Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2024ko urriaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4659

ERABAKIA, 2024ko irailaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko prozeduraren eta Irakasle Osoak eta Agregatuak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduraren Arautegia onartzeko dena.

Gobernu Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 8ko akordioak onartu zuen irakasle kontratatu iraunkor doktoreak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduraren arautegia.

Gobernu Kontseiluaren 2009ko maiatzaren 28ko akordioak onartu zuen UPV/EHUko unibertsitate irakasle funtzionarioen kidegoetara sartzeko lehiaketen arautegia.

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak (2024ko martxoaren 23ko BOE) eta uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuak (arautzen dituena unibertsitate irakasleen kidegoetan sartzeko Estatu akreditazioa eta kidego horietako plazetara sartzeko lehiaketen araubidea) aldaketa handiak eragin dituzte unibertsitateko irakasleen araubide juridikoan eta lehiaketen araubidean, eta beharrezkoa da egokitzea irakasle katedradunen, osoen, titularren eta agregatuen lehiaketen arautegia.

Bestetik, kontuan harturik azken urteetako esperientzia, komenigarria litzateke orain egokitzapen batzuk egitea aipaturiko erregulazioan, tresna erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horregatik guztiagatik, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea, Errekurtsoen, Irizpenen eta Sinplifikazioaren arloko Batzorde Administratiboaren irizpena jaso ondoren, unibertsitateko irakasleen kidegoen eta irakasle-ikertzaile iraunkorren plazak lortzeko lehiaketaren arautegia.

Bigarrena.– Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2024ko irailaren 26a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO IRAKASLEEN KIDEGOEN PLAZAK LORTZEKO ETA IRAKASLE OSOAK ETA AGREGATUAK HAUTATZEKO ETA KONTRATATZEKO ARAUTEGIA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Arautegi honek arautzen ditu, UPV/EHUn, unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko eta irakasle osoak eta agregatuak hautatzeko eta kontratatzeko prozedurak.

2. artikulua.– Prozedura.

2.1.– Arau honi lotutako irakasle-ikertzaileen plazak lotuko zaizkio unibertsitatearen sailetako bati.

2.2.– Plazak beteko dira lehiaketa bidez, errespetatuta publizitate, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta lehia askearen printzipioak.

2.3.– Ezin izango da plaza bat deialdian sartu lanpostua hutsik ez badago eta aurrekontu kontsignaziorik ez badago. Hortaz, deialdia egin aurretik, errektoreak aldeko txostena eskatuko dio gerentziari, eta loteslea izango da.

2.4.– Unibertsitateko irakasleen kidegoetako plazen kasuan, argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). Lehiaketetara aurkezteko epeak hasiko dira BOEn argitaratu eta hurrengo egunean.

2.5.– Irakasle osoen eta agregatuen plazen kasuan, EHAAn argitaratuko dira. Lehiaketetara aurkezteko epeak hasiko dira EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak eta espezifikoak.

3.1.– Arautegi honetan araututako plazen lehiaketetan parte hartu nahi duten pertsonek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, alde batera utzi gabe dagokion legerian ezarritakoa.

b) Hamasei urte beteta izatea eta legez ezarritako erretiro adinean ez egotea.

c) Dagokion lanpostua betetzeko behar den gaitasun funtzionala izatea.

d) Kaleratua edo zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezein administrazio publikoren edo autonomia erkidegoetako organo konstituzional edo estatutarioren diziplina espediente bidez, eta ez egotea inhabilitazio absolutu edo bereziko egoeran, ebazpen judizial bidez, enplegu edo kargu publikoak betetzeko, aurretik zegoen lanbide kategoria bera lortu nahi denean. Beste estatu batzuetako nazionalitatea duten pertsonen kasuan, ez egotea estatu horietan enplegu publikoa lortzea eragozten duen inhabilitazio egoeran edo antzekoan, edo ez edukitzea estatu horietan enplegu publikoa lortzea eragozten duen diziplina zigorrik edo antzekorik.

3.2.– Arautegi honetan araututako lehiaketetan parte hartzeko, ez da bete beharko nazionalitate betekizunik, alde batera utzi gabe dagokion legerian ezarritakoa.

3.3.– Arautegi honetan araututako plazen deialdi bakoitzean finkatutako baldintzak bete egin beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.4.– Baldintza espezifikoak ezarriko dira dagozkion deialdietan, kontuan izanik aplikatu beharreko legeria.

4. artikulua.– Irakasle katedradunen edo osoen barne promozioa.

Barne promoziorako prozedura izango da merezimenduen lehiaketa, eta baldintza hauek bete beharko dira:

a) Jatorrizko lanpostuan gutxienez bi urtez benetako zerbitzuak eman izana, lanpostu hori izanik irakasle titular, agregatu edo ikertzaile doktore iraunkorrarena.

b) Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECA) akreditazioa izatea, edo irakaskuntza eta ikerketa jardueraren ebaluazio positiboa, promozioan lortu nahi den kategoriarentzat, egiaztatua Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren edo antzeko erakunde baten txosten bidez.

5. artikulua.– Deialdiaren oinarriak.

5.1.– Deialdietan jasoko dira, gutxienez:

a) Plazaren kategoria, saila eta ezagutza espezialitatea edo espezialitateak, eskatutako titulazioa, hizkuntz eskakizuna eta arduraldia.

b) Eskabide eredua, aurkeztu beharreko agiriak, eta agiriak aurkezteko tokia eta epea (gutxienez hogei egun baliodun, deialdia BOEn argitaratu eta hurrengo egunetik, irakasleen kidegoen kasuan; eta deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik, irakasle osoen eta agregatuen kasuan).

c) Hautagaiek bete beharreko baldintza espezifikoak, lehiatzen diren lanpostuaren arabera.

d) Hautapen Batzordearen osaera.

e) Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak argitaratzeko lekua, eta prozeduraren gainerako izapideak argitaratzekoa.

5.2.– Deialdien oinarriek lotzen dituzte unibertsitatea eta lehiaketak eta lehiakideak epaitu behar dituzten hautapen batzordeak.

5.3.– Deialdiak edo haien oinarriak, behin argitaratuta, soil-soilik aldatu ahal izango dira zorrotz beteta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta arautegi aplikagarria.

6. artikulua.– Parte hartzeko eskabideak.

6.1.– Hautapen prozesura aurkezteko, erabiliko da deialdian jasotako eskabide eredua (Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak eguneratu ahal izango du), eta eskabidearekin batera aurkeztuko dira betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko agiriak, deialdian ezarritako epean.

6.2.– Eskabideak aurkeztean ordainduko dira urtero ezartzen diren tasak.

6.3.– Eskaerak aurkeztuko dira unibertsitatearen erregistro zereginez arduratzen den edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduan.

7. artikulua.– Euskaraz irakasteko gaitasuna egiaztatzea.

Euskaraz jakitea eskatzen duen hizkuntz eskakizuna duten plazetan [egiaztatuko da Euskararen arloko errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako Erabakian (uztailaren 11ko EHAA) ezarritako moduan, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko (2010eko azaroaren 15eko EHAA) C1 mailaren pareko tituluak aurkeztuta, edota apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuak (euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteari buruzkoa) adierazitako moduan], eskakizuna nahitaezkoa izango da, eta egiaztatzen ez bada deialditik kanpo geldituko da hautagaia.

8. artikulua.– Hizkuntza ez-ofizialetan irakasteko gaitasuna egiaztatzea.

EAEn ofiziala ez den hizkuntza bat jakitea eskatzen den lanpostuetan, hautagaiak gai izan beharko du hizkuntza horretan irakasteko, eta gaitasun hori egiaztatuko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2010eko ekainaren 24ko Akordioan (hizkuntza ez-ofizialetan irakasteko akreditazioa lortzeari buruzko arautegia onartzen duena) (2010eko abenduaren 2ko EHAA) eta UPV/EHUko errektorearen 2012ko martxoaren 8ko Erabakiaren (hizkuntz ez-ofizialen baliokidetasunari buruzkoa) Eranskinean ezarritako moduan.

9. artikulua.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, errektoreak aginduko du argitaratzeko UPV/EHUren webgunean onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartzen duen Erabakia, baztertzeko arrazoiak azalduta. Baztertutako pertsonek 10 egun baliodun izango dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunetik, erreklamazioa aurkezteko eta, hala badagokio, eginiko akatsak zuzentzeko. Zuzenketa epe horrek ez du inola ere berekin ekarriko beste epe bat zabaltzea alegatzeko edo egiaztatzeko lehiaketarako eskabideak aurkezteko azken egunean betetzen ez ziren baldintzak.

10. artikulua.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

10.1.– Hautagaiek aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, errektorearen Erabakiak onartuko du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda, eta UPV/EHUren webgunean argitaratuko da.

10.2.– Behin betiko baztertutako pertsonek aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Erabakiaren aurka, hilabeteko epean, kontatzen hasita argitaratu eta hurrengo egunetik, UPV/EHUko errektorearen aurrean, aintzat harturik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikulua eta hurrengoak, edo eskumena duen jurisdikziora jo ahal izango dute zuzenean.

10.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen Erabakian adieraziko da aurkezpen ekitaldia UPV/EHUren webgunean iragarriko dela.

II. TITULUA
HAUTAPEN BATZORDEAK

11. artikulua.– Kideak eta izendapena.

11.1.– Hautapen batzordeek bost kide titular izango dituzte. Gainera, zazpi ordezko izendatuko dira. Batzordeburua eta idazkaria aukeratuko dituzte batzordekideek, kideen artean. Batzordeko idazkaria izango da beti UPV/EHUko kide bat. Batzordeburua izango da kategoria eta antzinatasun handieneko pertsona, alde batera utzirik idazkaria.

11.2.– Honako hau izango da hautapen batzordearen osaera, kategoriaren arabera:

a) Katedradunak hautatzeko batzordeetan, nahitaezkoa izango da unibertsitateko katedradunen kidegoetako funtzionario izatea.

b) Irakasle titularrak hautatzeko batzordeetan, gutxienez bost kideetatik bik eta haien ordezkoek izan beharko dute unibertsitateko katedradunen kidegoetako funtzionarioak, eta gainerako hirurak eta haien ordezkoak izan daitezke unibertsitateko irakasle titularrak.

c) Irakasle osoen batzordeetan, bai kide titularrak bai haien ordezkoak izan daitezke katedradunak edo irakasle osoak.

d) Irakasle agregatuen batzordeetan, gutxienez bost kideetatik bik eta haien ordezkoek izan beharko dute unibertsitateko katedradunen edo irakasle osoen kidegoetako funtzionarioak, eta gainerako hirurak eta haien ordezkoak izan daitezke unibertsitateko irakasle titularrak edo agregatuak.

11.3.– Epaimahaien osaeran, irakasle osoak edo agregatuak aipatzean, onartuko dira ere Estatuko figura baliokideak.

11.4.– Errektoreari dagokio hautapen batzordea izendatzea, eta zozketa publiko bidez egingo da, arautegi honen 13. artikuluaren arabera, aintzat harturik plazari dagokion sailak eginiko proposamena.

11.5.– Hautapen batzordeak izango du UPV/EHUren plantillako kide bat gutxienez eta bi gehienez, kontuan izanik Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 b) artikulua eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 18.3 artikulua. Gainerako kideak UPV/EHUtik kanpokoak izango dira.

11.6.– Zazpi ordezko izendatuko dira, gutxienez bat UPV/EHUtik kanpoko kide bakoitzeko, eta gehienez bi UPV/EHUko kide bakoitzeko.

11.7.– Plazaren hizkuntz eskakizunak euskara jakitea eskatzen badu, gutxienez batzordekideetako batek eta haren ordezkoek euskaraz irakasteko gaitasuna izango dute. UPV/EHUk bermatuko du batzordeak probak EAEko bi hizkuntza ofizialetan ebaluatzea, eta horretarako behar diren bitartekoak jarriko ditu.

11.8.– Europar Batasuneko beste estatu batzuetako unibertsitateko irakasleek izan ezik, hautapen batzorde bateko edozein kidek (titular nahiz ordezko) honako hauek egiaztatu beharko ditu:

a) Gutxienez bi ikerketa aldi, aintzat harturik unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretua edo UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretua, unibertsitateko katedradunak edo irakasle osoak badira.

b) Gutxienez ikerketa aldi bat, aintzat harturik unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretua edo UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretua, unibertsitateko irakasle titularrak, agregatuak edo kategoria baliokide bateko irakasleak badira.

11.9.– Batzordekideek zerbitzu aktiboan egon beharko dute. Titular batek ezin badu batzordean aritu, kanpoan delako, gaixotasunagatik, errekusatu dutelako edo beste edozein arrazoirengatik, ordezko batek hartuko du haren lekua.

12. artikulua.– Hautapen batzordea osatzeko sailaren proposamena.

12.1.– Oro har, sailak proposatuko dizkio 17 pertsona Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzari, zenbaki banarekin. Horien artean egongo dira:

A) A blokea (UPV/EHU): UPV/EHUko 8 kide, plazari dagokion jakintza espezialitatekoak edo, bestela, antzeko espezialitate batekoak, aintzat harturik 11.2 artikulua, gutxienez lau emakumeak izanik. Berdintasunerako Zuzendaritzaren arabera oso feminizatuta dauden arloetan (emakumezko irakasle-ikertzaileak % 80tik gora), emakumeentzat ezarritako gutxienekoa gizonei dagokiela ulertuko da. Plazan euskaraz irakatsi behar bada, proposaturiko UPV/EHUko zortzi pertsonetatik gutxienez bost gai izango dira hizkuntza horretan irakasteko. Ezin bada osatu aurreko baldintzak eta epaimahaian aritzeko baldintza akademikoak betetzen dituzten UPV/EHUko 8 pertsonen zerrenda, lehen blokeko 8 pertsonen zerrenda osatuko da Estatuko gainerako unibertsitate publikoetako edo Europar Batasuneko estatu kideetako pertsonekin, 11.8 artikuluaren arabera. Nolanahi ere, proposatutako 2 pertsona gutxienez UPV/EHUkoak izango dira.

B) B blokea (UPV/EHUtik kanpokoak): Estatuko gainerako unibertsitate publikoetako edo Europar Batasuneko estatu kideetako 9 irakasle-ikertzaile iraunkor, 11.2 artikuluaren arabera, dagokion jakintza espezialitatekoak edo, bestela, antzeko espezialitate batekoak, gutxienez lau emakumeak izanik. Gutxieneko hori gizonei dagokiela ulertuko da a) letraren definizioaren arabera oso feminizatuta dauden arloetan.

12.2.– Zehazki, euskaraz jakitea ezinbestekoa den irakasle osoen eta agregatuen plazetan, gutxienez batzordeko bi kidek elebidunak izan beharko dute eta, horretarako, A blokeko pertsona guztiek euskaraz irakasteko gai izan beharko dute.

12.3.– Zehazki, euskara jakitea nahitaezkoa ez den irakasle osoen eta agregatuen plazen kasuan, A blokeko zortzi pertsonetatik, bi eta lau artean UPV/EHUko kideak izango dira.

12.4.– Kategoriaren arabera, honako hau proposatuko da:

a) Katedradunen plazetan: unibertsitateko katedradunen kidegoetako funtzionarioak izango dira.

b) Irakasle osoen kategorien kasuan: izan daitezke unibertsitateko katedradunen kidegoetako funtzionarioak edo irakasle osoak.

c) Irakasle titularrak hautatzeko: bloke bakoitzean, gutxienez % 40 izango dira unibertsitateko katedradunen kidegoetako funtzionarioak, eta gainerakoak izan daitezke unibertsitateko irakasle titularrak.

d) Irakasle agregatuak hautatzeko: bloke bakoitzean, gutxienez % 40 izango dira unibertsitateko katedradunen edo irakasle osoen kidegoetako pertsonak, eta gainerakoak izan daitezke unibertsitateko irakasle titularrak edo agregatuak.

12.5.– Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak uste badu proposamenak ez dituela betetzen aurreko baldintzak, zuzentzeko eskatuko dio sailari, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.

12.6.– Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, proposamena aldatu ahal izango du Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak, arrazoi justifikaturik egonez gero.

13. artikulua.– Hautapen batzordea osatzeko zerrendaren zozketa eta berrantolaketa.

13.1.– Plazak adjudikatzeko lehiaketen deialdi bakoitzean, bi zozketa egingo dira, publikoak, bata A blokerako eta B blokerako bestea. Zozketen eguna eta lekua dagokion sailari jakinaraziko zaizkio, argitara ditzan, modu birtualean ahal bada. Zozketen ondorioz, ausaz berrantolatuko da, bi blokeetan, Sailak eginiko batzordekideen proposamena.

13.2.– A blokeko berrantolaturiko zerrendatik hasita, honela izendatuko dira bi batzordekide titular eta lau ordezko:

13.2.1.– Oro har:

a) Bikote titular bat aukeratuko da, A bloketik. Honela:

a.1.– Aukeratuko da UPV/EHUko kidea den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona. Zehazki, plazan euskaraz irakatsi behar bada, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta euskaraz irakasteko gai den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona.

a.2.– Ondoren, hautatuko da A blokeko berrantolaturiko zerrendako eta aurrekoaren sexukoa ez den lehen pertsona.

b) Bi aldiz errepikatuko da a) prozesua, gainerako pertsonen zerrenda erabilita, hasieratik, A blokeko lau ordezkoen multzoa aukeratzeko. Honela:

b.1.– Aukeratuko da UPV/EHUko kidea den zerrenda honetako lehen pertsona. Zehazki, plazan euskaraz irakatsi behar bada, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta euskaraz irakasteko gai den zerrendako lehen pertsona; bestela, UPV/EHUko kidea den zerrendako lehen pertsona.

b.2.– Ondoren, hautatuko da A blokeko berrantolaturiko zerrendako eta aurrekoaren sexukoa ez den lehen pertsona; bestela, zerrendako lehen pertsona.

13.2.2.– Zehazki, euskara jakitea nahitaezkoa den irakasle osoen eta agregatuen plazetan, A blokeko batzordekideak, berrantolaturiko zerrendatik hasita, honela aukeratuko dira:

a) Bikote titular bat aukeratuko da, A bloketik. Honela:

a.1.– Aukeratuko da UPV/EHUko kidea den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona.

a.2.– Ondoren, hautatuko da A blokeko berrantolaturiko zerrendako eta aurrekoaren sexukoa ez den lehen pertsona.

b) Bi aldiz errepikatuko da a) prozesua, gainerako pertsonen zerrenda erabilita, hasieratik, A blokeko lau ordezkoen multzoa aukeratzeko. Honela:

b.1.– Aukeratuko da UPV/EHUko kidea den zerrenda honetako lehen pertsona.

b.2.– Ondoren, hautatuko da A blokeko berrantolaturiko zerrendako eta aurrekoaren sexukoa ez den lehen pertsona; bestela, zerrendako lehen pertsona.

13.3.– B blokeko zerrenda berrantolatutik hasita, gainerako batzordekideak –hiru titular eta hiru ordezkoa– aukeratuko dira. Honela:

a) Irakasle katedradunen plazen kasuan, hautatuko da zerrendako lehen pertsona, eta prozesua errepikatuz zerrendaren hasieratik eta hautaketa bakoitzean generoa aldatuz, UPV/EHUtik kanpoko beste bost pertsonak. Uneren batean hori ezinezkoa bada, aukeratuko da berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona. Lehenengo hiru pertsonak izango dira epaimahaikide titularrak; beste hirurak, ordezkoak.

b) Irakasle titularren plazetan, aukeratuko da irakasle katedradunen edo osoen kategoriako zerrendako lehen pertsona; ondoren, genero desberdineko hurrengoa. Horren ondoren, bat baino handiagoa bada epaimahai titularrean irakasle katedradunen eta osoen kopurua, generoa txandakatuz aukeratuko dira hurrengo kideak. Bestela, aukeratuko da irakasle katedradunen edo osoen kategoriako lehen pertsona; ondoren, genero desberdineko hurrengoa. Generoa txandakatuz aukeratuko dira hurrengo kideak. Uneren batean hori ezinezkoa bada, aukeratuko da berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona. B blokeko bosgarren pertsona hautatzean, bermatu egingo da gutxienez irakasle katedradunen edo osoen kategoriako hiru pertsona egotea kide titularren eta ordezkoen multzoan. B blokeko seigarren pertsona hautatzean, bermatu egingo da gutxienez irakasle katedradunen edo osoen kategoriako lau pertsona egotea kide titularren eta ordezkoen multzoan. B blokeko lehenengo hiru pertsonak izango dira epaimahaikide titularrak; beste hirurak, ordezkoak.

13.4.– Behin batzordekideak izendatuta, batzordeak argitaratuko dira dagozkion aldizkari ofizialetan, deialdiarekin batera.

14. artikulua.– Hautapen batzordeak eratzea.

14.1.– Hautapen batzordeen eraketak balioa izan dezan, bost kideek parte hartu beharko dute, presentzialki edo, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez.

14.2.– Hautapen batzordea eratzeko deialdia egingo du UPV/EHUko batzordekideak edo batzordekideek, eta deialdia helaraziko zaie kide titularrei eta ordezkoei, saioaren eguna baino 15 egun baliodun lehenago gutxienez. Deialdiak zehaztuko ditu eguna, ordua eta lekua, eta unibertsitatearen webgunean argitaratuko da. Batzordekide titular guztiak badaude batzordea eratzeko ekitaldian, presentzialki edo bitarteko elektronikoen bidez, ordezkoek ez dute parte hartu beharko.

14.3.– Edozein kidek eratze egintza huts eginez gero (aurreko paragrafoan ordezkoei buruz adierazitakoa gorabehera, titular guztiak bertaratuz gero), batzordetik kanpo geldituko da behin betiko.

14.4.– Lehen bileran, erabaki hauek hartuko dira:

1.– Batzordeburua eta idazkaria aukeratzea.

2.– Dokumentazioa aurkezteko ekitaldiaren eta proben egutegia.

3.– Proba bakoitzaren emaitzak argitaratzeko lekua, webguneaz gain.

4.– Aplikatu beharreko balorazio irizpide zehatzak onartzea, kidetasunagatiko haztapen irizpideak barne.

5.– Lehiakideek zer hurrenkeratan parte hartuko duten probetan.

14.5.– Aipatutako erabaki guztiak argitaratuko dira erakundearen webgunean, gutxienez.

14.6.– Batzordekideak abstenitu egingo dira eta ordezkoek hartuko dute haien lekua uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuan eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstenitzeko aipatutako zioren bat egonez gero.

15. artikulua.– Hautapen batzordeen funtzionamendua.

15.1.– Oro har, batzordeak eratuko dira eta lan egingo dute bitarteko elektronikoen bidez. UPV/EHUko batzordekideek egingo dute lehen saioa eratzeko lehen urratsa.

15.2.– Behin batzordea eratuta, nahikoa izango da erabakiak hartzeko batzordeburua, idazkaria (edo haien legezko ordezkoak) eta kide bat egotea, betiere UPV/EHUtik kanpoko kideen gehiengoaz.

15.3.– Hautapen batzordeek bermatu egingo dute lehiakideen aukera berdintasuna, eta merezimendu eta gaitasun printzipioen errespetua.

15.4.– Arautegi honetan espresuki aurreikusi gabeko gai guztietan, batzordeak kontuan hartuko du kide anitzeko organoei begira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean adierazitakoa.

III. TITULUA
PROBAK ETA MEREZIMENDUEN BALORAZIOA

16. artikulua.– Proben egutegia eta prestakuntza egintzak.

16.1.– Oro har, aurkezpen ekitaldia egingo da batzordea eratuko den egun berean; bestela, hurrengo egun baliodunean.

16.2.– Lehenengo proba egingo da aurkezpen ekitaldiaren egun berean; ezin bada, hurrengo egun baliodunean. Hurrengo probak hasiko dira aurrekoa amaitu eta berehala, eta ondoz ondoko egunetan egin ahal izango dira.

17. artikulua.– Agiriak aurkeztea.

17.1.– Deialdia argitaratzen denetik hautapen batzordeak finkatutako egunera arte, lehiakideek aurkeztuko dituzte I. eta II. eranskinetan aipatzen diren merezimenduen egiaztagiriak, formatu digitalean eta erregistro elektronikoaren bidez.

17.2.– Eskatzaileek erantsi ahal izango dituzte eskabide ereduko datuak osatzeko komenigarritzat jotzen dituzten agiriak, eta onartu eta kontuan hartu beharko ditu hautapen batzordeak.

17.3.– Artikulu honek aipatutako dokumentuak bi hilabetez gordeko ditu Lehiaketen Atalak, kontatzen hasita batzordeak proposamena egiten duen egunetik, kontrako errekurtsoren bat dagoenean izan ezik (kasu horretan, errekurtsoa ebatzi arte gordeko dira). Urtebete igarotzen bada eta interesdunek dokumentuak erretiratzen ez badituzte, unibertsitateak suntsitu egingo ditu.

18. artikulua.– Proben edukia.

18.1.– Irakasle iraunkorren eta unibertsitateko irakasleen kidegoetako plazak hautatzeko prozedurak proba baztertzaileak izango ditu, oro har aurkezpen eta batzordearekiko eztabaida banarekin (bakoitzaren iraupena, gehienez, 1h30-koa izango dena), eta baloratuko dira I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera.

18.2.– Katedradunen kategorian, bi proba egingo dira:

a) Lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa, ikerketakoa eta, hala badagokio, profesionala), haren prestakuntzaren kualifikazioa, lehiaketako plazaren profilari dagokionez, bai eta aurkeztu duen irakaskuntza eta ikerketa proiektua ere. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

b) Bigarren proban, aurkeztu eta eztabaidatuko da lanpostuari dagokion jakintza espezialitateko ikerlan original baten inguruan, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat. Gero, hautapen batzordeak lehiakidearekin eztabaidatuko du ikerlan originalari lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen gaiei buruz.

18.3.– Irakasle osoen kategorian, hiru proba egingo dira:

a) Lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak eta irakaskuntza eta ikerketa ibilbidea, eta, hala badagokio, profesionala.

b) Bigarren proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko da proposatutako irakaskuntza programa, bai eta ikerketa proiektua edo proiektuak ere. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

c) Hirugarren proban, aurkeztu eta eztabaidatuko da lanpostuari dagokion jakintza espezialitateko ikerlan original baten inguruan, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat.

18.4.– Irakasle katedradunen edo osoen kategoriak lortzeko barne promozioko plazen kasuan, ez da probarik egingo, eta merezimendu lehiaketa bidez aukeratuko da, I. eranskinean jasotako irizpideen arabera. Horretarako, dagokion dokumentazioa emateaz gain, hautagaiak bere merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa, ikerketakoa eta, hala badagokio, profesionala) aurkeztuko ditu eta merezimendu horiek hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira. Aurkezpen honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

18.5.– Irakasle titularren kategorian, bi proba egingo dira:

a) Lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa, ikerketakoa eta, hala badagokio, profesionala), haren prestakuntzaren kualifikazioa, lehiaketako plazaren profilari dagokionez, bai eta aurkeztu duen irakaskuntza eta ikerketa proiektua ere. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

b) Bigarren proban, hautagaiak aukeratutako gai bat aurkeztu eta eztabaidatuko da hautapen batzordearekin, plazari dagokion ezagutza espezialitate edo arloko gaia. Ondoren, batzordeak lehiakidearekin eztabaidatuko du eduki zientifikoei buruz, eduki horiek ikasleei azaltzeko erabili beharreko metodologiari buruz eta gaiarekin lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen alderdi guztiei buruz.

18.6.– Irakasle agregatuen kategorian, hiru proba egingo dira:

a) Lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa eta ikerketakoa), eta haren irakaskuntza eta ikerketa proiektua, dagokion ezagutza espezialitateko ikasgai baten programa barne.

b) Bigarren proban, hautagaiak aurkeztutako programako gai bat azaldu eta eztabaidatuko da batzordearekin, hautagaiak aukeratua zozketaz ateratako hiru gaien artetik. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

c) Hirugarren proban, ikerlan original bat azaldu eta eztabaidatuko da batzordearekin, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat.

18.7.– Hautagai bakarra egonez gero, salbuespen gisa eta adostasuna egonez gero, proben ahozko azalpenetik eta eztabaidatik salbuetsi ahal izango du batzordeak, eta zuzenean haren aldeko izendapen proposamena egin, erabakia arrazoituta.

18.8.– Lehiakide bakar batek ere ez baditu gainditzen probak guztiak, eman gabe utziko ditu plazak hautapen batzordeak.

19. artikulua.– Merezimenduen balorazioa.

Behin probak eginda, hiru proba baztertzaileak gainditu dituzten pertsonak zehaztuta, haien merezimenduak baloratuko dira, kontuan izanik honako hau:

a) Akreditatuta egotea, uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuaren arabera (unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko estatuko akreditazioa eta kidego horietako plazak lortzeko lehiaketen araubidea arautzen dituena), edo aurreko legeriaren arabera, plazaren ezagutza arloan eta lortu nahi den kategoriatik gorako kategoria batean, edo, lan arloko plazen kasuan, funtzionarioen figura baliokidea: 20 puntu gehiago.

b) Euskararen ezagutza baloratuko da III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Euskara jakitea baldintza ez den plazetan, 11 puntu lor daitezke merezimendu honengatik. Euskara jakitea nahitaezkoa den plazetan, soilik puntuatuko dira merezimendu gehigarriak, eta 2,2 puntu lortu ahal izango dira.

IV. TITULUA
HAUTAPEN BATZORDEAREN PROPOSAMENA

20. artikulua.– Hautapen batzordeen proposamena.

20.1.– Bat etorririk hautapen batzordearen txosten eta puntuazioekin, probak gainditu dituen lehiakiderik badago, izendapen proposamena egingo da. Proposamena arrazoitu egingo da eta loteslea izango da. Ondorioz, errektoreak Erabakia emango du, batzordearen proposamenaren arabera. Adostasuna badago, hautapen batzordeak egin ahal izango du txosten bakar, kuantifikatu eta arrazoitu bat hautagai bakoitzeko, eta proposamen hori argitaratuko da UPV/EHUren webgunean.

20.2.– Plaza betetzeko edo bete gabe uzteko proposamenaren barruan, sartuko da hautagai bakoitzaren balorazio indibidualizatua, behar bezala arrazoitua eta dagokion puntuazioa zehaztuta.

20.3.– Puntuazioaren arabera, hautapen batzordeek proposatuko dute norentzat izan behar duen plazak, eta ezin izango dute proposatu deialdian eskainitako plazak baino lehiakide gehiago.

20.4.– Alde batera utzi gabe aurreko atalean adierazitakoa, batzordeek ordezkoak ere proposatu ahal izango dituzte, puntuazioaren arabera ere, hasieran proposatutako pertsonak kontratua sinatzeari uko egiten dion kasurako.

20.5.– Batzordekide guztiek lehiakide guztiak kalifikatu beharko dituzte.

20.6.– Lehiakideek ez dute inolako eskubiderik izango hutsik dauden plazei dagokienez, eta ezin izango dute eskatu inolako lan poltsatan sartzeko.

V. TITULUA
ERREKLAMAZIOEN BATZORDEA

21. artikulua.– Erreklamazioak.

21.1.– Hautagaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute Errektoretzaren aurrean hautapen batzordearen proposamenaren aurka, argitaratu eta gehienez ere 10 eguneko epean. Erreklamazioa onartzen bada, eten egingo da izendapena edo kontratazioa egiteko epea, unibertsitateko irakasleen kidegoak edo lan kontratuko langileak diren kontuan hartuta.

21.2.– Erreklamazioen batzordeak hiru hilabete izango ditu erreklamatutako proposamena berresteko edo atzera botatzeko. Ondoren, errektoreak Erabakia emango du, aintzat harturik batzordearen proposamena. Epe hori igarotzen bada errektorearen erabakirik gabe, ezetsitzat hartuko da erreklamazioa. Errektorearen erabakiak amaiera emango dio administrazio bideari. Beraz, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da haren aurka edo, bestela, zuzenean errekurritu, dagokion Jurisdikzioan.

22. artikulua.– Erreklamazioen batzordea.

22.1.– Erreklamazioen batzordea osatuko dute unibertsitateko zazpi katedradunek eta haien ordezkoek, honela banatuta arlo zientifikoen arabera:

• Zientzia Esperimentalen arloko 2 ordezkari.

• Irakaskuntza Teknikoen arloko 1 ordezkari.

• Osasun Zientzien arloko 1 ordezkari.

• Gizarte eta Lege Zientzien arloko 2 ordezkari, horietako bat gizarte zientzien arlokoa eta, bestea, lege zientzien arlokoa.

• Humanitateen arloko 1 ordezkari.

22.2.– Titularrak bertaratzerik ez badu, gaixorik badago, errekusatu badute edo erreklamazioen batzordean parte hartzea eragozten dion beste edozein arrazoi badago, ordezkoak hartuko du haren lekua.

22.3.– Erreklamazioen batzordea aukeratuko dute Gobernu Kontseiluaren bilkuran, lau urtean behin, unibertsitateko katedradunek ezagutza adar bakoitzean aurkeztutako hautagaitza indibidualen edo kolektiboen artean (azken kasu honetan, generoaren ikuspuntutik orekaturik), baldin eta betetzen badituzte uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuak (unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko estatu akreditazioa eta kidego horietan sartzeko lehiaketen araubidea arautzen dituena) legez ezarritako baldintzak. Horiek horrela, erreklamazioen batzordea berritzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago, hamabost eguneko epea irekiko da interesdunek hautagaitza aurkezteko Unibertsitate Irakasleen Batzordean. Batzorde horrek egiaztatuko du hautagaiek baldintzak betetzen dituztela eta, beharrezkoa izanez gero, hautagaitzak osatuko ditu, horretarako ezarriko den prozesuaren bidez, ezagutza adarren batean nahikoa hautagaitzarik ez badago. Hautagaitza baliodunen zerrenda helaraziko zaio Gobernu Kontseiluari, hauta dezan.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Funtzionarioak zerbitzu aktibora itzultzea.

1.– Borondatezko eszedentzian dauden unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioak zerbitzu aktibora itzuliko dira Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Eszedentziaren aurretik lan egiten zuten unibertsitatera itzuliko dira, eta errektoreari eskatuko diote atxikitzeko plaza batera behin-behinean. Parte hartu beharko dute unibertsitateak beren kidego eta jakintza arloko lanpostuak betetzeko egingo dituen lehiaketa guztietan, eta behin-behineko atxikipena galduko dute hori egin ezean.

3.– Behin interesdunak unibertsitateari eskaera eginda, itzulera izango da automatikoa eta behin betikoa, baldin eta gutxienez bi urte igaro badira eszedentzian eta gehienez bost, eta lanpostu huts bat badago kidegoan eta jakintza arloan.

Kasu horretan, ez da lehiaketarik egingo hutsik dagoen plaza betetzeko, salbu eta denborazko baldintza horiek betetzen dituzten unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario batek baino gehiagok eskatu badu plaza berean zerbitzu aktibora itzultzeko. Horrelakoetan, lehiaketa egingo da, eta soil-soilik parte hartuko dute eskaera hori egin duten funtzionarioek.

4.– Plaza baten deialdia eginda interesdunak automatikoki itzultzea eskatzen badu (aurreko atalean adierazi bezala), baliogabetu egingo da deialdia, baldin eta itzultzeko eskaera egin bada lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen barruan (deialdiak aukera horretaz ohartaraziko du). Deialdia baliogabetuz gero, ordaindu diren azterketa tasak itzuliko dira.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Jakintza arloen araubide iragankorra.

Uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra aplikatuz, indarrean sartu arte ezagutza espezialitateen zerrenda, plazak adjudikatuko dira ezagutza arloetara eta haien profilean sartuko dira, gainera, eman beharreko irakasgaiak. Kasu horietan, hautapen batzordeak osatuko dituzte deitutako plazaren ezagutza arloko kideek edo, bestela, antzeko arlo batekoek.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hautapen prozesuen araubide iragankorra.

Arautegi hau aplikatuko zaie arautegia indarrean jartzen denetik aurrera egingo diren hautapen prozesuei.

Xedapen indargabetzailea

Indargabetu egiten dira UPV/EHUko Irakasleen arloko errektoreordearen 2008ko ekainaren 23ko Erabakia (EHAA 134. zk., 2008ko uztailaren 15ekoa), irakasle kontratatu iraunkorrak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduraren arautegia argitaratzen duena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 6ko Akordioa, irakasle kontratatu iraunkorrak hautatzeko batzordearen osaera aldatzen duena (EHAA 222. zk., 2014ko azaroaren 20koa) eta Gobernu Kontseiluaren 2009ko maiatzaren 28ko Akordioa, UPV/EHUko unibertsitateko funtzionarioen kidegoetara sartzeko lehiaketak arautzen dituena (EHAA 195. zk., 2009ko urriaren 9koa), bai eta arautegi honen aurka doan beste edozein arau ere.

Azken xedapena

Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.

I. ERANSKINA
IRAKASLE KATEDRADUNEN ETA OSOEN IRIZPIDE OROKORRAK ETA ESPEZIFIKOAK
Irakasle katedradunak eta osoak hautatzeko irizpide orokorrak.

1.– Behin arautegian jasotako abstentzio, errekusazio eta antzeko kasuak ebatzita, hautapen batzordeko kideek ezin izango diote uko egin lehiakideak baloratu eta kalifikatzeari.

2.– Azken nota izango da fase edo proba guztietan lortutakoen batura, eta, hala badagokio, 18. eta 19. artikuluetan jasotako merezimenduei dagokiena.

3.– Fase edo proba bakoitzaren balorazioa izango da batzordekide bakoitzak emandako puntuazioen batez besteko aritmetikoa. Batzordekide guztiek hautagai guztiak baloratu eta kalifikatzeko betebeharra dute.

4.– Lehiaketaren fase guztiak baztertzaileak izango dira, eta fase edo proba bakoitzarentzat ezarritako gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko da gutxienez hura gainditzeko. Batzordeak ezin izango du ezarri fase bakoitzean lor daitekeen gehienekoaren erditik gorako nota bat prozesua gainditutzat eman eta plazarako hautagaia proposatzeko.

5.– Katedradunen kategoriaren lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa, ikerketakoa eta, hala badagokio, profesionala), haren prestakuntzaren kualifikazioa, lehiaketako plazaren profilari dagokionez, bai eta aurkeztu duen irakaskuntza eta ikerketa proiektua ere. Lehiakide bakoitzak bi ordu izango ditu gehienez ahozko azalpenerako. Ondoren, batzordeak lehiakide bakoitzarekin eztabaidatuko du, bi orduz gehienez, merezimenduez eta irakaskuntza eta ikerketa proiektuaz. Proba hau 62 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 31 puntu lortu beharko dira batez beste bigarren fasera igarotzeko. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

6.– Katedradunen kategoriaren bigarren proban, gehien jota bi orduz, hautagaiak ahoz azalduko du lanpostuari dagokion jakintza espezialitateko ikerlan original bat, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat. Gero, batzordeak hautagaiarekin eztabaidatuko du ikerlan original horri lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen gaiei buruz, gehienez ere hiru orduz. Proba hau 27 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 13,5 puntu lortu beharko dira batez beste.

7.– Irakasle osoen kategoriaren lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak eta irakaskuntza eta ikerketa ibilbidea, eta, hala badagokio, profesionala. Lehiakide bakoitzak nahi duen denbora izango du ahozko azalpenerako, gehienez bi ordu. Proba 45 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 22,5 puntu lortu beharko dira batez beste bigarren fasera igarotzeko.

8.– Irakasle osoen kategoriaren bigarren proban, aurkeztu eta batzordearekin eztabaidatuko da proposatutako irakaskuntza programari buruz, bai eta hautagaiaren ikerketa proiektuari edo proiektuei buruz ere, gehienez 2 orduz. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean. Proba hau 22 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 11,5 puntu lortu beharko dira batez beste hurrengo fasera igarotzeko.

9.– Irakasle osoen kategoriaren hirugarren proban, gehienez 2 orduz, hautagaiak ahoz azalduko du lanpostuari dagokion jakintza espezialitateko ikerlan original bat, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat. Gero, batzordeak hautagaiarekin eztabaidatuko du ikerlan original horri lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen gaiei buruz, gehienez ere hiru orduz. Proba hau 22 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 11,5 puntu lortu beharko dira batez beste.

10.– Hautapen batzordeak baloratu egin behar ditu abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako ikerketa eta irakaskuntza aldiak.

11.– Euskararen ezagutza baloratuko da III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Euskara jakitea baldintza ez den plazetan, 11 puntu lor daitezke merezimendu honengatik. Euskara jakitea nahitaezkoa den plazetan, soilik puntuatuko dira merezimendu gehigarriak, eta 2,2 puntu lortu ahal izango dira.

12.– Batzordeak plaza betetzeko dagokion proposamena egingo du, hautagaiak ordenatuta puntuazio handienetik txikienera, 1. irizpide orokorraren arabera lortutako azken notaren arabera.

13.– Berdinketarik egonez gero, proposatuko da 1., 2. eta 3. proban –hurrenkera horretan– puntuazio onena lortu duen hautagaia.

14.– Irakasle katedradunen edo osoen kategoriak lortzeko barne promozioko plazen kasuan, hautagaiak, dagokion dokumentazioa emateaz gain, bere ibilbide akademikoan, irakaskuntza eta ikerketakoan eta, hala badagokio, profesionalean aipaturiko merezimenduak aurkeztuko ditu, aurkezpenaren zati bat eginez plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean. Batzordeak merezimenduak baloratuko ditu irizpide espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta 89 puntu emango ditu gehien jota. Gainera, euskararen ezagutzari dagokionez, eranskin honetako 11. Irizpidea aplikatuko da. Euskara jakitea baldintza ez den plazetan, 11 puntu lor daitezke merezimendu honengatik.

Irakasle katedradunak eta osoak hautatzeko irizpide espezifikoak.

1.– Hautapen batzordeek aintzat hartu beharreko irizpide espezifiko guztiak baloratuko dira kontuan izanik haien lotura edo kidetasuna lehiaketaren plazaren ezaugarriak direla-eta eskatutako irakaskuntza eta ikerketa lerroarekin. Aurkeztutako merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira ere genero ikuspegia eta euskararen erabilera. Kidetasunagatiko haztapen irizpide horiek zehaztuko dira batzordea eratzean.

2.– Ikerketa jarduera.

a) Ikerketa jardueraren emaitzen kalitatea eta zabalkundea: argitalpen zientifikoak, sorkuntza artistiko profesionalak, biltzarrak, hitzaldiak, mintegiak, etab. Ikerketa proiektuen eta kontratuen kalitatea eta kopurua.

b) Ikerketa proiektuen eta kontratuen kalitatea eta kopurua, eta hautagaiaren lidergo gaitasuna horietan.

c) Emaitzen transferentziaren kalitatea: jabetza intelektualaren erregistroa duten patenteak eta produktuak, ezagutza transferitzea ekoizpen sektorera, ezagutza eta ikerketa gizartera transferitzea eta hedatzea, etab.

d) Irakasleen mugikortasuna: egonaldiak ikerguneetan, etab.

e) Beste merezimendu batzuk.

f) Azalpenen argitasuna aurkezpenean eta eztabaidan.

g) Abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako ikerketa aldiak.

3.– Irakaskuntza jarduera edo profesionala.

a) Irakaskuntza arduraldia: emandako denbora, intentsitatea, erantzukizuna, zikloak, unibertsitate irakaskuntza mota, zuzendutako doktorego tesiak, etab.

b) Irakaskuntzaren kalitatea: jardueraren ebaluazio positiboak, ikasmaterial originala, irakaskuntza argitalpenak, hezkuntza berrikuntzako proiektuak, etab.

c) Irakasleen prestakuntzaren kalitatea: unibertsitate irakasleentzako prestakuntza kongresuetan parte hartzea, hizlari edo entzule gisa; egonaldiak ikastetxeetan, etab.

d) Irakaskuntza eta ikerketa arlokoak ez diren jarduera profesionalen kalitatea eta arduraldia, enpresetan, erakundeetan, ikerketako erakunde publikoetan edo ospitaletan: arduraldia, jardueraren ebaluazio positiboak, etab.

e) Azalpenen argitasuna aurkezpenean eta eztabaidan.

f) Abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako irakaskuntza aldiak.

4.– Irakaskuntza programa eta ikerketa proiektua.

Baloratuko dira eztabaidaren edukia eta azalpenen argitasuna, eta irakaskuntza eta ikerketa proiektuaren originaltasuna.

II. ERANSKINA
IRAKASLE TITULARREN ETA AGREGATUEN IRIZPIDE OROKORRAK ETA ESPEZIFIKOAK
IRAKASLE TITULARRAK ETA AGREGATUAK HAUTATZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

1.– Behin abstentzio eta errekusazio kasuak ebatzita, batzordekideek ezin izango diote uko egin lehiakideak baloratu eta kalifikatzeari.

2.– Azken nota izango da fase edo proba guztietan lortutakoen batura, eta, hala badagokio, 15. artikuluan jasotako merezimenduei dagokiena.

3.– Fase edo proba bakoitzaren balorazioa izango da hautapen batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioen batez besteko aritmetikoa. Batzordekide guztiek hautagai guztiak baloratu eta kalifikatzeko betebeharra dute.

4.– Lehiaketaren fase guztiak baztertzaileak izango dira, eta fase edo proba bakoitzarentzat ezarritako gehieneko puntuazioaren erdia lortu beharko da gutxienez hura gainditzeko. Batzordeak ezin izango du ezarri fase bakoitzean lor daitekeen gehienekoaren erditik gorako nota bat prozesua gainditutzat eman eta plazarako hautagaia proposatzeko.

5.– Irakasle titularren kategoriaren lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak (ibilbide akademikoa, irakaskuntzakoa, ikerketakoa eta, hala badagokio, profesionala), haren prestakuntzaren kualifikazioa, lehiaketako plazaren profilari dagokionez, bai eta aurkeztu duen irakaskuntza eta ikerketa proiektua ere. Lehiakide bakoitzak bi ordu izango ditu gehienez ahozko azalpenerako. Ondoren, batzordeak lehiakide bakoitzarekin eztabaidatuko du, bi orduz gehienez, merezimenduez eta irakaskuntza eta ikerketa proiektuaz. Proba hau 62 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 31 puntu lortu beharko dira batez beste bigarren fasera igarotzeko. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

6.– Irakasle titularraren kategoriaren bigarren proban, gutxienez 45 minutuz eta gehienez ordu eta erdiz, lehiakideak ahoz azalduko du plazari dagokion espezialitateari edo jakintza arloari buruzko gai bat, berak libreki aukeratua. Gero, gehienez hiru orduz, batzordeak lehiakidearekin eztabaidatuko du azaldutako eduki zientifikoei buruz, eduki horiek ikasleei azaltzeko erabili beharreko metodologiari buruz eta gaiarekin lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen alderdi guztiei buruz. Proba hau 27 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 13,5 puntu lortu beharko dira batez beste.

7.– Irakasle agregatuen kategoriaren lehenengo proban, aurkeztu eta hautapen batzordearekin eztabaidatuko dira hautagaiaren merezimenduak eta irakaskuntza eta ikerketa ibilbidea, eta, hala badagokio, profesionala. Lehiakide bakoitzak nahi duen denbora izango du ahozko azalpenerako, gehienez bi ordu. Proba 45 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 22,5 puntu lortu beharko dira batez beste bigarren fasera igarotzeko.

8.– Irakasle agregatuen kategoriaren bigarren proban, gehienez bi orduz, hautagaiak aurkeztutako programako gai bat azaldu eta eztabaidatuko da batzordearekin, hautagaiak aukeratua zozketaz ateratako hiru gaien artetik. Proba hau 22 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 11,5 puntu lortu beharko dira batez beste bigarren fasera igarotzeko. Proba honen zati bat egingo da plazaren profilaren hizkuntza bakoitzean.

9.– Hirugarren proban, gehienez 2 orduz, hautagaiak ahoz azalduko du lanpostuari dagokion jakintza espezialitateko ikerlan original bat, azken 5 urteetan eginikoa, argitaratua edo argitaratu gabea, hautagaia izanik haren egile nagusietako bat. Gero, batzordeak hautagaiarekin eztabaidatuko du ikerlan original horri lotuta garrantzitsutzat jotzen dituen gaiei buruz, gehienez ere hiru orduz. Proba hau 22 punturekin baloratuko da gehien jota, eta gutxienez 11,5 puntu lortu beharko dira batez beste.

10.– Hautapen batzordeak baloratu egin behar ditu abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako ikerketa eta irakaskuntza aldiak.

11.– Euskararen ezagutza baloratuko da III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Euskara jakitea baldintza ez den plazetan, 11 puntu lor daitezke merezimendu honengatik. Euskara jakitea nahitaezkoa den plazetan, soilik puntuatuko dira merezimendu gehigarriak, eta 2,2 puntu lortu ahal izango dira.

12.– Batzordeak plaza betetzeko dagokion proposamena egingo du, hautagaiak ordenatuta puntuazio handienetik txikienera, 1. irizpide orokorraren arabera lortutako azken notaren arabera.

13.– Berdinketarik egonez gero, proposatuko da 1., 2. eta 3. proban –hurrenkera horretan– puntuazio onena lortu duen hautagaia.

Irakasle titularrak eta agregatuak hautatzeko irizpide espezifikoak.

1.– Hautapen batzordeek aintzat hartu beharreko irizpide espezifiko guztiak baloratuko dira kontuan izanik haien lotura edo kidetasuna lehiaketaren plazaren ezaugarriak direla-eta eskatutako irakaskuntza eta ikerketa lerroarekin. Kidetasunagatiko haztapen irizpide horiek zehaztuko dira batzordea eratzean.

2.– Ikerketa jarduera

a) Ikerketa jardueraren emaitzen kalitatea eta zabalkundea: argitalpen zientifikoak, sorkuntza artistiko profesionalak, biltzarrak, hitzaldiak, mintegiak, etab.

b) Ikerketa proiektuen eta kontratuen kalitatea eta kopurua.

c) Emaitzen transferentziaren kalitatea: jabetza intelektualaren erregistroa duten patenteak eta produktuak, ezagutza transferitzea ekoizpen sektorera, ezagutza eta ikerketa gizartera transferitzea eta hedatzea, etab.

d) Irakasleen mugikortasuna: egonaldiak ikerguneetan, etab.

e) Beste merezimendu batzuk.

f) Azalpenen argitasuna aurkezpenean eta eztabaidan.

g) Abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako ikerketa aldiak.

3.– Irakaskuntza jarduera edo jarduera profesionala

a) Irakaskuntza arduraldia: emandako denbora, intentsitatea, erantzukizuna, zikloak, unibertsitate irakaskuntza mota, zuzendutako doktorego tesiak, etab.

b) Irakaskuntzaren kalitatea: jardueraren ebaluazio positiboak, ikasmaterial originala, irakaskuntza argitalpenak, hezkuntza berrikuntzako proiektuak, etab.

c) Irakasleen prestakuntzaren kalitatea: unibertsitate irakasleentzako prestakuntza kongresuetan parte hartzea, hizlari edo entzule gisa; egonaldiak ikastetxeetan, etab.

d) Irakaskuntza eta ikerketa arlokoak ez diren jarduera profesionalen kalitatea eta arduraldia, enpresetan, erakundeetan, ikerketako erakunde publikoetan edo ospitaletan: arduraldia, jardueraren ebaluazio positiboak, etab.

e) Azalpenen argitasuna aurkezpenean eta eztabaidan.

f) Abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak, urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak eta martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak aitortutako irakaskuntza aldiak.

4.– Aurkeztutako programaren gaia azaltzean eta eztabaidatzean, baloratuko dira edukia eta hautagaien azalpen argitasuna, komunikazio gaitasuna eta planteamendu didaktikoa, bai eta profilean jasotako irakats hizkuntzetan aritzeko trebetasuna ere.

5.– Ikerketa proiektu originalean, baloratuko dira edukia, azalpenen argitasuna eztabaidan eta originaltasuna.

III. ERASKINA
EUSKARAREN EZAGUTZA

1.– Euskararen ezagutza akademikoa, irakasteko eskatzen den mailara arte (gehieneko maila bakarrik puntuatuko da, 8,80 puntu gehienez).

(Ikus .PDF)

Oharrak:

– Ezagutza maila frogatuko da deialdiaren egunean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen arautegiaren arabera.

– C1 mailaren baliokidetzat hartuko da UPV/EHUk antolaturiko EIGA (Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria) azterketa gainditu izana egiaztatzen duen agiria.

2.– Euskararen ezagutzarekin edo ikastaro espezifikoekin loturiko merezimenduak (2,20 puntu gehienez) (C1 mailatik aurrera).

(Ikus .PDF)

Oharrak:

– C2 ezagutza maila frogatuko da deialdiaren egunean Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen arautegiaren arabera.

– Prestakuntza espezifikoari dagokionez, soilik hartuko dira kontuan UPV/EHUren Euskara Zerbitzuak antolaturiko ikastaroak eta prestakuntza programak.


Azterketa dokumentala