Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2024ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4808

AGINDUA, 2024ko urriaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez itunpeko ikastetxe pribatuetarako dirulaguntzak iragartzen baitira, enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko, kontuan izanik datozen urteetan beherakada demografikoa gertatzea aurreikusten dela.

2030 hezkuntzaren esparruak hezkuntzak Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko eragile nagusi gisa duen rola aitortzen du, eta hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan funtsezkoa da irakasleen rola eta protagonismoa indartzea, hezkuntza-sistema osoaren eraldaketa-eragile nagusi gisa. Hala ere, irakasleen ahaleginetik harago, lan-egonkortasunak ere eragin zuzena du ikastetxe baten funtzionamendu onean, eta, zalantzarik gabe, haren esperientziak sistema hobetzen laguntzen du.

2023-2024 ikasturteko matrikulazioetan baieztatu egin dira berriro garai batean aurreikusi ziren jaiotza-tasa txikiak, ikasturte horretarako ikasleen kopuruak nabarmen egin baitu behera. Hezkuntza-sistemaren aukera bakarra da egoera horri aurre egitea, eta hori erronka bat da gaur egungo beharrezko hezkuntza-eraldaketaren testuinguruan.

Honako hauek dira deialdi honen bi ardatz nagusiak:

– Irakasleen enplegua mantentzea: ikasgela-kopurua murriztearen ondorioz lanpostua gal dezaketen irakasleen birkokapena sustatzea.

– Irakasleen belaunaldi-erreleboa erraztea, eta, horretarako, irakasle zaharrenen erretiroa eta irakasle gazteenen sarbidea sustatzea: erretiro partziala eta txanda-kontratua, Administrazioaren laguntzarekin.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren aginduz onartu baitzen 2024ko urtarrilaren 24an. Plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/ Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 6. artikuluan xedatua betez.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitakoa–, oinarrizko aginduak aplikatzeari dagokionez; Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta gainerako arau aplikagarriak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da hezkuntza-ituna duten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako dirulaguntzak iragartzea 2023-2024 ikasturterako. Dirulaguntzak jasotzeko, ikastetxeek 4. artikuluan aurreikusitako jarduera diruz lagungarriak egin beharko dituzte, 5. artikuluan ezarritako baldintzak betez.

2.– Dirulaguntzen helburua da itunpeko ikasgeletako irakasleen enplegua mantentzea eta hezkuntza-itunera atxikitako plantillaren gaztetzea sustatzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan diruz lagun daitekeen gehieneko zenbateko osoa 11.502.727,00 eurokoa da.

2.– Zenbateko hori igo ahal izango da eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, aurrekontu-baliabideen arabera, horiek ebatzi aurretik. Gehieneko zenbatekoaren igoera xedatzen duen Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen agindua EHAAn argitaratuko da. Horrek, ordea, ez dakar beste eskabide batzuk aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazteko epea berriro hastea ere.

3. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Dirulaguntza hauen erakunde onuradun izan daitezke 2023-2024 ikasturtean hezkuntza-ituna duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako titularrak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan ezarritako hezkuntza-itunen araubide juridikoaren berezko baldintzak eta horri aplikatu ahal zaion gainerako araudia.

b) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori betetzen dela automatikoki egiaztatuko du deialdiaren organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, eta ez da beharko haien baimena, kontrakoa berariaz adierazi ezean.

Hala ere, ikastetxearen titularrak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzeko zehapen administratibo edo penalik, ezta haiek eskuratzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoarekin eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzeko martxoaren 3ko 1/2022 Legearekin bat.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketa eta gastuak.

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen jarduketak eta gastuak:

1.– Enplegua mantentzea, itunpeko ikasgeletan curriculum-irakaskuntza ematen duten eta kontratu mugagabea diten irakasleak birkokatuz, baldin eta itunpeko ikasgelak gutxitzeagatik 2023-2024 ikasturtean lana galdu badute; edo kalte-oraina ematea, birkokatzea ezinezkoa bada. Birkokatzetzat joko da irakaslea bere lana egiten zuen bestelako ikastetxe batean kontratu berri bat formalizatzea.

Lana galdu duen irakaslea aukeratzeko eta birkokatzeko, 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, itundutako ikasgela murriztu den ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta zuen antzinatasuna izango da, birkokatzearen datatik 2024ko abuztuaren 31ra arte, edo ordaindutako kaleratzeagatiko kalte-ordain legala.

Ondorio horietarako, lanpostu hutsa izango da Hezkuntza Sailaren Plangintzaren testuinguruan aurreikusten den irakasle-plaza oro (irakaslerik ez duena ikasgelen itunean izandako aldaketengatik, erretiroengatik, borondatezko bajengatik, ezintasun eta heriotzengatik, plaza-erreserba galtzeagatiko eszedentziengatik), baldin eta ikastetxeen hezkuntza-beharrak betetzeko gutxienez ikasturte batez mantendu behar bada. Ikastetxeen itxierak ez dira joko dirulaguntzaren xedetzat, ezta irakasleak borondatez birkokatzeari edo berriz atxikitzeari uko egitearekin lotutako kalte-ordainak ere.

Nolanahi ere, langileak proposatutako birkokatzeari uko egitea justifikatuta egongo da honako inguruabar hauetan:

Eskainitako lanpostua langilearen jatorrizko lanpostutik eta bizilekutik 50 kilometrora baino gehiagora badago. Bi betekizunak bete behar dira. Berdintasun-printzipioa bermatzearren, distantziak neurtzeko informatika-tresna eskuragarri bat erabiliko da.

Eskainitako lanpostuaren lanaldia jatorrizkoarena baino txikiagoa bada (hau da, lanaldi osotik lanaldi erdira igarotzen bada).

Birkokatzearen edo berriz atxikitzearen kasuan antzinatasuna aitortzeari dagokionez edo kaleratzearen kasuan kalte-ordaina jasotzeko eskubideari dagokionez, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Langilea berriz atxikitzea lortzen bada, langileari jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna errespetatuko zaio.

Langilea, errelebo-kontratu bidez, lanpostu huts batean birkokatzea lortzen bada, langileari ez zaio errespetatuko jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna.

Langilea lanpostu hutsen gainerako tipologian birkokatzea lortzen bada, langileari jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna errespetatuko zaio.

2.– Plantilla gaztetzea itunpeko ikasgela batean ikasleei curriculum-irakaskuntza ematen dieten eta kontratu mugagabea duten irakasleen errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez.

Diruz lagunduko den gastua, kontzeptu horregatik, 2023-2024 ikasturteko errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kotizazioen gainkostua da, erretiro partzialean dagoen pertsonak erretiro osoa hartu arte EAEko Administrazioko langile lan-kontratudunentzat araututako erretiroen gainkostua gainditu gabe. Hori Funtzio Publikoko sailburuordearen errelebo-kontratuekin lotutako erretiro partzialari buruzko 2/2023 eta 3/2024 instrukzioen bidez arautzen da.

3.– Deialdi honetan sartzeko, diruz lagun daitezkeen jardueren eraginpeko langileek ikasleei (EAEko ikastetxeetako itunpeko irakaskuntzan Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailakoak, Haur Hezkuntzako 2. ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak, Batxilergokoak eta Lanbide Heziketakoak) zuzenean curriculumeko irakasgaiak ematen dizkieten irakasleak izan behar dute, kontratu mugagabea dutenak. Berariaz baztertzen dira, nolanahi ere, zeinu-hizkuntzako interpreteak, hezkuntza-laguntzako espezialistak eta, oro har, irakasle ez diren langile guztiak.

4.– Deialdiaren esparruan, antzinatasun- eta kaleratze-gastuak bateraezinak dira subjektu berean.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiteko baldintzak.

Dirulaguntzak lortzeko, diruz lagundutako jarduketekin lotutako baldintza hauek bete behar dira:

1.– Honako arau hauek aplikatzea itunpeko unitateen murrizketak eragindako birkokatze eta kaleratzeei:

a) Itunpeko unitateen murrizketagatik lanpostua galdu duen irakaslea aukeratzeko irizpide hauek aplikatu behar dira:

– Lehenik eta behin, itunpeko ikasgela murriztu duen ikastetxeko antzinatasun txikiena; eta antzinatasun bera izanez gero, kontratazio berriena.

b) Ikastetxearen titularrak ikastetxeko batzordeari jakinarazi behar dio lanpostua galdu duen irakaslearen nortasuna, adierazitako irizpideak zuzen aplikatu izanaren egiaztagiriarekin batera.

c) Ikastetxeetako titularrek baldintza hauek bete behar dituzte birkokatzean:

– Plaza hutsak ikastetxeko batzordeari jakinaraztea berehala, ikastetxeak plaza hutsik geldituko den eguna jakitean, edo, aurreikusi ezin bada, gertatzen denean.

– Edonola ere, birkokatzeko titulazioarekin, profilarekin eta espezialitatearekin lotutako baldintzak bete behar dira:

2.– Ikastetxeko batzordea osatzea, osaera honekin eta funtzio hauekin:

a) Batzordea hauek osatuko dute: ikastetxeko titularraren ordezkari batek, ikastetxeko zuzendariak eta langileen ordezkaritzak.

b) Honako hauek dira ikastetxearen batzordearen eginkizunak:

Kontratazioaren, birkokatzeko langileen eta aurreikusitako erretiro partzialen beharren zerrendak egitea.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Birkokatzearen bidez enplegua mantentzeko dirulaguntzaren zenbatekoa itunpeko ikasgela murriztu duen ikastetxean birkokatutako pertsonak aitortuta zuen antzinatasunaren zenbatekoa izango da, honela kalkulatuta:

(Ikus .PDF)

2.– Langilea, errelebo-kontratuaren bidez, lanpostu huts batean birkokatzea lortzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa langileak arrazoi objektiboengatik kontratua amaitzearekin lotuta jaso beharreko kalte-ordainaren zenbatekoa izango da, legez ezarritakoa, eta langileari ez zaio errespetatuko jatorrizko lanpostuan metatutako antzinatasuna.

Soberakotzat hartutako langilearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik birkokatzea ezinezkoa bada, eta hala egiaztatzen bada, lan egindako urte bakoitzeko 26 eguneko soldataren kalte-ordainaren zenbatekoa ordainduko da, gehienez ere 12 hilabete.

Soberakotzat hartutako langileak justifikatu gabe uko egiteagatik birkokatzea ezinezkoa bada, ez da diruz lagunduko legez dagokion kalte-ordaina.

3.– Errelebo-kontratuarekin lotutako erretiro partzialaren bidez plantilla gaztetzeko dirulaguntzaren zenbatekoa Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren gainkostuaren zenbatekoa izango da, eta gainkostu horrek ezingo du gainditu EAEko Administrazioko langileentzat araututako erretiroei dagokiena.

4.– Kalte-ordainaren ordainketa eta antzinatasunaren ordainketa ez dira bateragarriak izango.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek laguntza-deialdi honetan eskatzen diren izapide guztiak telematikoki egin beharko dituzte, eta behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute xede horretarako eskuragarri dituzten txantiloiak erabiliz.

Eskaera izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskaeraren inprimakira sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/2024/11017/web01-tramite/eu

2.– Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak, nahi duten hizkuntzan. Halaber, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

Eskaerak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hilabete bateko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, ikastetxeek birkokatutako langileak aitortuta duen antzinatasunaren kostua finantzatzeko dirulaguntzak eskatuko dituzte I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

Kaleratzeagatiko kalte-ordainen kasuan, dirulaguntzak hilabete bateko epean eskatuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, betiere ikastetxeak hura ordaindu badio lanpostua galdu duen langileari, I. eranskineko eskaera-ereduaren bidez.

2.– Errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren gainkostua ordaintzeko kasuetan, ikastetxeek dirulaguntzak eskatuko dituzte agindu honen II. eranskineko ereduaren bidez, Agindua argitaratu eta hilabeteko epean, 2023-2024 ikasturteko erretiro partzialetarako, hau da, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) kontratu mugagabea (lan egindako azken eguna) amaitzen zaien pertsonentzat.

9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko derrigorrezko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera artikulu honetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Kasu guztietan, erakunde eskatzailearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena atxikiko da, eskabidean jasotako informazioaren egiazkotasuna egiaztatzeko, Aginduaren 3. artikuluan jasotako baldintzei dagokienez. Adierazpen hori IV. eranskineko ereduarekin bat egingo da.

3.– Eskatzen dena birkokatutako pertsonaren antzinatasunaren kostu erlatiboa bada, hau atxikiko da:

a) Itunpeko ikasgelaren murrizketaren ondorioz lanpostua galdu duen irakaslearen NANa.

b) Birkokatutako pertsonaren lan-kontratu mugagabe berriaren kopia.

c) Lanpostua galdu duen ikastetxean aipatutako a) letran pertsonari aitortutako antzinatasunaren egiaztagiria.

d) Lana galdu aurreko azken hiru nominak.

e) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, egiaztatzeko birkokatu behar den irakasleak enplegua 2023-2024 ikasturtean ikasgelak murriztearen ondorioz galdu duela; 5.1.a artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztu da.

f) Irakaslearen birkokatzea ikastetxearen titularraren ordezkariaren eta langileen ordezkarien arteko adostasunarekin egin dela egiaztatzeko ziurtagiria.

4.– Eskatu dena kaleratzeagatiko kalte-ordainak ordaintzea bada, honako hau atxikiko da:

a) Ikastetxearen titularraren ordezkariak eta langileen ordezkariak sinatutako dokumentua, non ziurtatzen den ezin izan dela birkokatzea egin.

b) Langileak sinatutako dokumentua, kaleratzeagatiko kalte-ordaina jaso duela egiaztatzen duena.

c) Ikastetxeak ordaindutako kalte-ordainaren ordainagiria.

5.– Eskatu dena errelebo-kontratuen eta partzialen Gizarte Segurantzaren kuota patronalaren kotizazioen gainkostua bada, honako hau atxikiko da:

a) Ikastetxeko batzordearen ziurtagiria, egiaztatzeko jakinarazi zaiela erretiro partzialak eragindako plaza hutsa, diruz lagunduko dena.

b) Erretiro partziala dagoeneko gertatu bada.

– Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «kontratua/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

– Erreleboko langilearen eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

6.– Ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Administrazioak aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain informazio gehigarria eska dezake.

10. artikulua.– Prozeduraren izapideak eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzio-organoa, eta prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatu ahalko du.

2.– Eskaera epez kanpo aurkezten bada, baztertu egingo da, epez kanpo aurkeztegatik. Epe barruan aurkeztu arren akatsik badu edo dokumenturen bat aurkeztu ez bada, eta hori beranduago aurkez badaiteke, akatsak zuzentzeko eskatuko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan adierazitakoarekin bat.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epea eta errekurtsoak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen eskaerak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna Hezkuntza Sailaren Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da.

2.– Dirulaguntzak publizitatearen, norgehiagoka ezaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera emango dira, eta epe barruan eta modu egokian aurkeztutako eskaera guztiei emango zaizkie, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eman edo ukatzeko, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak Ebazpena emango du.

4.– Eskaerak aztertu ondoren. Organo kudeatzaileak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei deialdian ezarritako moduan jakinaraziko zaie. Halaber, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Entzunaldiaren izapidea egin gabe utz daiteke baldin eta prozeduran ez bada azaltzen eta ebazpenean ez bada kontuan hartzen interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak besterik. Kasu horretan, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.

Hala badagokio, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da, zeinetan adieraziko baitira dirulaguntza jasotzeko proposatzen den eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, bai eta horien ebaluazioa eta hura egiteko jarraitu diren balorazio-irizpideak ere.

Dirulaguntzak emateko espedienteak organo kudeatzailearen txostena jasoko du. Txosten horretan jaso beharko du eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela laguntza horiek jasotzeko.

5.– Behin betiko ebazpen-proposamena, oinarri arautzaileen arabera bidezkoa denean, kudeaketa-fasean onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, oinarri horietan proposatutako epean onartzen dutela jakinaraz dezaten. Onartu ezean, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskabideari uko egin diola ulertuko da.

Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez dute proposatutako onuradunen aldeko eskubiderik sortzen Administrazioaren aurrean.

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea hura ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

7.– Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

8.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta alde batera utzi gabe dirulaguntza emateko ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinaraztea, EHAAn argitaratuko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun izan diren ikastetxeen zerrenda, jasotako zenbatekoak eta kontzeptuak adierazita.

12. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako zenbatekoa bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, betiere horien guztien batura ez bada ekarpen honen xede den gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Enplegua mantentzeko antzinatasuna (6.1) artikuluan aurreikusia) birkokatutako langileei ordaindutako nominak aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren ordainduko da. Nominak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Birkokatu ondoren ordainketa delegatuan alta emandako pertsonen antzinatasuna hilero ordainduko da, ordainketa-sistema horren bidez.

Kaleratzeagatiko kalte-ordain legala emakida ebatzi ondoren ordainduko da.

2.– Gizarte Segurantzaren gainkostuen ordainketa bi seihilekoko ordainketetan egingo da, ekainean eta abenduan, emakida-ebazpenaren ondoren, III. eranskina aurkeztu ondoren eta justifikazio-dokumentazioa egiaztatu ondoren.

a) Erretiro partziala hartu duen pertsonaren errelebo-kontratuaren eta kontratazio partzialaren kopia, baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako jakinarazpenak ere. Kontratu horiek, horien aldaketak eta kontratu berriak «ikastetxean alta emateko» edo «kontratua/lanaldia aldatu» eskaeren bidez bidali behar dira, «Ikastetxe Pribatuen Kudeaketa» aplikazioan.

b) Erreleboko langilearen eta errelebatutako langilearen NANaren kopia.

c) Erreleboko langilearen eta errelebatutako langileari ordaindutako nominen kopiak.

d) Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuen kopiak, atzerapen eta kotizazio osagarriei dagozkienak barne, baita langilearen kotizazio-kontu guztienak ere.

Nominak eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentu indibidualizatuak elkarrekin bidali behar dira epe berean, hilero, dokumentu mota adierazita, langile bakoitzeko fitxategi indibidualizatuetan, egitura honekin:

abizena1_izena_nom_hilabetea_urtea.pdf

abizena1_izena_rnt_hilabetea_urtea.pdf

14. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren hedapen egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 27. artikuluan jasotakoaren arabera.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

3.– Era berean, ikastetxe onuradunak onartu egin beharko ditu dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak, halaxe ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12 artikuluko 5. apartatuak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

4.– Ikastetxeek birkokatutako langileen kontratu mugagabeak mantentzeko betebeharra dute, eta 12 hilabeteko proba-epea finkatzen da; epe horretan, kontratua deuseztatu ahalko da ikastetxeko batzordeak egoera hori balioztatzen badu. Kasu horretan, langilea berriro birkokatu beharko da.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kasuak Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Ez-betetze horiek gertatu direla egiaztatuz gero, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, baita berandutzako legezko interesak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1, 36.2 eta 37. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzak itzultzeko prozedura arautzen baitu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen baititu. Bereziki kasu hauetan itzuli beharko dira jasotako kopuruak:

a) Langilea kaleratzea probako 12 hilabeteak igaro ondoren, betiere kaleratzea ez badu balioztatu ikastetxeko batzordeak, eta langilea ez bada birkokatzen, bi aldeek egiaztatutako ezintasuna egiaztatzen den kasuetan izan ezik.

b) Jasotako dirulaguntzak justifikatzeko betebeharra urratzea.

c) Dirulaguntza eman den xederako ez erabiltzea.

d) Dirulaguntzak baldintzak bete gabe jaso izana.

e) Agindu honen 12. artikuluan ezarritako betebehar bat edo batzuk ez betetzea.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko jardunbidea.

1.– Dirua itzultzeko jardunbidea Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak abiaraziko du, eta dirulaguntzaren ikastetxe onuradunari jakinaraziko zaio, urraketa eragin duten gertakariak jakinaraziz. Halaber, eskatuko zaio hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko edo justifikazio-dokumentuak aurkezteko. Dirua itzultzeko jardunbidea abiarazteko ebazpenak egiteke dauden ordainketak eten ahalko ditu kautelaz.

2.– Alegazio-epea igaro ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilabetekoa izango da dirua itzultzeko jardunbidea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak ez-betetzea dagoela baiesten badu, dirulaguntza –osorik edo zati batean– jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, interesdunak dagozkion diru-zenbatekoak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko aldian ez bada ordainketa egiten, hura premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak abiaraziko dira.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Bekak, laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/%20transparencia/043500-capa2-es/

Araudia: – Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala