201. zk., 2024ko urriaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 9 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4729
EBAZPENA, 2024ko irailaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko ekainaren 10ean, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko abuztuaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren xedea da UE-SF-16 (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako HAPOko 16. San Fuentes egikaritze-unitatea) garatzeko aukera ematea eta alokairuko 40 BOEko sustapen bat eta bere inguruko urbanizazioa gauzatzeko hirigintza-baldintzak formalizatzea. Sustapen horrek, besteak beste, sarbide bat izango du BI-3724 errepidetik (lehengo N-634), eta egikaritze-unitatearekin mugakide den El Casal ikastetxe publikoari eta etxebizitza-sustapen honi balioko die.
Esku-hartze bat planteatzen da, indarreko plangintzan ezarritakoarekin alderatuta etxebizitza kopurua handitzea ahalbidetzen duena (30 etxebizitzatik 40 etxebizitzara), udalerrian dagoen alokairu sozialeko etxebizitza-eskaerara egokitzeko.
UE-SF-16 hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzen da, eta 5.014 m2-ko azalera du. Gallartako hirigunearen periferian dago. Lehen, eremu horretan Maisuen Etxeak zeuden, HAPOak antolamendutik kanpo utzi zituenak. Bi eraikin ziren. Egun eraitsita daude. Eraikinen zimenduen hondarrak eta bertara sartzeko bide zaharra soilik geratzen dira. Plan Berezia idazteko garaian, zabalik utziko da etorkizunean foru-errepidetik aurreikusten den sarbide berria El Cerro kalearekin lotzeko aukera.
Eremurako proposatutako antolamenduari dagokionez, laukizuzen formako lurzati eraikigarria da; sestra azpian 1.272,90 m2s-ko azalera pribatizagarri eta eraikigarria du, eta, gainean, 814,75 m2s-ko azalera, eremua antolatzeko elementu gisa balio duena.
Eremuaren erdialdean dago, El Cerro izeneko urbanizaziotik jaisten den ezpondaren oinean. Horren azpitik, ibilgailuentzako sarbidea BI-3724 errepidetik egiten da, bide berri batetik. Bide horrek etorkizuneko eraikineko garajeetarako sarbidea emango du, –1 solairuan, bai eta eraikinaren beheko solairurako sarbidea ere. Era berean, ikastetxerako sarbidea mantenduko da, eta etorkizunean El Cerro urbanizazioarekin lotzeko aukera egongo da. Lurrazalean behar diren aparkalekuak bide horren inguruan antolatuko dira. Bide horren azken zatia etorkizuneko eraikinaren garajeen gainean kokatuko da; sestra azpiko lurzorua titulartasun pribatukoa izango da, eta sestra gainean titulartasun publikokoa.
Lurzati eraikigarriaren gaineko zatia, zeina ia osorik El Cerroren urbanizazioarekiko desnibela gainditzen duen ezpondak osatzen duen, berdegune gisa erabiliko da.
Lurzatiaren ertzeraino, gutxienez, saneamenduko, elektrizitateko, ur hornidurako eta telefoniako azpiegiturak daude.
Planaren aurreikusitako garapenari dagokionez, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak beharrezkoak izango dira aurreikusitako hirigintza-garapena gauzatzeko.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak berregokitu egiten du Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean UE-SF-06 San Fuentes hiri-lurzorurako ezarritako hirigintza-araubidea. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: urak, zarata, hondakinak, isurketak, segurtasuna eta osasuna, kultura-ondarea eta ingurumena.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan izan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Eragindako eremua Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko Gallarta hirigunearen periferian dago. Eremuaren topografia irregularra da, eta ezponda handia du hegoaldean, El Cerro kalearekin muga egiten duen alderantz; BI-3724 errepiderantz jaisten den heinean, malda leunduz doa. Mugakide hauek ditu: iparraldean, BI-3724 errepidea; hegoaldean, El Cerro kalea, izen bereko urbanizazioan dagoena; mendebaldean, udal-titulartasuneko lursail libreak; eta ekialdean, El Casal ikastetxearen lursailak eta eraikinak.
Gaur egun, eremuan Maisuen Etxeak deituriko eraitsitako eraikinen zimenduen hondarrak eta sarbide zaharra daude.
Antropizatuta dagoenez, eremuak, oro har, ez du natura-elementu garrantzitsurik. Eremuan ez dago naturagune babesturik, bestelako intereseko naturagunerik, interes geologikoko tokirik, eremu babestuen erregistrorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik.
Hauek dira eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak:
Eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Barbadunen Unitate Hidrologikoaren barruan dago, eta, zehatzago, Barbaduneko drainatze-trantsizioko ur-masaren isurialdeko arroan, nahiz eta azterketa-eremuan ez den ibaiaren ibilbiderik hautematen.
Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Hegoaldeko Antiklinorioaren Jabari Hidrogeologikoan dago. Plan Bereziaren eremuan ez dago interes hidrogeologikoko gunerik.
Eremuaren antropizazioa dela eta, eremu horretan dagoen landaredia, nagusiki, erruderal-nitrofiloa da. Lurzatiaren muturretan belardiak eta zuhaitz sakabanatuak dituzten (batez ere gereziondoak, pikondoak, sahatsak eta urkiak) sail txikiak daude. Eremuan lahardi asko dago, bai eta Cortaderia selloana espezie exotiko inbaditzailea ere. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.
Eremuko fauna hiri-eremuetako berezko espezieak dira; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.
Eremuan ez dago kultura-ondareko elementu babesturik. Eremuaren inguruan, N-634 errepidearen beste aldean, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko ondare historiko-kulturalari dagokion elementu bat hauteman da, «Aguas de Santurce etxearen Arketaren Etxola» izeneko elementu eraikia (fitxa-zenbakia: 23). Halaber, aztergai dugun eremuaren inguruan, baina haren kanpoan, Donejakue bidearen trazatua dago, eremuaren ipar-ekialdean.
Eremuan ez da ingurumen-arrisku garrantzitsurik identifikatzen; eremuak ez du kutsadurarekiko urrakortasun nabarmenik, higadura-arriskua txikia da, ez dago uholde-arriskuko eremurik, eta ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik ere.
Azkenik, salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku teknologikoak kontuan hartuta, lurzatia N-634 errepidearen 100 metroko afekzio-bandan sartzen da, zeina arrisku oso txikikotzat jotzen den.
Zaratari dagokionez, planaren eremuan, soinu-foku nagusiak N-634 errepidea (BI-3724) eta azterketa-eremutik urrunago dauden beste bide batzuk dira, baina azken horiek neurri txikiagoan. Eremuko Inpaktu Akustikoaren Azterketaren arabera, gaur egun, eguneko eta arratsaldeko aldietan, balioak gehienez 65-70 dBAko tartean egon ohi dira, eta gaueko aldian, balio maximoak 60-65 dBA tartean. Etorkizunean, kanpoko zaratari dagokionez, N-634 bidearen ondoko lurzatiaren iparraldeko mugan bizitegi-eremu berrietarako ezarritako KAHak (Ld eta Le < 60 dBA eta Ln < 50 dBA) gainditzen dira hiru aldietan. Aurreikusitako eraikinaren fatxadako zaratari dagokionez, errepidera begira dagoen fatxadako 4. eta 5. solairuetan, egunez eta arratsaldez, balioak KAHen mugan daude (60 dBA). Gauez, KAHak gainditzen dira solairu guztietan, errepideari begira dagoen fatxadan eta alboko bi fatxadetan izan ezik.
Ondorioz, azterketa akustikoan simulazio bat egin da 3 metroko altuerako pantaila akustiko bat jarrita N-634 errepidearen eta eremuko aparkalekuen artean. Pantailak zaratarekiko esposizio handiena duten fatxadetako maila akustikoak murriztea lortzen badu ere, 4. eta 5. solairuetako fatxadetan ez du KAHak betetzea lortzen gaueko aldian.
Hortaz, inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, pantaila akustikoa ezartzeaz gain, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatu beharko da, KAHak ez betetzeagatik. Halaber, eraikinaren barruko espazioa babesteko neurriak ezartzen ditu.
Inpaktu nagusiak lehendik dauden zimenduak eraisteko obrek eta eraikuntza eta urbanizazio berria eraikitzeko lanek sortuko dituzte. Ekintza horien ondorioz, hondakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak egongo dira, isurketak eta zaratak egongo dira, besteak beste, eta horrek eragina izan dezake azaleko uretan (kasu honetan, zeharkako afekzioak gerta daitezke euri-urak biltzeko sistemen bidez), lurpekoetan eta lurzoruetan, isurketengatik; eta eragozpenak sortuko dira eremuan eta inguruetan bizi diren biztanleengan, emisio atmosferiko eta akustikoengatik, eta abar.
Ingurumen-eraginen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoeraren arabera egin behar da. Proposatzen diren jarduketak eta horien ondoriozko eraginak mugatuak direnez, uste da eragin horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, kultura-ondare, ur, zarata, hondakin, isurketa, segurtasun, osasun eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
3.– Ebazpen honetan, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste erakunde batzuek ezarri ditzaketenak.
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
• Aurreikusitako erabileretarako eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
• Eremua babes akustiko bereziko eremu izendatzen bada, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. eta 46. artikuluen arabera, zonako planak teknikoki eta ekonomikoki ematen diren neurriak garatuko ditu, etxebizitza-erabilerako lurzorua nagusi den eremu akustikoaren kanpoaldea babesteko; horretarako, kontuan hartuko dira zarata hautematen den eraikinetako leihodun fatxada guztietan eta solairu guztietan dagoen soinua, eta eraiki gabeko eremuetan, berriz, lurzoruaren gainetik 2 metrora bitarte dagoen kanpo-ingurunean dagoen soinua. Ezin bada kanpo-ingurunea babestu, aplikagarri diren kalitate akustikoko helburuak bete arte neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraikinen barruan kalitate helburuak bete daitezen.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, baldin eta ezin badira gertu dauden obretan berrerabili, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Obran landare-lurra kudeatzearekin lotutako ekonomia zirkularreko neurriak aplikatuko dira. Ahal dela, landare-lurra obran bertan edo inguruko beste obra batzuetan berrerabiliko da. Horretarako, landare-lurra eta indusketetako gainerako materialak bereizita pilatuko dira. Landare-lurren soberakinak baldintza egokietan metatuko dira, obren ondorioz kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta landareztatzeko berrerabiltzen diren unera arte, 2 metroko altuera gainditzen ez duten pilatan. Baldin eta metatutako landare-lurra ez bada berehala erabiliko, polietilenozko xafla batekin estaliko da, espezie aloktono inbaditzaileek koloniza dezaten saihesteko.
• Kutsatuta egon daitezkeen lurrak: obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea, besteak beste, gainazal iragazgaitzetan kokatu behar dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
• Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen edo berdeen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizte aldera, ez dira inola ere inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak (Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.) erabiliko birlandatzeko eta lorategiak hornitzeko lanetan, eta bermatuko da lehengoratzeko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik.
• Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko.
• Espazio libreen tratamendua: espazio libreak edo lorategiz hornitutakoak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira. Irizpide bioklimatikoak eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira espezieak hautatzeko garaian.
• Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen baitira, EA-01etik EA-07ra.
• Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:
* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
* Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako UE-SF-06 San Fuentes eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 25a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.