194. zk., 2024ko urriaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4585
AGINDUA, 2024ko irailaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko (Araba) «NCLIC School» Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzen duena, Haur Hezkuntzako lehen zikloari dagozkion irakaskuntzak gehitu dituelako.
«NCLIC School» Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren (010616 eta 01007634 ikastetxeen kodeak) erakunde titularra den Fundación Arenalesek eskatuta, Haur Hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntzak gehitzeko emandako baimena aldatzeko hasitako espedientea aztertu da.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, eta indarrean dagoen araudiak eskatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, baita arlo horretan eskumena duten erakundeek txostena egin ere.
Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimena ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatua), 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2024-2025 ikasturtetik aurrera, «NCLIC School» Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko baimena ematea, irakaskuntzak zabaldu eta Haur Hezkuntzako lehen zikloa abian jartzeagatik.
2024-2025 ikasturtetik aurrera, ikastetxe hori Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da, erregistroko datu hauekin:
Zentroaren kodeak: 010616 (EAE) eta 01007634 (unibertsala).
Izen orokorra: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.
Izen espezifikoa: «NCLIC School».
Titularra: «Fundación Arenales».
Helbidea: Unibertsitateen pasealekua 11.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde Historikoa: Araba.
Baimendutako irakaskuntzak:
Osaera:
– Haur Hezkuntza – 1. zikloa:
• 0-1 urteko haurrentzako unitate 1, 8 ikaspostutarako edukierarekin.
• 1-2 urteko haurrentzako unitate 1, 13 ikaspostutarako edukierarekin.
• 2-3 urteko haurrentzako 2 unitate, 18 ikaspostutarako edukierarekin bakoitza.
– Haur Hezkuntza – 2. zikloa: 6 unitate 150 ikaspostutarako edukierarekin.
– Lehen Hezkuntza: 12 unitate, 277 ikaspostutarako edukierarekin.
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 8 unitate, 240 ikaspostutarako edukierarekin.
Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeak ezin izango du bere burua identifikatzeko erregistro-inskripzioan agertzen direnez bestelako izendapenik erabili.
Hirugarrena.– Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarri den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.
Era berean, zentroak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna zentroaren erakunde titularrari dagokio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen edo dirulaguntzen deialdien bidez laguntzak lortu direnik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 19a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.