Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2024ko urriaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4581

EBAZPENA, 2024ko irailaren 25ekoa, Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusiarena, zeinaren bidez Gizarte Komunikazio Zuzendaritzako titularrari eskumenak eskuordetzen baitzaizkio.

Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen II. kapituluan Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea arautzen da, eta azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuan, batzorde horren osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Aipatutako azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen du Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiko titularra edo hark eskuordetzen duena izango dela presidentea.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuak (martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuak aldatua) Idazkaritza Nagusien izenak aldatzen ditu, eta Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko Idazkaritza Nagusiari esleitzen dio «Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika».

Horren guztiaren ondorioz, indarrean dagoen araudiaren arabera, Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusiari dagokio Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen presidentea izatea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak ezarritakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira.

Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen bidez, eskumenak eskuordetzeko prozedura arautzen da, zehazki, 25. artikuluan.

Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordeak, alegia, bere aplikazio-araudian aurreikusitako administrazio eta erakundeen publizitatearen eta komunikazioaren plangintzaz, laguntza teknikoaz, ebaluaketaz, koordinazioaz eta kontrolaz arduratzen den organoak, bere administrazio-jardunean sistema arinagoa izan dezan, egokia da Batzorde horren presidenteari dagozkion eskumenak eskuordetzea.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gizarte Komunikazio Zuzendaritzako titularrari eskuordetzea Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusiaren esku utzitako eskumenak, Publizitate Instituzionalaren Sailarteko Batzordeko presidente izateari dagokionez.

2. artikulua.– Eskumenak eskuordetzen dituen organoak edozein unetan bereganatu ahalko ditu ebazpen honek eskuordetutako eskumenak.

3. artikulua.– Xedapen honen bitartez eskuordetzen diren eskumenak baliatuz ematen diren ebazpen guztietan, inguruabar hori berariaz adierazi beharko da, eta ebazpen hau zer egunetan onartu den eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zer egunetan argitaratu den aipatu beharko da. Era berean, uneoro eta eskuratzeko moduan agertu beharko da sailaren webgunean.

4. artikulua.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 25a.

Koordinazio eta Gizarte-komunikazioko idazkari nagusia,

MIKEL IRIONDO BILBAO.


Azterketa dokumentala