Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2024ko urriaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4700

286/2024 DEKRETUA, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez Asociación de Cultura Musical izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzen baita.

Asociación de Cultura Musical izeneko elkartea onura publikokotzat aitortu zen maiatzaren 18ko 145/1993 Dekretuaren bidez.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.

Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoak, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatzen ez bada edo elkarte-mota horri dagozkion betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira.

Babesletzaren 2024ko irailaren 11ko txostenean adierazitakoaren arabera, 2020-2021 ekitalditik aurrera elkarteak ez du inolako jarduerarik egiten. Eta ezeztapenerako funtsezko egitate hori ere egiaztatu da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2024ko irailaren 13ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren, eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21-27 artikuluetan xedatutakoa betez.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena ikusi ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko urriaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación de Cultura Musical izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzea, aitorpen hori eragin zuten baldintzei eusten zaiela ez egiaztatzeagatik eta horri datxezkion eginbeharrak larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 1ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala