Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2024ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4668

AGINDUA, 2024ko urriaren 4koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu zuzendariari eskuordetzen baitzaizkio langileen kudeaketari, kontratazioari, baliabide material eta informatikoen hornidurari eta ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketari buruzko eskumenak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak ezartzen duenez, Administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoak edo zuzenbide publikoko entitateak badira.

Eskumenak eskuordetzan ematea eta horien eskuordetza kentzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar da; non argitaratu jakiteko, kontuan hartuko da zer administraziotakoa den organo delegatzailea eta eskumena zer lurralde-eremutan duten. Bestalde, administrazio-ebazpenak delegazioz ematen direnean, espresuki adierazi behar da hala eman direla, eta organo delegatzaileak emandakotzat joko dira.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 25. artikuluak aurreikusten duenez, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen titulartasuneko eskumenen egikaritzea eskuordetu ahal izango zaie Administrazioko beste organo batzuei, nahiz eta organo horiek hierarkikoki mendekoak ez izan. Salbuespen gisa, eta eskumen horiek bestela egikaritzeko ezintasunean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan dauden beste ente instituzionaletako organoei ere eskuordetu dakieke.

Eskumenen eskuordetzea eta eskuordetzearen errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, eta informazio horrek beti egon beharko du irisgarri sail eta organo delegatzailearen eta delegatuaren web-orrietan. Eskuordetzaz baliatuz ematen diren administrazio-egintzek eta -ebazpenek espresuki adierazi beharko dute eskuordetzaz ematen direla; argitalpen ofizialaren zenbakia eta data aipatu beharko dute. Eta organo delegatzaileak emandakotzat joko dira.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila sortu zen, besteak beste, eta Sail horretako sailburua Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izendatzeko Lehendakariaren ekainaren 24ko 33/2024 Dekretuaren bidez izendatu zen.

Horrez gain, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, hamaikagarren xedapen gehigarrian, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Zerbitzuen Zuzendaritza sortu zuen, eta zuzendaritza horren zuzendaria irailaren 3ko 247/2024 Dekretuaren bidez izendatu zen.

Bada, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egiturari buruzko Dekretua izapidetzen ari denez, eta Zerbitzu Zuzendaritza barne hartuko duten organoen artean eginkizunak deskontzentratuko dituenez, egokitzat jotzen da, Dekretu hori onartzen den bitartean, eginkizunak eskuordetzea, administrazio-jarduera gidatu behar duten efizientzia- eta eraginkortasun-printzipioak betetze aldera, agindu honetan ezarritako baldintzetan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu zuzendariaren esku uztea eginkizun hauek:

Sailaren ekonomia-kudeaketa egitea eta aurrekontua betearazteko faseak izapidetzea. Saileko gastuak baimentzea, 5.000.000 euro baino gehiagokoak ez direnean.

Sailaren eskumeneko gaiei lotutako aurrekontuetan ondorio ekonomikoak dituzten xedapenen proiektuak izapidetzea, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion gai ekonomikoak eta aurrekontuarekin zerikusia duten gaiak prestatzea.

Sailari atxikitako giza baliabideak planifikatu eta kudeatzea. Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluaren arabera Sailari dagozkion eginkizunak.

Sailak langileen premiei buruz egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta sailean lanpostuen plantillak eta zerrendak osatzeko proposamenak egitea Funtzio Publikoko Zuzendaritzari.

Sailaren aholkularitza juridikoa eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. eta 5.3 artikuluetan, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikuluan eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 3. eta 15. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Jaurlaritzaren Kontseilura eta Batzordeetara eraman beharreko Sailaren gaiak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak bidal daitezen bideratzea.

Herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak antolatzea, bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatuz.

Informazioaren argitaratze aktiboaren, informazio publikoa eskuragarri izateko eskubidea baliatzeko eskaerei ematen zaizkien erantzunen eta sailaren datu publikoen zabalkundearen koordinazioa eta jarraipena egitea, gardentasun-politikarekin bat etorriz.

Sailaren Estatistika Plana lantzea, Euskal Estatistika Erakundearekin lan eginez Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak egiteko.

Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hasi, horien instrukzioa egin eta ebazpen-proposamena egitea.

Kontratazio-espedienteak eta baliabide propioei eta zerbitzu teknikoei egin beharreko enkarguak izapidetzea.

Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 5.000.000 eurotik gorakoa ez duten kontratuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propiotzat eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egitea. Arlo publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.

Itsaso eta Arrantzako Europako Funtsaren egiaztatze-erakunde bitartekari gisa jardutea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura-dekretua indarrean sartu arte.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 4a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala