201. zk., 2024ko urriaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (343 KB - 24 orri.)
- EPUB (487 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4731
AGINDUA, 2024ko urriaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntza ekonomikoak emateko deialdia egiten baita arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuak egiteko eta jarduera-eremu horietan jokabide osasungarriak sustatzeko 2024ko ekitaldian.
Osasun Sailak du osasun publikoaren eta adikzioen arloko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren arabera, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, adikzioen arloko euskal politika integrala definitzea, ekintza komunitarioa indartzea komunitateek prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen aktiboki parte hartuz, eta droga-mendekotasunak eta jokabide-adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatzea eta mantentzea.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.
Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei erantzuteko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak arlo hauek garatzen ditu: osasunaren sustapena; prebentzioa; eskaintzaren murrizketa; asistentzia; gizarte-inklusioa, eta prestakuntza eta ikerketa. Lege horren helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak eta osasunaren aldeko kultura lortzeko; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.
Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak hainbat titulu ditu, baina argi eta garbi lehentasunezkoa da Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aitortzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen baitio barne-osasunaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea, bai eta farmazia-produktuen arlokoak eta gizarte-laguntzarekin erlazionatutakoak betearaztea ere, autonomia-erkidegoaren eskumen esklusibokoak baitira (Autonomia Estatutuaren 10.12 artikulua). Lege horrek, 66.b) artikuluaren bidez, Eusko Jaurlaritzari esleitzen dio Euskadiko Adikzioen Plana, urteroko betetze-memoria eta azken ebaluazio-memoria onartu eta garatzea.
Euskadin dagoen adikzioen prebentzio-eredua eredu komunitario bat da, eta bertan dauden baliabideak optimizatzea du helburu esku-hartzearen xede diren herritarrengana iristeko. Horren harira, adikzioen esparruan nabarmendu beharrekoa da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko entitateek egiten duten lana, apirilaren 7ko 1/2016 Legeak berak aitortutakoa, eta, beraz, laguntza-lerro bat entitate horiek alor horretan egiten dituzten proiektuak sustatzera bideratuko da.
Gainera, dirulaguntzaren xede diren jarduerek bat etorri behar dute Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) edukiekin. Plan hori EAEko administrazio publikoen estrategiak eta jarduketak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna da, adikzioen prebentzioaren arloan eta haiek eragindako kaltea gutxitzearen arloan, betiere adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta integrala emateko ereduaren barruan.
Laguntza-agindu hau bat dator, halaber, 2030eko Euskadiko Osasun Planarekin, sistema sanitarioa planifikatzeko eta programatzeko tresna gorena baita. Haren bidez, osasun-arloko helburu orokorrak ezartzen dira, bai eta indarrean dagoen bitartean eskura dauden baliabideekin artatu behar diren lehentasunak ere, zeinek, oro har, politika sanitarioak definitzen baitituzte. Gizarte-premia bati erantzuteaz gain, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako lege-agindu bat gauzatzen du Osasun Planak, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan sustraituta dagoena. Osasun-plan berri horrek printzipio gidari batzuk ditu oinarri, Euskadiko herritarren osasunean eragin positiboa izateko ildo estrategikoak, politikak eta ondoriozko jarduerak gidatzeko esparru gisa. Hitz batean, planaren funtsezko helburua da Euskadi osasuntsuago bat lortzeko bidean buru izatea. Horretarako, zenbait helburu estrategiko planteatu dira: batzuk emaitzei dagozkienak, eta beste batzuk, berriz, instrumentalak. Seigarren helburu instrumentalak sei helburu espezifiko ditu; horietako bat da herritarren parte-hartzea eta osasun-arloko ekintza komunitarioa bultzatzeko ingurune sozialak sustatzea tokiko mailan, betiere biztanleen aniztasuna eta ekitate-ikuspegia kontuan hartuta.
Deialdi honi aplikatzekoa den administrazio-prozeduran bide elektronikoa baino ez da onartzen; izan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuz, pertsona juridikoak, haiek direnez deialdi honetako entitate interesdunak, behartuta daude administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko.
Deialdi hau honako xedapen hauek osatzen duten esparru juridikoaren mende egongo da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak ezartzen duenez, aldez aurretik dirulaguntzen plan estrategikoa egin behar da, eta plan estrategiko horretan, kasu bakoitzean deitu nahi diren dirulaguntzak jaso behar dira. Plan estrategiko horrek eduki jakin bat izan behar du nahitaez.
Laguntza-agindu honek bete egiten ditu Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean ezarritako jarraibideak –Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren bi plan horiek–. Plan hori Osasun Sailaren politika planifikatzeko tresna bat da, eta helburu du dirulaguntzak emanez osasuna sustatzea. Horiek horrela, Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren eranskineko 3. puntuan ageri dira planaren ardatz estrategikoak eta dirulaguntza-lerroak, eta horien artean dago agindu hau arautzen duen dirulaguntza-lerroa, helburu hauek dituena:
– Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek proiektuak egitea eta garatzea, adikzioen arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko.
2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean jasota daude halakoak; hain zuzen ere, bigarren helburu estrategikoaren barruan –adikzioak prebenitzea eta artatzea, eta arriskuak eta kalteak gutxitzea–.
Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Horrenbestez, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen eremuan 2024. urtean emango diren dirulaguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek, hain zuzen ere, arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuak egiteko dira, bai eta jarduera-eremu horietan jokabide osasungarriak sustatzeko ere.
2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:
a) Pertsonen ongizatea, arrisku-faktorerik eza eta osasun-arloko ekitatea sustatzeko sektorearteko eta erakundearteko ekintzak mantendu eta sustatzea.
b) Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) helburuetan eta jarduketa-ildoetan hobekien txertatuta dauden programak eta proiektuak mantentzea.
c) Premia berriak azalaraztea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.
d) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu- eta sistematizazio-prozedurei jarraitzea.
3.– Aginduak bete egiten ditu Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2024ko ekitaldirako Dirulaguntzen Urteko Planean ezarritako jarraibideak; plan horiek Osasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 7ko Aginduaren bidez onartu ziren, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratu baitzen: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.
Agindu honetan ezarritakoa betetzeko, 1.118.500 euro jarriko dira gehienez.
Kopuru horretatik, 236.000 euro ausazko jokoen adikzioak eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
Laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 2024. urtean adikzioen eremuko arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta jarduera-esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek –horiek soilik–, baldin eta baldintza hauek ere betetzen badituzte:
a) Legearen arabera eratuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute dirulaguntzen deialdia egin baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburua lortzea sustatu behar dute.
c) Beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dute.
d) Administrazioaren arauei egokitu behar zaizkie.
e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jarri behar dituzte.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta adikzioen esparruan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektu izango dira helburu hauek dituzten ekintzak bideratzen dituztenak:
a) Osasunerako hezkuntza sustatzea.
b) Adikzioei lotutako kalteak gutxitzea.
c) Droga-abusua eta adikzio-jokabideak murriztea.
d) Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantziarik gabeko adikzioaren bat dutenei ahalik eta informazio eta prestakuntza gehien ematea.
e) Gizartea sentsibilizatzea eta laguntza ematea, hala nola baliabideen koordinazioa, planifikazioa, diseinua eta agente komunitarioen parte hartzea sustatzea.
2.– Laguntza hauetatik kanpo geratuko dira:
a) GIBaren eta HIESaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzea xede duten proiektuak.
b) GIBa edo HIESa duten pertsonei zuzendutako proiektuak.
c) Arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edo gutxitzeko proiektuak, helburu badute arrisku txikiagoko kontsumorako materiala banatzea (xiringak trukatzea, adibidez).
5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskuratzearekin. Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu entitate onuradunak egingo duen jardueraren kostua, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak barne hartuta.
2.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen ala ez azaltzeko (zenbatekoa adieraziz); hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da.
3.– Lortutako laguntza eta dirulaguntzen guztizko zenbatekoa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa bada, soberako kopurua kendu eta dirulaguntza txikiagoa emango da.
6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den jakinarazi beharreko egintza entitate interesdunaren eskura edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo pertsona baimenduaren eskura, eta noiz izan duen hartarako irispidea; une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskura jarri dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabili beharra lege hauen bidez arautuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa –zeina bigarrenez aldatu baitzen apirilaren 21eko 55/2020 Dekretuaren bidez–.
4.– Izapidetze telematikoa eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus helbidean:
www.euskadi.eus/servicios/0032118
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko eredua eta deialdiari buruzko informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetako prozeduraren eta jarduketen arabera.
Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Esteka honen bidez kontsultatu ahal izango da zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Entitate interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira eskabideak eta horiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke, euskadi.eus-en. Eskabideak eta horiekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarria Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.
5.– Entitate eskatzaileek erabakiko dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztuko dituzten eskabideak eta horiekin batera igorri beharreko gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarria baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean.
6.– Organo kudeatzaileak behar hainbeste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, dirulaguntza eskatzen duten hirugarren sektoreko entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, entitate horiek baimenik eman beharrik gabe, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.6 artikulua eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da). Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duen entitateak aurka egin ahal izango dio datuak edo dokumentuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak lortu edo egiaztatzeari.
Ziurtagiri elektroniko aitortu baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen kasuan, ez da beharrezkoa izango inolako agiririk aurkeztea haien nortasuna egiaztatzeko.
Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
8.– Entitate onuradunek nahitaez bete behar dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan adierazitako betekizunak, eta ezingo dute egon lege horren 13. artikuluan jasota dauden egoeretan.
9.– Entitate batek onuradun izateko baldintzak betetzen dituela eta debeku-egoeretan ez dagoela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua aurkeztu ahal izango du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 eta 23.4 artikuluekin.
10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute beren burua onuradun izateko aurkezten dutenek, ordeztutako agiriak aurkeztuz edo organo kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
11.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
8. artikulua.– Eskabideetan jaso beharreko datuak.
Proiektu bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus).
Eskabideetan datu hauek agertuko dira, gutxienez:
a) Proiektua aurkezten duen entitatearen eta pertsonaren identifikazio-datuak (nor den, zer entitate ordezkatzen duen) eta kokapen-datuak (posta-helbidea, telefonoa, etab.).
b) Proiektuaren izena.
c) Entitate sustatzailea.
d) Proiektuko harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.
e) Proiektua Euskadiko Adikzioen VIII. Planean (2023-2027) nola txertatzen den, zehaztuta plan horretako zer helburu, ildo eta eremu ukitzen dituen, zeinak 2030eko Euskadiko Osasun Planean jasota baitaude, eta, era berean, proiektu bakoitzaren kostua zenbat den.
f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).
g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen entitatearen historia laburra.
i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.
j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.
k) Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.
l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik edo zuzen betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, interesdunari errekerimendu telematikoa egingo zaio, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, Guillermo Herrero Alaña, zeina batzordeburu izango baita; Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde Koldo Cambra Contin izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Patxi Cirarda Larrea izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Elena Albisua Cortazar; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Maria Blanco Egaña izango da haren ordezkoa.
– Osasun Saileko Arabako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea, Juan Carlos Fernández Crespo; Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren buru Iosune Egaña Txurruka izango da haren ordezkoa.
Kide anitzeko organoko idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artean.
Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.
3.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak eta balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, bai eta erantsitako datuak erkatzeko eta beharrezko diren egiaztapenak egiteko ere, dirulaguntzak behar bezala esleitzeko.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta Osasuneko sailburuordeari igorriko dio, onar dezan. Behin onartuta, interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
Alegazioak aztertu eta aipaturiko epea iraganda, sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, betiere egin beharreko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren.
2024ko abenduaren 30ean amaituko da agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak ebazteko epea.
4.– Laguntzak emateko ebazpenetan, entitate onuradunen betebeharrak adieraziko dira –agindu honen 5. artikuluan datoz jasota–, eta espresuki aipatuko da onuraduna behartuta dagoela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean eskatzen duen informazio guztia ematera.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe ebazpenak espresuki eta banan-banan jakinaraztea, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
6.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraikiz ematen dituen laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraz, ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, dena delako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
11. artikulua.– Esleipen- eta haztapen-irizpideak.
1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balorazio-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:
a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.
b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jarduerak zenbat biztanleri erantzungo dion: 10 puntu, gehienez.
c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetzan arituz eta sareko lana eta protokolo komunak sustatuz: 5 puntu, gehienez.
d) Proposatutako jardueraren izaera berritzailea, edo, aurreko urtearekin alderatuta, proiektuan hobekuntza berritzaileak txertatzea, eta horrek guztiak laguntzea ideia, antolamendu-egitura, esperientzia eta metodologia berritzaileak abian jartzen: 5 puntu gehienez.
e) Entitatearen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasunari eta jasangarritasunari dagokienez: 6 puntu, gehienez.
f) Entitate horiek zehatz bete eta justifikatu izana lehendik diruz lagundutako proiektuak: 5 puntu, gehienez.
g) Entitate eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 5 puntu, gehienez.
h) Ebaluazioaren kalitatea, hau da, helburu operatiboen eta datuak biltzeko metodoaren artean koherentzia egotea: 12 puntu, gehienez.
i) Proiektuak nolako eragina duen bereziki kalteberak diren taldeetan, kontuan izanik zenbait ezaugarrik (ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta gizarteari eta inguruneari dagozkionak) handitu egiten dutela kontsumoak, jokabide problematikoak edo bestelako arrisku-egoerak izateko aukera: 10 puntu, gehienez.
j) Proiektuaren eraginkortasuna; alegia, harremana egotea proiektuaren kostuaren, pertsona eta entitate hartzaileen kopuruaren eta proiektua aplikatzeak eragiten dituen onuren artean: 12 puntu, gehienez.
k) Zeharkako genero-ikuspegia txertatzea; hain zuzen ere, adikzioen arloko prebentzio-proiektuek ikuspegi hori txertatzen dutela joko da, baldin eta proiektuak diseinatu, exekutatu eta ebaluatzean kontuan hartzen badira emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, asmo eta beharrizan ezberdinak eta, beraz, helburu eta jarduera espezifikoak jasotzen badira desberdintasunak ezabatu eta berdintasuna sustatzeko, batez ere arreta ipinita bereziki kalteberak diren emakume taldeetan: 8 puntu, gehienez.
l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak detektatzeko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta lortu nahi diren helburuekin: 10 puntu, gehienez.
2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.
12. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira zalantzarik gabe bat datozenak diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin, hertsiki beharrezkoak direnak, eta dirulaguntza eman den urte naturala amaitu baino lehen egiten direnak.
Aldiz, ezingo dira diruz lagundu ondasun higiezinak eskuratzeko gastuak.
13. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.
1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 finantzatu ahal izango du gehienez. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, zeinak eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar baitu.
Dirulaguntza jaso dezakeen proiektuarekin zuzenean eta modu objektiboan zerikusia duten jardueren gastuek jasoko dute dirulaguntza. Entitatearen berezko langileen zuzeneko gastuen barruan –dirulaguntzadun proiektua zuzenean egikaritzeko beharrezkoak baitira–, langileen arduraldia eta lanpostu-maila adierazi beharko dira. Berezko langileen gastu horiek ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:
a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
c) Administraria lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, betiere dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira formulazioa, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko) ezin dira izan proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago.
Proiektu batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6 baino gehiago.
2.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa. Kontratuen zenbatekoak gainditu egiten badu azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian kontratu txikietarako aurreikusitako zenbatekoa, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago zerbitzua ematen duen nahikoa entitate. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean.
3.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da eta gainerako % 20a, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali eta gero, zeina 2025eko martxoaren 1a baino lehen igorri beharko baita. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan entitate onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.
4.– Justifikazio-memorien ereduak eskura egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari zuzendu behar zaizkio.
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio, eta han jasoko dira exekutatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da, onartutako aurrekontu guztia barne hartzen duena, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, nola identifikatzen den, nork edo zer entitatek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egozteko ehunekoa. Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.
Justifikazioa aurkeztu ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio telematikoki entitate onuradunari.
Organo kudeatzaileak egoki iritzitako egiaztagirien ausazko laginketa-tekniken bidez egiaztatuko du justifikatutakoa, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko; horretarako, pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.
Gainera, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko, diruz lagundutako jardueraren gastuen ordainagiriak egiaztatuko ditu, lagin adierazgarri bat oinarri hartuta, dirulaguntza eman denetik hurrengo lau urtean, hargatik eragotzi gabe Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dagozkion gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egitea. Beraz, entitate onuradunek gorde eta eskuragarri izan beharko dituzte, laguntza jaso eta lau urtean gutxienez, jaso den dirulaguntzari dagozkion gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.
5.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.
14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Ezertan eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak –aplikatzekoak diren heinean–, dirulaguntza jaso duten entitateek honako hauek bete beharko dituzte, agindu honen beste artikuluetan ezarritakoez gain:
a) Agindu honetan aurreikusitako ereduak erabiltzea eskabideak aurkezteko eta emandako laguntzak justifikatzeko.
b) Dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek dirulaguntza horri beren-beregi uko egiten ez badiote.
c) Dirulaguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea.
d) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, segimendua egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.
e) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
f) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea, aurreko dirulaguntzetara aurkeztu ez denean edo aldaketak izan direnean. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Planean jasotako konpromisoen arabera eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluarekin, entitate onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:
g) Dirulaguntzak justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztea hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, entitatearen titularrak eta langileak, eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den zerbitzua emateko kontratatu den entitateko langileak.
h) Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea.
i) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatzea, hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu eta justifikatzea, eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jarduketak egiten uztea.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste dirulaguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana izan–, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten entitateek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, agindu honen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuta ere, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.
16. artikulua.– Eskaerak isiltasunez ezestea.
1.– Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu ebazpena espresuki emateko betebeharra.
2.– Entitateren batek laguntzari uko egiten badio, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da, zeinaren bidez uko egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko baita kapitulu bakoitzerako, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak itzuli beharko dira; hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 5. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan jasotzen ez den guztirako, aplikatzekoak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan jasotako arrazoiak –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91.-93. artikuluen bidez garatzen da–.
3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Horrelakoetan, aipatutako kostuaz gaindi jasotako zenbatekoa gehi dagozkion berandutze-interesak bakarrik itzuli beharko dira.
4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 7. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko ezarrita dauden irizpideak eta mugak aplikatuko dira.
5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua aplikatuko da, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen baitira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen baitira.
6.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
18. artikulua.– Jasotako laguntzak itzultzeko prozedurak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluaren arabera bideratuko dira.
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen deialdi honi arau hauetan jasotako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Orobat, beste hauek ere aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dituena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituena).
20. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.
Jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2916/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hauek dira tratamendu-jarduera horren ezaugarriak:
Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
Helburua: arriskuak eta kalteak prebenitu eta gutxitzeko proiektuetarako eta jarduera-eremu horietan jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuetarako laguntzen eskabideak kudeatzea eta halakoei jarraipena egitea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web-helbide honetan eskura daiteke datuen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen bi epe horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.
Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 8a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.