Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2024ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4654

EBAZPENA, 2024ko irailaren 26koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2024ko urritik 2025eko irailera euskara-ikastaroak emateagatik euskal etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzetarako deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartua.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.a) letrak helburu hau xedatzen du aipatutako institutuarentzat (aurrerantzean EEI esango zaio): «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz». Ildo horretan, aipatutako legearen 4.1.f) artikuluak EEIri honanko eginkizun esleitzen dio: «Erakundearen helburuak betetzera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuei dirulaguntzak ematea».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskara sustatzea eta hedatzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Halaber, dekretu horrek 19. artikuluaren 3.b) letran dioenez, institutuaren eginkizunetako bat da munduan zehar euskara darabilten kolektibitateetan euskararen ezagutza sustatzea, gehienbat euskal etxeen bidez. Era berean, Dekretu horren 19.2.k) eta 19.3.k) artikuluek EEIren jardunbidetzat ezartzen dute «Euskal kulturaren sustapen unibertsalera bideratutako jarduerak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuentzako dirulaguntzen dirulaguntzen konexioa kudeatzea».

Hori dela eta, EEIri dagozkion jardun-eremuekin bat etorriz, egokitzat jo da munduko euskal etxeetan euskara-eskolak sustatzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2024ko urtarrilaren 24an Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza-deialdia eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen. Dirulaguntza horiek Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen 2021-2024 urteetarako eta sailaren web orrian argitaratuta baitago baita dirulaguntzen 2024ko urteko planean ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren maiatzaren 28ko Aginduaren bidez onartutakoan (httpp://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024).

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da argitaratzea 2024ko urritik 2025eko irailera euskara-ikastaroak emateagatik euskal etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzetarako deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartua.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetarako 320.000 euro bideratuko dira, EEIren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik, eta honela banatuko dira:

1.– 95.000 euro, 2024ko urritik abendura egingo den irakas-jarduera babesteko.

2.– 225.000 euro, 2025eko urtarriletik irailera egingo den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak euskal etxeek eta euskal etxeen federazio eta konfederazioek eskatu ahal izango dituzte (Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal gizatalde eta euskal etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek ezarritako definizioen arabera), baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Baldintza orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileek ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondorioak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23. artikuluarekin (Testu Bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoak, 11. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoak.

e) Baldintza horiek guztiak nahitaezkoak dira dirulaguntzen onuradun izateko eta hala izaten jarraitzeko, jasotako dirulaguntza likidatu arte.

2.– Baldintza akademikoak:

a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente (2015eko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.).

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldeak osatzeko, gutxienez sei ikasle beharko dira, eta taldeen batezbestekoa gutxienez zortzi ikasle izango da.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskineko eredu normalizatua erabiliz edo www.etxepare.eus web-orrian eskuragarri izango den eredua erabiliz aurkeztuko dira, EEIren zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, eta helbide honetara igorriko dira: Andre Zigarrogileen Plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Deialdi honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren ordu/taldeen proposamen zehatza jasoko da eskabideetan. Kontuan izanik euskal etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko, eskabideek bereizi egin beharko dituzte 2. artikuluan zehaztutako epe bakoitzerako aurreikusten dituzten ordu/taldeak, hau da, urritik abendura eta urtarriletik irailera emango dituzten ordu/taldeak, hurrenez hurren.

Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak berariaz aipatuta, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera (III. eranskina).

3.2.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatuko duena beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuetatik jaso dituen laguntzak edo dirulaguntzak bateragarriak direla (IV. eranskina).

3.3.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non deklaratuko baita euskal etxea ez dagoela sartuta dirulaguntzak edo bestelako laguntzak itzultzeko edo horien ondoriozko zehapenak ezartzeko hasi eta oraindik amaitu gabe dagoen ezein prozeduratan, eta, hala badagokio, amaituta dauden prozedurei dagokienez, obligazioak ordainduta dituela (IV. eranskina).

3.4.– Euskal etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, de minimis laguntzak jasotzeari buruzkoa, hala badagokio (IV. eranskina).

4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak ez daude beharturik administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok eginak diren dokumentuak aurkeztera. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak horren aurka egin ezean. Aurka eginez gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu agiriak.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen hutsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, betiere aurretiaz ebazpen bat eman eta gero.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal etxeetako euskaltegiei emango zaizkien dirulaguntzetarako, 15,00 euroko ordu/talde modulua aplikatuko da.

Deialdi honen 2. artikuluan ezarritako zenbatekoa ez bada nahikoa eskabide guztien beharrei erantzuteko, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira entitate onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntza ebaztea.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzea eta emango den laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea, EEIren zuzendariak ebazpena eman dezan.

Esleipen-ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da, beranduenez.

2.– Esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.a) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea igaro eta gero jakinarazpenik ez egoteak legitimatzen du interesatua dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko, Dirulaguntzaren Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Dirulaguntza likidatzea.

Ikasturteko behin betiko datu errealei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso eta gero egiaztatzen bada ez direla eman aurreikusita zeuden ordu/taldeak, edota ez bada justifikatzen emandako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, EEIren zuzendariak likidazio-ebazpena emango du, eta onartutako laguntzen zenbatekoak doituko ditu, proportzionaltasun-printzipioaren arabera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntza-ebazpena eman ondoren, 2024ko urritik abendura arte aurreikusita dauden ordu/taldeei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2025eko martxotik aurrera, behin 2024ko urritik abendura arte emandako ordu/taldeei eta diruz lagundutako jardueraren gastuei buruzko ziurtagiriak jaso, aztertu eta horiek nahikotzat eta egokitzat jo direnean, 2025eko urtarriletik irailera arteko eperako onartutako dirulaguntzaren % 60 ordainduko zaie entitate onuradunei.

3.– Dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa, hala badagokio, EEIren zuzendariak egindako likidazio-ebazpenean zehaztuko da, eta entitate onuradunak egin dituen jarduera guztiak behar bezala justifikatu eta agiriak bidali ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen arabera ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuz gero edo finantzaketa publikorako ezarrita dagoen gehieneko ehunekoa gaindituz gero, laguntza murriztu egingo da, dagokion kopurura doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa-betebeharra ezarrita duten beste laguntza batzuekin batera gertatzen bada, itzuli beharreko diru-kopurua proportzionala izango da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoaren gainetik eman den laguntzaren ehunekoarekiko.

12. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuradunek dirulaguntzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute; horretarako, II. eranskinean jasota dagoen justifikazio-eredu normalizatua erabiliko dute, edo www.etxepare.eus web-orrian dirulaguntza justifikatzeko dagoen eredua, informazioa hau bilduta:

a) Dagokion epealdian benetan emandako ordu/taldeen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako jarduerek eragindako gastuen ziurtagiria; gastuak haien izaeraren arabera sailkatuta agertuko dira: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioa, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, baldin eta gastu horiek zuzenean jarduerari egotz badakizkioke, betiere dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zer ehuneko egotzi behar zaien euskara-ikastaroei. Nolanahi ere, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak osorik egotziko dira.

c) Dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentzia gisa.

2.– EEIren dirulaguntza behar bezala justifikatutzat hartzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Benetan emandako eta ziurtatutako ordu/taldeak deialdiaren ebazpenean zehaztutakoak beste izatea gutxienez.

b) Justifikatutako gastuen baturak dirulaguntzaren zenbatekoa egitea gutxienez, betiere deialdi honen 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Entitate onuradunek EEIren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko bidali dituzten gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordeko dituzte, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea. Egiaztagiriak onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dituzte datu hauek: gastuaren kontzeptua eta denbora-eremua, eta dokumentua eman duen entitatearen edo organismoaren izena eta jaso duenarena.

4.– Justifikatu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jaso den eguneko diru-trukea hartuko da aintzat. Salbuespen gisa, datu hori lortzea ezinezkoa denean, egun horretarako argitaratu den truke-indize ofiziala hartuko da erreferentzia gisa.

5.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Agiri horiek epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2024ko urritik abendura artekoak, 2025eko otsailaren 15a baino lehen.

b) 2025eko urtarriletik irailera artekoak, 2025eko urriaren 15a baino lehen.

13. artikulua.– Entitate onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakinerako erabiltzea.

b) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen babesean jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

c) EEIren esku uztea dirulaguntza justifikatzeko bidalitako gastuen egiaztagiriak, eta jatorrizkoak entitatearen kontabilitate-artxiboan gordetzea, baliteke-eta EEIk ikuskaritza-lanen bat egin behar izatea.

d) Dirulaguntza publikoak jaso direla aditzera ematea; horretarako, Etxepare Euskal Institutuaren logoa jarri beharko da deialdi honen helburuarekin zerikusia duten jarduera guztietan, arloari dagokionez indarrean dauden legeen arabera.

e) Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat deialdi honetan adierazitakoez bestelako jardueretan erabiltzea.

b) Deialdi honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Etxepare Euskal Institutuari, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduan adierazitakoaren arabera arautuko dira (EBAO, L 2831, 2023-12-23koa); erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Dirulaguntza hauek de minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 baino handiagoa izango aurreko hiru urteetan. Muga hori gainditzen ez duten dirulaguntzek ez dute merkataritza eraldatzen, ezta lehia-baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis dirulaguntzen berri eman beharko du, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeren eta egiaztatu behar baita de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen adierazitako erregelamenduak xedatutako gehieneko muga.

Betekizun horretatik salbuetsita daude egoitza soziala Europar Batasunetik kanpo duten eskatzaileak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa:

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, aplikatu behar diren lege-betebeharrak konplitzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizun bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko.

– 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzekoa (2007-05-10eko EHAA, 89. zk.).

Hartzaileak: ez da daturik komunikatuko.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ID: 0573

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2024ko irailaren 26a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala