oinarri honetan aipatzen diren pertsonak, aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoan geratuko dira 2024-2025eko ikasturtean praktikaldia egin duten lurralde historikoan.

5.– Dena den, legokien destinoa lortuko badute, praktikaldia gainditu behar dute eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izendatuak izan behar dute.

V. KAPITULUA
HERRI EDO BARRUTI BATERAKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA

Bederatzigarrena.– Egoerak eta baldintzak.

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute hemen adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendan jasota dauden hurrenkeran:

a) Ikastetxe batean betetzen zuten behin betiko lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, eskubidea izango dute lanpostu bat lehentasunez lortzeko plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe batean edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe batean.

b) Behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Administrazio publikoan beste lanpostu bat betetzen hasi direnek, baldin eta azken lanpostua utzi badute.

c) Senitartekoak edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia eskuratu zuten eta aurrez betetzen zuten behin betiko lanpostua aplikatu beharreko araudiak lanpostua gordetzeko zehaztutako aldia amaitzeagatik galdu dutenek, zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira (borondatezko eszedentzia hori Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusita dago, bide batez esanda, eta testu bategin hori urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

d) Epai bat beteta edo administrazio-errekurtso bat ebatzita behin betiko lanpostua galdu dutenek.

e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiroa aitortuta eduki ondoren zerbitzu aktiborako birgaitu diren funtzionarioek.

Aurreko apartatuetan adierazitako egoeretan karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, merezimenduen baremoan puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari hurrenez hurren begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz ebatziko da. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago beren apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen badira, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetako puntuazioak. Beharrezkoa bada, kidegoan sartzeko erabilitako hautaketa-prozeduraren urtea eta hautatua izateko lortutako puntuazioa erabiliko dira berdinketa apurtzeko irizpide gisa.

Apartatu honetan adierazitako egoeretan egonda lehentasun-eskubideaz baliatu nahi duten funtzionarioek kidegoan behin betiko destinoa izandako azken herri edo barrutirako erabili ahal izango dute.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren parte-hartzaileek hau adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean:

1.– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» epigrafean, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.

2.– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitatearen (plaza mota) eta hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodea bete behar da. Lehentasun hori herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data erreserbatzeko kontuan hartuko da.

3.– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» epigrafean, eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, herrien bloke homogeneotan multzokatuta. Herriaren kodea bakarrik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetan emango zaio destinoa. Aitzitik, ez baditu eskatzen eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak, edo, barrutiko lehentasun-eskubidea izanda, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, lanpostu hutsak dituzten herri horietako gainerako ikastetxeetan eman ahal izango zaio destinoa, I. eranskinean jasotako zerrendaren hurrenkeran.

Herri edo barruti bateko lehentasun-eskubideaz baliatuta herriaren eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerakoekin lehiatuta lortuko dute destinoa ikastetxe jakin batean, baremoan lortutako puntuazioaren arabera.

VI. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK

Hamargarrena.– Eskabideak.

1.– Parte-hartzaileek eskabide bakarra aurkeztu behar dute, III. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

Eskabidea helbide honetan bete behar da: https://hezigunea.euskadi.eus. Ondoren, idatzi erabiltzailea eta irakasleen posta elektronikoaren (Hezigunea) pasahitza, edo, hori eduki ezean, NAN zenbakia eta aipatutako gunera sartzeko pasahitza. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, hori berreskuratzeko bidea dago aipatutako helbidean, «Pasahitza ahaztu zait» apartatuan.

Pasahitza sartu ostean, gune honetara jo behar da: Ikuskatzaileen Lekualdatze-lehiaketa – Onarpen-eskabidea – Eskabidea onartzea.

2.– Eskabidea, osorik bete ondoren, sinatu eta eskaneatu egin beharko da, eta "Aztertu" bidez erantsi. Ondoren, merezimendu bat edo batzuk baloratzea nahi baduzu, aipatutako helbide horretan bertan (https://hezigunea.euskadi.eus –Ikuskatzaileen Lekualdatze-lehiaketa – Onarpen-eskabidea – Eskabidea onartzea) DOKUMENTUAK izeneko esteka bat aurkituko duzu. Merezimenduak "Aztertu" aukeraren bidez erantsi beharko dituzu.

3.– Lanpostuak «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafean eskatu behar dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako eska daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu hutsa edo hutsik geratutakoa duen herriko lehen ikastetxea esleituko da, oinarri hauen I. eranskinean adierazitako hurrenkera berean. Lanpostu-eskabide bakoitza zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen, bertako hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna – IV. eranskina ikusi) batuketaren edo konbinazioaren emaitza da.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako ikuskatzaileen kidegoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-eskaeran, beste hezkuntza-administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak gehitu ditzakete, deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraikiz, baldin eta lehenengo behin betiko destinoa Hezkuntza Sail horren kudeaketa-eremuan lortu bazuten, salbu eta sartzeko baliatutako deialdiak ez zienean ezarri eskakizun hori bete beharra.

Langile horiek beren hobespenen arabera eskatuko dituzte lanpostuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo zentroen kodeak eta lanpostu motarenak (espezialitatea) eta bertako hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, agindu honen eranskinetan agertzen diren moduan, eta, hala badagokio, deialdiak egiten dituzten beste hezkuntza-administrazio batzuen lekualdatze-lehiaketen deialdien eranskinetan ageri diren moduan.

5.– Eskabideak oinarri hauen I. eranskinean ageri diren ikuskaritza-zentroetan egin beharko dira.

6.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak joko dira eskatutako lanpostutzat. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo bat ez badatoz langile parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin, baliogabetu egingo dira eskabideok. Aurreko arrazoiengatik lehiakidearen eskabide guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, baina horrek ez du eragozten destinoa ofizioz esleitzea deialdi honetan aurreikusten den kasuetan.

7.– «Adingabearen babesa» izeneko apartatua bete beharko dute lehiakideek eskabidean, delitu hauetakoren bategatik epai irmoaren bidez ez dutela zigortu egiaztatzeko: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betetzen duenean, izangaiak adierazi behar du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko beraren izenean. Baimenik ematen ez badio eta esleipenduna bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik ez dutela zigortu egiaztatzen duena.

Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie azalduko apartatu hau eskabidean.

Hamaikagarrena.– Merezimenduak alegatu eta egiaztatzea.

1.– Laugarren apartatuan jasotako kasuan izan ezik, lehiakideak, beharrezkoa izanez gero, puntuatzea nahi duen merezimendu guztiak aurkeztu beharko ditu, II. eranskinean (merezimenduen baremoa) bakoitzari dagokion epigrafe zehatza adierazita. Horrez gain, dagokion epigrafean adierazitako egiaztagiriak erantsi behar ditu, salbu eta epigrafe horrek berariaz adierazten badu merezimendua ofizioz zenbatu daitekeela eta merezimendu hori eskatzaileari dagokion Langileen Erregistroan edo prestakuntza-jardueren erregistroan jasota badago; horretarako, 3. apartatuan adierazi bezala erregistroan jasota dagoela egiaztatu beharko du eskatzaileak. Merezimendua, Langileen Erregistroan edo prestakuntza-jardueren erregistroan jasota ez badago, helbide honetan aurkeztu behar da: https://hezigunea.euskadi.eus –Ikuskatzaileen lekualdatze-lehiaketa – Onarpen-eskabidea – Dokumentuak. Hamabigarren oinarriaren 2. puntuan adierazten da non aurkeztu behar diren dokumentuak.

2.– Argitalpenei dagokienez (4.1 apartatua), jatorrizko alearen ordez, azalaren eta argitalpenaren lehen hamar orrialdeen kopiak aurkeztu ahal izango dira, baita ISBNaren eta egilearen datuak agertzen diren orria ere. Beharrezkoa izanez gero, argitalpena eskatuko da, geroago.

3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, helbide honetara jo beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Espediente pertsonala. Eta, ondoren, apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:

Zerbitzu-orria.

Tituluak, espezialitateak eta ziurtagiriak.

Zuzendaritza-karguak.

Prestakuntza-jardueren kasuan, hemen sartu beharko duzu: Arlo pertsonala – Nire prestakuntza.

4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute aurkeztu beharko merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko dokumenturik.

5.– Gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza batean emandako dokumentuekin batera, dagokion itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean, zinpeko itzultzaile batek egina edo dagokion kontsulatuak edo bulego diplomatikoak baliozkotua. Salbuespen izango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailak egiaztatzen dituzten hizkuntza-ziurtagiriak eta hizkuntza modernoetako espezialitateren bateko titularrek aurkeztutako argitalpenak (4.1).

6.– Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.

Eskatzaileak izango dira aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren erantzuleak. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

7.– Parte-hartzaileek berreskuratu ahal izango dituzte II. eranskinaren 4.1 apartatuan («Argitalpenak») balioztatzeko aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, baldin eta parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, egiaztapen edo froga gisa atxiki ahal izango dira dokumentuak.

8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira alegatutako merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko merezimenduak alegatzeko orrian alegatu ez diren merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatu ez direnak ere.

9.– Aurkeztutako eskabideak edo dokumentazioak ez baditu betetzen deialdi honetan ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela.

Hamabigarrena.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea. Dokumentazioa aurkezteko lekua.

1.– Eskabideak formalizatzeko eta dokumentuak aurkezteko epea.

2024ko azaroaren 5etik azaroaren 26ra bitartekoa izango da, biak barne, eskabideak formalizatu eta dokumentuak aurkezteko epea.

Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartuko ez eskabiderik, ez egindako eskabideetako aldaketarik, ez aurkeztutako merezimenduei buruzko dokumenturik.

Eskabidea Internet bidez bete behar denez, gomendatzen da behar besteko aurrerapenaz betetzen hastea, eskatzaileak zailtasunak baditu ere.

Parte hartzeko baldintza guztiak –agindu honen seigarren oinarrian ezarritakoa alde batera utzi gabe–, bai eta alegatutako merezimenduak ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte bete.

2.– Dokumentuak aurkezteko tokia:

Betekizunak eta merezimenduak Interneteko helbide honetan aurkeztu behar dira: https://hezigunea.euskadi.eus (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzaileak),"Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Ikuskatzaileen lekualdatze-lehiaketa – Onartzeko eskabidea". Baremoa ezartzea nahi duzun atal bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko duzu, eta, azkenik, "Dokumentazioa entregatzen amaitzea eta erregistratzea" sakatu behar duzu, https://hezigunea.euskadi.eus gunean. Dokumentuak ataletan sartzen badira baina prozesua «dokumentazioa entregatzen amaitu eta erregistratu» atalean klik eginda amaitzen ez bada, ez dela dokumentaziorik aurkeztu iritziko zaio. Edonola ere, betekizunak eta merezimenduak entregatzeko aurreikusitako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.

VII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOA APLIKATZEA

Hamahirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.

1.– Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, puntuazioen baremoko 3. eta 4.1 apartatuei dagokienez, batzorde barematzaile bat izendatuko du Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak. Batzorde horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

Kide hauek osatuko dute Batzorde Barematzailea:

Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario bat.

Bokalak: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen Kidegoko lau funtzionario, jardunean daudenak.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu Batzorde Barematzaileko burua eta bokalak. Hark izendatuko du idazkari-lanak egingo dituena ere, izendatutako bokalen artetik batzordeburuak proposatutakoa.

Ordezkaritza handiena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lanak egiteko.

Batzorde Barematzailekoak izendatzeko irizpide berberei jarraituz izendatu ahal izango dira ordezko batzordekideak. Batzorde Barematzailearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio, eta lege horren 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak aplikatuko zaizkie batzordekideei.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu hala egitea beharrezkoa dela iritzitako batzordearen bileretan.

Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen duenari jarraituz, ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) xedatuaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak (121/2006 Dekretua, ekainaren 13koa, aipatutako 16/1993 dekretu hori hirugarren aldiz aldatzekoa, zeinaz eguneratzen baitira zerbitzuarengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak bazkariei eta bidaiei dagokienez).

Batzorde Barematzailearen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila) eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean argitaratuko da.

2.– Baremoaren gainerako apartatuetatik lehiakideei dagokien puntuazioa dagokien administrazio-unitateek esleituko dute, eta Batzorde Barematzaileak eskuordetuta jardungo dute. Batzordeak hartuko ditu erabakiak baremoa garatu bitartean planteatzen diren gai guztietan.

VIII. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTUA IZATEARI ETA PUNTUAZIOA EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK

Hamalaugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzailearen aktak eta langile-unitateek barematzen dituzten merezimenduei esleitutako puntuazioa jaso ostean, ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eta behin-behinean onetsiko dira onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.

Ebazpena eta behin-behineko zerrendak, interesdunei jakinarazte aldera, sail honen Interneteko helbidean emango dira argitara: https://hezigunea.euskadi.eus –Langileen arloa - Izapideak langileekin - Ikuskatzaileen lekualdatze-lehiaketa.

Era berean, aipatutako behin-behineko zerrenda horiekin batera, lehiakide bakoitzak parte-hartzailearen fitxa jasoko du, eta parte hartzen duen pertsonalaren eskura egongo da Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aipatutako ebazpenean ezartzen den epean. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak, parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.

2.– Lehiatzen diren pertsonek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Langileak Kudeatzeko zuzendariaren behin-behineko ebazpen horren aurka, ebazpen horretarako adierazten diren lekuetan, hamar egun balioduneko epean, ebazpena adierazitako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Interesdunak ez badu zuzentzen baztertzeko arrazoi izan den akatsa edo ez baditu beste akats batzuk zuzentzen adierazitako epean, eskaeran atzera egin duela iritziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hamabosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, onartutako parte-hartzaileei baremoko apartatu bakoitzean emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.

2.– Behin betiko ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Interneten argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, lehen aipatutako Interneteko helbidean.

IX. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEA, UKO EGITEA ETA LANPOSTUAZ JABETZEA

Hamaseigarrena.– Destinoak behin-behinean esleitzea.

1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, hutsik geratu direnen behin-behineko esleipena hurrenkera honen arabera egingo da:

a) Lehenik, bederatzigarren oinarrian zerrendatutako kasuetan, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkionak, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena. Eskubide hori baliatzen den herri edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago eskatzen duten lehiakide guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaio lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari, eta, beraz, parte-hartzaileak lehentasuna izango du destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duen parte-hartzaile baten aurretik. Hala eta guztiz ere, ikastetxe jakin bat esleitzeko lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatuta, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzailea bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin lehiatuko da, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.

b) Bigarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak esleituko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.

c) Aipatutako esleipenak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei esleituko zaie destinoa, praktiketako funtzionario izendapenean agertzen diren ordena kontuan hartuta.

d) Aipatutako esleipenak egin ondoren, destinoa esleituko zaie praktiketako funtzionarioei, praktiketako funtzionario izendatzean duten hurrenkera kontuan hartuta.

2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeraren arabera ebatziko da, lehentasun-eskubidea baliatzen dutenei plaza jakin bat esleitzea alde batera utzi gabe, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

4.– Puntuazioen guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren atal bakoitzean puntuaziorik handiena zein den hartuko da kontuan hurrenez hurren, bertan agertzen diren ordenaren arabera.

Berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, baremoan agertzen diren hurrenkeraren arabera.

Bi kasuetan, atal bakoitzean kontuan hartzen den puntuazioak ezin izango du gainditu atal bakoitzerako baremoan ezarritako gehieneko puntuazioa, ezta, azpiatalen kasuan, atal bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioa ere. Irizpide horiek aplikatzean, azpiatal batek edo batzuek dagokien atalari emandako gehieneko puntuazioa lortzen dutenean, ez dira kontuan hartuko gainerako azpiatalen puntuazioak.

Beharrezkoa izanez gero, dagokion kidegoan sartzeko hautaketa-prozeduraren deialdia egin zen urtea erabiliko da berdinketa hausteko irizpide gisa, eta, horren barruan, hautatua izateko lortutako puntuazioa.

Hamazazpigarrena.– Erreklamazioak eta uko-egiteak.

Lehiakideek behin-behineko esleipena dela-eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, esleipen hori Hezkuntza Sailaren Interneteko helbidean (https://hezigunea.euskadi.eus) argitaratu eta biharamunetik aurrera bost egun baliodun igaro baino lehen. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin diezaiokete, eta ukoa parte hartzeko eskabidean idatzitako eskaera guztiei dagokiela iritziko zaio. Tramitagune izango da aurkezpen-lekua.

Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela esan nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik. Era berean, behin-behineko esleipenean destinoa lortu izanak ez du esan nahi behin betiko esleipenean destinoa lortuko denik edo behin-behineko esleipenean lortutako destino bera mantenduko denik.

Hemezortzigarrena.– Lanpostu hutsen behin betiko esleipena.

1.– Aurreko oinarrian aipatzen diren erreklamazioak eta ukoak aztertu eta ebatzi ondoren, destinoen behin betiko esleipena onartzen duen agindua emango du Hezkuntzako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan iragarriko dira lehiaketako destinoen behin betiko esleipena jasotzen duten zerrendak jendaurrean jartzeko eguna eta lekuak.

2.– Destinoa esleitzeko, hamaseigarren oinarriko 1. apartatuan ezartzen den plaza hutsak esleitzeko hurrenkerari jarraituko zaio, onartutako merezimenduen eta eskaeren arabera.

3.– Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, alde batera utzita lehiaketan zer hezkuntza-administrazioren bitartez parte hartu den, errekurtsoen xede den lanpostua zer hezkuntza-administraziotan dagoen, hezkuntza-administrazio horri zuzendu behar zaizkio, eta hark ebatzi behar ditu. Errekurtsoak Tramitagune plataformaren bidez aurkeztu beharko dira.

Hemeretzigarrena.– Zerbitzu aktibora itzultzea.

Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren ikuskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan (esleitutako destinoa dagoen lurraldearen arabera):

1.– Eszedentziarako aginduaren kopia.

2.– Irakaskuntzarekin bateraezina den gabezia edo gaixotasun fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duen osasun-ziurtagiri ofiziala.

3.– Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazten duena ez dagoela bereizita Estatuko, tokiko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren inongo kidegotatik diziplina-espedientearen arabera eta ez dagoela funtzio publikoetan jarduteko desgaituta.

Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten baina irakasleen beste kidego batean zerbitzu aktiboan dauden horiek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako dokumentuak.

Nolanahi ere, hurrengo oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.

Hogeigarrena.– Betekizunen eta merezimenduen epea.

Deialdi honetan eskatzen diren betekizun guztiak eta II. eranskineko merezimenduak, ofizioz alegatu edo barematu daitezkeenak, beteta edo onartuta egon behar dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta esleitutako destinoaz jabetu arte mantendu behar dira, salbuespen hauekin:

– Ikasturte honen amaiera erreferentziatzat hartzen duten parte-hartzeen kasuak (seigarren oinarria, 1.1 puntua).

– Praktikak gainditu dituen eta karrerako funtzionario izendatu duten eguna (zortzigarren oinarria).

Hogeita batgarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Destino berriez jabetzeko eguna 2025eko irailaren 1a izango da, eta aurreko destinoetako kargua uztekoa, berriz, 2025eko abuztuaren 31.

Hogeita bigarrena.– Destinoen ukaezintasuna.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hogeita hirugarrena.– Ordainsariak.

Destinoa lortzen duten eremuari dagozkion ordainketa-arauen arabera jasoko dute ordainsaria oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorriko postuarenaz bestelako kudeaketa-eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek.

X. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK

Hogeita laugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek tratamendu-jardueren erregistroan tratatuko dira eta «Hautaketa- eta hornikuntza-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren arduraduna Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritza da, hornidura-prozedura honen kudeaketatik eratorritako administrazio-izapideak egiteko eta aplikatzekoak diren legezko betebeharrak betetzeko behar den tratamendua egiteko.

Hala badagokio, Estatuko Administrazioko organo eskudunei, Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuei, sindikatuei eta langileen batzordeei laga ahal izango zaizkie datuak.

Bai datu pertsonalen tratamendua, bai datu horiek hirugarrenei lagatzea, bai datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurkaratzeko eta eramangarriak izateko eskubideak honako hauek xedatutakoaren arabera arautuko dira: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa (2018ko abenduaren 6ko BOE); (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datuak Babestekoa, eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala