Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2024ko urriaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4633

277/2024 DEKRETUA, irailaren 24koa, Gureak Inklusio Fundazioa gizartearen intereseko deklaratzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 74. artikuluan xedatzen duenez, gizartearen intereseko deklaratu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak –arauz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak gizartearen intereseko deklaratzeari buruzkoak, gizarte-interesaren deklarazioa lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, aipatutako deklarazioa eskatu du Gureak Inklusio Fundazioak, uste baitu merezi duela gizartearen interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi bezala, Gureak Inklusio Fundazioa irabazi-asmorik gabeko entitatea da; 2004. urtean Zeharo Fundazioa izenarekin eratu zen, eta 2015eko irailaren 3an gaur egungo izendapena hartu zuen notario aurrean. Fundazioak helburu hauek ditu:

a) Gizartetik baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen laneratzea sustatzea, enplegua lortzeko eta enpleguari eusteko ahultasun- edo kalteberatasun-egoeran dauden heinean, eta, horretarako, haien enplegagarritasuna, lanbide-orientazioa, prestakuntza, bitartekotza eta lanpostuan laguntzeko prozesua aztertzea eta hobetzea.

Fundazioak ibilbide luzea du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatua du bere jarduera etenik gabe egin duela Erkidegoan 2018tik aurrera. Batez ere Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez deklaratuko da entitatea gizartearen interesekoa dela, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, eta 2024ko irailaren 24ko Gobernu Kontseiluak proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gureak Inklusio Fundazioa gizartearen interesekoa dela deklaratzea, egiten dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Gureak Inklusio Fundazioari deklarazio honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko irailaren 24an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala