210. zk., 2024ko urriaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4927
1437/2024 EBAZPENA, urriaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan Erizaintako Zuzendariorde Korporatibo lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan Erizaintzako Zuzendariorde Korporatibo lanpostua hutsik dagoela aurreikusita, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du zuzendaritza nagusi honek. Hona hemen
OINARRIAK
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako Erizaintzako Zuzendariorde Korporatibo lanpostua betetzeko deialdian ebazpen honen bitartez egiten da deia, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoek parte har dezakete (funtzionarioek, estatupekoek nahiz lan-kontratuko langile finkoek), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta horko erakunde autonomoetako funtzionarioek ere B1/B2 talde profesionalekoa betiek. Hauek dira bete beharko dituzten baldintzak:
1.– Titulazio akademikoa: B1 taldeko edozein unibertsitate-diplomatura eduki beharko dute.
2.– Hizkuntza-eskakizuna: 3, derrigortasun-datarik gabe.
3.– Esperientzia: 5 urteko esperientzia izatea B1 taldeko zereginetan.
Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduan ere aurkeztu ahal izango dira.
Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek curriculum vitae-a aurkeztu beharko dute eskabidean, eta bertan honako hauek jasoko dituzte:
– Titulu akademikoak.
– Betetako lanpostuak.
– Esperientzia profesionala eta kudeaketa sanitariokoa.
– Ikasketak, ikastaroak, txostenak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.
Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Era berean, egoki iritzitako argitalpen, txosten edo bestelako agiriak ere aurkeztu ahal izango dituzte.
Aurreko paragrafoan adierazitako moduan ez da beharrezkoa izango Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak egiaztatzea, baina egoera hori izangaiaren eskabidean adierazi beharko da.
Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 18a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
SUSANA LÓPEZ ALTUNA.