210. zk., 2024ko urriaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (384 KB - 32 orri.)
- EPUB (635 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4934
AGINDUA, 2024ko urriaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzen deialdia egiten baita komunitate eremuan adikzioen arloko tokiko planak garatzen laguntzeko 2024ko ekitaldirako.
Osasun Sailak du osasun publikoaren eta adikzioen arloko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren arabera, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, adikzioen arloko euskal politika integrala definitzea, ekintza komunitarioa indartzea komunitateek prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen aktiboki parte hartuz, eta droga-mendekotasunak eta jokabide-adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatzea eta mantentzea.
Agindu honek, 2024ko ekitaldirako, adikzioen arloko ohiko laguntza-ildoak izango ditu oinarri. Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.
Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei erantzuteko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak arlo hauek garatzen ditu: osasunaren sustapena; prebentzioa; eskaintzaren murrizketa; asistentzia; gizarte-inklusioa, eta prestakuntza eta ikerketa. Lege horren helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak eta osasunaren aldeko kultura lortzeko; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.
Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak hainbat titulu ditu, baina argi eta garbi lehentasunezkoa da Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aitortzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen baitio barne-osasunaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, bai eta farmazia-produktuen arlokoak eta gizarte-laguntzarekin erlazionatutakoak betearaztea ere, autonomia-erkidegoaren eskumen esklusibokoak baitira (Autonomia Estatutuaren 10.12 artikulua). Lege horren 66. artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko Adikzioen Plana onartzea eta garatzea, plan horren urteko betetze-memoria eta amaierako ebaluazio-memoria egitea, lege honen xede diren gaiekin lotutako beharrak, eskaerak eta baliabideak ebaluatzea eta foru- eta toki-erakundeei adikzioekin lotutako planak eta programak egiteko aholkularitza ematea, besteak beste.
Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2023 Legeak 33.c) eta 33.e) artikuluetan erakunde-maila horri esleitzen dizkio osasun publikoaren arloko plangintza, programazioa, koordinazioa eta ebaluazioa, euskal administrazio publikoentzat esparru gisa balio dezaten eta osasunaren arloan jarraibideak ezar ditzaten, bai eta osasun publikoaren arloko planak, programak eta jarduerak diseinatu, egin eta garatzea ere.
Aipatu helburuak lortzeko, EAEko Administrazio osoak parte hartu behar du, bereziki toki-administrazioek, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen baitaude. Eta, horretarako, Osasun Sailak egokitzat jotzen du toki-erakundeetako lantalde teknikoen lan espezializatua bultzatzea, adikzioen prebentzio komunitarioaren eta ohitura osasungarrien sustapenaren eremuan.
Jarduera-eremu horretan, Eusko Jaurlaritzak legez aitortutako eskumena baliatuz jarduten du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17. artikuluaren 1. paragrafoaren 10. apartatuaren arabera «osasun publikoa sustatu, kudeatu, defendatu eta babestea» esleituta duten udalerriekin batera.
Euskadin dagoen adikzioen prebentzio-eredua eredu komunitario bat da, eta bertan dauden baliabideak optimizatzea du helburu esku-hartzearen xede diren herritarrengana iristeko. Agindu honen bidez, prebentzio komunitarioa sustatzen jarraitu nahi da, bai eta udalerriek Euskadiko Adikzioen 2023-2027 Planaren esparruan adikzioen arloan egiten dituzten programak eta jarduerak ere.
Gainera, dirulaguntzaren xede diren jarduerek bat etorri behar dute Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) edukiekin. Plan hori EAEko administrazio publikoen estrategiak eta jarduketak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna da, adikzioen prebentzioaren arloan eta haiek eragindako kaltea gutxitzearen arloan, betiere adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta integrala emateko ereduaren barruan. Planaren E helburuaren 2. ildoak honako premia hau ezartzen du: «Toki-erakundeekin eta hirugarren sektorearekin sareko lana sendotzea eta bultzatzen jarraitzea». Zehazki, 53. ekintzaren arabera, funtsezkoa da Euskadin adikzioak prebenitzeko udal- eta foru-planak garatzen laguntzea.
Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen da udalerriei, udalerri-multzoei, kuadrillei eta mankomunitateei laguntzea, dirulaguntzak emanez osasun publikoaren arloko programetarako edo diagnostikoetarako edo jarduketen diseinu, planifikazio eta ebaluaziorako aholkularitza-lan tekniko espezializatuak eragindako gastuak ordaintzeko, eta horren barruan sartzen dira adikzioak ere.
Laguntza-agindu hau bat dator, halaber, 2030eko Euskadiko Osasun Planarekin, sistema sanitarioa planifikatzeko eta programatzeko tresna gorena baita. Haren bidez, osasun-arloko helburu orokorrak ezartzen dira, bai eta indarrean dagoen bitartean eskura dauden baliabideekin artatu behar diren lehentasunak ere, zeinek, oro har, politika sanitarioak definitzen baitituzte. Gizarte-premia bati erantzuteaz gain, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako lege-agindu bat gauzatzen du Osasun Planak, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan sustraituta dagoena. Osasun-plan berri horrek printzipio gidari batzuk ditu oinarri, Euskadiko herritarren osasunean eragin positiboa izateko ildo estrategikoak, politikak eta ondoriozko jarduerak gidatzeko esparru gisa. Hitz batean, planaren funtsezko helburua da Euskadi osasuntsuago bat lortzeko bidean buru izatea. Horretarako, zenbait helburu estrategiko planteatu dira: batzuk emaitzei dagozkienak, eta beste batzuk, berriz, instrumentalak. Seigarren helburu instrumentalak sei helburu espezifiko ditu; horietako bat da herritarren parte-hartzea eta osasun-arloko ekintza komunitarioa bultzatzeko ingurune sozialak sustatzea tokiko mailan, betiere biztanleen aniztasuna eta ekitate-ikuspegia kontuan hartuta.
Deialdi honi aplikatzekoa den administrazio-prozeduran bide elektronikoa baino ez da onartzen; izan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuz, pertsona juridikoak, haiek baitira deialdi honetako entitate interesdunak, behartuta daude administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko.
Deialdi honek aurreko ekitaldikoaren eduki berberak ditu, eta honako xedapen hauek osatzen duten esparru juridikoaren mende egongo da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezartzen duenez, aldez aurretik dirulaguntzen plan estrategikoa egin behar da, eta plan estrategiko horretan, kasu bakoitzean deitu nahi diren dirulaguntzak jaso behar dira. Plan estrategiko horrek eduki jakin bat izan behar du nahitaez.
Laguntza-agindu honek bete egiten ditu Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean ezarritako jarraibideak –Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren bi plan horiek–. Plan hori Osasun Sailaren politika planifikatzeko tresna bat da, eta helburu du dirulaguntzak emanez osasuna sustatzea. Horiek horrela, Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskineko 3. puntuan ageri dira planaren ardatz estrategikoak eta dirulaguntza-lerroak, eta horien artean daude agindu honek arautzen dituen bi dirulaguntza-lerroak, zeinek helburu hauek baitituzte:
– Pertsonen osasun integrala, fisikoa, mentala eta harremanetakoa babestea, eta, erakundeen arteko koordinazioaren bidez, osasun publikoaren arloko balio positibo eta gizartearen aldekoen eta adikzioen arloko jokabide osasungarrien sustapen orokorra bultzatzea.
– Udal-talde teknikoen gaikuntza profesional egokia sustatzea, prebentzio komunitarioko politika eraginkortasunez gauzatzeko.
– Droga-mendekotasunak eta adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatzea.
– Jarduera-eremu honetan egiten diren programak eta proiektuak koordinatzea, indarrean dagoen Euskadiko Adikzioen Planaren ardatz objektiboekin eta eremuekin bat etor daitezen.
– Adikzioen arloan egindako programak eta proiektuak diseinatzen eta ebaluatzen laguntzea.
– Adikzioen eremuko premia berriak azaltzea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten jarduketa, programa eta proiektu berriak bultzatzea, Euskadiko Adikzioen VIII. Planari jarraikiz.
2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean jasota daude halakoak; hain zuzen ere, bigarren helburu estrategikoaren barruan –adikzioak prebenitzea eta artatzea, eta arriskuak eta kalteak gutxitzea–.
Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Horrenbestez, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK
1. artikulua.– Xedea
1.– Agindu honen xedea osasun publikoaren eta adikzioen arloko 2024. urterako dirulaguntzen deialdia egitea da, adikzioak prebenitzeko udal-taldeak sortu eta mantentzeko eta adikzioen prebentzio komunitariorako udal-programak garatzeko.
2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:
a) Pertsonen ongizatea, arrisku-faktorerik eza eta osasun-arloko ekitatea sustatzeko sektorearteko eta erakundearteko ekintzak mantendu eta sustatzea.
b) Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) helburuetan eta jarduketa-ildoetan hobekien txertatuta dauden programak eta proiektuak mantentzea.
c) Behar berriak azaleratzea eta horiei erantzungo dieten proiektu berriak babestea, Adikzioen VIII. Plana garatzen laguntzeko.
d) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, Adikzioen VIII. Planaren jarduera-ildoetan ezarritako esku hartzeko protokoloak diseinatzeko eta sistematizatzeko prozedurei jarraituz.
3.– Aginduak bete egiten ditu Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean ezarritako jarraibideak. Plan horiek Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratu baitzen: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
2. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskuratzearekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu entitate onuradunak egingo duen jardueraren kostua, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak barne hartuta.
2.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen ala ez azaltzeko (zenbatekoa adieraziz); hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
3.– Lortutako laguntzen eta dirulaguntzen guztizko zenbatekoa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa bada, soberako kopurua kendu eta dirulaguntza txikiagoa emango da.
3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den jakinarazi beharreko egintza entitate interesdunaren eskura edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren eskura, eta noiz izan duen hartarako irispidea; une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabili beharra lege hauen bidez arautuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa –zeina bigarrenez aldatu baitzen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez–.
4.– Izapidetze telematikoa eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus helbidean:
Ekipo teknikoak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak 2024:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032117
Adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko laguntzak 2024:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032119
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko eredua eta deialdiari buruzko informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetako prozeduraren eta jarduketen arabera.
Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Esteka honen bidez kontsultatu ahal izango da zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Entitate interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke, euskadi.eus-en. Eskabideak eta horiekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarria Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.
5.– Entitate eskatzaileek erabakiko dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztuko dituzten eskabideak eta horiekin batera igorri beharreko gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarria baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean.
6.– Organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, dirulaguntza eskatzen duten tokiko entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, entitate horiek baimenik eman beharrik gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.6 artikulua eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da). Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duen entitateak aurka egin ahal izango dio datuak edo dokumentuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak lortu edo egiaztatzeari.
Ziurtagiri elektroniko aitortu baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen kasuan, ez da beharrezkoa izango inolako agiririk aurkeztea haien nortasuna egiaztatzeko.
Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
8.– Entitate onuradunek nahitaez bete behar dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan adierazitako betekizunak, eta ezingo dute egon lege horren 13. artikuluan jasota dauden egoeretan.
9.– Entitate batek onuradun izateko baldintzak betetzen dituela eta debeku-egoeretan ez dagoela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua aurkeztu ahal izango du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluekin.
10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute beren burua onuradun izateko aurkezten dutenek, ordeztutako agiriak aurkeztuz edo organo kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
11.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan adierazitako betebeharrak alde batera utzi gabe, dirulaguntzen onuradun diren erakunde eta entitateek, aginduaren gainerako artikuluetan ezarritakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Agindu honetan aurreikusitako ereduak erabiltzea eskabideak aurkezteko eta emandako laguntzak justifikatzeko.
b) Dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek dirulaguntza horri beren-beregi uko egiten ez badiote.
c) Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea.
d) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, segimendua egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.
e) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
f) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea, aurreko dirulaguntzetara aurkeztu ez denean edo aldaketak izan direnean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Planean jasotako konpromisoen arabera eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluarekin, entitate onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:
g) Dirulaguntzak justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztea hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, entitatearen titularrak eta langileak, eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den zerbitzua emateko kontratatu den entitateko langileak.
h) Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea.
i) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatzea, hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu eta justifikatzea, eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jarduketak egiten uztea.
6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik edo zuzen betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, interesdunari errekerimendu telematikoa egingo zaio, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira zalantzarik gabe bat datozenak diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, hertsiki beharrezkoak direnak, eta dirulaguntza eman den urte naturala amaitu baino lehen egiten direnak.
Ondasun higiezinak eskuratzea ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko, deialdi honen bidez araututako ezein laguntza-modalitateetan.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste dirulaguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana izan–, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten erakunde eta entitateek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, agindu honen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuta ere, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.
9. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.
Jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2916/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hauek dira tratamendu-jarduera horren ezaugarriak:
Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
Helburua: talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko eta adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko laguntzen eskabideak kudeatzea eta jarraipena egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web-helbide honetan eskura daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira III. kapituluan aurreikusitako laguntzak. Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, Guillermo Herrero Alaña, zeina batzordeburu izango baita; Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde Koldo Cambra Contin izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Patxi Cirarda Larrea izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Elena Albisua Cortazar; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Maria Blanco Egaña izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Arabako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Juan Carlos Fernández Crespo; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Iosune Egaña Txurruka izango da haren ordezkoa.
Batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du kide anitzeko organoko Idazkaritza.
Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.
3.– II. Kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute eskaerek, behar den epean eta moduan aurkezturik, agindu honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura ez bada iristen eskaerei erantzuteko –18. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbateko ordaintzeko edo eskatutakoa ordaintzeko, zenbatekoa txikiagoa bada–, laguntza-eskabideen artean banatuko da dagoen zuzkidura, funts nahikorik balego legokiekeen kopuruaren arabera.
4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du. Osasuneko sailburuordeak emango du behin betiko ebazpena.
5.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak eta balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, bai eta erantsitako datuak erkatzeko eta beharrezko diren egiaztapenak egiteko ere, dirulaguntzak behar bezala esleitzeko.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Balorazio Batzordearen txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta Osasuneko sailburuordeari igorriko dio, onar dezan. Behin onartuta, interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
Alegazioak aztertu eta aipaturiko epea iraganda, sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, betiere egin beharreko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren.
2024ko abenduaren 30ean amaituko da agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak ebazteko epea.
6.– Laguntzak emateko ebazpenetan, entitate onuradunen betebeharrak adieraziko dira –agindu honen 5. artikuluan datoz jasota–, eta espresuki aipatuko da onuraduna behartuta dagoela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean eskatzen duen informazio guztia ematera.
7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe ebazpenak espresuki eta banan-banan jakinaraztea, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
8.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraikiz ematen dituen laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraz, ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, dena delako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
11. artikulua.– Eskaerak isiltasunez ezestea.
Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu ebazpena espresuki emateko betebeharra.
12. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.
1.– Agindu hau betetzeko, gehienez ere, 1.735.900 euro erabiliko dira. Adierazitako zenbatekoa honela zatikatuko da II. eta III. kapituluetako lerroen artean:
a) Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Tokiko Planen garapena (II. kapitulua): 1.174.135 euro.
b) Tokiko planei eta ohitura osasungarriak sustatzeko planei lotutako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, jarduera-eremu horretan (III. kapitulua): 561.765 euro.
2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura ez bada iristen eskaerei erantzuteko –19. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbateko ordaintzeko edo eskatutakoa ordaintzeko, zenbatekoa txikiagoa bada–, laguntza-eskabideen artean banatuko da dagoen zuzkidura, funts nahikorik balego legokiekeen kopuruaren arabera.
3.– II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzetan uko egiterik gertatuz gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da, zeinak, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko baitu.
13. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta dirua itzultzea.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak itzuli beharko dira; hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 5. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Oinarri horretan aurreikusi gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako itzulketa-kausak aplikatuko dira.
3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.
4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 7. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko ezarrita dauden irizpideak eta mugak aplikatuko dira.
5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua aplikatuko da, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen baitira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen baitira.
6.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
14. artikulua.– Jasotako laguntzak itzultzeko prozedurak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluaren arabera bideratuko dira.
15. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen deialdi honi honako hauetan jasotako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatuko zaie: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dituena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena.
II. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO TOKIKO PLANAK GARATZEKO LAGUNTZAK
16. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak 8.000 biztanletik gorako EAEko toki-erakundeek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta EAEko Adikzioen Planari lotutako adikzioei buruzko toki-plan bat onartuta badute edo lantzen ari badira eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak egiten badituzte.
Halaber, adikzio-gaien arloko talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, erakunde hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:
a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta toki-erakundeen multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta arreta ematen dieten herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.
b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten EAEko udalek, baldin eta arreta ematen zaien herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.
2.– Agindu honen 16.2 artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, adikzioen prebentzio komunitariorako eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko talde teknikoek funtzio nagusitzat izango dute EAEko Adikzioen Planari lotutako foru- edo toki-planetan ezarritako helburuak betetzea. Plan hori Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 67.1.a) eta 68.1.a) artikuluetan aipatzen da.
17. artikulua.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, ezinbestekoa izango da erakunde eskatzaileak agindu honen 1.2 artikuluan xedatutako helburuetara biltzea.
2.– Erakunde horiek honako baldintza hauen araberako laguntza jasoko dute:
a) 8.001 biztanletik 20.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan.
b) 20.001 biztanletik 45.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duen pertsona bat, lanaldi osoan, eta administrari laguntzaile bat, lanaldi erdian.
c) 45.000 biztanletik gorako populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa duten bi pertsona eta administrari laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.
d) Foru-aldundientzako eta hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten udalentzako laguntzei dagokienez, gainerako toki-erakundeen baldintza berberak izango dira, alegia, kontuan hartuko da zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.
18. artikulua.– Eskabideetan jaso beharreko datuak.
1.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, euskadi.eus-en.
2.– Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:
a) Helburuen, aurreikusitako proiektuen eta zerbitzua emateko moduaren deskribapena.
b) Proiektua osatuko duten pertsonen kopurua, izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi mota (osoa edo erdia, ehunekoa adieraziz), droga-mendekotasunei eskainitako lanaldiaren ehunekoa (lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera eta amaiera eguna eta taldekide bakoitzaren lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).
c) Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.
3.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori lantzen ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.
4.– Zerbitzua kontratatuta duten toki-erakundeek kontratatuta duten erakundearekin hitzartutako kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:
a) Kontratatutako langileen prestakuntzari dagokion jatorrizko titulua edo fotokopia.
b) Kontratatuek adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).
c) Kontratatutako pertsona bakoitzaren soldata-kostua (soldata gordina eta Gizarte Segurantzako kuota eta bestelakoak).
19. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Osasun Sailak, 2024. urteari dagokion aipatutako talde teknikoetako langileen kostuaren % 75 finantza dezake. Ehuneko hori aplikatuko zaion oinarria ez da ezein kasutan hauek baino handiagoa izango:
a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
c) Administraria lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 30.3 artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditu egiten badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian kontratu txikietarako aurreikusitako zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa entitate. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2025eko martxoaren 1a baino lehen igorri beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan entitate onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.
Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara txosten bat bidali beharko da, egindako jarduera eta programa balioesteko, eta zenbateraino bete den adierazteko. Ez du horrelakorik aurkeztu beharko agindu honen III. kapituluko laguntzak ere eskatu dituen erakundeak; azken kasu horretan, 22. artikuluan adierazitako justifikazio-memoria besterik ez du aurkeztu beharko.
Justifikazioa aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Justifikazio-ziurtagiria, informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
Eskatutako informazioa jasotzen duen ziurtagiria dagokion erakundean fede publikoa duen pertsonak sinatu beharko du, zeina, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluak xedatzen duenaren arabera, idazkaria baita.
Zerbitzua kontratatuta duten udalerrien kasuan, langileen gastua agiri hauen bidez justifikatu beharko da:
Ordainsariak: 190 eredua (dagokion foru aldundiarena), kontratuak eta nominak.
Gizarte Segurantzaren kuotak: GSDNren TC1 eta TC2 ereduak.
Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki entitate onuradunari.
III. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA JARDUERA-EREMU HORRETAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK
20. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.
1.– Kapitulu honen xedea da: 2024an zehar EAEko toki-erakundeei arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko, bai eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko emango zaizkien dirulaguntzak arautzea, zeinak EAEko Adikzioen Planari lotutako adikzioen edo droga-mendekotasunen toki-planetan jasota egon behar baitute –plan horiek onartuta edo lantze-prozesuan egon behar dute–. Udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatu behar dituzte planak, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.
2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan, haien lurralde-esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek. Halako programatzat hartuko dira gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak, adikzioen fenomenoari heltzeko jarduerak garatzen dituztenak, eta esparru horretan ohitura osasungarriak bultzatu zein osasunerako hezkuntza sustatzen dutenak.
21. artikulua.– Eskabideek eta dokumentazio osagarriek jaso behar dituzten datuak.
1.– Eskaera egin duen erakunde bakoitzak dirulaguntzarako eskabide bakarra aurkeztu behar du, garatu beharreko jarduerak finantzatzen laguntzeko; horrenbestez, egin nahi dituzten proiektuak programa bakar batean bildu behar dituzte. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, euskadi.eus-en.
Eskabideetan gutxienez datu hauek agertuko dira:
a) Programa aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak (nor den, zer erakunde ordezkatzen duen), eta kokapen-datuak (posta-helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa etab).
b) Programaren izena.
c) Entitate sustatzailea.
d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.
e) Programa Euskadiko Adikzioen VIII. Planean (2023-2027) nola txertatzen den, zehaztuta plan horretako zer helburu, ildo eta eremu ukitzen dituen, zeinak 2030eko Euskadiko Osasun Planean jasota baitaude, eta, era berean, programa osatzen duen proiektu bakoitzaren kostua zenbat den.
f) Programa adikzioen tokiko planean nola txertatzen den edo tokiko planaren ildo estrategikoetan, bestela, lantze-fasean baldin badago.
g) Programa nola garatuko den (deskribapena).
h) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
i) Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen historia laburra.
j) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.
k) Programaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.
l) Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.
m) Programaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
n) Programaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.
2.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori lantzen ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.
22. artikulua.– Esleipen-irizpideak eta haztapena.
1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:
a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.
b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jarduerak zenbat biztanleri erantzungo dion: 10 puntu, gehienez.
c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetzan arituz eta sareko lana eta protokolo komunak sustatuz: 5 puntu, gehienez.
d) Proposatutako jardueraren izaera berritzailea, edo, aurreko urtearekin alderatuta, proiektuan hobekuntza berritzaileak txertatzea, eta horrek guztiak laguntzea ideia, antolamendu-egitura, esperientzia eta metodologia berritzaileak abian jartzen: 5 puntu gehienez.
e) Entitatearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasunari eta jasangarritasunari dagokienez: 6 puntu, gehienez.
f) Entitate horiek zehatz bete eta justifikatu izana lehendik diruz lagundutako proiektuak: 5 puntu, gehienez.
g) Entitate eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 5 puntu, gehienez.
h) Ebaluazioaren kalitatea, hau da, helburu operatiboen eta datuak biltzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 12 puntu, gehienez.
i) Proiektuak nolako eragina duen bereziki kalteberak diren taldeetan, kontuan izanik zenbait ezaugarrik (ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta gizarteari eta inguruneari dagozkionak) handitu egiten dutela kontsumoak, jokabide problematikoak edo bestelako arrisku-egoerak izateko aukera: 10 puntu, gehienez.
j) Proiektuaren eraginkortasuna; alegia, harremana egotea proiektuaren kostuaren, pertsona eta entitate hartzaileen kopuruaren eta proiektua aplikatzeak eragiten dituen onuren artean: 12 puntu, gehienez.
k) Zeharkako genero-ikuspegia txertatzea; hain zuzen ere, adikzioen arloko prebentzio-proiektuek ikuspegi hori txertatzen dutela joko da, baldin eta proiektuak diseinatu, exekutatu eta ebaluatzean kontuan hartzen badira emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, asmo eta beharrizan ezberdinak eta, beraz, helburu eta jarduera espezifikoak jasotzen badira desberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko, batez ere arreta ipinita bereziki kalteberak diren emakume taldeetan: 8 puntu, gehienez.
l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak detektatzeko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta lortu nahi diren helburuekin: 10 puntu, gehienez.
2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 50 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.
23. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 50 finantza dezake, gehienez ere. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatu eta programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak baino ez dira onartuko.
Programa bakar batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6 baino gehiago.
2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 30.3 artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditu egiten badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian kontratu txikietarako aurreikusitako zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa entitate. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2025eko martxoaren 1a baino lehen igorri beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan entitate onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.
4.– Justifikazio-memoriak eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio.
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontu sinplifikatua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor jasoko dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.
Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.
Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki entitate onuradunari.
Erakunde kudeatzaileak egoki iritzitako egiaztagirien ausazko lagin teknikoaren bidez egiaztatuko du justifikatutakoa, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko eta horretarako pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.
5.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen bi epe horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.