200. zk., 2024ko urriaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 14 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4705
AGINDUA, 2024ko urriaren 8koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2024an.
Baliabide genetikoen –batez ere autoktonoen– kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredugarri izan da Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek eskatu du laguntza-mekanismoak ezartzea, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.
Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, jakinarazten dute zer emaitza lortzen duten, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; horrela, apurka-apurka programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuta, lortzen dute produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea. Era berean, laguntzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak eta mendi-nekazaritzako inguruak garatzen eta sustatzen.
Ziurtatzeko neurriak erabat eraginkorrak direla eta bermatzeko hartzaile izan daitezkeenek aukera berberak dituztela laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.
Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, urtero deialdi bat egingo da dirulaguntzak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den dirulaguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, zehaztuko da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.
Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak 2024-2026 urteetarako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
Laguntzak ematea ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak aplikatzeko, kontuan izango da zer irizpide ezartzen diren agindu honetan.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteentzako 2024ko dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea. Agindu honen eranskinean daude jasota.
Azken xedapenetako lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri horietan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko dira.
Azken xedapenetako bigarrena.– Baliabideak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Azken xedapenetako hirugarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 8a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea eta izaera.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzaintzako elkarteentzako 2024ko dirulaguntzen oinarriak ezartzea. Urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan daude aurreikusita laguntza horiek.
2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.
3.– Dirulaguntza hauek bat datoz Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
2. oinarria.– Onuradunak.
Laguntza-programa honen onuradunak urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako arraza garbien abeltzain-elkarteak izango dira.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak deialdia arautzen duen dekretuko 6-8 artikuluetan aurreikusitakoak dira.
2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –entitate hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu erakunde onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artetik bat hautatzeko (justifikazioan aurkeztuko dira eskaintzok), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie; proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatu ezean, memoria batean justifikatu beharko da berariaz erabakia. Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz. Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.
4. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2024an, 600.000 euro erabiliko dira Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.
2.– Baldin eta diru-zuzkidura hori nahikoa ez bada elkarte onuradun guztiei diruz lagundu ahal zaizkien gastuen zenbatekoa estaltzeko, hainbanatu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, bat etorriz urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c) artikuluan aurreikusitakoarekin.
3.– Azkenik, aukera dago deialdiaren guztizko zenbatekoari gehienez beste % 30 gehitzeko eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordearen ebazpen baten bidez.
5. oinarria.– Pertsona onuradunek bete beharreko baldintzak.
Programa arautzen duen dekretuan ezarritakoez gain, agindu honetan deitutako laguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubide Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Hauek dira:
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela izan eskabidea aurkeztu baino lehenago egindakoak.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
4.– Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera.
5.– Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurumena babestekoa).
6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez. Hala badagokio, zehaztu laguntza nork eman duen eta zenbat diru eskatu eta/edo esleitu den.
7.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zeintzuk diren zehaztea.
8.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
9.– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, ez eta horretarako legezko debekurik ere, barnean hartuta sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertaturikoak, eranskinean xedatutakoaren arabera.
10.– Era berean, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuagatik edo bereizkeria anizkoitzagatik diskriminatzailea den jarduera bati (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan deskribatuak), ez eta, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean, sexuagatiko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere.
11.– Konkurtso-deklaraziorik eskatuta ez izatea, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian desgaikuntzarako ezarritako aldia amaitu gabe.
12.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
13.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.
14.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.
15.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
16.– Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.
17.– Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
18.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak merkataritza eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu baino ez direnean, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
Entitate eskatzaileek, frogatzeko ez daudela aurrez adierazitako debekuren batean sartuta, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, artikulu honetako 3. zenbakian jasotakoa frogatzeko izan ezik (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea), hori 6. oinarrian adierazitako moduan egiaztatuko baita. Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren funtsezko datuak edo informazioa zehatza ez bada, faltsua bada edo eman gabe uzten bada, gorabehera horiek ezagutzen direnetik aurrera, ezin izango da jarraitu dena delako eskubideaz baliatzen edo jarduera egiten, inola ere baztertu gabe izan daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Hilabeteko epea egongo da urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2024ko deialdiko eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen da.
2.– Eskabideak aurkezteko, eskatzaileek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte. Helbide elektroniko hauetan eskuratu ahal izango dira eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046108.
Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
3.– Kanal elektronikoaren bidez eskabidea egin ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabideak 1. apartatuan adierazitako helbideetan eskura daitezke, eta bat datoz urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskineko eredu normalizatuarekin. Eskabide horiek aurkezteko, elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsona batek sinatu beharko ditu, dekretu horren 11. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, elkarte eskatzaileak zer hizkuntza aukeratu, hizkuntza hori baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.
7.– Eskabidea aurkezten duen elkarteak aurreko deialdietan ere aurkeztu badu, ez da beharrezkoa izango honako agiri hauen kopiarik aurkeztea, baldin eta aldatu ez badira: eratze-akta, elkartearen estatutuak, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo euskararen normalizazio-plana.
8.– Dokumentazioarekin batera, eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:
– Eskatu du/Ez du eskatu eta eskuratu du/ez du eskuratu diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik beste administrazio publiko edo, entitate publiko nahiz pribaturen batean.
– Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian proiektu bererako beste entitate publiko nahiz pribatu batzuei eskatutako eta/edo haiek emandako laguntzen zerrenda.
– Ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez da kaudimengabetzat jo prozeduraren batean, ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez dago esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.
– Ez du Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, dena delakoa izanik erruduntzat jo den arrazoia.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez dira Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Haren zerga-egoitza ez dago araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ditu.
– Ebazpen irmo baten bitartez ez du galdua dirulaguntzak jasotzeko aukera, bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik. Halaber, adierazten du ezen, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, halakorik baduela, eta, entitateak 50 langile baino gehiago izanez gero, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiazta dezakeela, emakumeen eta emakumeen berdintasunari buruzko Estatuko legedian ezarritako baldintzetan.
– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
– Hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete duela, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
– Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluarekin, konpromisoa hartzen du enpresen deslokalizaziorik ez egiteko, aipatutako legearen 49. artikuluko baldintzetan.
– Entitate eskatzailea ez da betetzeke duen berreskuratze-agindu baten pean dagoen enpresa edo entitate bat, baldin eta Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
– Entitate eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).
– Hala badagokio, efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako Salbuespenaren Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Programako laguntzak emateko oinarri arautzaileetan eskatutako eskakizunak betetzen ditu.
– Dirulaguntza kudeatuko duen organoak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, adostasun espresua jaso beharrik gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua). Egiaztapen automatikoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez egingo da.
Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Era berean, eskabidearen bidez, organo kudeatzaileari baimena emango zaio inskripzioa Elkarteen Erregistroan indarrean dagoela egiaztatzeko.
9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz:
– Administrazio jarduleak izapideak egiteko behar diren agiriak eskatu edo kontsultatu ahal izango ditu –bertan daudenak edo beste administrazio batzuek egin dituztenak–. Hala ere, entitate eskatzaileak tratamendu horren aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, betebeharra bete duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
– Entitate eskatzaileak ez daude behartuta prozedura bideratzeko organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkeztera, eta eskabidean adierazi beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, baldin eta bost urte igaro ez badira dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, entitate eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.
10.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin izango dituzten harremanetan.
7. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea eta prozeduraren antolamendua.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epea emango zaio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluarekin.
2.– Dirulaguntzaren kudeaketa-organoak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin.
8. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Kudeaketa-organoak, espedientea eta laguntza-deialdi honen dekretu arautzaileak 12. artikuluan aipatutako kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, agindu honen 9.1 artikuluan ezarri bezala.
2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.
b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen den eskabideen zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.
9. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Prozedura bakar batean ebatziko dira aurkeztutako eskabideak, eta, ebazpenean, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Nekazaritzaren, arrantzaren eta elikagai politikaren arloetan eskumena duen sailburuordeak emango du ebazpen hori, kudeaketa-organoaren proposamenez.
2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, orobat, entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako laguntzaren zenbatekoa; horrekin batera, aditzera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpenaren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorrita, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du interesdunak. Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, edo hiru hilabeteko epea, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da. Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei.
Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
10. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Europako erregelamendu aplikagarrietan jasotakoak ere. Honako hauek dira:
1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horretan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, egikaritze-epea bukatu eta hurrengo lau hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.
2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, baita xedapen hauetan ezarritako betebeharrak ere: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p), 14., 27. eta 42. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.
3.– Entitate onuradunek, orobat, beren jarduera ekonomikoa merkatuaren baldintza arrunten arabera gauzatzeko, xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte: Batzordearen «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua» (2024-06-27ko EBAO, C 198) jakinarazpenaren 2.2.1 apartatuan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 15. artikuluan.
4.– Erakunde onuradunek, gainera, honako betekizun hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera hamabost eguneko epean entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari esanbidez uko egiten, dirulaguntza onartutzat hartuko da.
b) Dirulaguntza zer jardueratarako esleitu den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, hargatik eragotzi gabe abeltzaintzaren arloan eskumena duen Sailburuordetzak onartu ahal izatea jarduera horiek egikaritzean sor litezkeen aldakuntzak, baldin eta aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira, eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordearen berariazko baimena lortu bada, bat etorriz agindu honen 20. artikuluan ezarritakoarekin.
c) Abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeari edota hark izendatutako auditoreari baimena ematea, proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentuetarako sarbide librea izateko.
d) Publikoki zabaltzeko sortzen diren agirietan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia azaldu beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpenari erantsitako jarraibideetan ezarritako moduan. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte, nahitaez, diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.
e) Laguntza ematea abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeari, emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egiten; alde horretatik, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.
f) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.
g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean eskatzen duten informazio guztia ematea.
h) Abeltzaintzan eskumena duen Zuzendaritzari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
i) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman dion erakundeari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen.
11. oinarria.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.
Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondoreetarako.
2.– Itzultzeko prozedura izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta haren aurkakoak ez diren abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio. Dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu. Espedientea hasteko ebazpenean, hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli behar direla.
Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordeari dagokio itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea.
3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak inguruabar hauek atzematen baditu, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean:
– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.
– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.
Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
4.– Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, betiere, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.
12. oinarria.– Laguntzen aldaketa.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste dirulaguntza batzuk lortzen badira aldi berean beste edozein administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik, edo bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, kudeaketa-organoari horren berri eman beharko zaio idatziz, eta horrek dirulaguntza emateko erabakia aldatzea ekarri ahal izango du, baldin eta betetzen badira agindu honetan ezarritako eskakizunak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoa.
Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunak hala eskatuta, eskakizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea entitate onuradunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
2.– Halaber, salbuespen gisa, egin beharreko jarduerak egikaritzeko epea geroratu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak, entitate onuradunak aldez aurretik horretarako eskabidea egin eta justifikatuz gero, baldin eta alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Geroratzearen ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa.
Proiektu bakoitzeko, luzapen-eskaera bat aurkeztu beharko da. Hasieran aurreikusitako proiektua egikaritzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago egin beharko da eskabidea, eta berariaz onartu beharko du dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen administrazio-organoak, eta entitate interesdunari jakinarazi. Deialdia dagokion urtaldian ebazten ez bada, eskabidea egiteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena emateko organo eskudunak ez badu jakinarazpenik egiten, entitate interesdunak pentsatu behar du eskabidea ezetsi dela.
3.– Eskabidea egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduketak. Nolanahi ere, nekazaritzaren, arrantzaren eta elikagai politikaren arloan eskumena duen sailburuordeak baimena eman dezake memorian aldaketak egiteko, entitate onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, baldin eta jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.
13. oinarria.– Proiektuak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.
1.– Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango da zer muga ezartzen duten dekretu horretako 6., 7. eta 8. artikuluek, eta, horretako, 10. artikuluan bildutako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira. Inoiz ez da diruz lagunduko balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), salbu eta hura ez denean berreskuratzeko modukoa BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera.
2.– Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez duten elkarteei ez zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik emango.
3.– Ezingo da gasturik diruz lagundu, baldin eta gastuok ez badira ordaindu aplikagarri den araudi sektorialak ezarritako epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
14. oinarria.– Kudeaketa-organoa eta Europar Batasunarekiko izapideak.
1.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailean, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da agindu honetako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta bideratzeko organo eskuduna.
Eskabideak ebaluatu ondoren, txosten bat egin beharko du agindu honen 8. artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak, eta bertan zehaztuko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak. Kudeaketa-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, eta 10 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.
Aintzat hartzen ez badira entitate interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta froga batzuk, ez da entzunaldiaren izapidea egiteko beharrik izango. Kasu horretan, behin betikoa izango da proposatzen den behin-behineko ebazpena.
Dirulaguntzak emateko espedienteak kudeaketa-organoaren txostena jasoko du, non adieraziko baita haren esku dagoen informazioak ondorioztatzen duela entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko behar diren eskakizun guztiak.
2.– Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpenari eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko.
3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, bat etorriz Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11.b) artikuluan ezarritakoarekin.
15. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml