200. zk., 2024ko urriaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (134 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4704
289/2024 DEKRETUA, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Bakio eta Bermeoko udalerrietan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneetara konektatzeko proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko xedez.
Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneetara konektatzeko proiektuaren espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko maiatzaren 2an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko ekainaren 9ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (111 zk.). Geroago, hasierako trazadura hainbat puntutan aldatzera behartzen zuten baldintzatzaile fisikoak azaldu ondoren, entzunaldi-izapidea onartu zitzaien aldaketa horren eraginpeko ondasun eta eskubideen titularrei.
Azkenik, 2024ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea deklara zezala proiektuaren eraginpean dauden eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen eta entzunaldi-izapidea egin zen, zegokion garaian, eta bost alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horien okupazioa luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Gainazaleko eta lurpeko baliabide hidrikoei, emari ekologikoen errespetuari, egungo eta etorkizuneko eskaerei, ustiapen-arau eta -lehentasunei eta berme-irizpideei erreparatuta, hau da balantze hidraulikoa: Busturialdeko sistema globalak 100 l/s-ko baliabide-gehikuntza beharko luke (bai egungo konfigurazioa hartuta, bai etorkizuneko egoera hartuta) hornidura-zerbitzua murrizketarik gabe eman ahal izateko, bat etorriz Plangintza Hidrologikoaren Jarraibideak (IPH) ezartzen dituen berme-irizpideekin, eta ur-baliabidea hartzen den ubideetarako ezarritako emari ekologikoen erregimena errespetatuta.
Indarrean dagoen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Hornidurako Lurralde Ekintzako Planak (Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak 2020ko urtarrilaren 22an onetsia; 2020ko apirilaren 7ko BAO, 67. zk.) bederatzi aukera proposatzen ditu. Aukera horiek guztiz edo partzialki konpon ditzakete detektatutako defizit-arazoak, eta, halabeharrez, dauden baliabide erabilgarriak ugaritzea eskatzen dute. Proposatutako aukera horietatik guztietatik, defizita erabat ezabatzeko gai den bakarra da Busturialdeko hornidura-sistemak Partzuergoaren lehen mailako sarearekin lotzea, Solluben. Lotura hori osatzeko, Bermeoko, Buspemuneko eta Gernikako sistemen arteko interkonexioa ere egin beharko litzateke.
Hasiak dira Busturialdeko hornidura-sistemak Zadorrako sistemarekin behin betiko lotzeko proiektua idazteko lanak.»
«Partzuergoak, eskualdeko uraren kudeaketa integrala bere gain hartu zuenetik (2022ko urtarrilaren 1ean), baliabidea kudeatzeko arazoari egin behar dio aurre, eta arazo hori oso modu kezkagarrian larriagotzen da agorraldietan. Hori dela eta, eskualdeko baliabide-defizitaren arazoa behin betiko konponduko duen proiektua eta obra gauzatzearekin batera, beharrezkoa da behin-behineko konponbideak bilatzea (exekuzio-epe laburragoa dutenak) datozen agorraldietan sistema hidrologikoen gaineko presioa arintzeko.
2022ko agorraldian, Partzuergoa lanean aritu zen, URArekin koordinatuta, jarduera-protokolo bat abian jartzeko. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko plan berezia (LPB) osatu zen.
Bermeo sistemari dagokionez (Almikeko EUTEari lotutako sistema da), behin-behineko irtenbideen artean proiektu hau dago jasota.»
«Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneetara konektatzeko proiektu honen xedea da agorraldian Bakio sistematik Sollubeko ur-harguneetaraino aurrez tratatutako ur-emari osagarri bat bideratzea ahalbidetuko duten jarduketak zehaztea eta baloratzea. Emari hori Sollubetik datozen adukzio-hodietan injektatuko da eta baliabide hori osatuko da (agorraldian, baliabide horren emaria ia zerora jaisten da).
Horretarako, Bakioko ur-horniduraren parte diren egungo hainbat instalazio aprobetxatuko dira, proiektu honetan diseinatutako instalazio berriekin batera erabil daitezen, oro har; hala, aurrez tratatutako ura bultzatzeko sistema bat osatuko da (2025eko udatik aurrera erabilgarri, aldi baterako eta larrialdietarako).»
«Horrela, behin sistema martxan jarritakoan, larrialdi-sistema bat edukiko da, Bakio sistemako sare primarioetatik Bermeoraino segundoko 40 litro garraiatzeko gai izango dena.»
«Busturialdeko sistema globalak gaur egun duen egoera eta aurrera begirakoa dela eta, beharrezkoa da jarduketa horiei ekitea, sistema gai izan dadin jasotzen dituen eskaerei erantzuteko, eta, hartara, emari ekologikoak errespetatzeko eta sistema behar bezala ustiatzeko berme guztiekin.»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Lege horrek berak 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko urriaren 1eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hau,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Bakio sistema Bermeoko Sollubeko harguneetara konektatzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko xedez. Horretarako berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 1ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.