200. zk., 2024ko urriaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4698
284/2024 DEKRETUA, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez Asociación de esclerosis múltiple de Araba «AEMAR» izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzen baita.
Asociación de esclerosis múltiple de Araba «AEMAR» izeneko elkartea onura publikokotzat jo zen, uztailaren 12ko 157/2011 Dekretuaren bidez (2011ko uztailaren 29ko EHAAn argitaratua).
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.
Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoak, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.
Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatzen ez bada edo elkarte-mota horri dagozkion betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira.
Babesletzaren 2024ko uztailaren 24ko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du bete kontuak epearen barruan aurkezteko eginbeharra, 2019, 2020, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldiei dagokienez. Ez-betetze hori larritzat eta behin eta berriz egindakotzat kalifikatu da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2024ko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren, eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21-27 artikuluetan xedatutakoa betez.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena ikusi ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko urriaren 1ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Asociación de esclerosis múltiple de Araba «AEMAR» izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzea, aitorpen horri dagozkion eginbeharrak larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik.
XEDAPEN GEHIGARRIa
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko urriaren 1ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.