Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2024ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4806

AGINDUA, 2024ko urriaren 8koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa.

2024ko urtarrilaren 10ean eta uztailaren 11n, Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria Adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofizialak bere estatutuen aldaketa onartzeko eskabidea aurkeztu zuen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean.

Estatutuen aldaketak elkargoaren izenaren aldaketa ere badakar berekin. Horri dagokionez, bete da honako xedapen hauetan ezarritakoa: Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 29.3 artikulua (lege horren beraren 28. artikuluarekin lotua) eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 29.2 artikulua.

Elkargoaren izen-aldaketa apirilaren 9ko 38/2024 Dekretuaren bidez onartu zen (2024ko apirilaren 23ko EHAA, 80. zk.). Horren arabera, Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria Adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoak honako izena hartu zuen: Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofiziala.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren nahitaezko txostena jaso da, honako artikulu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.5 artikulua eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.4 artikulua.

2024ko otsailaren 26an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari –lanbidearen arabera eskuduna den saila– txostena eman zezan eskatu zitzaion; baina agindu hau eman den egunean, sailak ez du txostenik eman elkargoaren estatutu-aldaketa denaz bezainbatean. Sail honek prozedura izapidetzen jarraitzea erabaki zuen, Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 19.2 eta 27.5 artikuluetan xedatutakoa analogiaz ezarriz (artikulu horiek elkargo profesionalen eraketa arautzen duten kapituluen barruan daude).

Bestalde, Lehiaren Euskal Agintaritzak txostena eman zuen 2024ko apirilaren 24an.

Ondoren, elkargo interesdunak estatutuak zuzendu zituen, aipatutako txostenen iruzkinak eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak egindako berrikuspena aintzat hartuta.

Zuzenketaren ondoriozko estatutu-testua elkargoaren osoko bilkurak onartu zuen 2024ko uztailaren 9an, elkargoaren idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2024ko uztailaren 10ean egindako ziurtagirian aurreikusitako baldintzetan.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan xedatutakoari erreparatuta.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33 artikuluan eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikatu behar diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea (estatutuak eranskin gisa ageri dira).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindua eta eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 8a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA
ARABAKO INDUSTRIA ADARREKO INGENIARITZAKO GRADUDUNEN ETA INGENIARI TEKNIKO INDUSTRIALEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
ELKARGOA ETA ELKARGOKIDEAK

1. artikulua.– Elkargoa.

1.– Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofiziala (COGITI ARABA) zuzenbide publikoko korporazioa da, lanbidea ordezkatzen du, legeen babespean dago, Estatuaren aitorpena du, eta nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dauka, bere helburu nagusia eta elkargokideen interes profesionalak betetzeko, betiere gizartearen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriz.

2.– Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak honakoak izango ditu araubide: estatutu hauek, etorkizunean sor daitezkeen araudiak eta, oro har, indarrean dauden legezko xedapenak.

3.– Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren eremuak Arabako Lurralde Historikoa hartzen du.

4.– Elkargoaren helbide soziala ondokoa da Gerardo Armesto plaza, 2 - 1, 01008 – Vitoria-Gasteiz (Araba), baina, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu, aldatu ahal izango da. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeak bidezko iritzitako ordezkaritzak sortu ahal izango ditu.

2. artikulua.– Elkargokideak.

1.– Honako hauek izango dira Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialeko kide: industria-adarreko ingeniaritzan graduatuak (ingeniari tekniko industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dituen otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduan jasotakoa bete beharko dute titulu horiek); adar bereko ingeniari tekniko tituludunak azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren aurretiko ikasketa-planak egin dituztenak edo, bestela, urriaren 26ko1462/1990 Errege Dekretuan eta azaroaren 20ko 1402/1992, 1403/1992, 1404/1992 eta 1406/1992 Errege Dekretuetan xedatutakoa betetzen dutenak; industria-perituak edo baliokidetzat jotako titulazioa dutenak. Elkargoko kide izateko, alabaina, estatuak onartutako titulu ofiziala behar da; elkargoko kide izatea eskatu beharra dago; eta estatutu hauetan xedatutako baldintza guztiak bete behar dira. Horretaz gainera, nahitaez elkargoko kide izan behar dute, bai lege-xedapenez bai bezeroek berariaz hala eskatuta beren borondatez ikus- onetsi behar diren lanak egin behar dituztenek (bezero izan daitezke Herri Administrazioak ere), eta Elkargoari dagokion lurralde-eremuaren barruan aritzen direnek, gutxienez lehen aldiz sartzean. (Nahitaez elkargoko kide izateko baldintza hori Errege Dekretu mailako arau batean jasotzen da, eta behin-behinekoa da Omnibus Legearen laugarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, eta Zerbitzu Profesionalen Legean edota Zerbitzuen Zuzentarauan xedatutakoa beteko da beharrezkoa denean).

2.– Martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babespean sortzen diren lanbide-sozietateak 2012ko abenduaren 13ko Ezohiko Batzar Nagusian sortutako erregistro espezifikoan inskribatuz sartuko dira elkargoan.

3.– Inskribatutako sozietateek 2/2007 Legean ezarritakoa beteko dute, bai eta Batzar Nagusiak erregistroa sortzeko hartutako erabakia ere. Eta, zigor-araubideari, araubide deontologikoari, eta bateraezintasun eta gaitasungabetzeei dagokien araubideari dagokienez, estatutu hauetan eta lanbide-jarduerari buruzko gainerako arauetan aurreikusitakoa beteko dute.

II. KAPITULUA
ELKARGOAN SARTZEKO ESKABIDEAK

3. artikulua.– Sartzeko eskabideak.

Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialeko kide izatea eskatzen dutenek idatzizko eskaera helaraziko diote dekanoari. Eskaerarekin batera bidaliko dute, baita ere, titulu ofiziala edo haren testigantza. Titulua izapidetze-bidean baldin badago, titulua egiteko tasak ordaindu izanaren ordainagiriaren kopia aurkeztuko dute, behin-behinean.

Bide telematikoz, Elkargoaren web-orrialdearen – Leihatila Bakarraren bidez ere izapidetu ahal izango dituzte elkargoko kide izateko eskabideak.

Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak ez die eskatuko Estatuko lurraldean dauden elkargoetako batera lehendik bilduta dauden maila bereko tituludunei elkargo honetara biltzea edo Arabako lurralde historikoan jarduteko gaikuntza izatea. Horrelakoetan, lanbide-egoitza bakarra edo nagusia non duten, hango elkargokidetzat hartuko dira. Beraz, ematen zaizkien zerbitzuengatik elkargoko kuotak estaltzen ez dituen horiez gain, ezin izango zaie beste kontraprestaziorik ordaintzeko eskatu Estatuko lurraldeko elkargo batera bildutako ingeniariei.

4. artikulua.– Elkargoan sartzeko eskakizunak.

Elkargoan sartzeko, tituludun jarduera profesionalean aritzeari buruz Legean ezarritako baldintzak bete beharko ditu interesdunak, hau da:

a) Indarreko legeen arabera dagokion titulua edukitzea.

b) Lanerako gaitasungabetuta ez egotea.

c) Legeetan zehaztutako bateraezintasun edo debekuen pean ez izatea.

d) Elkargoko kide izateko arauak betetzea. Hori guztia 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta 3. artikuluarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Beste eskakizun batzuk.

Aurreko eskakizunez gain, interesdunak honako hauek bete beharko ditu elkargoko kide izateko:

a) 3. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztea, baina aurkeztutako agiriak nahikoak ez badira, agirien egiazkotasunari buruzko zalantzarik badago edo legezkoak direla argi ez badago, ezezkoa emango zaio elkargoan sartzeko eskabideari.

b) Elkargoak interesdunari emango dizkion inprimakiak behar bezala bete beharko dira, datu guztiekin.

c) Dagokion lanbidean aritzeko gaitasungabetze berezia dakarren epai-zigorra betetzen ez egotea, salbu eta legez emandako indultu edo birgaitzea kreditatzen badu.

d) Beste elkargo batetik egotzi ez izana, salbu eta berariaz birgaitu ez badute.

e) Beste elkargo batek edo autonomia-erkidegoren bateko Ingeniari Teknikoen Elkargoen Kontseilu Orokor batek edo Estatuko Kontseiluak jarritako diziplina-zigarraren ondorioz bere lanbidean aritzeko zigortuta edo gaitasungabetuta ez egotea.

6. artikulua.– sartzeko eskabidearen ebazpena. errekurtsoak.

Gobernu-batzordeak, izapideak egin eta bidezko txosten eta agiriak jaso ostean, sartzeko eskabidearen gaineko ebazpena emango du, eta gehienez ere hilabeteko epean eskabidea onartu, eten edo ukatu beharko du.

Sartzeko eskabidea ukatu edo eten egiten badu, horretarako arrazoiak emanez jakinaraziko dio interesdunari Gobernu Batzordeak.

Elkargoan sartzeko eskabideari ezezkoa emateko erabakia gehienez ere zazpi (7) egun balioduneko epean jakinaraziko zaio interesdunari, erabakia hartzen denetik hasita. Eskatzaileak erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, Elkargoko dekanoaren aurrean, hilabeteko epean. Dekanoak hamabost (15) eguneko epean hartu eta jakinarazi beharko du errekurtsoaren gaineko ebazpena, errekurtsoa aurkezten denetik. Erabaki horrekin administrazio bidea amaituko da eta, ondorioz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera izango du interesdunak, jurisdikzio horretarako arauei eutsiz betiere.

7. artikulua.– Elkargotik ateratzea.

Hona zein kasutan utziko zaion elkargokide izateari:

a) Interesdunak hala eskatuta. Horrela gertatuz gero, aldez aurretik eta idatziz jakinarazi beharko dio Gobernu Batzordeari. Eskabidea egiten duen unetik utziko dio elkargokide izateari, baina horrek ez du salbuetsiko kuotak eta epemuga gainditutako bestelako zorrak ordaintzetik.

b) Elkargokide izateari uzteko izapidea bide telematikoz egin ahal izango da, Elkargoaren web-orrialdearen – Leihatila Bakarraren bidez.

c) Kuota behin eta berriz ordaintzen ez badu: elkargokideak ohiko edo ezohiko kuota ordaindu ez badu, eta aldez aurretik hiru aldiz jarraian, ordaintzeko eskatu bazaio.

Gobernu-batzordeak, elkargokideak hala eskatzen badu, kuota ez ordaintzeko edo geroago egiteko baimena eman ahal izango du, elkargokidea egoera berezian eta iragankorrean dagoenean.

d) Lanbidean jarduteko eskakizunak betetzen ez baditu. Horrelakoetan, lanbidean jardutea galarazten dion egintza gertatzen denetik geratuko da elkargotik kanpo.

e) Zigor nagusitzat edo bigarren mailakotzat lanbidean jarduteko ezgaitasuna dakarren epai irmoa. Elkargokideak jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egunetan eman beharko dio Elkargoari kondena-epai horren berri, eta sententziak eragina duen unetik utziko dio jarduera profesional oro egiteari.

f) Diziplinazko kanporatzea, Elkargoak hartutako ebazpen irmoaren bidez erabakia. Ebazpenak sinatzen den unetik izango ditu ondorioak. Zigorra ezarri duen organoak Euskadiko Kontseiluari eta Kontseilu Orokorrari emango dio horren berri, eta azken horrek gainerako Elkargoei jakinaraziko die.

8. artikulua.– Elkargokidearen egiaztagiria.

Elkargokideek edozein unetan eskatu ahal izango diote Elkargoko idazkariari bertako kide direla egiaztatzen duen agiria.

Aurreko aukera hori gorabehera, 2. artikuluaren 2.1. atalean aipatzen diren eta Elkargo honetan kide moduan lehenengo aldiz sartzen diren profesional guztiek elkargokidearen txartela jasoko dute, dagokien hurrenkera zenbakiarekin, betiere finkatutako eskubideak ordaindu ostean.

III. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINKIZUNAK

9. artikulua.– Elkargoaren eginkizun orokorrak.

Hauek dira Elkargoaren berezko eginkizun orokorrak:

a) Etika profesionala eta herritarren eskubide eta interesei zor zaien errespetua zaintzea.

b) Lanbidearen jarduna antolatzea, betiere bere lurralde-eremuaren eta ezarritako lege-esparruaren barruan.

c) Lanbidearen jarduna legezkoa eta egokia dela eta elkargokideek beren eginbeharrak betetzen dituztela zaintzea.

d) Diziplina-ahalmenaz baliatzea Estatutu hauen Hirugarren Tituluan aurreikusitako moduan.

e) Elkargokideei laguntza ematea lansariak jasotzeko eginbideetan, betiere beren borondatez eta berariaz hala eskatu badute.

f) Prozesu judizialetan eta administrazio-prozeduretan dagozkion txostenak egitea.

g) Elkargokideei zerbitzu komunak ematea, bai estatutuetan jasotakoak bai geroago erabaki daitezkeenak ere; eta, bereziki, etengabeko lanbide-prestakuntza sustatzea eta eraginkorra izateko bideak jartzea.

h) Gizarte, kultura, zientzia, teknika eta praktika jarduerak antolatu eta burutzea.

i) Elkargoak hartzen duen lurralde-eremuaren barruan enplegu-eskaintzei buruzko informazio-zerbitzu aktibo eta eraginkor bat mantentzea, okupaziorik egokiena lortzeko, bere lan profesionala eta industria-errendimendua eraginkorragoak izan daitezen.

j) Arbitraje bidez edo bitartekari lanak eginez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-gatazketan parte hartzea, baita elkargokideek hirugarrenekin dituzten gatazketan ere, baldin eta aldeek adostasunez hala eskatzen badute.

k) Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea, estatutu hauetako 48. artikuluan xedatutakoa betez.

l) Herri Administrazioarekin lankidetzan jardutea interes komunak lortzeko; eta bereziki:

l.1.– Administrazio-organoetan parte hartzea, organo horien arauek hala aurreikusten dutenean; eta arau horietan ezarritako moduan.

l.2.– Eskumena duten organo eta enteek eskatzen dizkioten edo bere ekimenez lantzen dituen txostenak ematea.

l.3.– Eskatutako estatistikak gauzatu eta dagokion tokian aurkeztea.

l.4.– Estatuari, autonomia-erkidegoari, toki erakundeei eta udalei bere aginpideko gaiei buruzko aholkularitza ematea.

m) Intrusismoa eta bidegabeko lehia galarazteko neurriak hartzea (urtarrilaren 10eko 3/1991 Legea, Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 29/2008 Legearen 5. artikulutik 31.era bitartekoak eta Publizitate Orokorrari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Legea aintzat hartuta), antolamendu juridikoak aurreikusitako ekintzen bitartez.

n) Aurrekontua onartu eta elkargokideek egin beharreko ekarpenak arautzea.

o) Elkargokideen asmoak batu eta bideratzea. Horretarako, baldin eta gai bat elkargoari ez badagokio edo bere lurralde esparrukoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren edo, hala badagokio, Ingeniari Teknikoen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bitartez arituko da Arabako elkargo hau, bere kabuz edo beste elkargoekin batera, honakoak burutu ahal izateko: bere aginpideak hobetzearekin edo aginpideak egotearekin berarekin eta ingeniari teknikoek bai elkargo ofizialetan bai elkargo partikularretan ematen dituzten edo eman ditzaketen zerbitzuak antolatzen dituzten arauekin zerikusia duten iradokizunak helarazi ahal izango dizkiete dagokien organo ofizialei. Iradokizun horiek beren berariazko egitekoekin bat etorri beharko dute bai eta industriak kasu bakoitzean duen eskakizun, behar eta gaitasunekin ere.

p) Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Kontseiluetako kide gisa kontseilu horietako estatutuetan aitortzen zaizkion funtzioak betetzea.

q) Lanbidearen interesetarako onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako funtzioak betetzea.

r) Indarrean dauden legeek aitortzen dizkioten beste funtzio batzuk betetzea.

s) Elkargokideen zerbitzuak kontsumitu eta baliatzen dituztenen interesak babestea.

t) Leihatila bakar bat sortzea, Legean eta estatutu hauetan zehaztutako baldintzetan.

u) Urteko memoria lantzea eta argitaratzea, Legean eta estatutu hauetan zehaztutako moduan.

10. artikulua.– Eskuordetutako administrazio-funtzioak.

Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak aurreko artikuluan zehaztutako eginkizunez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Foru eta Toki Administrazio Publikoaren eginkizunak bete ahal izango ditu, elkarren arteko akordio edo hitzarmen bidez hala ebazten denean.

11. artikulua.– Batzordeak eratzea.

Batzordeak osatu ahal izango dira aurreko bi artikuluetan finkatutako eginkizunak betetzeko eta helburuak lortzeko. Aztertu beharreko gaietan edo materietan adituak diren elkargokideek osatuko dituzte batzorde horiek eta Elkargoko Gobernu Batzordeko kide bat arituko da batzordeburu.

12. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– Elkargoak web-orri bat sortu eta mantenduko du, eta Leihatila Bakar horren bidez profesionalek berek egin ahal izango dituzte elkargoan sartzeko, elkargokide gisa jarduteko eta elkargoan baja emateko egin beharreko izapideak; gune bakar hori bitarteko, bide elektronikoz eta urrutitik. Zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusten da Leihatila Bakarra. Zehazki, Elkargoek behar dena egingo dute, profesionalek, leihatila bakar horren bidez, honako zeregin hauek doan egin ditzaten:

a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.

c) Interesduntzat jotzen den prozeduren izapidetzea zer egoeratan dagoen jakitea, derrigorrezko izapide-egintzen jakinarazpena jasotzea eta elkargoak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jasotzea, zehapen-espedienteen jakinarazpenak barne, bestela egiterik ez badago.

d) Estatutuak aztertzeko bilerak deitzea.

2.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, elkargoaren antolakundeek informazio hau eskainiko dute, argi, okerrik ez sortzeko moduan eta doan:

a) Elkargokideen erregistrora sartzeko aukera. Bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: Elkargoko profesionalen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide-sozietateen erregistroa erabiltzeko bidea ematea. Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan (2/2007 Legea) jasotako edukia izango du erregistro horrek.

c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eta elkargokide baten edo elkargoaren arteko gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.

d) Lanbide-zerbitzuen jasotzaileek laguntza jasotzeko jo dezaketen kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeei buruzko datuak.

e) Kode deontologikoen edukia.

3.– Helburu horrekin, artikulu honetan xedatutakoa betetzeko neurriak hartuko dira; hala, beharrezko teknologiak ezarriko dira eta sistema batzuen eta besteen arteko operatibotasuna bermatzeko eta ezgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna ahalbidetzeko plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko dira. Eta horretarako, beharrezkoak diren koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarriko dira martxan.

4.– Elkargoak alta, baja eta elkargokideen eta lanbide-sozietateen erregistroetan eragina duten bestelako aldaketei buruzko informazioa emango dio Kontseilu Nagusiari, jakinaren gainean egon dadin eta elkargokideen eta lanbide-sozietateen erregistro nagusietan jaso ditzan.

13. artikulua.– Urteko memoria.

Elkargoak gardentasun-printzipioa bete beharko du kudeaketan, eta, horretarako, urteko memoria egingo du. Gutxienez honako datu hauek jasoko ditu memoria horretan:

a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena. Langileen gastuak behar bezain banakaturik eta Gobernu Batzordeko kideek beren kargua dela-eta jasotzen dituzten ordainsariak zehaztuko dira txosten horretan.

b) Aplikatzekoak diren kuoten zenbatekoa, kontzeptuaren eta emandako zerbitzu-motaren arabera banakaturik, bai eta zenbateko hori kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, instrukzio-fasean dauden edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Zer arau-hauste den, izapidetzea zer egoeratan dagoen eta, hala badagokio, zer zigor ezarri den ere adieraziko dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.

d) Informazio erantsia eta estatistika-informazioa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa. Bere izapidetzeari buruzkoa ere izan daiteke informazio hori, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.

e) Kode deontologikoen edukian egindako aldaketak, halako koderik badago.

f) Gobernu Batzordeko kideek dituzten bateraezintasunei eta interes gatazken egoerei buruzko arauak.

g) Ikus-onespenari buruzko estatistika-informazioa. Hala badagokio, datuak elkargoen arabera eta lurraldeka banakaturik aurkeztuko dira.

h) Urteko memoria web-orriaren bidez argitaratuko da, urteko lehenengo seihilekoan.

14. artikulua.– Kexa eta erreklamazioen zerbitzua.

1.– Elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzungo die Elkargoak, bere eskumeneko esparruan.

2.– Era berean, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek izapidetu eta ebatziko ditu elkargokideen lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaileek edo erabiltzaileek elkargoaren edo elkargokideen jarduna dela eta aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta antolakundeek beren ordez edo beren interesen alde aurkeztutakoak ere.

3.– Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bidez, elkargoak ebatziko du kexa edo erreklamazioa, bai gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemari buruzko informazioa emanez, bai espedientea elkargoaren organo zehatzaileetara bidaliz haiek dagokion informazio- edo zehapen-espedientea abiarazi dezaten, bai espedientea artxibatuz, bai bere eskumeneko beste edozein erabaki hartuz, zuzenbidearen arabera betiere.

4.– Zerbitzu horren araubidean aurreikusi beharko da kexak eta erreklamazioak mezu elektroniko bidez eta urrutitik aurkez daitezkeela.

IV. KAPITULUA
ELKARGOAREN ARAUBIDEA ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK

15. artikulua.– Ohiko baliabideak.

Hauek dira Elkargoaren ohiko baliabide ekonomikoak:

a) Elkargoaren kapitala edo ondarea osatzen duten ondasunen eta ondare-eskubideen emaitzak, errentak, interesak eta edonolako baloreak.

b) Elkargoak zehaztutako aldizkako kuota arrunta.

c) Elkargoko kide izateko Elkargoak ezar lezakeen kuota.

d) Alde batek eskatuta edo administrazioak bere kabuz Elkargoari eskatutako aditu-txostenak edo -irizpenak egiteagatik sortutako eskubideak. Elkargoko Gobernu Batzordeak kasuan kasu eta zuhurtziaz finkatuko ditu zerbitzu horien lansariak. Eskubide horiek ezin izango dira sortu, inola ere ez, Elkargoak lanbidearen berezko zerbitzuak ematearen ondorioz.

e) Elkargoak lan profesionalak ikus-onesteko edo egiaztatzeko eskubideagatik finkatutako ehunekoa. Elkargoan bertan eta elkargoaren web-orrialdean egongo da ehuneko hori, elkargokideen eskura.

f) Elkargoak egindako argitalpenen bidez edota antolatutako edo hark parte hartutako ikastaroetako matrikulen bidez eskura ditzakeen irabaziak.

g) Edozer egiaztagiri emateagatik edota Elkargoak parte hartzeagatik Gobernu Batzordeak ezarritako eskubideak.

16. artikulua.– Ezohiko baliabideak.

Hauek dira elkargoaren ezohiko baliabide ekonomikoak:

a) Estatuak, Autonomia Administrazioek, Foru edo Toki Administrazioek edo edozein organismo, erakunde, enpresa edo korporaziok, eta partikularrek «inter vivos» edo «mortis causa» emandako dirulaguntzak, dohaintzak eta lagapenak.

b) Liberalitate edo kostubidezko edozein titulurengatik elkargoko kapitalaren barruan dauden eskubideak, ondasun higikor zein higiezinak.

c) Elkargoaren ondasunak saltzearen emaitza.

d) Elkargoak hala behar denetan jarritako ezohiko kuotak.

e) Elkargoak egindako eta lehen aipatu ez den beste kontzeptu edo zerbitzuen truke jaso ditzakeen diru-zenbatekoak.

17. artikulua.– Ondasun eta balore higiezinak.

Gobernu Batzordeak onartu beharko du ondasun edo balore higiezinak erostea edo saltzea, eta Ezohiko Batzar Orokorrak berretsi beharko du erabakia.

V. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

18. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

a) Elkargokide guztiek jardun ahal izango dute profesionalki elkargo honen edo beste elkargo baten lurralde-esparruan; eta horretarako, ez dute beste elkargo batean altarik hartu beharko, eta betiere indarrean dauden legeak eta lanbide-elkargoen eta kontseiluen artean dauden hitzarmenak bete beharko dituzte.

b) Elkargoaren ondasun erkideak erabili ahal izango dituzte, betiere ondasun horien erabilera eta funtzionamendua arautzen duten arauak eta gainerako elkargokideen eskubideak errespetatuz.

c) Elkargoak eman ditzakeen argibide eta zerbitzuak bertatik jaso ahal izango dituzte: lege, zerga eta lanari buruzko aholkularitza, lan poltsa, etengabeko heziketa eta abar.

d) Estatutu hauetan aurreikusitako eztabaida eta bozketetan esku hartu ahal izango dute.

e) Irizpenak, txostenak, proiektuak, aholkularitzak eta bere eskumeneko gainerako lanak egiteak dakartzan onurez gozatzea. Elkargoari eskatutakoak, aldez aurretik Elkargoan borondatez alta eman zaien profesionalen zerrenda bat emanez demandatzaileari, interesdunak askatasunez aukera dezan.

f) Elkargoaren babesa eskatu ahal izango dute beren edo elkargoaren lanbide-eskubide edo -interesak kaltetu edo gutxitu direla uste dutenean eta beren estatutuetan eta EAEko eta Estatuko Kontseiluen estatutuetan aitortzen zaizkien Elkargoko ahalmenak eta eskubideak izango dituzte.

g) Zuzendaritza-karguetarako hautesle eta hautagai izan daitezke, baldin eta interesduna estatutuetan ezarritako gaitasungabetze-egoeretan sartuta ez badago.

h) Elkargoaren gaietan esku hartu ahal izango dute, eta Elkargoarentzat onuragarri iritzitako proposamen eta iradokizunak egin ahal izango dituzte.

i) Elkargoaren ekonomia nola doan jakiteko datuak eskatu eta jaso ahal izango dituzte. Argibide horiek idatziz eskatu beharko dituzte beti.

j) Estatutuak aldatzeko proposamenei buruzko argibideak jasoko dituzte, Elkargoak eztabaidatu eta onartu baino lehen, eta zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte. Era berean, elkargoaren desegiteari eta likidazio-faseei buruzko argibideak jaso beharko dituzte, eta ondasun eta eskubideak zertara bideratuko diren jakin beharko dute.

k) Elkargoko organoek, estatutu hauen arabera, abiarazten edo ebazten dituzten zigor-prozeduren berri jaso eta horietan hizpidea izan beharko dute.

l) Elkargoaren egintza edo erabakien aurkako errekurtso-sisteman legitimatuta egon beharko dute, indarrean den legediaren eta estatutu hauen arabera, administrazio- edo auzi-errekurtsoak egin ahal izateko.

m) Estatutu hauen eta, oro har, aplikatzekoak diren legeen arabera sortutako gainerako eskubide edo ahalmenak izango dituzte.

19. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

Honako hauek dira elkargokideen betekizun eta eginbeharrak:

a) Elkargo honen estatutuetan eta, elkargoa kontseilu bateko kide bada eta harengan eragina duen gairik sortzen bada, kontseilu horren estatutu orokorretan jasotako aginduak betetzea, bai eta ente horiek beren ahalmenaz baliatuz hartutako erabakiak ere.

b) Elkargoaren Batzar Orokorretara maiztasunez bertaratzea.

c) Ohiko eta ezohiko kuotak edo elkargoari eusteko onartutako eskubideak ordaintzea.

d) Gobernu Batzordeari zor zaion errespetua izatea eta elkargokide guztiekiko armonia eta adiskidetasunezko arau deontologikoak gordetzea.

e) Lanbidean eragina izan dezaketen egintza guztiak, norbanakoengan zein guztiengan eragina izan dezaketenak, Elkargoari jakinaraztea, baldin eta horien garrantziak elkargoaren esku hartzea eskatzen badute.

f) Elkargoko fitxari buruzko datuetan izandako aldaketak garaiz jakinaraztea, hala nola helbidea, lanbidean diharduen egoitza, telefonoa eta abar; eta, oro har, bere lanbide-egoeran eragina dutenak.

g) Elkargoari txostenak eta estatistika mailako azterlanak egiteko eskatutako datuak ematea.

h) Elkargoaren kudeaketa-organoek agindutako eginkizunak betetzea eta onartzea.

i) Elkargokideak berak izango du, zuzenean, berak izenpetutako lan profesionalen erantzukizuna. Beraz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babeste aldera, ikus-onespena jaso behar duten lanen edo egiaztapen tekniko dokumentala behar duten lanen ondorioz sortutako kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguruaren poliza izan behar du nahitaez elkargo-kideak. Elkargoak finkatutako zenbatekoaren bestekoa izan behar du gutxienez aseguru horrek. Babestutako arriskuaren eta horren neurriaren proportzio berekoa izango da zenbatekoa.

j) Lanbidearen jardunean izenpetutako agiri tekniko eta fakultatibo, txosten eta bestelako guztiak Elkargoari ematea, ikus-onets ditzan, edozein delarik ere haien bezero edo hartzailea; eta, betiere, indarreko legeetan aurreikusitako baldintzetan. Gauza bera egin beharko dute bezeroek (Herri Administrazioak barne, horrela jarduten duten kasuetan) berariaz horrela eskatzen badute.

k) Elkargokideek lanean jardutearen ondorioz izan ditzaketen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruaren bitartez estaltzea.

II. TITULUA
ELKARGOAREN ANTOLAMENDUA, GOBERNUA ETA ADMINISTRAZIOA
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN ORGANOAK

20. artikulua.– Gobernu-organoak.

Elkargoak honako organo hauek izango ditu:

a) Gobernu Batzordea izeneko gobernu-organo bat.

b) Batzar Orokorra, edo osoko bilkurako organoa.

c) Dekano-presidentea. Aurreko organoen ordezkaritza gorena izango du.

d) Lan Batzordeak, Idazkaritza Teknikoa eta estatutu hauen arabera dauden edo sor daitezen beste organoak, kide bakarrekoak zein anitzekoak izan.

II. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA

21. artikulua.– Eraketa.

Honako hauek arituko dira Elkargoaren Gobernu Batzordean: dekano-presidente bat, dekanorde bat, idazkari bat, idazkariorde bat, diruzain bat, kontu-hartzaile bat eta lau batzordekide.

22. artikulua.– Eskumenak.

Gobernu Batzordeari elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa dagozkio, elkargoaren funtzioak eta Batzar Orokorrari berariaz ez dagozkion guztiak betetzeko.

Honako hauek dira Gobernu Batzordearen berariazko eskumenak:

a) Elkargoaren kudeaketa arrunta zuzentzea, zentzurik zabalenean, Batzar Orokorraren jarraibide orokorrekin bat etorriz.

b) Elkargoak herri administrazioekin, epaitegiekin eta beste erakunde publiko zein pribatuekin dituen harremanetan dekanoari dagokion ordezkaritza-eskubideaz baliatzeko, kasu bakoitzean jarraitu beharreko arauak finkatzea, baldin eta Elkargoaren eskumeneko legezko eskubide eta egintzak badira.

c) Elkargoaren eginkizunak zuzentzea eta behar den moduan betetzen direla zaintzea.

d) Estatu, autonomia erkidego, lurralde historiko edo udalerriaren menpeko zentro ofizialei aurkibide bat igortzea, hain zuzen ere 2. artikuluaren 2.1. atalean aipatzen diren profesionalei beren lanbidean legez dagozkien ahalmen eta eskumenak zeintzuk diren gogorarazteko.

e) Lan-Batzordeak osatu, osaera zehaztu eta bertako kideak izendatzea. Elkargoak beharrezko iritzitako eginkizunak izango dituzte batzordeek.

f) Diru-sarrera eta gastuen urteko aurrekontua, kontuen egoera, balantzea eta itxitako ekitaldiaren txostena osatu eta idaztea.

g) Elkargokide berriak onartzea.

h) Batzar Nagusiaren ohiko eta aparteko bileren eta bilkura berezien gai zerrenda antolatu eta gauzatzea eta erabakiak betearaztea.

i) Estatutu hauetan zigor eta diziplina arloan ezartzen diren eskumenak erabiltzea.

j) Elkargokideen arteko gatazketan epaile lanak egitea.

k) Estatutu hauetako artikuluetan finkatzen diren gainerako eskumen eta eginkizunak eta, horietaz gain, atzeratu ezin diren aurreikusi gabekoak. Azken kasu honetan, nolanahi ere, jakinarazi egin beharko da ondorengo lehenengo Batzar Orokorrean.

23. artikulua.– Hautaketa.

Gobernu Batzordea elkargokideen botoen bidez aukeratuko da. Nolanahi ere, estatutu hauetako Laugarren Tituluan ezarritako arauei jarraituz aukeratu eta ordezkatuko dira Gobernu Batzordekideak.

24. artikulua.– Batzordekideak aldatzea.

Bi urterik behin Gobernu Batzordeko kideen erdia berrituko da, txandaka. Horretarako bi talde egongo dira: lehenengoan, dekanoa, idazkaria, diruzaina eta mahaikide bakoitiak egongo dira eta, bigarrenean, dekanordea, idazkariordea, kontu-hartzailea eta mahaikide bikoitiak.

Dagokion taldeari gehituko zaizkio, hala gertatuz gero, beste taldean hutsik dauden eta behin-behingoz bete diren postuak. Behin-behingoz betetakoak bi urteko eperako aukeratuko dira.

Kargu berean ezin izango dira elkarren segidako bi agintaldi baino gehiago egin; horretarako, estatutu hauek indarrean sartzen direnetik aurrera lortutako agintaldiak baino ez dira zenbatuko.

25. artikulua.– Kargu hutsak.

Kargu hutsa iraunkorra izanez gero, honela beteko dira karguak: dekanoaren kargu hutsa dekanordeak beteko du; dekanordearena, mahaikide zaharrenak; idazkariarena, idazkariordeak; eta idazkariordearena, mahaikide gazteenak.

Aurreko paragrafoaren ordezkapenak behin-behingoak izango dira hurrengo hauteskundeak egin arte. Hauteskundeak egin ostean behin-behingo kargu horiek hasieran aukeratuak izan ziren postuetara itzuliko dira, berez eta besterik gabe.

Kargu hutsa gainerako karguren batean gertatzen bada, Gobernu Batzordeak izendatuko ditu, hala iritziz gero, behin-behingoz postu horietan arituko direnak. Kasu horretan, haien ondoren hauteskundeetan boto gehien lortu zituzten hurrengoak aukeratuko ditu edo, bestela, batzordeak nahi duen elkargokidea, baldin eta izendatze egunean 59. artikuluan zehaztutako eskakizunak betetzen baditu. Ordezkoen agintaldia hurrengo hauteskundeetan amaituko da.

Batzordeko kide bat hauteskundeetan aurkezten bada kargu berean edo beste batean aritzeko, karguari uko egin beharko dio hauteskundeetarako deialdia egin baino lehen.

Gobernu Batzordeak jakiten duenean zenbat kargu huts eta uko izan diren, erabaki egingo du batzordekideek behin-behinean jardungo duten hautetsiek beren postua hartu arte, edo artikulua aplikatuko duen.

26. artikulua.– Kargu-uzteak gertatuz gero.

Gobernu Batzordeko kide guztiek edo kideen erdiak baino gehiagok kargua uzten badute, arrazoiak edozein direla ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari eta Ingeniari Tekniko Industrialen Estatuko Kontseiluari emango zaie horren berri, eta elkargokide zaharrenek osatuko dute, behin-behingoz, Gobernu Batzordea.

Lehen adierazitako moduan osatutako behin-behingo Gobernu Batzordeak, besteak beste, Estatutuek aurreikusten duten eperik laburrenean hauteskundeetarako deialdia egin beharko du eta hauteskundeetan aukeratutako Gobernu Batzordeko kideek postua hartzen dutenean, karguari uko egingo dio.

Behin-behingo batzordeen agintaldia ez da bost hilabetetik gorakoa izango.

27. artikulua.– Bilkuretarako deialdia.

Idazkariak egingo du Gobernu Batzordearen bilkuretarako deialdia, dekanoak erabakitzen badu edo batzordeko kideen ehuneko hogeiak, gutxienez, hala eskatzen badu.

28. artikulua.– Bilkuren aldizkakotasuna eta bertaratzea.

Gobernu Batzordearen ohiko bilerak hilabetean behin egingo dira eta horietarako deialdiak gutxienez bost (5) egun natural aurretik egingo dira. Ezohiko bileretarako deialdia gutxienez hogeita lau (24) ordu aurretik egin ahal izango da, eguneko gai-zerrendaren premiak hala eskatuz gero.

Gobernu Batzordea balio osoz eratuta geratzeko, kide guztien erdia baino gehiago bertaratu beharko dira lehenengo deialdian. Bigarren deialdia gutxienez lehenengoa baino ordu erdi geroago egingo da eta ez da gutxieneko «quorum» edo kopururik eskatuko.

Bilkuretara bertaratzea nahitaezkoa izango da. Gobernu Batzordeko kideren bat hiru bilkuretara jarraian bertaratzen ez bada justifikatutako arrazoirik gabe edo, agintaldian zehar hamar bilkuretara aldizka bertaratzen ez bada, karguari uko egiten diola ulertuko da, atzera egiteko modurik gabe. Beraz, kargu huts hori berehala bete beharko da estatutu hauetan adierazitakoaren arabera.

29. artikulua.– Erabakiak.

Gobernu Batzordearen erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengo soilaz hartuko dira, eta hor sartuko dira kide batek beste batengan eskuordetutako botoak, horrelakorik balego. Kideek beren izenean aritzeko norbait izendatzen badute idatziz jakinarazi beharko diote Elkargoko dekanoari, eta idazkariak irakurriko ditu izendapen horiek bilkura hasi baino lehen.

Bozketak pertsonalak eta zuzenak izango dira, eta isilpekoak bertaratutakoren batek hala eskatzen badu.

Berdinketa gertatuz gero Dekanoaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Gobernu Batzordearen erabakiak akta zenbakitutan jasoko dira, data-hurrenkeran, eta orri guztiak egongo dira zenbakituta. Idazkariak idatzi eta izenpetuko ditu orri guztiak, dekanoaren oniritziaz.

III. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEKO KIDEEN ESKUMENAK

30. artikulua.– Dekanoaren eskumenak.

a) Elkargoaren ordezkaritza gorena izatea eta, horretaz gain, estatutu hauek, aplikatu beharreko arauek, gobernu-organoek eta osoko bilkurako organoek esleitzen dizkioten funtzioak eta eskumenak izatea.

b) Elkargoaren edo elkargokideen defentsa egiteko beharrezkoak diren egintza, errekurtso eta erreklamazioak egitea, kasazio-errekurtsoa barne, bai epaitegi edo justizia auzitegietan bai Epaitegi Nagusian, Konstituzio Epaitegian, Europako Epaitegian eta Lehiaren Defentsarako Epaitegian eta bai agintarien eta edozein erakunderen aurrean ere. Prokuradoreei eskuordetzeak edo eskumenak eman ahal izango dizkie eta letratuak izendatu ahalko ditu.

c) Gobernu Batzordeetan eta Elkargoaren batzar nagusietan lehendakari aritzea.

d) Gobernu Batzorde eta Batzar Orokorraren bilkuretarako deialdia egin eta horien gai-zerrenda finkatzea; azterketak eta eztabaidak antolatzea, eta berdinketa gertatuz gero bere kalitatezko botoaren bidez ebaztea. Eta, orobat, organo bien bilkurak hastea, indargabetzea edo amaitzea.

e) Elkargoaren araudi eta estatutuetan emandako aginduak bai eta elkargoak eta elkargoa kide den goragoko elkargoen kontseiluek emandako ebazpen eta xedapenak betetzen direla zaintzea.

f) Gobernu Batzordeek eta Batzar Orokorrek beren aktak onartu ostean akta horiei onarpena ematea, bere sinaduraz.

g) Elkargoak antolatzen dituen biltzar, jardunaldi, ikastaro eta sinposiumen bilkuren buru aritzea eta bilkurak zuzentzea.

h) Sor daitezkeen Lan Batzordeak koordinatzea.

i) Elkargokideen txartelak baimentzea.

j) Idazkariak ematen dituen ziurtagiri guztiak ikus-onestea.

k) Ordainketak, ordainketa-baimenak, banku-taloiak eta -txekeak baimentzea. Hala ere, dekanoa ez dagoenean, gaixo dagoenean edo kargua hutsik dagoenean dekanordeak bete ahal izango ditu eginkizun horiek, edo bestela, berariaz egindako eskuordetzek eta ahalordetzek, beharrezko diren mugekin beti ere.

l) Ordainagiriak, banku-ordainketak eta -kontuak sinatzea, diruzainarekin eta kontu-hartzailearekin batera eta gutxienez haietako batekin.

m) Kontabilitate-liburuak eta izaera ofizialeko beste edozein agiri edo liburu legeztatzea, legeek finkatutako legezkotasunaren aurka joan gabe.

n) Elkargoak agintari, korporazio edo norbanakoei ofizialki zuzendu beharreko txosten edo jakinarazpenetarako baimena ematea.

o) Bankuko kontu korronteak ireki eta ixteko beharrezko agiriak sinatzea.

p) Gobernu Batzordeko gainerako kideei karguaren jabegoa ematea.

31. artikulua.– Dekanordearen eskumenak.

Dekanordeak dekanoak eskuordetzen dizkion egiteko guztiak beteko ditu eta dekanoa ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean lehendakariaren egitekoak beteko ditu.

32. artikulua.– Idazkariaren eskumenak.

Elkargoaren idazkariari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Elkargoko Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorren bilkuretako aktak egin, eman eta sinatzea. Eta, orobat, akten berri ematea, onartuak izateko.

b) Elkargoaren organoetako bilkuretan aztertu beharreko edo dekanoak haren esku utzitako gaiei buruzko informazioa ematea eta gaiei buruzko dokumentazioa prestatzea.

c) Gobernu Batzordeko kide guztien kargu-jabetzearen eta karguaren beraren fedea ematea.

d) Ziurtagiriak ematea.

e) Urteko memoria idaztea.

f) Aginduak, izapide hutsezko ohiko posta eta gainerako administrazio-agiriak sinatzea berak bakarrik edo, beharrezko izanez gero, dekanoarekin batera.

g) Elkargoaren agirien artxiboa eraman eta zaintzea.

h) Gobernu Batzordearen eta Ohiko eta Ezohiko Batzar Orokorren bilkuretako akten erregistro eta artxiboa eraman eta zaintzea.

i) Elkargokideen erregistroaren kontrola egitea, bere kabuz edo berak eskuordetutako bulego-langileen laguntzaz.

j) Elkargokideen zigorren erregistroa eramatea.

k) Elkargoko administrarien eta menpekoen buru aritzea, eta langile horiek dituzten bariazko eginkizunak eta Gobernu Batzordearen erabakiak betearaztea.

l) Elkargoaren administrazio-jardun egokia lortzeko edonolako ekimen eta jarduerak proposatzea eta kudeatzea.

33. artikulua.– Idazkariordearen eskumenak.

Idazkariordeak idazkariak ematen dizkion egiteko guztiak beteko ditu, eta, idazkaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean haren egitekoak beteko ditu.

34. artikulua.– Diruzainaren eginkizunak.

Elkargoko diruzainak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Elkargoaren funtsak bildu, babestu eta kudeatzea. Funtsen arduraduna izango da, Gobernu Batzordearen iritziz justifikatuta eta ezinbestekoa denean salbu; kasu horietan Batzordeak berak finkatuko ditu funtsak bermatu eta segurtatzeko neurriak.

b) Beharrezkoak diren ordainketa-aginduak ematea, dekanoaren oniritziarekin edo Gobernu Batzordeak izendatutako pertsonarekin batera, eta diruzaintzaren edo Elkargoaren banku-kontuen gaineko ordainketa-aginduak izenpetzea.

c) Ordainagiriak izenpetzea, kobrantzak jasotzea eta, dekanoaren edo Gobernu Batzordeak izendatutako pertsonaren baimena jaso ostean, ordainketak egitea.

d) Ordainagiriak, ordainketak eta banku-kontuak sinatzea, dekanoarekin eta kontu-hartzailearekin batera eta gutxienez bi horietakoren batekin.

e) Elkargoaren ohiko arretarako beharrezko funtsa prest edukitzea.

f) Gobernu Batzordeari elkargokideek ordaindu ez dituzten kuota edo kargen berri ematea, ordain ditzatela eskatzeko edo, hala badagokio, elkargoan baja emateko.

35. artikulua.– Kontu-hartzailearen eskumenak.

Hauek dira kontu-hartzailearen eginkizunak:

a) Elkargoaren legezko kontabilitate-liburuak edo -zerrendak eramatea, bere kasa edo elkargoaren kanpoko aholkularitza baten bidez, Gobernu Batzordeak hala onartzen badu.

b) Urteko balantzearekin batera dagozkien diru-sarrera eta gastuen kontuak izenpetzea eta Gobernu Batzorderi aurkeztea, Ohiko Batzar Orokorrak onar ditzan.

c) Ordainagiriak, ordainketak eta banku-kontuak sinatzea, dekanoarekin eta diruzainarekin batera eta gutxienez bi horietakoren batekin.

d) Elkargoaren aurrekontuak idaztea Ohiko Batzar Orokorrean aurkezteko eta batzarraren onarpena jasotzeko.

e) Elkargokide guztiei urteko txostenaren bidez elkargoaren egoera ekonomikoaren balantzearen berri ematea.

36. artikulua.– Batzordekideen eskumenak.

Hauek dira Gobernu Batzordeko kideen eginkizunak:

a) Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrei laguntza ematea eta beroiek ordezkatzea, eskuordetze bidez, titularrak ez daudenean, gaixorik daudenean edo kargu horiek behin-behingoz bete gabe daudenean. Egoera horietan, titularren eskumen berberak izango dituzte.

b) Gobernu Batzordeko karguek aztertu edo ebatzi behar dituzten gaiei buruzko aholkuak ematea.

c) Elkargoaren egoitzara joatea, emandako eginkizunak eta agian sor daitezkeen gertakizunak behar bezala betetzeko.

d) Dekanoak edo Gobernu Batzordeak ematen dizkien eginkizunak betetzea.

e) Elkargoaren Gobernu Batzordearen bilkuretan esku hartzea. Bilkuretan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute.

IV. KAPITULUA
BESTE ORGANO ETA KARGUAK

37. artikulua.– Gobernu batzordeko batzorde iraunkorra.

Gobernu Batzordeak batzorde iraunkor eskuordetu bat izango du, presako gaien eta garrantzizkoen ardura hartzeko.

Batzorde Iraunkorra Gobernu Batzordeko lau kidek osatuko dute, eta horien artean dekano edo dekanordeak eta idazkari edo idazkariordeak egon beharko dute derrigorrez, eta guztiek egon beharko dute bilera osatu eta egiteko.

Erabakiak gehiengo soilez hatuko dira.

Batzorde Iraunkorrak bere jardueraren berri emango dio Gobernu Batzordeari, azken horren hurrengo bilkuran.

38. artikulua.– Lan batzordeak eta ordezkaritzak.

Gobernu Batzordeak, beharrezko baderitzo edo horren ardura jasotzen badu, lan batzordeak sortu ahal izango ditu jarduera, azterlan, proposamen eta gainerako kudeaketa lagungarriak egiteko.

Elkargoaren Gobernu Batzordeak 11. artikuluaren arabera izendatutako bozeramale batek eta batzordeak berak izendatutako pertsonek osatuko dituzte lan-batzordeak. Bozeramaleak egingo du dagokion lan-batzorderako deialdia eta bera arituko da batzordeko buru, bere kabuz edo bi kidek edo gehiagok hala eskatzen badute, eta bere jarduera, emaitza eta ondorioen berri emango dio dekanoari. Elkargoko Gobernu Batzordeak, hala irizten badio, lan batzordeko kide guztiei deitu ahal izango die.

39. artikulua.– Idazkaritza tekniko administratiboa.

Elkargoak idazkaritza tekniko bat izango du, Gobernu Batzordeak izendatutako pertsona batek edo zenbaitek osatutakoa.

Gobernu Batzordeak ebatziko ditu idazkaritza horren osaera, eskumenak eta gainerako ezaugarriak. Batzordearen laguntzarako organoa izango da beti eta, halaber, Elkargoaren eta elkargokideen arteko koordinazio, informazio eta harremanetarako organoa.

40. artikulua.– Ordezkaritzak eratzeko modua.

Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak bidezko iritzitako ordezkaritzak eratu ahal izango ditu, bere esparruko eskualdeen ezaugarriak eta elkargokideen kopurua oinarri hartuta.

V. KAPITULUA
OHIKO BATZAR OROKORRAK ETA EZOHIKO BATZAR OROKORRAK

41. artikulua.– Batzar orokorra.

Elkargoaren Batzar Orokorra elkargoaren osoko bilkura da eta organo gorena; eskubide osoz elkargoari atxikitako elkargokide guztiek osatzen dute, lanbidean jardun ala ez.

42. artikulua.– Batzar orokorraren eskumenak.

Hauek dira Elkargoaren Batzar Orokorraren eginkizunak:

a) Ohiko bilkuretan:

1.– Batzar Orokorretako Aktak onartzea, bidezkoa izanez gero.

2.– Aurreko ekitaldiko kontuen egoera, balantze ekonomikoa eta guzti, txostena eta Gobernu Batzordearen kudeaketa jakin, aztertu, eztabaidatu eta onartzea, bidezkoa izanez gero.

3.– Ekitaldiaren aurrekontua onartzea, bidezkoa izenez gero.

4.– Kontuak Berraztertzeko Batzordea izendatzea.

5.– Gobernu Batzordeak edo elkargokideek gai-zerrendan sartutako proposamenak onartzea, bidezkoa izanez gero, estatutu hauetako 41. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Ezohiko bilkuretan:

1.– Elkargoa arautuko duen araudia onartzea, bidezkoa izanez gero, baita etorkizunean araudietan izan daitezkeen aldaketak ere, hala badagokio.

2.– Gobernu Batzordeko kide eta karguak hautatzea, estatutu hauetan ezarritako hauteskunde-jarraibidearen arabera.

3.– Estatutuak onartu eta aldatzea beraietan finkatutako prozedurari jarraituz.

4.– Aparteko kuotak onartzea.

5.– Aparteko gastuak onartzea; hau da, aurrekontu orokorretan sartu gabekoak eta Gobernu Batzordeak, izaeragatik, beharrezkotzat jotako gastuak.

6.– Komenigarritzat jotako elkargo-zerbitzuak ezartzea.

7.– Lanbidean aritzeko arau orokorrak finkatzea, betiere legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz eta, beste Lanbide-Kontseiluren bateko kide bada, Kontseilu horietako arauei jarraituz, halakorik izanez gero.

8.– Gobernu Batzordeak ordezkaritzak eratzeko egindako proposamenak onartzea.

9.– Aurrekontu orokorretan sartuta ez dauden eta Gobernu Batzordeak, garrantziagatik edo izaeragatik, beharrezkotzat iritzitako aparteko gastuak onartzea, bidezkoa izanez gero.

10.– Elkargoaren desegitearen eta likidazioaren berri jakitea eta, hala badagokio, horiek onartzea, estatutu hauen Zazpigarren Tituluak ezarritakoaren arabera, betiere legeek horretarako bide ematen badute.

11.– Estatutu hauek, legeek edo araudiek aginduta bere eskumenekoak diren errekurtsoen berri jakitea eta horiek ebaztea.

12.– Legeetan, estatutu hauetan edo beste elkargo-araudietan jasota dauden edo ezar daitezen gainerako eskumenak.

43. artikulua.– Batzar orokorretarako deialdia.

Gobernu Batzordeko idazkariak bideratuko ditu Ohiko Batzar Orokorretarako deialdiak, dekanoaren oniritziarekin. Horretarako, idazki bat bidaliko die elkargokide guztiei, gutxienez hamabost (15) egun natural lehenago.

Urteko azken hiruhilekoan Ohiko Batzar Orokor bat egingo da hurrengo ekitaldiko aurrekontua onartzeko, eta urteko lehenengo sei hilabetekoan beste bat, 40. artikuluaren arabera.

Ezohiko Batzar Orokorretarako deialdiak Gobernu Batzordeak eskatzen duenean edo elkargo-kideen % 20k idatziz eskatzen dutenean egingo dira. Deialdian zehaztu beharko dira batzarraren zergatiak eta aztertu beharreko gaiak, eta ezin izango da aztertu deialdiaren gai-zerrendan adierazi ez den gairik.

Ezohiko Batzar Orokorretarako deialdiak ere hamabost (15) egun natural aurretik egingo dira eta, presa eta premia handiko gaiak aztertu behar badira, gutxienez bost (5) egun natural aurretik.

44. artikulua.– Batzar orokorrerako proposamenak.

Ohiko Batzar Orokorra egin baino zortzi (8) egun natural lehenagora arte elkargokideek Batzar Orokorrean eztabaidatu eta ebatzi beharreko gaiak aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, elkargokideen ehuneko hiruren (% 3) sinadura beharko dute eta gai zehatzak Batzar Orokorrari zuzenduko dizkiote idatziz. Eskakizun guztiak betetzen dituzten proposamen guztiak gai-zerrendan sartu beharko dira, «Eskaerak eta Galderak» atalaren aurrean. Batzar Orokorra eratu ostean batzarrak berak ebatziko du, bertaratutakoen gehiengo soilez, puntu horiei buruzko eztabaida zabaltzea bidezkoa den ala ez.

45. artikulua.– Batzar orokorretara bertaratzea.

Elkargoko kide diren aldetik eskubide guztiak dituzten elkargokideak bertaratu ahal izango dira Ohiko Batzar Orokorretara eta Ezohiko Batzar Orokorretara, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin.

46. artikulua.– Batzar orokorrak eratzea.

Batzar Orokorra balio osoz eratuta geratzeko, kide guztien erdia baino gehiago bertaratu beharko dira lehenengo deialdian. Bigarren deialdia lehenengoa baino ordu erdi geroago egingo da eta ez da gutxieneko «quorum» edo kopururik eskatuko.

Batzar Orokorraren erabakiak, oro har, bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira, botoa norberak eman beharko du eta ezin izango da inoren izenean botorik eman Nolanahi ere, estatutu hauetan aurreikusitako gai jakin batzuei buruzko erabakiak arau horretatik kanpo geratzen dira (estatutuak aldatzea, elkargoaren desegitea eta likidazioa eta abar).

Batzar Orokorrak elkargoaren egoitzan egingo dira edo, Gobernu Batzordeak hala iritziz gero, aldez aurretik adostu eta batzordeak berak deialdian zehazten duen tokian.

Batzar Orokorretan elkargoko dekanoa arituko da buru, eta Gobernu Batzordeko idazkaria arduratuko da akta egiteaz. Akta bilkuraren amaieran edo hurrengo bilkuraren hasieran onartuko da.

47. artikulua.– Kontuak berrikusteko batzordea.

Bi elkargokidek osatuko dute Kontuak Berraztertzeko Batzordea eta horien izendapena Ohiko Batzar Orokorrera bertaratutako elkargokideen gehiengo soilak egingo du.

Ordezko kideak modu berean izendatuko dira.

Batzorde horren indarraldia urtebetekoa izango da, baina batzordekideak berriro ere izendatu ahal izango dira, Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu.

Elkargoaren kontabilitatearen egoera berraztertu eta ikuskatzea izango ditu eginkizun nagusi; eta, horretarako, idazkariaren, kontu-hartzailearen, elkargoko administrazio eta kontabilitate arloko langileen eta, halakorik balego, kanpoko aholkularitza tekniko eta kontabilitatekoaren laguntza izango du nahitaez.

VI. KAPITULUA
IZAPIDEAK, IKUS-ONESPENA ETA LANBIDE-LANSARIAK

48. artikulua.– Gobernu batzordearen eginkizuna.

Gobernu Batzordeak, bere kabuz edo Lanbidean Aske Jarduteko Batzordearen edo Elkargoko Idazkaritza Teknikoaren bidez, legeztatu, erregistratu eta bisatu beharko ditu Industria Perituek, Ingeniari Teknikoek, Graduko Unibertsitate Tituludunek eta horretarako gaitasuna aitortzan zaien bestelako tituludunek bezeroak eskatuta aurkeztu beharreko lanbide izaerako lan eta agiriak, edota, 1000/2010 Errege Dekretuaren zerrendan egoteagatik, derrigorrez ikus-onetsi beharrekoak direnak.

Ikus-onespenaren bitartez egiaztatuko da, betiere, lana nork egin duen eta egile horrek zer titulazio, gaitasun edo gaikuntza duen, bai eta lanaren eduki formala eta indarreko legeak hausten ez dituzten beste alderdi guztiak ere.

a) Ikus-onespenaren helburua da dokumentazioa zuzena dela ziurtatzea.

b) Lanak argi eta garbi adierazi beharko du zer xede duen.

c) Ikus-onespenak oso argi zehaztu behar du zer alderdi kontrolatuko diren.

d) Elkargoak zer ardura hartzen duen bere gain adierazi beharko du. Alde horretatik, Elkargoak ikus-onetsitako lan profesional batek sortutako kalteen erantzukizuna bere gain hartuko du elkargoak subsidiarioki, baldin eta lan profesionala ikus-onestean elkargoak nabarmendu beharreko akatsen ondorioz sortu badira kalte horiek eta kalteek zuzeneko lotura baldin badute lan zehatz horretan ikus-onetsitako elementuekin c) atalarekin bat etorriz.

e) Ikus-onespenak ez du jasoko elementu fakultatibo teknikoen kontrola.

f) Elkargoak egiaztatu egingo du aseguratzeko betebeharra betetzen den, legez ezarrita dagoen, eta ez du gainetik ezarriko elkargokideak hautatu beharreko aseguru-konpainia.

Ikus-onespen horretan ez dira sartuko ordainsariak eta kontratuko gainerako baldintzak; horiek zehaztea parteen esku utziko da.

49. artikulua.– Lanbide-sariak kobratzeko kudeaketa.

Elkargokideak, proiektuarekin batera hitzartutako lansariak dituen enkargu-inprimakia behar bezala beteta aurkezten badu eta elkargoari lansari horiek kobratzeko eskatzen badio, horrela adierazi beharko du berariaz. Elkargoak, kasu horietan, beharrezko eginbide guztiak gauzatuko ditu dagokiona kobratzeko eta elkargokidearen esku jarriko du diru-zenbatekoa.

III. TITULUA
ELKARGOAREN DIZIPLINA-ARAUBIDEA

50. artikulua.– Diziplina-ahalmena nork duen.

Eraginpeko pertsona Elkargoko bertako kide denean, Elkargoari dagokio diziplina-ahalmenaz baliatzea. Eraginpeko pertsona Gobernu Batzordeko kide denean, ahalmen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari dagokio.

51. artikulua.– Zigor-prozeduraren faseak.

Zigor-prozedurak bi fase izango ditu: instrukzioarena eta erabakiarena, eta organo desberdinei emango zaie horien ardura.

Gobernu Batzordeak ofizioz has dezake prozedura, edo alde interesatu batek eskatuta salaketa-idazki baten bidez, betiere salatutako ekintzetan funtsezko zantzuak edo susmoak badaude.

52. artikulua.– Instrukzio-fasea.

Elkargoaren Gobernu Batzordeak instruktore bat izendatuko du, prozedura sustatu eta izapidetu dezan. Batzorde horretako kidea izan daiteke edo ez, instruktore hori. Instruktorea Gobernu Batzordeko kidea bada, ondoren zehaztutako eginbide guztiak egin eta erabakia hartu behar duen organoari helarazi ondoren, uko egingo dio, derrigorrez, ebazpen-prozesuan parte hartzeari.

Instruktoreak karguen plegua idatziko du, eta horren berri emango zaio interesdunari, hamabost egun balioduneko epean egozten zaizkion karguei buruzko deskargu-idazkia eta frogabideak aurkez ditzan.

Egotzitako karguei buruzko frogak aztertu ondoren, interesdunei entzunaldia emango zaie, eta instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du. Interesdunari horren berri emango zaio, hamabost egun balioduneko epean azken alegazioen idazkia presta dezan. Epe hori igarotakoan, idazkia aurkeztu ala ez, idazkariak organo erabakitzaileari igorriko dizkio jarduera egiaztatu guztiak.

53. artikulua.– Zigor-espedienteari buruzko ebazpena.

Zigor-espedientea ebazteko organo eskuduna Elkargoaren Gobernu Batzordea izango da, eta espedientea jaso eta hilabeteko epean gehienez bildu beharko da erabakia hartzeko.

Eraginpekoari behin betiko ebazpenaren berri emango zaio eta horrek jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean errekurritzeko aukera izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari zuzenduta. Kontseilu horretako Gobernu Batzordeak errekurtsoa jaso eta bi hilabeteko epea izango du, gehienez, ebazpena emateko. Ebazpenak administrazio-bidea amaituko du baina, hala ere, jurisdikzio eskudunaren aurrean errekurritu ahal izango du interesdunak.

54. artikulua.– Arau-hauste motak.

Elkargoko Gobernu Batzordeak zigortu ditzakeen arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

a) Arau-hauste arinak:

1.– Dagokion elkargoaren edo kontseiluen estatutu-arauak edo ebazpenak betetzean ardura-gabekeriaz jokatzea edo horiek urratzea, berez arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

2.– Gobernu Batzordeak eta Batzar Orokorrak agindutako lanak edo eginkizunak justifikaziorik gabe ez onartzea, elkargoari ezarritako egitekoei dagokienez.

3.– Elkargoaren Gobernu Batzordeko kideekin, bertako langileekin edo, elkargoa kontseiluren bateko kide denean, kontseilu horretako korporazio-organoetako kideekin begirunerik ez izatea edo haiek iraintzea beren egitekoak betetzean ari direla, bai eta lankideekin horrela jokatzea beren lanbidean ari direla.

b) Arau-hauste astunak:

1.– Elkargoaren edo Kontseiluaren arauak edo horietako organoen erabakiak engainuz ez betetzea.

2.– Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzat kalterik badakar.

3.– Elkargoko kide den profesionalak ezagutzen dituen arauz kanpoko intrusismo profesionaleko kasuen berri elkargoari emateko duen betebeharra ez betetzea.

4.– Asegurua izateko betebeharra ez betetzea, legeek ezinbestekoa dela xedatzen badu.

5.– Elkargokide den aldetik dituen diru-eginbeharrak ez betetzea.

6.– Lanbideko, organo kolegiatuetako edo Kontseiluko gainerako kideak gogor iraintzea edo haiekin modu larrian begirunerik gabe jokatzea.

7.– Bidegabeko lehia dakarten ekintzak.

8.– Elkargoen edo Kontseiluaren ohiko jarduna eragotzi edo nahasten duten ekintzak edo jokaerak.

9.– Arau-hauste arinen ondorioz bost zigor edo gehiago jaso izana bi urteko epean.

c) Arau-hauste oso astunak:

1.– Lanbidean aritzea horretarako legezko titulurik izan gabe, edo bateraezintasuna dakarkion arrazoirik badago.

2.– Lanbidearen jardunean edo horretaz baliatuz engainuzko delituak egitea, partaidetza edozein dela ere.

3.– Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek duintasun edo etika profesionalari edo zerbitzu profesionalak eskatu edo hitzartu dituztenei kalte larriak badakarzkie.

4.– Sekretu profesionala urratzea.

5.– Kode Penalaren 403. artikuluan jasota dagoen intrusismo profesionala estaltzea.

6.– Bi urteko epean, gutxienez bi arau-hauste astun egitea.

55. artikulua.– Zigorrak.

Diziplina-zigorrak, arau-hausteak bezala, arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke, eta halaxe daude sailkatuta.

a) Zigor arinak: idatzizko ohartarazpena eta gehienez 300 euroko isuna.

b) Zigor astunak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urtebeterako gehienez, eta 300 eta 3.000 euro arteko isuna.

c) Zigor oso astunak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urtebete eta egun bat eta 20 urteren artean, eta 3.000 eta 30.000 euro arteko isuna.

56. artikulua.– Zigorrak ezartzeko arauak.

1.– Arau-hausleak zigorra eragin duten jardueren eskutik etekin ekonomikorik atera badu, isuna handiagoa izan daiteke, eta aurreko artikuluan ezarritako gehienezko kopuruari etekin ekonomiko horri kalkulatzen zaion muntaren bikoitzeraino gehitu ahalko zaio.

2.– Zigorrak kasuan kasuko zehaztasunen arabera graduatuko dira eta ezarriko dira; horrek ez du baztertzen zigortuak bestelako erantzukizunik izatea.

3.– Lanbide-ezgaitasunaren kasuan, zigorraren berri emango zaie zigortutako elkargokidearen jarduera-esparruko organismo, erakunde eta enpresei.

4.– Elkargoak zigorrak erregistratzeko liburu bat izango du, eta Gobernu Batzordeko idazkariak izango du liburu horren ardura.

57. artikulua.– Preskripzio-epeak.

1.– Arau-hausteena:

1.1.– Arau-hauste oso astunek hiru urtera preskribituko dute, astunek bi urtera, eta arinek urtebetera; epea arau-haustea egin zen egunetik hasiko da.

1.2.– Zehapen-prozeduraren bat hasiz gero, eta interesduna horren jakitun bada, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada ustezko arau-hausleari egoztekoa, preskripzio-epea berriz hasiko da zenbatzen.

2.– Zigorrena:

2.1.– Hutsegite oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute, hutsegite astunengatik ezarritakoek bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek urtebetera.

2.2.– Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

2.3.– Zigorra betearazteko prozeduraren bat hasiz gero, interesduna horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da; alabaina, betearazte-prozedura sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta geldirik egotearen errua ez bada arau-hauslearena, berriro hasiko da epea zenbatzen.

IV. TITULUA
ELKARGORAKO HAUTESKUNDEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

58. artikulua.– Xedapen orokorra.

Titulu honetan jasotakoak Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria-adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofizialaren jardun-eremuan izango du eragina, hain zuzen ere Gobernu Batzordea eta gainerako ordezkariak hautatzeari eta ordezteari dagokionez.

II. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA HAUTATZEA

59. artikulua.– Berritzea.

Estatutu hauetako 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan jasotakoaren arabera berriztatuko da Gobernu Batzordea.

Idatziz eta sekretupean emango dute beren sufragioa elkargokideek, bai beraiek botoa ematera joanda edo, bestela, postaz. Botoa postaz ematen badute, titulu honetan horretarako ezartzen diren bermeak hartuko dira aintzat.

60. artikulua.– Deialdia.

Dagokion urteko lehenengo seihilekoan egingo da hautaketa, aldez aurretik Gobernu Batzordeak horretarako deialdia egin ostean. Deialdi horren berri eman beharko zaie elkargokide guztiei eta iragarki-taulan jarri beharko da. Deialdiaren datan sufragio aktiborako eskubidea duten hautesleen zerrenda ere argitaratuko da iragarki-taulan.

Deialdian honako informazio hau adierazi beharko da: zer kargu hautatuko diren, hautagaitzak aurkezteko azken eguna zein den, horiek aldarrikatzearen eta ezeztearen aurkako errekurtsoak eta hauteskundeak zer egunetan, ordutan eta lekutan egingo diren. Honako epe hauek bete beharko dira:

1.– Hamabost (15) egun natural hautagaitzak aurkezteko.

2.– Gobernu Batzordeak berehala aldarrikatuko ditu hautagaiak.

3.– Hogeita bost (25) egun natural aldarrikatutako hautagaien hauteskunde-propaganda gauzatzeko.

4.– Egun bat (1) bozketa eta boto-zenbaketa egiteko.

61. artikulua.– Hauteslea.

Deialdiaren egunean Elkargo honetako kideen eskubideak dituztenak eta beren betebeharrak egunean dituztenak izango dira hautesle.

62. artikulua.– Hautagaia.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten elkargokideak izan daitezke hautagai:

1.– Hautesle izatea.

2.– Elkargo honetako kide gutxienez urtebete segidan izatea, hautaketarako jarritako egunean. Dekanoaren kargurako, ostera, derrigorrezkoak izango dira bi urte.

3.– Hautaketako garaian zuzendaritzako kargurik ez betetzea Gobernu Batzordean. Kargurik izanez gero, hautagaiak utzi egin beharko luke, 26. artikulua betez.

4.– Lan-kontratu bidezko inolako loturarik ez izatea Elkargoarekin, ez hauteskunde-aldian ez azken lau (4) urteetan.

5.– Hauteskunde-prozesuan gaitasungabetuta ez egotea.

6.– Elkargoaren aurkako inolako epaiketa- edo gatazka-prozesutan sartuta ez egotea hauteskunde-aldian.

7.– Edozein modutan lanbidean aritzea, salbu eta bokalen kasuan, horiek erretiroa hartu duten elkargokideek bete baititzakete.

63. artikulua.– Hautagai izateko eskabidea aurkeztea.

Hautagai izateko eskabidea idatziz egin beharko diote Gobernu Batzordeari, deialdian horretarako ezarritako epearen barruan egin ere.

Hautagaitza zein kargutarako aurkezten duen agertu beharko du hautagaiak eskabidean. Izen bera ezingo da aurkeztu bete beharreko lanpostu bat baino gehiagotarako.

Dekanoaren kargurako, gutxienez elkargokideen % 3ren abala beharko dute hautagaiek; elkargoarekiko betebeharrak egunean dituzten kideen abala, betiere.

Salbuespen gisa, dekano-kargurako hautagairik aurkeztu ez bada hautagaitzak aurkezteko ezarritako epea amaituta, hasieran eskatutako abalen ehuneko hori ehunekora murriztu ahal izango da, baldin eta Gobernu Batzordeak botoen bi herenerako onartzen badu, eta hautagaiak aurkezteko beste epe bat irekiko da, gutxienez 7 egun naturalekoa, elkargokide guztiei baldintza berria berriz jakinarazi ondoren.

Elkargokide bakoitzak postu bakoitzeko hautagai bakarra abalatu ahal izango du.

64. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.

Hautagaitzak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztu direnak aztertuko ditu Batzordeak. Behar diren baldintzak betetzen dituztenak aldarrikatu egingo ditu, eta arauzko baldintzak betetzen ez dituztenak, aldiz, baztertu.

Ezezko ebazpenen berri emango die Batzordeak interesatuei, eta horretarako egon diren arrazoiak ere jakinaraziko dizkie. Erabaki horien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluan. Hiru (3) egun balioduneko epea izango dute horretarako, Elkargoaren Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik aurrera. Batzordeak Kontseiluari aurkeztuko dizkio errekurtsoak, bere txostenarekin eta beste aurrekariekin batera, errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo hiru (3) egun balioduneko epearen barruan. Kontseiluaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakien aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu; dena dela, erabakion oinarrian egon diren ekintzak berriro ere agertu ahal izango dira hautesleen aldarrikapen-ekintzaren aurka egiten bada.

65. artikulua.– Hautagai izatea.

Aldarrikatutako hautagaiak hautatu ahal izango dira, eta horien zerrenda Elkargoko iragarki-oholean jarriko da, gutxienez hauteskunde-eguna baino hogeita bost (25) egun lehenago; bide batez, hauteskunde-prozesurako erabiliko diren arauak ere gogoraraziko dira. Era berean, zerrendak eta oinarrizko arauak elkargokideei bidaliko zaizkie ohiko prozeduraren bidez.

Kargu bakoitzerako hautagaiak hurrenkera alfabetikoan agertuko dira hautagaien zerrendan.

66. artikulua.– Hautagaien berehalako aldarrikapena.

Karguren baterako hautagai bakarra aurkeztuko balitz, berori aldarrikatuko litzateke beste ezeren premiarik gabe; hautagaien zerrendetan agertu beharrik ere ez luke izango.

Bete behar diren kargu guztietan gertatuko balitz egoera hori, berehala aldarrikatuko lirateke hautagaiak; hots, ez litzateke egingo bozketarik. Botoa emateko hasiera batean jarritako egunaren hurrengo hamabost (15) egunen barruan hartuko lituzkete hautagai horiek beren karguak.

Karguren baterako hautagairik aurkeztuko ez balitz, Gobernu Batzordeak, hautaketa-prozesua amaitu eta kide berriek beren kargua hartu ostean, Estatutu hauetako 25. artikuluan ezarritakoaren arabera jardun beharko du hutsik geratutako lanpostuak betetzeko.

III. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-ALDIA

67. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina hasi eta amaitzea.

Hautagaiak aldarrikatu eta gero hasiera emango zaio hauteskunde-kanpainari. Botoak lortzeko hautagaiek gauzatutako legezko jardueren multzoa hartuko da hauteskunde-kanpainatzat. Hauteskunde eguneko 00:00etan amaituko da kanpaina.

68. artikulua.– Hautagaiei argibideak ematea.

Hauteskunde-prozesuari loturik, elkargokideei buruzko informazioa emango die Gobernu Batzordeak hautagaiei, betiere, horretarako dauden baliabideei eta indarrean dauden legeei atxikiz.

69. artikulua.– Botoa postaz emateko aukera.

Elkargokideek postaz bidali ahal izango dituzte beren botoak. Horretarako, 64. artikuluan aipatutako hautagaien zerrendarekin batera txartel zuri bat eta tamaina ezberdineko bi kartazal jasoko dituzte, eta horiek erabil beharko dituzte nahitaez.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE-MAHAIA

70. artikulua.– Hauteskunde-mahaiaren osaera.

Hautesle bai baina hautagai eta Gobernu Batzordeko kide ez diren hiru elkargokidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Gobernu Batzordeak jendaurreko bilkuran zozketa bidez izendatuko ditu kide horiek, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar (10) eguneko epearen barruan. Hamar (10) ordezko ere izendatuko ditu bata bestearen hurrenkeran.

Izendapen horien berri berehalaxe emango zaie interesatuei eta Elkargoaren iragarki-oholean argitaratuko dira. Horien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluan, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hiru (3) egun baliodunen barruan. Ebazpen horri ezingo zaio errekurtsorik aurkeztu, betiere kontuan izanik artikuluan xedatutakoa.

71. artikulua.– Kontu-hartzailea izendatzea.

Hautagaiek kontu-hartzaile bana izenda dezakete. Elkargokidea izan beharko du kontu-hartzaile horrek eta Gobernu Batzordeak proposatu beharko du, hauteskunde eguna baino hogeita lau (24) ordu lehenago.

72. artikulua.– Egiaztagiriak.

Hauteskunde-Mahaiko kideei eta ordezkoei, baita kontu-hartzaileei ere, dagozkien egiaztagiriak bidaliko dizkie Gobernu Batzordeak. Mahaia osatzen dutenean erakutsi eta agertu beharko dituzte egiaztagiriok eta Mahaiko espedienteari erantsiko zaizkio.

73. artikulua.– Hauteskunde mahaia eratzea.

Deialdian finkatutako egun, ordu eta lekuan osatuko da Mahaia. Boto-kontaketa amaitu eta hautetsiak aldarrikatu ostean amaituko dira bere eginkizunak.

Mahaia osatzeko beste titular edo ordezko agertuko ez balira, Gobernu Batzordeko kideekin osatu beharko litzateke.

74. artikulua.– Lehendakaria izendatzea.

Lehendakaria hiru (3) mahaikideek aukeratuko dute beren artetik.

Mahaiko lehendakariak, hala behar izanez gero, kontu-hartzaileen nortasuna eta izaera frogatzen duten agiriak aztertu eta nahikotzat joko ditu, eta, hala badagokio, onartu egingo ditu kontu-hartzaileok, beren karguari dagozkion eskubideez baliatzeko aukera izan dezaten.

75. artikulua.– Eratze-akta.

Mahaia bildu ostean eratze-akta egingo da eta mahaikide guztiek, kontu-hartzaileek barne, izenpetuko dute. Kontu-hartzaileei zein hautagai dagokien ere une horretan zehaztuko zaie.

V. KAPITULUA
BOZKETA

76. artikulua.– Bozketa hastea.

Mahaia osatu eta segidan hasiko da bozketa; eta iraun, aurreikusitako denbora iraungo du. Behin hasi eta gero, garrantzizko arrazoiren bat sortuz gero baino ezingo da atzeratu edo eten botazioa, betiere Hauteskunde Mahaiaren erantzukizunpean.

77. artikulua.– Boto-eskubidea egiaztatzea.

Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko nahitaezkoa izango da Erroldako zerrendetan inskribatuta egotea, eta hautesleak, elkargokidearen txartelaren bidez edo NAN bidez, bere burua identifikatzea.

Agiri horietatik bakar bat ere ez balu aurkeztuko hautesleak, bere nortasuna frogatuko lukeen beste agiri ofizial bat aurkeztu ahal izango du. Hala ere, Mahaiak ez balu agiri hori nahikotzat joko, ezingo luke botorik eman.

Boto-emaileak tolesturik entregatuko dio txartela lehendakariari; eta horrek hautetsontzian sartu ondoren, horren ohartarazpena egingo du hautesleen zerrendan.

78. artikulua.– Kargu bakoitzarentzako boto bat.

Bete behar den kargu bakoitzeko hautagai bati baino ezingo dio eman botoa hautesle bakoitzak.

79. artikulua.– Boto-txartela betetzea.

Botoa sekretua izango da eta Gobernu Batzordeak jarritako txartelak erabiliko dira botoa emateko. Izendatutako hautagaien izen-abizenak argi eta garbi adieraziko dira, baita horietako bakoitzak izango duen kargua ere. Ezingo da izen berbera jarri bi kargu edo gehiagotarako.

80. artikulua.– Posta bidezko botoa.

Botoa postaz eman ahal izateko txartela edo Gobernu Batzordeak horretarako prestatutako kartazalak erabili ahal izango dira, eta modu honetan jardungo da:

a) Izapidetutako txartela kartazal txikian sartuko da. Kartazala itxi ostean beste handiago batean sartuko da, alde bietatik fotokopiatutako Elkargokide txartelarekin edo NANarekin batera.

Kartazal handi hori itxi eta gero, bere atzealdean hauteslearen izena, elkargokide-zenbakia edo NAN zenbakia eta bere izenpea agertuko dira.

Kartazal hori, bere edukia barruan duela eta itxita, postaz bidaliko da, edo Elkargoan entregatuko da esandako moduan, betiere botazioa hasi baino lehen.

b) Postaz emandako botoen kartazalak Elkargoko idazkariak gorde eta zainduko ditu, eta Mahaiko lehendakariari entregatuko dizkio botazioa hasi baino lehen.

c) Botazioa itxi baino lehen Mahaiko lehendakariak ireki egingo ditu kartazal guztiak. Botoaren sekretuari eutsi beharko dio, edukia egiaztatu beharko du, eta ziurtatu boto-emailea Erroldan agertzen dela eta ez dela bertaratu botoa ematera.

81. artikulua.– Bozketa amaitzea.

Mahaiko lehendakariak, botaziorako jarritako denbora amaitu eta gero, amaitutzat joko du bozketa. Ordutik aurrera galarazi egingo du hautesle gehiago lokalean sartzea, eta ondoren, berak emango du botoa bertan daudenekin batera. Mahaiko kideak eta kontu-hartzaileak azkenak izango dira botoa ematen.

82. artikulua.– Gorabeherak.

Hauteskunde Mahaiko kideek ahalegina egingo dute hauteskunde-ekintza garbia izan dadin; eta egon daitezkeen gorabeherak gehiengo soilez ebatziko dituzte. Berdinketa denean, mahaiko lehendakariak erabakiko du.

VI. KAPITULUA
ZENBAKETA

83. artikulua.– Zenbaketarekin hastea.

Botazioa amaitu ostean lehendakariak itxitzat emango du, eta zenbaketari ekingo dio; jendaurrekoa izango da zenbaketa hori.

Hautetsontziko txartelak banan-banan aterako ditu lehendakariak. Botoak hartu dituzten hautagaien izenak eta dagozkien karguak ozenki irakurriko ditu. Ondoren, erregistratu egingo ditu bozak.

84. artikulua.– Txartel baliogabeak.

Baliogabekotzat joko dira: aldarrikatu gabeko hautagaien alde emandako boto-txartelak; botoak jaso dituzten hautagaien izenak argi eta garbi adierazten ez dituztenak; kargu jakin baterako emandako botoak, baldin eta beste kargu baterako hautagaia bada; eta kargu baterako pertsona bat baino gehiago proposatzen dituztenak.

Posta bidez eman, baina estatutu hauetako 78. artikuluan ezarritakoa betetzen ez duten bozak ere baliogabekotzat joko dira.

Aukera daitezkeen kargu guztietarako botorik ematen ez duten txartelak baliagarritzat joko dira.

85. artikulua.– Erreklamazioak.

Hautesleek Hauteskunde Mahaiaren aurrean aurkez dezaketen edozein erreklamazio ebatzi beharko du mahai horrek, eta hartutako erabakien aurka ezingo da inolako errekurtsorik aurkeztu, 93. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta betiere.

86. artikulua.– Zenbaketa amaitzea eta hautaketa baliogabetzea.

Zenbaketa amaitu ostean alderatu egingo dira, alde batetik, guztira zenbat txartel izan diren eta, bestetik, zerrendan zenbat boto-emaile adierazi diren. Hauteskunde Mahaiak hautaketa baliogabetzat jo dezake horrela jokatzen ez bada. Hori gertatuz gero, Gobernu Batzordeak beste hauteskunde baterako deia egingo du ahalik eta lasterren, gehienez ere ez hurrengo berrogeita hamar (50) egunetan.

87. artikulua.– Zenbaketa onartzea.

Zenbaketa onartu eta gero berorren kontra erreklamaziorik dagoen galdetu beharko du lehendakariak. Bat ere ez bada aurkeztu, edo aurkeztu direnak Mahaiak ebatzi ostean, emaitzaren berri ozenki emango du. Kopuru hauek adieraziko ditu: hautesleena, botoemaileena, irakurritako txartelena, baliogabeko txartelena eta txartel baliodunena, eta azken horien artean zuriz emandako botoak eta hautagai bakoitzak lortutako botoak bereiziko ditu.

Hautetsontzietatik ateratako bozen txartelak eta identifikazio pertsonalerako era guztietako agirien fotokopiak parte-hartzaileen aurrean apurtuko dira. Baliorik gabe utzi edo erreklamazioren bat izan duten txartelak salbuetsi egingo dira.

Txartelok kartazal batean sartuko dira eta Mahaiko kide guztiek eta kontu-hartzaileek izenpetuko dute kartazal hori. Ondoren, Gobernu Batzordeari bideratutako aktaren ale batekin jarriko da kartazala eta Batzordearen esku utziko da, itxita, hauteskundeen emaitza behin betikoa edo irmoa izan artean. Errekurtsoren bat aurkezten bada, kartazala Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari bidaliko dio Gobernu Batzordeak, betiere itxita.

88. artikulua.– Zenbaketaren emaitzaren akta eta gorabeherak.

Zenbaketaren emaitzaren eta botazioan jazotako gorabeheren akta egingo da, hiru aletan, eta mahaikide guztiek izenpetuko dute. Hor adieraziko da bat datozen ala ez boto-emaileen kopurua eta hautetsontzietan sartutako txartelak.

Horretaz gain, hautesleek aurkeztutako kexa, eragozpen edo erreklamazioak ere jasoko dira, eta Mahaiak horien gainean hartutako ebazpenen berri ere emango da. Bestalde, inolako erreklamaziorik egon ez bada, horrela adieraziko da aktan.

89. artikulua.– Hauteskunde-mahaiaren agiriak.

Honako agiri hauek entregatuko dizkio Gobernu Batzordeak Hauteskunde Mahaiari:

a) Mahaiaren eratze-akta.

b) Hautesleen eta boto-emaileen zerrenda.

c) Baztertu diren botoen zerrenda, hain zuzen ere, nortasuna behar bezala egiaztatu ez dutelako.

d) Kontu-hartzaileen eta Mahaiko kideen egiaztagiriak.

e) Bilkura-akta.

90. artikulua.– Kontseiluari jakinaraztea eta kontu-hartzaileentzako ziurtagiria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari bidaliko zaio aktaren aleetako bat, botazioa egin eta hurrengo berrogeita zortzi (48) orduen barruan.

Aktaren hitzez hitzeko kopia ziurtatua eskuratzeko eskubidea izango dute kontu-hartzaileek, bai eta bertan jasotzen diren alderdi guztiak ziurtatzeko eskubidea ere.

91. artikulua.– Aukeratutako hautagaiak aldarrikatzea.

Zenbaketaren baliagarritasuna aldarrikatu eta Mahaiaren aurrean aurkeztutako inpugnazioak ebatzi ondoren, aukeratutako hautagaiak aldarrikatuko ditu Mahaiak, eta hautetsiek beren kargua hartuko dute gehienez ere hamabost (15) eguneko epean.

Kargu berera aurkezten diren hainbat hautagai berdinduta gelditzen badira, Elkargoan antzinatasun handiena duena aldarrikatuko da; eta berdinketak badirau, urterik gehien dituena.

92. artikulua.– Elkargokideei emaitzaren berri ematea.

Hautaketaren emaitzak Elkargoaren iragarki-oholean jarrita jakinaraziko dira. Horretaz gain, normalean erabiltzen den informazio-sistema orokorraren bidez ere emango dira jakitera, hurrengo hamabost (15) egunetan.

93. artikulua.– Hautatuak aldarrikatzearen aurkako errekurtsoa.

Aukeratutakoak aldarrikatzeari buruz Mahaiak hartutako erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren aurrean errekurritu daiteke.

Hauteskunde-prozesuan aurkeztutako erreklamazioak erreproduzitu ditzakete errekurtso horiek. Hamabost (15) eguneko epea egongo da errekurtsoak aurkezteko, aldarrikapena egiten denetik aurrera kontatzen hasita. Alegazio guztiak jasotzen dituen idazkiz egingo dira, eta errekurtsogilearentzat bidezkoak diren frogagiri guztiekin batera aurkeztuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluak hartutako erabakien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke.

94. artikulua.– Jakinarazpena, aukeratutakoak berehalakoan aldarrikatuz gero.

65. artikuluan aurreikusitako kasuan, botaziorik ez badago, azken ekintza hori burutu izanaren ziurtagiria –Gobernu Batzordeko idazkariak emandakoa– bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari, karguaz jabetu eta hurrengo berrogeita zortzi (48) orduetan.

V. TITULUA
ERREKURTSO-SISTEMA

95. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Administrazio Zuzenbidearen araberako ekintzak –Elkargoak emandakoak– amaitu egingo dute, indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera, administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren aurretiko bide administratiboa. Horrelakoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da, horrela dagokion kasuetan.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoaz gain, Elkargoak hartutako ekintza eta ebazpenen aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren aurrean, hain zuzen ere estatutu hauetan hala jasota dagoen kasuetan.

96. artikulua.– Errekurtsoak eginkizun administratibo delegatuetan.

Elkargoak eginkizun administratibo delegatuez baliaturik emandako ekintzen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoen berri izateko eskumena du Administrazioak, eta, hain zuzen, eskumen hori aintzat hartuz ulertu behar da aurreko artikuluan xedatutakoa.

VI. TITULUA
ESTATUTUAK ERABERRITZEA

97. artikulua.– Aldatzeko proposamena.

Estatutu hauek aldatu egin daitezke. Prozesu hori abiarazteko, Gobernu Batzordeak aldatzeko proposamena aurkeztu beharko dio Batzar Nagusiari, edo bestela, gutxienez elkargokideen laurden batek egin beharko du eskaera, idatziz. Proposamen horretan, berrikustekoak diren artikulua edo artikuluak zein diren zehaztuko dute, bai eta horiek zer-nola idatzi nahi dituzten ere.

98. artikulua.– Aldaketa-proposamenak eztabaidatu eta bozkatzea.

Aldaketak onartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari eta elkargokideei emango zaie proposatutako aldaketen berri, hilabeteko epean zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten. Jendeari jakinarazteko aldia ere irekiko da, iragarkiak ipiniz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta elkargoaren lurralde-eremuan gehien saltzen diren bi egunkarietan.

Epe hori igarota, aldatzeko proposamenari zuzenketak jarri ala ez, Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egingo da, eta deialdiarekin batera elkargokide guztiei igorriko zaizkie aldatzeko proposamena eta aurkeztutako zuzenketak.

Aldatzeko proposamena edo, hala badagokio, testuari jarritako zuzenketak gauzatuko badira, Ezohiko Batzar Orokorrera bertaratutako elkargokideen gehiengoak hartu beharko du erabakia, eta botoen gutxienez hiru laurdenek osatuko dute gehiengo hori.

99. artikulua.– Kontseiluari eta administrazioari jakinaraztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseilua jakinaraziko zaio Estatutuen Aldaketa, Kontseiluak aldez aurretiko txostena presta dezan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuari ere jakinaraziko zaio, onartu dezan eta agindu bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dezan. Ondoren, dagokion erregistroan inskribatuko du aldaketaren agindua.

VII. TITULUA
ELKARGOA DESEGITEKO PROZEDURA ETA LIKIDAZIO-ARAUBIDEA

100. artikulua.– Desegiteko erabakia.

Elkargoa desegin ahal izango da aldez aurretik elkargokideen hiru laurdenek horrela erabaki badute xede horretarako deitutako Ezohiko Batzar Orokorrean botoak zuzen emanez. Desegiteko proposamenaren berri behar bezala emango zaie Elkargoa kide den Kontseilu Profesionalei, Eusko Jaurlaritzako Sail eskudunei eta Eusko Legebiltzarrari, erabakiak behar besteko berrespena izan dezan.

101. artikulua.– Batzorde likidatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Adarreko Ingeniaritza Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluak, desegiteko proposamen adostuaren berri izan ostean, Batzorde Likidatzailea eratuko du, kide kopuru bakoitiz osatua.

102. artikulua.– Aktiboak zertara bideratuko diren.

Ezohiko Batzar Orokorrak desegiteko proposamenaz hartutako erabakian zehaztu egingo da elkargoaren obligazio guztiak ordaindu eta gero gera daitezkeen ondasunak edo ondare-eskubideak zertara bideratuko diren, Batzorde Likidatzaileak hori egiaztatu eta exekutatu ahal izateko. Babestu egingo da, ordea, horri buruz Administrazio Publikoko dirulaguntza-, funts- edo baliabide-sistemaren arau erregulatzaileetan ezarritakoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Estatutu hauetako 102. artikuluan aurreikusitako eskubide eta obligazioen subrogazioa ere gauzatuko da.

103. artikulua.– Desegiteko erabakia berrestea.

Elkargo Profesional hau Eusko Legebiltzarraren Legez baino ezingo da desegin, non eta desegitearen arrazoia ez bada lehendik dauden elkargo batera edo batzuetara biltzea, edo beste elkargo berri bat edo batzuk sortzea.

Elkargoaren desegitea xedatzen duen araua argitaratu ondoren elkargoak galdu egingo du bere nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna, non eta desegitearen arrazoia ez den elkargo profesional berri bat edo hainbat eratzea; izan ere, kasu horretan, indarrean den legediaren arabera, eratze horrek indarra hartzen duenetik aurrera izango da eraginkorra desegitea.

104. artikulua.– Subrogazioa.

Elkargoa aurreko artikuluan adierazitako arrazoiarengatik desegiten bada, hau da, lehendik dauden beste elkargo batera edo batzuetara bildu delako edo beste bat edo batzuk sortu direlako, azken horiek subrogatuko dute elkargoa harreman eta egoera juridiko guztietan.

VIII. TITULUA
OHOREZKO TITULUAK EMATEA

105. artikulua.– Ohorezko sariak ematea.

Lanbidean nabarmendu direlako edo lanbideari ospea eman dioten ekintzetan parte hartu dutelako nahikoa merezimendu bereganatu dituzten elkargokideei ohorezko sariak edo bereizgarriak eman ahal izango dizkie Elkargoaren Gobernu Batzordeak.

Elkargoko kide ez den norbaiti ere eman ahal izango dio Ohorezko Saria, betiere Gobernu Batzordearen ustez egiaztatutako merezimenduak egin baditu sari hori eskuratu ahal izateko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Arabako Industria Adarreko Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeari dagozkio eginkizun hauek: Estatutu hauek arautu, garatu eta interpretatzea; eta, halaber, estatutuok betetzen direla zaintzea, horretarako behar diren aginduak eta argibideak emanez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Elkargoaren web-orrialdea izango da elkargokideei informazioa eta komunikazioak helarazteko bide ofiziala; nolanahi ere, Gobernu Batzordeak egoki irizten badio, beste bide telematiko batzuk baliatu ahal izango ditu banakako komunikazio pertsonaletarako.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Genero gramatikalaren erabilera. Estatutu hauetan, genero-erreferentzia guztiak, izenburuan zein artikuluetan, erreferentzia generikoak dira, eta emakumezkoei zein gizonezkoei egiten diete erreferentzia.


Azterketa dokumentala