194. zk., 2024ko urriaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (185 KB - 10 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4583
EBAZPENA, 2024ko irailaren 11koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Metal Etxe Reciclaje de Metales Hierros SLk Zamudioko (Bizkaia) Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2024ko ekainaren 26an, Eusko Jaurlaritzaren Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuak eskaera bat osatu zuen Metal Etxe Reciclaje de Metales Hierros SLk Zamudioko (Bizkaia) Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren Ingurumen Ebaluazioko Zerbitzuak, 2024ko ekainaren 28an, kontsulta-izapidea abiarazi zuen, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren hainbat txosten jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie II. eranskinean adierazitako proiektuei, bai eta I. eta II. eranskinetan ageri ez arren, zuzenean edo zeharka Natura 2000 Sareko guneetan eragina izan dezaketen proiektuei ere,
9. taldeko II. eranskineko d) epigrafean xedatutakoa betez. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen beste proiektu batzuei, hots, «Txatarra biltegiratzeko, baztertutako ibilgailuak biltegian gordetzeko, eta ibilgailuak ataltzeko eta deskutsatzeko instalazioak, industrialde bateko nabe baten barruan ez badaude, edo nolanahiko gaitasuna dutenak, jarduketa aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Kasu horretan dago Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko proiektua.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Metal Etxe Reciclaje de Metales Hierros SLk Zamudioko (Bizkaia) Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko sustatzen duen proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea baldintza hauetan:
A) Proiektuaren helburua da hondakin metaliko arriskugabeen kudeaketa finkatzea Zamudioko Torrelagoiti industrialdean.
B) Zamudioko Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten den ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Arkaitz Etxepare Barrenetxea hondakin metaliko arriskugabeen kudeaketan aritu da 2011z geroztik, Zamudioko (Bizkaia) Torrelagoiti industrialdean kokatutako lurzati batean. Jarduera hondakin metaliko arriskugabeak biltegiratu, sailkatu eta hautatzean datza, ondoren bidaltzeko.
Instalazioak Zamudion (Bizkaia) daude, Torrelagoiti industrialdeko 1D lurzatian. Lurzatiak 1.081,87 m2-ko azalera du eta 3,60 m-ko altuera duen hormigoi-blokezko horma batek mugatzen du perimetroa. Hura 1 m-ko altuerako itxitura metaliko bat du goialdean, pabiloia kokatuta dagoen eremuan izan ezik; han, fatxada da itxitura. Bi orriko ate metaliko lerragarri batetik sartzen da bertara (6,00 m-ko zabalera baliagarria du).
Zamudioko plangintzako arau subsidiarioen arabera (1. berrikuspena), proiektua hiri-lurzoru industrial finkatu baten kokatuta dago, eta egin nahi den industria-erabilera eremu horretarako baimendutakoetako bat da.
Iparraldean ibilgailuak konpontzeko tailer batekin muga egiten du; hegoaldean, trenbideekin; eta ekialdean eta mendebaldean, industria-eraikinekin.
Eraikitako azalera oinplano angeluzuzeneko pabiloi batez osatuta dago, 262,57 m2-ko azalera duena, eta hari erantsita, fatxada nagusitik hurbil, kaxa elektriko orokorra duen lokal txiki bat dago, 12,67 m2-ko azalera duena. Pabiloiaren mutur batean, atzeko fatxadari erantsita, txabola txiki bat dago, egitura metaliko itxia duena eta txapazko panelarekin estalita dagoena. Halaber, teilape bat erantsi zaio pabiloiaren alboko fatxadari, 50 m2-ko azalera estaltzen duena.
Eraikitako azalera, guztira, 302,24 m2-koa da eta kanpoaldeko azalera 730,14 m2-koa.
a) Instalazio nagusiak.
– Solairu bateko pabiloia, barne hartzen dituena sortutako hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen biltegiak, bulegoa, komunak eta aldagelak.
– Kaxa elektrikoaren gela.
– Txabola edo tresnen gela, egitura metalikoarekin eraikia eta txapazko panelarekin itxia eta estalia.
– Pabiloiari erantsitako teilape metalikoa.
Aurkeztutako dokumentuen arabera, pabiloia eraikita dago jada. Lurzatiak hormigoizko zolata eta euri-uren jariatzea biltzeko sare bat ditu, eta hidrokarburoen bereizgailu batean tratatzen dira ur horiek kolektorera isuri baino lehen.
b) Baliabide teknikoak.
Jarduera garatzeko honako baliabideak eta makinak ditu:
– Orga jasotzailea.
– Hainbat esku-erreminta.
– Baskula elektrikoa.
– Soldatze elektrikorako ekipamendua.
– Sopletea (oxiebaketa).
– Rotaflexa.
– Kamioi bat, 3,5 t-ko gehieneko masa baimendua duena.
c) Jarduera eta prozesuaren deskribapena.
Hondakin metaliko arriskugabeen balorizazioa gauzatzen da bertan, pabiloiaren barruan zein kanpoaldean, industria-lurrean. Hondakin metaliko arriskugabeak sailkatu, hautatu, aldi baterako biltegiratu eta bidaltzean datza kudeaketa-jarduera hori.
Kudeatutako hondakinak hainbat jardueretatik datoz, hala nola obra txikiak, tailerrak, beste hondakin-kudeatzaile batzuk, etab. Baimendutako hondakin-zerrendaren barruan jasota daudenak onartuko dira soilik, hondakin arriskutsuak baztertuta.
Ukatu egingo dira hondakin arriskutsuak kopuru handian (% 3tik gora) dituzten sortak. Sarreran detektatu ez diren hondakin arriskutsuak bereizi eta biltegiratu egingo dira, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.
Hautaketa-, eskuzko manipulazio- eta oxiebaketa-eragiketak pabiloiaren kanpoan egingo dira, hormigoizko zolataren gainean.
Pabiloiaren barnean sailkatutako metalak poltsa handietan (big bag) edo edukiontzietan gordeko dira. Kanpoaldean ere bildu ahal izango dira.
Hondakinak pilo bereizietan bilduko dira, big-bag motako bilgarrietan edo edukiontzietan, motaren eta tamainaren arabera.
Kode hauekin sailkatzen dira hondakinak balorizatzeko jarduera horiek, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera:
– R1201: Hondakinen sailkapena.
– R1203: Tratamendu mekanikoa (birrintzea, zatikatzea, ebakitzea, trinkotzea, etab.).
– R1301: Hondakinak bilketaren eremuan biltegiratzea.
Kudeatuko diren hondakinak honako hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Eragiketa bakoitzeko hondakinen tratamendurako gehieneko edukiera hau izango da:
– R 1301 eragiketa: 850,00 t/urte 3,86 t/egun.
– R 1201 eragiketa: 850,00 t/urte 3,86 t/egun.
– R 1203 eragiketa: 100,00 t/urte 0,45 t/egun.
Sustatzailearen arabera, bi langilekoa da plantilla eta egunez arituko dira.
d) Lehengaien eta osagarrien kontsumoa.
Aurkeztutako dokumentuen arabera, ez dira gai arriskutsuak kontsumituko lantokiko jarduerak garatzeko. Horretaz gain, ez da erabiliko urik prozesuan, komunetan erabilitakoa ez bada. Ur-hornidura udal-saretik dator eta komunek dagokien iturgintza-instalazioa dute.
e) Energiaren erabilera eta kontsumoa.
8 kW-eko potentzia dute instalatuta. Indar eta argiztapen nahikoa ditu garatzen den jarduerarako.
f) Emisioak.
Isuri urtsuak bi motatakoak izango dira: komunetan sortutako urak, zonako kolektorera isuriko direnak, eta zabalgunean sortutako jariatze-urak.
Hormigoizko zolata iragazgaitzaren gainean jardungo da, eta jariatze-urak biltzeko sare bat egongo da. Ur horiek hidrokarburoen bereizgailu batean tratatuko dira zonako euri-uren saneamendu-sarera isuri aurretik.
Aurkeztutako dokumentuen arabera, zentroko saneamendu-sareak bereizleak izanagatik, urak nahasita isurtzen dira udal-sare bateratura.
Emisio atmosferikoei dagokienez, aurkeztutako dokumentuen arabera, atmosfera kutsa dezaketen jarduera (AKJ) gisa sailkatuta dago zentroko jarduna, alegia, burdin metalen eta metal ez-burdinazkoen hondakinen oxiebaketa. Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, aipaturiko jarduera horiek horrela jaso dira: 04 02 08 03 (C taldea, burdin metalen oxiebaketa) eta 04 03 09 02 C (C taldea, metal ez-burdinazkoen oxiebaketa). Sustatzaileak horien AKJren jakinarazpena aurkeztu du.
Halaber, materialen zamalanek hautsa aireratuko dute eta makinek (orga jasotzailea eta kamioia), martxan daudenean, berotegi-efektuko gas-emisioak sortuko dituzte.
Zaratari dagokionez, adierazi dute jarduketaren zarata-iturri nagusia materialaren zamalanak direla, eta, horrez gain, materiala barnera garraiatzeko makinak. Sustatzailearen arabera, ez da espero zarata-maila 65 dB(A)-etik gorakoa izatea.
g) Hondakin-sorrera.
Hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko dira jardueran; azken horiek, garbiketa- eta mantentze-lanetan nagusiki.
Hondakin arriskutsuak gaika bereizita biltegiratu behar dira edukiontzi estankoetan, zolata estankoaren gainean eta estalkipean. Edukiontziak behar bezala etiketatuta egongo dira, hondakin motaren arabera. Zentroan gehienez 6 hilabetez gordeko dira, harik eta kudeatzaile baimendu batek eraman arte.
Horretarako, espazio bat egokitu da pabiloiaren barnean, zolataren estankotasuna indartuz epoxi pinturazko inprimazioaren bidez.
Ingurumen-agiriaren arabera, jarduera gehienek sortu ditzakete hondakin arriskugabeak, esaterako, bulegoan erabilitako papera eta tonerra, kartoizko edo plastikozko enbalajeak eta bilgarriak.
2.– Proiektuaren kokapena.
Arestian aipatutako moduan, Torrelagoiti industrialdean, erabat urbanizatuta eta zolatuta dagoen lurzati batean gauzatzen da jarduera. Jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dago lurzoru hori, eta inguruan ez du garrantzi bereziko ingurumen-alderdirik.
Lurrazaleko urei dagokienez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo unitate hidrologikoaren Asua-A ur-masaren arroaren barnean dago eremua. Ibilgurik gertukoena Asua ibaia da eta eremuaren iparraldean iragaten da, lurzatitik 150 m-ra. Ibilgu hori bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) «hobetu beharreko zatitzat» hartzen da. Espezie hori galzorian dagoen espezie gisa katalogatuta dago eta Bizkaiko Lurralde Historikoan kontserbatzeko kudeaketa-plan bat du.
Lurzatia Bizkaiko Sinklinorioko lurpeko ur-masaren eta Getxo-Bergara sektorearen artean dago. Halaber, interes hidrogeologikoko eremu baten barruan dago.
Eremuaren artifizializazio-maila kontuan hartuta (pabiloia eta hormigoizko zolata), oro har, ez du landaredirik. Edozein kasutan, adierazi behar da lurzatiaren mugan zuhaitz isolatu batzuk daudela.
Proiektuaren ingurunean ez dago naturagune babesturik edo interes bereziko espaziorik eta ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik, ez eta mehatxatutako landare- eta animalia-espezierik ere. Halaber, ez dago kultura-ondarearen elementurik, nahiz eta nabarmendu behar den kostaldeko Donejakue bidea pasatzen dela tarte horretan BI-737 errepidetik, jarduera-lurzatitik 25 m iparraldera.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, geoEuskadi-n eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, hizpide dugun eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago (48905-00159 kodea).
Proiektuan aipatzen den eremuak ez dauka beste arrisku aipagarririk; akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da, ez dago uholde-arriskurik eta ez da identifikatu bestelako arrisku teknologiko garrantzitsurik.
Zamudioko udalerriko zarata-mapen (2010) arabera, jarduerarik gabe, egunez, kokalekuko zarata-maila 60-65 dB(A)-ekoa zen, eta gauez, 50-55 dB(A)-ekoa. Horrela, industria-erabilerako eremu urbanizatuei aplika dakizkiekeen kalitate akustikoko helburuak betetzen dira. Udalplanen jasotako bizitegi-eremurik hurbilena 78 m-ra dago, jarduketa-eremutik lerro zuzenean.
3.– Balizko eraginaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak jardueraren ustiapen fasean sortuko dira, hondakinak, lixibiatuak eta hauts-emisioak, errekuntza-gasak eta zarata sortzearen ondoriozkoak.
Kontuan hartuz lurzoruan eta lurrazaleko eta lurpeko uretan eragin negatiboak gerta daitezkeela, biltegiratutako hondakinek isuriak sortzea espero ez bada ere, jarduera hormigoizko zolataren gainean gauzatuko da, eta euri-urak bildu, eta hidrokarburoen bereizgailura eroango dira. Ondoren, industrialdeko saneamendu-sarera isuriko dira; era berean, komunetako ur beltzak ur beltzen kolektorera isurtzen dira.
Hizpide dugun eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago (48905-00159 kodea). Halaber, jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, xedapen hauek aplikatuko dira: 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena, eta 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzkoa.
Emisio atmosferikoei dagokienez, isuri akustikoak barne, aurkeztutako dokumentuen arabera, horien igoera ez da garrantzitsua izango, jarduketa industrialde batean dagoelako eta biltegiratu eta tratatu beharreko hondakin-bolumena kontuan hartuta.
Sustatzaileak AKJren jakinarazpena aurkeztu du, 04 02 08 03 (C taldea, burdin metalen oxiebaketa) eta 04 03 09 02 C (C taldea, metal ez-burdinazkoen oxiebaketa) jarduerei dagokiena.
Zaratari dagokionez, sustatzaileak adierazi du betetzen direla urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren aginduz portu-azpiegiturei eta jarduera berriei aplika dakizkiekeen zarata-immisioen muga-balioak, egin nahi den jardueraren antzekoetan edo berdinetan ez baita espero zarata-emisioek 65 dB(A)-ak gainditzea.
Halaber, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko dira, makinen mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuko lohietatik, eta araudiaren arabera kudeatuko dira.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak ikusita, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai txosten honetan bertan jasotakoak, ez da aurreikusten proiektuak aipatutako ingurumen-alderdietan inolako eragin negatibo nabarmenik izango duenik.
Bigarrena.– Ebazpen honetan dagozkion baldintzak ezarri dira proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Zamudioko Torrelagoiti industrialdean hondakin metalikoak kudeatzeko proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak horretan txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
a) Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurtzea baimentzearen esparruan:
– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta azaleko urak ez kutsatzeko.
– Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.
– Kanpoko plataformatik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkiaren izaerara egokitutako arazgailuak izango dituzte eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako tamaina izango dute, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isuria lokalizatua izateko eta isurtzeko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoak betetzeko.
– Uren arazketa-sistema mantentzeko lanak behar beste aldiz egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.
– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, eta balizko jarioetarako babesak izango dituzte, eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.
– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea. Aipatutako legeriaren arabera, lurzoruaren kalitate-egoerari buruzko aurretiazko txostena aurkeztu beharko zaio ingurumen-organoari.
b) Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.
– Instalazioak atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKJ) baimena izan beharko du, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Hortaz, AKJ baimena eskatu beharko dute, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak jasotako eskakizunak betez.
– AKJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko da, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan, zatikatzean eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira.
– Bestetik, olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira aireko hauts-kantitatea handitzea eragin dezaketen materialak garraiatuko dituzten kamioiak. Barne-trafikoaren abiadura mugatuko da.
– Ibilgailuek eta makinek darabiltzaten bideak eta eremuak garbitu egingo dira aldizka.
– Aire zabalean ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko klima-baldintza txarrak egonez gero (haize bolada handiak, euriteak eta abar).
– Ebaketa-lanak egiteko ahalik eta gehien minimizatuko da partikulak aireratzea.
– Hauts-itxurako hondakinak pabiloiaren barruan biltegiratu beharko dira, edo, bestela, estali. Pilaketak haizetatik hobekien babestuta dauden tokietan kokatuko dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan. Era berean, pilaketen altuera kontrolatuko da lurzatia inguratzen duen hesiaren altueraren arabera, eta batere urik gabe luze badoa, ureztatzeko/lainoztatzeko/langartzeko sistemak erabiliko dira pilatutako txatarretatik barreiatzeko arrisku handiena duten pilen gainazala hezetzeko.
– Lantegiko instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egin beharko dira aldizka, arestian deskribatu diren prebentzio-neurri horien betetze-maila egiaztatzeko.
c) Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.
– Jardunbide egoki operatiboak aplikatu beharko dira jatorrian zaratak murrizteko, bereziki materialen biltegiratzean, zamalanetan eta garraioan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorrean ere, eta zaratak eta bibrazioak jatorrian murriztean.
– Aire zabalean erabilitako makinek bete egin beharko dituzte kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuaren aginduak eta arau osagarriak. Makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Jarduerak zarata-iturri berriei aplikatu beharreko gehienezko balioak errespetatu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2022 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.
d) Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen denean.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Hondakin arriskutsuak estalkipean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean. Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek euste-sistema egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.
– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.
– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalkipean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.
e) Jarduera etetea.
– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu nagusiek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak (aurrekoen aurkakoak ez badira) eta dagozkion baimen sektorialetan ezartzen direnak ere, jarduerak eragin ditzakeen ingurumen-ondorio kaltegarrien garrantzia murrizten dutenak, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hortaz, ez da beharrezko ikusten Metal Etxe Reciclaje de Metales Hierros SLk Zamudioko (Bizkaia) Torrelagoiti poligonoan hondakin metalikoak kudeatzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Hondakin Arriskugabeen Zerbitzuari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.