Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2024ko urriaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4697

AGINDUA, 2024ko urriaren 2koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, 2024ko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen 2024ko ekitaldiko aurrekontuak likidatzeko lanak eta urteko kontuak egitekoak bizkortzeko eta kontabilitate-prozesuan parte hartzen duten organoen artean koordinatzeko, ekitaldia ixteko eragiketak arautu behar dira.

Ondorioz, eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak (gaur egun, Ogasun eta Finantza Saila, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak) esleitutako ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Honako hauek 2024ko ekitaldia ixteko egin behar dituzten eragiketei aplikatuko zaie agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea (HABE), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP), Estatistikako Euskal Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide), Lehiaren Euskal Agintaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) organismo autonomo administratiboak.

2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak hartzeko datak.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak data hauetan hartuko ditu, beranduenez, 2024ko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak:

1.– 2024ko urriaren 24ra arte:

a) Aurrekontu-aldaketen agiriak, salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak, eta kontabilitate-egozpena doitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak.

b) Kudeaketa-fase bereizietan exekutatu behar diren gastuen baimenei dagozkien «A» agiriak, salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

2.– 2024ko azaroaren 11ra arte:

a) II. eta VI. kapituluetara egotzi behar diren kontratuen «D» eta «AD» agiriak, abenduaren 31ra arte exekutatu behar diren kontratu txikienak barne, zeinak fase bereizietan izapidetu beharko baitira nahitaez. Salbuetsita geratzen dira funts aurreratuen araubidearen bidez izapidetutako kontratu txikiak.

b) Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzen gastu-kontuetarako funts-bidalketei eta funts aurreratuen birjartzeei dagozkien «ADO» agiriak.

3.– 2024ko azaroaren 25era arte:

a) IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar diren dirulaguntzei dagozkien «AD», «D» eta «DO» agiriak, bai eta kapitulu horietako «A osagarri negatiboa» eta «A» agiriak ere, beharrezkoak direnak kontabilitate-egozpena zuzen egiteko, salbu eta hileroko ordainketei dagozkienak.

b) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko A» agiriak.

c) Organismo autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei egindako transferentzien «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar diren transferentzienak, eta organismo autonomoetan kapitulu horietara egotzi behar diren «R», «RI» eta «MI» agiriak, salbu eta diru-sarrerak bermatzeko errentari eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerei dagozkien transferentzienak.

d) VIII. kapitulura egotzi beharreko gastuen «D», «O», «DO» eta «ADO» agiriak, salbu eta langileentzako maileguei dagozkienak.

e) Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontuaren funtsak birjartzeari dagozkion «DO» agiriak.

4.– 2024ko abenduaren 11ra arte:

a) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko D» agiriak eta «aurrez izapidetzeko AD».

b) Nomina-aurrerakinen eta langileentzako maileguen «ADO» agiriak. Ondoren izapidetzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.

c) Txeke bidezko diru-sarrerei dagozkien «RI» eta «RE» agiriak. Ondoren jasotzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.

5.– 2025eko urtarrilaren 20ra arte:

a) Aurreko apartatuetan berariaz aipatu ez diren «AD», «D», «DO», «O», eta «ADO» agiriak, salbu eta artikulu honen 6. apartatuan adierazten direnak.

b) Nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

c) Funts aurreratuen kargurako ordainketetarako kontu delegatuak ixteko dokumentazioa, bat etorriz Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuarekin eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2022ko uztailaren 4ko Aginduarekin, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari buruzkoa baita.

d) Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontua ixteko dokumentazioa, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/06 Zirkularraren arabera.

e) 2024ko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta haien kontabilitate-agiriak.

6.– 2025eko urtarrilaren 31ra arte:

a) VI. kapitulura egotzi behar diren obra-ziurtagiriei dagozkien «O» agiriak.

b) Hezkuntza Sailaren autonomia finantzarioa duten ikastetxeen gastuak eta sarrerak likidatzeko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/99 eta 2000ko urriaren 19ko 2/00 zirkularretan ezarritakoarekin.

c) Hezkuntza Saileko ordezkaritzen gastuetarako kontu baimenduak ixteko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/07 Zirkularrean ezarritakoarekin.

d) 2024ko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, bai eta egun horretara arte jasotako fidantzak eta gordailuak likidatzekoak ere, eta haiei dagozkien kontabilitate-agiriak.

e) Artikulu honen apartatuetan berariaz jasota ez dagoen kontabilitate-agiri oro.

f) 2024rako programatutako helburuen betetze-mailari buruzko memoria.

3. artikulua.– Ordainketen eta sarreren itzulketak.

1.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2024ko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien ordainketen itzulketa guztiak uneko aurrekontuko sarreratzat joko dira, eta, beraz, 332.00 kontzeptura («Itzulketak») egotziko dira.

2.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2024ko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien sarreren itzulketa guztiak uneko aurrekontuko gastutzat joko dira.

4. artikulua.– Urteko kontuak egiteko dokumentazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen urteko kontuak egiteko, Kontrol Ekonomikoko Bulegora bidali behar da, 2025eko otsailaren 1a baino lehen, «Aribideko ibilgetu materialak», «Ibilgetzeetarako aurrerakinak» edo «Bestelako entitateentzat eraikitako edo eskuratutako aktiboak» kontzeptuetan erregistratuta dauden eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu diren obra-espedienteei buruzko dokumentazio elektroniko hau:

– Inbertsioen behin betiko harrera-akta, edo, hala badagokio, inbertsioak amaitu izanaren justifikazio-memoria, organo eskudunak sinatua; kasu batean zein bestean, harrera-eguna eta hartutako inbertsioaren zenbatekoa adierazi beharko dira. Obra-proiektuak izanez gero, dokumentazio hori ez da bidaliko obra bera amaitu arte, salbu eta obra egiten ez bada; halakoetan, horren berri eman beharko da.

– Behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia, egindako inbertsioa horra egozteko.

– Obrak amaitzeko aurreikusi den data berria, baldin eta 2024ko abenduaren 31n inbertsioak amaitu gabe badaude.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 2a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D’ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala