Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2024ko urriaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4634

EBAZPENA, 2024ko irailaren 24koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako nazioartekotze zuzendariarena, Nazioarteko Gauzatu 2024 laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Iraunkortasuna Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.

Horrekin lotuta, SPRIk Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.

Ondorioz, Laguntza Programa hau euskal enpresak atzerrian ezartzea sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.

Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hori guztia dela eta, hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– 2024. urterako «Nazioarteko Gauzatu» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen Eranskinean.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2024ko irailaren 24a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze zuzendaria,

AINHOA ONDARZABAL IZAGUIRRE.

ERANSKINA
NAZIOARTEKO GAUZATU 2024 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XII. legegintzaldiko Gobernu Programak, Industriaren eta Nazioartekotzearen eremuaren baitan dagoen lehenengo ardatzean (Oparotasuna), 18. konpromisoa jasotzen du: Euskal enpresen nazioartekotzea.

Aipatutako Gobernu Programaren aginduz, Industriaren eta Nazioartekotzearen Plan Estrategikoan eta Enpresak Nazioartekotzeko Gobernuaren Programan zehaztu behar da konpromiso hori, gutxieneko eduki batzuekin. Horien artean, honakoa nabarmentzen da: «enpresak nazioartekotzeko laguntza finantzarioko programak garatzea, eta funts publiko-pribatuen bidez euskal enpresen kapitalean parte hartzea, aldi batez, horiei kanpoan garatzen eta hedatzen laguntzeko».

Hala, jarraipena ematen zaio aurreko legegintzaldietan hasitako sustapen-politika publikoari. Kanpoko merkatuetan inbertitzea erraztea da politika horren helburua, enpresen posizionamendua hobetzeko.

Gauzatu Nazioarteko Programak laguntza ematen du, mailegu itzulgarrien bidez, kanpoko merkatuetan ekoizpena ezartzeko edo atzerriko enpresak erosteko.

Pertsonen zirkulazioa eta merkantzien mugikortasuna oso baldintzatuta daude. Testuinguru horretan, merkatuetan presentzia izatea da estrategia garrantzitsuenetako bat. Hori dela eta, ekoizpena kanpoan ezartzeko eragiketak gero eta beharrezkoagoak dira enpresentzat.

Enpresen behar berri horietara bideratuta dago Gauzatu Nazioarteko Programaren esku-hartzea, eta sektore publikoaren ahalegina da, errealitate berrietara islatzeko.

2024ko Gauzatu Nazioarteko Programak behar adinako aurrekontu-kreditua du, eta SPRIren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko akordioaren bidez onartu zen plan hori, eta Gardentasun Atarian argitaratuta dago. Programak planaren helburu honi laguntzen dio: «euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatu daitezen bultzatzea».

1. artikulua.– Xedea.

Euskal enpresen kanpoko (nazioarteko eremua) ezarpenen (ekoizpenarena edo ekoizpenarekin lotutako zerbitzu teknikoena) kokapena, hedapena eta berrikuntza bultzatzera bideratutako laguntzen emakida erregulatzea da oinarri hauen helburua. Ezarpen horiek finkatzen laguntzen dute aipatutako laguntzek, eta merkatu horietako presentzia indartzen dute, haien lehiakortasuna handitzeko eta nazioartekotze-prozesuetan zehar bideragarritasuna eta garapen jasangarriaren sustapena ziurtatzeko helburuz.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Emango diren laguntzak aurrerakin itzulgarriak izango dira, eta norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira.

Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2024an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRIren aurrekontuetan horretarako esleitutako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Honako kategoria hauetakoren batekin bat datozen pertsona juridikoek jaso ahal izango dute oinarri hauetan jasotzen den laguntza:

a) Enpresa Txiki eta Ertainak (ETEak). Horiei Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamendua (EB) aplikatuko zaie, 2014ko ekainaren 17koa, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen duena, EBFI itunaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuta, zehazki 17. artikulua («651/2014 Erregelamendua»).

ETEaren definizioa aplikatzeko, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean zehazten dena hartuko da kontuan.

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETEak) kategoria honako hauek osatzen dute: 250 langile baino gutxiago dituzten eta urtean 50 miloi euroko negozio bolumena gainditzen ez duten enpresak, edo urteko balantze orokorra 43 miloi eurokoa baino handiagoa ez dutenak.

Enpresa Txikia izango da 50 langile baino gutxiago dituena eta urteko negozio bolumena edo urteko balantze orokorra 10 miloi eurokoa baino handiagoa ez duena.

Hauek dira mikroenpresak: 10 langile baino gutxiago dituzten eta urteko negozio bolumena edo urteko balantze orokorra 2 miloi eurokoa baino handiagoa ez dutenak.

b) Enpresa Handiak. Horiei aplikatuko zaie Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko EB 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa («2023/2831 Erregelamendua»).

2.– Enpresek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute edo gutxienez ekoizpen-instalazio bat izan beharko dute.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.

1.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) DEALen 13. artikuluan edo 2003ko azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren (DLO) 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean badaude, oinarrizko legedia eratzen duen heinean.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren aurkaratzea bertan behera uztea adostu bada.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

c) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

d) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen eta enpresen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.

e) Enpresa Handien kasuan, aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro jaso izana.

f) ETE-en kasuan, krisian dauden enpresak, krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (EBAO, C249, 2014-07-31).

2.– Laguntza aurkezten den unetik dirulaguntza likidatzen den unera arte bete behar dira aurreko ataletan aipatutako baldintzak.

6. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Oinarri hauetarako, Basque Trade & Investment (Euskadiko Nazioartekotze Agentzia, «BTI») eta Finantzen Euskal Institutua («FEI») izendatu dira erakunde laguntzaile gisa, eta DEALren 12. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta ebazpen honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenen arabera.

2.– BTI honako zereginez arduratuko da:

a) Laguntza-eskaerak eta laguntzari uko egiteko berariazko eskaerak, egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea luzatzeko eskaerak eta inbertsioak deklaratzeko eskaerak jasotzea, eta, hala dagokionean, zuzenketa-eskaerak jasotzea.

b) Inbertsio-proiektuen dokumentazioa eta kalifikazioa aztertzea.

c) Enpresa-proiektuaren eta ezarpen-planaren azterketa teknikoa eta ebaluazioa egitea.

d) Inbertsioen txosten teknikoa egitea eta ebaluazio-batzordeari igortzea.

e) Justifikazio-dokumentuak jasotzea.

f) Ordainketa-proposamena egitea.

g) Ordainketa itzultzeko likidazioak ebaluatzea.

h) Oinarri hauen 20. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.

3.– FEI honako zereginez arduratuko da:

a) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak agindutako ordainketa-ebazpenetan xedatutako baldintzetan.

b) Aurrerakin itzulgarriekin lotutako eragiketak modu espezifikoan kontabilizatzea.

c) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak FEIren aurrekontuan jasotzea.

d) SPRIri laguntzen kudeaketarekin lotutako alderdien berri ematea, hiru hilean behin alderdien artean sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutako kudeaketa-datuak bidalita, honakoak barne:

d.1) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– SPRIren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunen diru-itzultzeen kobrantzak.

– Aurreko eragiketa bakoitzaren osteko saldoa.

d.2) Deialdiaren zorpetze finantzarioagatik sortutako interesen likidazioaren kalkulua.

d.3) Deialdiaren kudeaketarengatik sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.

d.4) Onuradun bakoitzeko, banakako erregistroa: ordainketen, diru-itzulketen eta jazoeren datak; bereziki, onuradunek epea betetzean amortizatu gabeko zenbatekoekin lotutako jazoerenak.

d.5) Hitzarmenean definitutako Jarraipen Batzordeak erabakitzen duen beste edozein informazio.

e) Urtean likidazio bat egitea, aurreko atalean zerrendatutako kudeaketa-datu esanguratsuenak barne hartuko dituena.

f) Itzulitako zenbatekoak eta, hala dagokionean, horien interesak jasotzea, eta urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzari transferitzea, 2024ko Gauzatu Nazioarteko Programa aurrera eramateko FEIk bere gain hartutako zorra kitatu ostean.

g) Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak eta eskumena duten beste organo batzuek laguntzen kudeaketa egiaztatzeko egin ditzaketen jarduketak onartzea.

7. artikulua.– ETEentzako eta enpresa handientzako laguntza jaso ditzaketen inbertsioak.

1.– Laguntza jaso dezakete kanpoan egiten diren inbertsio-proiektu hauek: establezimendu berri bat irekitzea, lehendik zeuden establezimenduak berritzea edo handitzea, edo atzerriko sozietateak erostea, baldin eta euskal enpresaren partaidetzak gehiengoa badu, eta inbertsioaren jomugako herrialdeko legeak kontrakorik agindu ezean. Laguntza-eskaera ebatzi aurretikoa izan behar du enpresa berriaren eraketak edo lehendik zegoen enpresaren erosketak.

2.– Laguntza jaso dezaketen proiektuek, gutxienez, 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute 2007ko azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitateko Plan Nagusiko kategorietan edo inbertsioaren jomugako herrialdeko Kontabilitateko Planaren araberako kategoria baliokideetan. Jarraian zerrendatzen dira kategoria horiek:

203 Jabetza industriala eta patenteak.

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lursailak eta ondasun naturalak.

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makinak.

214 Tresneria.

215 Beste instalazio batzuk.

216 Altzariak.

217 Informazio-prozesuetarako ekipoak.

3.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa gehienez ere 36 hilabeteko epean gauzatu behar da, laguntza ematen den egunetik zenbatzen hasita, eta, edozein kasutan ere, 2027ko abenduaren 31 baino lehen.

4.– Euskal enpresak proiektuan duen parte-hartzearen proportzioaren arabera kontatuko da inbertsio hori.

5.– «Lursailak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» kategorietako inbertsioen kasuan, kontuan hartuko den gehieneko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen kasuko berbera izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, inbertsio soberakina ez da laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko laguntzak erabakitzeko orduan.

6.– Aktiboen preziotzat hartuko da horien balio «garbia», hau da, balio erantsiaren gaineko zerga (edo haren baliokidea, inbertsioaren jomugako herrialdean) kendu ostean fakturatutako zenbatekoa.

7.– Era berean, aktibo horiek:

a) Lehenengo aldiz erabili behar dira edo lehenengo aldiz sartu behar dute funtzionamenduan.

b) Atzerriko enpresa bat erosiz gero, haren aktiboak berriak balira bezala tratatuko dira.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-epea izan behar dute, eta gutxienez bost urtez egon behar dute enpresaren aktiboan.

d) Ezin zaizkie hirugarrenei laga, ez ordainduta, ez ordaindu gabe.

e) Ezin ditu fabrikatu enpresa eskatzaileak berak (eta inolako kasutan ere ez dira kontatuko barne hartzen dituzten kanpo-kontsumoen balioa baino handiagoarekin).

f) Ezin dute laguntzarik jaso bazkidea den edozein pertsonak generotan egindako kapital-ekarpenek.

g) Diruz lagun daitezkeen aktibo immaterialak enpresa onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu behar dira, elementu aktibo amortizagarritzat hartuko dira, hirugarrenei erosiko zaizkie merkatuko baldintzetan eta enpresaren aktiboan egon beharko dute gutxienez bost urtez.

8.– Leasingaren edo finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioak laguntza jaso dezake, betiere enpresak berariaz hitzematen badu haren kontratua amaitzean erosteko aukeraz baliatuko dela, edo bi alderdiek sinatutako kontratua gauzatzeko konpromisoa hartzen badu.

9.– Laguntzaren xede diren inbertsioek aurretiazko eskaria edo eskaria aurkeztu ondoren hasi behar dute, eskaera aurkezten den deialdiko ekitaldian zehar.

10.– Establezimendu baten aktiboak erosteko, 651/2014 Erregelamenduaren 17.3.b) artikuluan adierazitakoa bete behar da.

a) Establezimendua itxita egotea, edo erosi ezean itxi egin behar izatea.

b) Aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea.

c) Eragiketa merkatuko baldintzetan egitea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo langile batek enpresa txiki baten ardura hartzen badu, ez da aplikatuko aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erosi beharraren baldintza. Enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da inbertsio bat izango.

11.– Oinarri hauen ondorioetarako, berrikuntza-proiektutzat hartuko dira lehendik dagoen establezimenduko ekoizpen-prozesu orokorrean aldaketa garrantzitsu bat eragiten dutenak.

12.– Filialak dituzten enpresen kasuan, laguntzaren enpresa onuradunek atzerrian dituzten filialek egindako inbertsioek bakarrik jaso hala izango dute laguntza, betiere bi enpresen helburu sozialak argi eta garbi lotuta badaude.

13.– Elkartutako edo lotutako enpresen aktiboak erosteko inbertsioak, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, berariaz komunikatu behar zaizkio SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari, eta kanpoko kontrol-auditoretzen arabera baloratuko dira.

14.– Ez dira diruz lagun daitezkeen inbertsiotzat hartuko honako hauek:

a) Sektore hauetara bideratutako inbertsioak: eraikuntza, higiezinak, finantzak, aseguruak, defentsa, arrantzako produktuak eta akuikultura eta lehen mailako nekazaritza-ekoizpena.

b) Ekipamendua edo makineria ordezkatzea helburu duten inbertsioak, baldin eta horrek ez badu aldaketa garrantzitsurik eragiten ekoizpen-prozesuan.

c) Atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.

15.– Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioak diruz lagun daitezkeela ulertuko da, baldin eta laguntzaren efektu bultzatzailea bermatzen bada.

Horretarako, eskaera aurkeztu aurreko inbertsioak hartuko dira kontuan, erakunde eskatzaileak inbertsioak egiten hasi aurretik laguntzaren aurretiazko eskaera bat aurkeztu badu, idatziz. Aurretiazko eskaerak honako informazioa izan behar du:

a) Enpresaren izena eta tamaina.

b) Egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasteko eta amaitzeko datak barne) eta kokapena.

c) Proiektuaren kostuen zerrenda.

d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).

e) Eta aurrera eramateko behar den finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

Balizko kasu honetan, deialdiaren epea irekitzen denean, interesdunak behin betiko eskaera aurkeztu behar du derrigorrez, oinarri hauen 11. eta 13. artikuluetako baldintzetan.

16.– DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan.

17.– DEALen 31.1 artikuluan eta DLOren 29. artikuluan eta 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuko 68. artikuluan, (horrek onartzen du DLOren araudia «DAO») ezarritakoaren arabera, onuradun batek kontratatu egiten du, baldin eta hirugarren batzuekin diruz lagundu nahi den jarduera osorik edo partzialki egitea hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.

18.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

19.– Nolanahi ere, oinarri hauen testuinguruan diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira DEALeko 30. artikuluarekin bat datozenak.

8. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.

1.– Laguntza onuradun izateko baldintzak bete dituztela egiaztatu duten enpresei esleituko zaie, betiere, balorazio-irizpide hauen arabera, eta haztapena:

1. irizpidea: inbertsio-proiektuaren memoria xehea, ezarpen-plana barne, 1. eranskinean deskribatutako edukiarekin (gehienez 50 puntu):

1.1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna (gehienez 10 puntu):

1.2.– Proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea (gehienez 20 puntu).

1.3.– Enpresan eta haren lehiakortasunean izango duen inpaktua, eta Euskadin izango duen trakzio-eragina (gehienez 10 puntu).

1.4.– Koherentzia estrategikoa eta enpresaren inbertsio-ahalegina, haren tamainarekiko (gehienez 10 puntu).

2. irizpidea: enpleguan izango duen inpaktua. Kontuan hartuko da Euskadiko enpleguaren sorreran izango duen inpaktu positiboa (gehienez 30 puntu):

2.1.– Enpresa eskatzailearen langile kopuruaren hazkundea (30 puntu).

2.2.– Enpresa eskatzailearen plantilla finkatzea (15 puntu).

3. irizpidea: Konpromiso Soziala eta Jasangarritasuna. Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatuta dagoela erakusteko, jomugako ingurunean izango duen inpaktu positiboa baloratuko da, 2030 Agendako helburuekiko erakutsitako konpromisoaren bidez eta/edo enpresa eskatzaileak, hala dagokionean, dituen ziurtapenen eta/edo jasangarritasunari, genero-berdintasunari, lanaren eta familiaren arteko kontziliazioari, euskaren sustapenari eta erantzukizun sozial korporatiboari buruzko planen bidez (oinarri hauen 2. eranskinean jasota daude), betiere enpresaren ezaugarriengatik derrigorrezkoak ez direnean (gehienez 20 puntu):

3.1.– Giza Eskubideekin lotutako inpaktu positiboa jomugako ingurunean, Informazio Ez Finantzarioaren Egoeraren bidez edo antzeko ezaugarriak dituen justifikazio-memoria baten bidez ziurtatuta (20 puntu).

3.2.– Ingurumen-jasangarritasuneko, genero-berdintasuneko, Euskararen sustapeneko eta Erantzukizun Sozial Korporatiboko bi ziurtagiri edo gehiago (15 puntu).

3.3.– Aurreko puntuko gai berdinekin lotutako ziurtagiri bat (5 puntu).

2.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerek inola ere ezingo dute jaso programaren baitako laguntza.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.–. Lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira eskaerak.

2.– Ondorio horietarako, 8. artikuluko irizpideak aplikatuta egindako balorazioaren lehentasun-ordenari jarraituz esleituko dira dirulaguntzak, deialdiaren hornidura amaitu arte (amaitzen bada). Finantzaketaren ehunekoa eta artikulu honetan ezarritako muga kuantitatiboak aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntzen zenbatekoa.

3.– Enpresaren tamainaren arabera, finantzaketa itzulgarriaren ehunekoa honakoa izan daiteke:

a) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50eko finantzaketa itzulgarria, enpresa txikien eta mikroenpresen kasuan.

b) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko finantzaketa itzulgarria, enpresa ertainen kasuan.

c) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko finantzaketa itzulgarria, enpresa handien kasuan.

4.– Laguntza kalkulatzeko, euskal enpresak inbertsio-proiektuan duen parte-hartzearen ehunekoa bakarrik hartuko da kontuan.

5.– Enpresa bakoitzak jasoko duen laguntzak ezin du izan 1.000.000 euro baino handiagoa. Gainera, enpresa handien kasuan, deklaratutako minimis laguntzei gehituko zaie dirulaguntza gordinaren baliokidea, 300.000 euroak ez gainditzeko; izan ere, hori izango litzateke minimis laguntzen muga, hiru urteko edozein epetan zehar.

6.– Deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko proiektu bakar bati lagunduko zaio.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta metatzea.

1.– Administrazio Publikoek edo erakunde pribatuek ematen dituzten eta programa honetan jasotakoen helburu berdinak dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, oinarri hauetako 4. artikuluan ETE eta enpresa handientzat ezarritako mugak betetzen badira.

2.– De minimis laguntzen kasuan, ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez. Posible da diruz lagun daitezkeen kostu espezifikoetarako ematen ez diren eta diruz lagundu daitezkeen kostu espezifikoei egotzi ezin zaizkien minimis laguntzak Estatuak emandako laguntzekin metatzea, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu baten arabera edo Batzordeak hala erabakita. De minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik hasita.

3.– Dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera hartuta, ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko azaroaren 11n bukatuko da.

2.– Eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak («39/2015 Legea») ezarritakoaren arabera.

3.– Kanal elektronikoaren bidezko izapidearen zehaztapenak eta eskaerak helbide honetan bete behar dira: www.spri.eus/gauzatuinternacional

4.– Betetako eskabidearekin batera, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Espedientea eta eskaeraren ondorengo gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez eskuratuko dira, helbide honetan: www.spri.eus/gauzatuinternacional

6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, eta Euskadiko Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 2024ko otsailaren 22an ezarritako 19/2024 Dekretuaren arabera.

7.– Ofizioz egiaztatuko da honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

Dena den, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

8.– Gainerako baldintzak 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuz edo oinarri hauen eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.

12. artikulua.– Zuzenketak.

SPRIk edota BTIk aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela ikusiko balute, enpresa eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko die, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela 39/2015 Legeko 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileek honako eduki hauekin egin beharko dute eskabidea:

a) Behar bezala betetako eskaera telematikoa, eskatzailearen datuekin eta behar adinako boterea duen ordezkariak sinatuta.

b) Inbertsio-proiektuaren memoria xehea, ezarpen-plana, plan ekonomiko-finantzarioa eta gauzatzeko epeak barne, 1. eranskinean definitutako egiturari jarraituta. Atzerriko sozietate baten erosketaren kasuan, era berean, sozietate horren balorazioa aurkeztu behar da, beste enpresa batek egina, salerosketa-eragiketarako. Makinak berritzeari dagokionez, memoriak xehetasunez justifikatu behar du berritze horrek aldaketa garrantzitsua eragingo duela lehendik dagoen establezimenduko ekoizpen-prozesu orokorrean.

Kasu guztietan, proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea frogatu behar ditu memoriak, eta proiektuak enpresaren merkatuko posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko jasangarritasuna indartzen dituela, Euskadin duen industria-jarduerari kalterik eragin gabe.

c) Hala dagokionean, jomugako ingurunearen gaineko inpaktu positiboaren justifikazio-memoria, 3. irizpidean («Konpromiso Soziala eta Jasangarritasuna») adierazitakoan oinarrituta.

d) Enpresa eskatzailearen eskriturak eta ordezkaritza-ahalordea, baita laguntza jasoko duen ezarpenarenak eta haren etorkizuneko aldaketenak ere, hala dagokionean.

e) Emandako kontu korrontearen bankuko titulartasun-ziurtagiria, dagozkion ordainketak egin ahal izateko.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta ofizioz kontsultatzeari uko egiten badiote.

g) Azkeneko bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta gainerako dokumentuak, eta Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

h) «Alta egoeran dauden langileen batez besteko kopurua» txostena, Gizarte Segurantzak igorria, edo, eskatzailea kooperatiba bat denean, batez besteko mutualista kopuruaren ziurtagiria, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteei dagokiena.

i) Oinarri hauen 3. eranskin gisa ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

Gainera, enpresa handien kasuan, informazio hau aurkeztu behar da:

– Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

j) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, enpresa-ziurtagiria edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, edo Adostutako Prozeduren Txostena ordaintzeko epe legalei lotuta DLOko 13.3 bis artikulua betetzeari dagokionez, agindu horrek zehaztutako baldintzetan.

k) EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu behar da dokumentazioa.

l) DEALen 30.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

2.– SPRIk laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektua behar bezala ulertu eta ebaluatzeko behar beste dokumentazio eta/edo informazio eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari.

3.– Ez da derrigorrezkoa SPRIren eskuetan dauden eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran adierazi behar da zer organo edo saili aurkeztu zitzaizkion eta zer datatan, 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

14. artikulua.– Eskaeren azterketak.

1.– Lehendabizi, aurkeztutako eskaerak aztertuko dira.

2.– 3 pertsonaz osatutako batzorde bat sortuko da eskaerak baloratzeko, 8. artikuluko irizpideetan oinarrituta:

– Presidentea:

• Iñaki Ezkurra. BTIko Enpresen Nazioartekotze zuzendaria.

• Ordezkoa: Iván Fernández. BTIko Adimen Lehiakorreko zuzendaria.

– Kideak:

• Maite Subinas. BTIko Enpresa Zerbitzuen arduraduna.

• Ordezkoa: Josu Mugertza. BTIko Enpresa Zerbitzuetako Proiektuen kudeatzailea.

– Idazkaritza:

• Maria Angeles Elorza. SPRIren Nazioartekotze Programen arduraduna.

• Ordezkoa: Mikel Gastelu-Iturri. SPRIko programen teknikaria.

3.– Batzorde honen eraketa baliozkoa izango da saioak egiteko, deliberamenduak egiteko eta erabakiak hartzeko. Presidenteak eta idazkariak parte hartuko dute (edo, hala dagokionean, horien ordezkoek) eta gainerako kideen artetik gutxienez kide batek, aurrez aurre edo urrunetik. Atal honetan aurreikusi ez den batzordearen funtzionamenduari buruzko guztian, osagarri gisa aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.

4.– Eskarien balorazio teknikoa egiteko, 8. irizpidean jasotako irizpideak eta haztapenak aplikatuko zaizkie aurkeztutako proiektuei eta horiek sostengatzen dituzten dokumentuei. Hala, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira proiektuak, eta Batzordearen txostenean adieraziko da ordena.

5.– Jarraian, organo kudeatzaileak, espedientea eta batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo dio SPRIren Nazioartekotzeko zuzendariari.

15. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Laguntzak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ardura izango da ebazpena ematea, batzordeak proposatuta.

2.– Laguntza emango zaien enpresen zerrenda jasoko du aipatutako ebazpenak. Enpresa bakoitzaren kasuan, aurkeztutako inbertsioa, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta emandako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira, ezarritako 3 urteko mugaren barruan epeak banakatuta. Minimisekin lotutako laguntzen kasuan, alderdi hori adieraziko da emakidaren ebazpenean.

3.– Ezezko ebazpenen kasuan, ezezkoaren arrazoiak jasoko dituzte ebazpenek.

4.– Prozedura ebatzi eta ebazpena interesdun enpresei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitutakoan ez bada inolako ebazpenik jakinarazi, eskaerari uko egin zaiola uler dezakete interesdunek, 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– SPRIren Nazioartekotze zuzendariak emandako eskaeraren baiespen- edo ezespen-ebazpen hori eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIren Nazioartekotze zuzendariaren aurrean, 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

6.– Eskatzaileei ebazpena banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, DEALen ezarritakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira DEALen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, aplikagarria den heinean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:

1.– Emandako laguntza onartzea. Zentzu horretan, enpresa onuradunek ez badiote laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten gehienez 15 eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da. Dena den, inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan egin diezaiokete uko laguntzari, betiere Administrazioak oraindik ez badu ordainketarik egin.

2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea, inbertsioa gauzatzea eta justifikatzea, eta hitzemandako enplegua sortzea.

3.– Inbertsioa gauzatzen den artean eta sortutako enplegua mantentzen den artean, eskatutako informazio guztia eta gerta litezkeen aldaketen gaineko informazioa bidaltzea organo kudeatzaileari, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ditzan horien garapenarekin eta gauzatzearekin lotuta.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

6.– SPRIri jakinaraztea beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako edo antzerako beste dirulaguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskatu edo lortu den. Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– SPRIri jakinaraztea enpresak legez kanpoko laguntzaren bat jaso badu eta Europako Batzordeak haren aurkako erabakia hartu badu dirulaguntza eman ondoren, laguntza berreskuratzeko aginduarekin, eta oraindik ez bada dirua itzuli.

8.– Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18.4 artikuluaren arabera:

– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

9.– Emandako laguntza indarrean dagoen aldi osoan zehar zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

10.– Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRIri.

11.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

12.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

13.– Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea DEALen 9.4.h) artikuluko gainfinantzaketarik ez izatea barne.

14.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta liburu kontulariek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.

15.– Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.

16.– Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.

17.– DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek egindako inbertsioen aitorpen bat aurkeztu behar diote BTIri. Horretarako, fakturen taula bat atxiki behar dute, eredu ofizialaren arabera, baita faktura horiek eta ordainagiriak ere. Gainera, kanpoko auditoretza baten txosten bat aurkeztu behar da, ebazpenak xede zituen inbertsioak benetan egin direla eta oinarri hauetan adierazitakoarekin bat datozela ziurtatzen duena.

Enpresa onuradunak, hala dagokionean, SPRIren eta BTIren esku jarriko du eskatutako dokumentazio guztia, egindako inbertsioak egiaztatzeko helburuz.

2.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariak ebazpen bat igorri beharko du, eta enpresa onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoa (osoa edo partziala) adierazi beharko du bertan. Enpresa bakoitzak urtean behin ordainduko du finantzaketa itzulgarria.

3.– Goian aipatutako ebazpena, enpresa onuradunari bidaltzeaz gain, FEIri ere bidaliko zaio, ebazpenean adierazitako zenbatekoko laguntzak ordain ditzan.

4.– Enpresak legez kanpoko laguntzaren bat jaso badu eta Europako Batzordeak haren aurkako erabakia hartu badu, laguntza berreskuratzeko aginduarekin, eta oraindik ez bada dirua itzuli, amaierako ordainketa-eskaerarekin batera zorra kitatu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko du. Izan ere, ordainketa hori ez da gauzatuko alderdi hori justifikatu arte.

18. artikulua.– Finantzaketa itzulgarria itzultzea.

1.– Inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko epea dute dirua itzultzen hasi aurretik. Hortaz, inbertsio-proiektua amaitu eta handik 2 urtera egin beharko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoa beste lau urtetan zehar, kuota berdinetan.

Finantzaketaren itzulketak FEIren kontu batera egingo dira urtero, itzulketari dagokion ekitaldi ekonomikoko lehenengo bi hilabeteetan zehar. Urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa jasotako laguntzaren bostena izango da.

2.– Enpresa onuradunek autolikidazio-txostena egingo dute, bost ekitaldietako bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoaren kalkulua islatzeko helburuz. Dirua itzuli ondoren, aipatutako autolikidazio-txostena eta bankuko transferentziaren kopia bat bidali behar dizkio enpresak BTIri.

Itzultzeko aldiaren 2. ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenetan aipatu egin behar dira aurreko ekitaldietan egindako itzultzeak.

19.– Artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez balitu beteko inbertsio-konpromisoa, emandako finantzaketa itzultzeko konpromisoa edo oinarri hauetan, araudi aplikagarrian edo laguntza emateko ebazpenean (hala dagokionean) ezarritako baldintzak, organo eskudunak ez-betetzearen espedientea egingo du eta, gero, laguntza jasotzeko eskubidearen galera aitortuko du, ebazpen administratibo baten bidez; eta, hala dagokionean, jasotako laguntzaren printzipala eta dagozkion interesak SPRIri itzultzeko betebeharra aitortuko du, DEALen ezarritako baldintzen arabera. Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrerak izango dira ondorio legaletarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko urtarrilaren 12ko 1/2021 Erregelamenduan diru-sarrera horietarako ezarritako baldintzetan kobratuko dira. Hala, borondatezko epean eskatutako zenbatekoak ordaindu ezean, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez kobratuko dira.

2.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariaren ardura izango da ez-betetzearen espedienteari hasiera ematea eta ebaztea. BTIk edo FEIk proposatuta ireki daiteke espedientea, diru-itzultzeekin lotutako jazoerak direla eta.

20. artikulua.– Inbertsioaren gauzatzea atzeratzea eta laguntzaren baldintzen aldaketak.

1.– Inbertsioaren gauzatzea atzeratzea: salbuespen gisa, aurrez eskatuta eta enpresak justifikatuta, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak urtebeteko atzerapen bakar bat baimendu dezake egin beharreko inbertsioak gauzatzeko betiere alegatutako arrazoiek justifikatzen badute. Halaber, epea luzatuz gero, atzeratu egingo da dagokion laguntzaren ordainketa ere. Atzerapenak ez du aldatuko emandako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoa, ezta hura itzultzeko baldintzak ere. Hala, urtebete baino ez dira atzeratuko emakidaren ebazpenean dirua itzultzeko ezarritako datak.

2.– Laguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, laguntzaren helburua bete dela ulertzen bada) eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak aldi berean jasoz gero, aldatu egin daiteke emakidaren ebazpena, betiere dirulaguntzen arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.

f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak, aplikagarri den guztian.

4.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO-L-2023-81820).

5.– 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko araudi orokorra (EB).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIk oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

1. ERANSKINA
INBERTSIO PROIEKTUAREN MEMORIA XEHEA

1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna. 10 puntu, gehienez.

• Jarduera nagusia eta enpresaren produktuak.

• Enpresak ezarpenari heltzeko duen gaitasun finantzarioa.

• Ekoizpen/logistika gaitasuna.

• I+G arloan inbertitzeko gaitasuna.

2.– Proiektuaren izaera teknologikoa eta/edo berritzailea. 20 puntu, gehienez.

• Helburuak.

• Ezarpenerako herrialde potentzialen analisia.

• Aukeratutako herrialdea lehenesteko faktore erabakigarriak.

• Jomugako herrialdearen abantailak, EAErekin alderatuta.

• Aukeratutako herrialdearen balizko arriskuak politikoen, ekonomikoen eta sozialen identifikazioa.

• Ezarriko den herrialdeko legezko baldintzatzaileak.

Proiektuaren plangintza: faseak, ekintzak eta epeak ezartzea.

• Proiektua atxikita dagoen industria-sektorea; lehentasuna izango dute RISS3-ren eremuko goi mailako proiektu teknologikoek.

• Proiektuaren aurrekontua.

• Enpresaren egoera nazioarteko merkatuen aurrean (AMIA).

* Ahultasunak.

* Mehatxuak.

* Indarguneak.

* Aukerak.

3.– Enpresan eta haren lehiakortasunean izango duen inpaktua, eta Euskadin izango duen trakzio-eragina. 10 puntu, gehienez.

• Fakturazioaren/Esportazioaren aurreikuspena.

* Enpresaren fakturazio orokorra.

* Proiektuari dagokion fakturazioa.

• EAEko langile kopuruaren aurreikuspena.

* Enpresaren enplegu osoa.

* Proiektuaren ondorioz sortutako enplegua.

• Aurreikuspen kualitatiboa.

* Eragina enpresaren posizio lehiakorrean.

Sortutako enplegu mota, jatorrian zein jomugan: (enpleguaren kalitatea, berdintasuna...).

4.– Koherentzia estrategikoa eta enpresaren inbertsio-ahalegina, haren tamainarekiko. 10 puntu, gehienez.

• Enpresak nazioartekotze-proiektuari ekiteko eta fakturazioa handitzeko duen gaitasuna hartuko da kontuan, eta haztapen hobea izango du proposatutako inbertsio-ahaleginak, tamainak baino.

2. ERANSKINA
KONPROMISO SOZIALEKO ETA JASANGARRITASUNEKO ZIURTAGIRIAK

• Ingurumena (1).

* EMAS III ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* ISO 14001 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* Ekoscan ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* ISO 14006 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* ISO 14064 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* UNE 22470 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* UNE 22480 ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

• Berdintasuna eta Kontziliazioa (2).

* Berdintasun Plana Emakunderen metodologiaren arabera (data, iraupena).

* Kontziliazio-plana (data, iraupena).

* EFR ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

• Euskara (3).

* BIKAIN ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* Bai Euskarari ziurtagiria (lortze-data, azken eguneraketa).

* Euskara Plana (data, iraupena).

• Erantzukizun Sozial Korporatiboa eta Jasangarritasuna (4).

* Global Compacteko kide izatea, 2030 Agendako 17. GJHrekin bat egiteko.

* Eusko Jaurlaritzako GJH plataformako kide izatea.

* ISO 26000 auditoretza (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

* SR10 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

* SGE 21 ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

* UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (badauka, lortze-data, azken eguneraketa).

* Xertatu (ekintza-planaren data, azken ebaluazioaren data).

* SA 8000.

• Beste ziurtagiri baliokide batzuk.

3. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza-jarduera [Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikoa duen erakunde eskatzailearen zentro bat adierazi behar da gutxienez] helbidean duena, eta adierazten du:

I. Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:

– Enpresa handien kasuan:

i) Aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro ez dituela jaso.

ii) Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urtetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– ETEen kasuan:

i) Krisian dagoen enpresa edo entitatea ez izatea, krisian dauden enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Dirulaguntzei buruzko Jarraibide komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).

ii) Programaren oinarrien 5.1 artikuluan aurreikusitako egoera bakar batean ere ez egotea, hau da:

a) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean egotea, aplikagarria den heinean.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.

c) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

– Adierazpen honek barne hartzen duela eskatzailearen konpromisoa enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta gehiegizko finantzaketarik ez egiteko (DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera).

II. I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.

III. Badakiela Adierazpen honi laguntzen dion edo Adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.


Azterketa dokumentala