Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2024ko urriaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4536

AGINDUA, 2024ko irailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko (Araba) «AFDA» Kirol-irakaskuntzen ikastetxearen baimena aldatzen duena, irakaskuntza esgrima modalitatean gehitzeagatik.

«Asociación de Federaciones Deportivas de Álava (AFDA)» erakundeak aurkeztutako eskabidea aztertu da. Erakunde hori Vitoria-Gasteizko (Araba) «AFDA» KIIBren titularra da, eta ikastetxe horren administrazio-baimena aldatzea eskatzen du irakaskuntzak gehitzeagatik, Esgrimako goi-mailako kirol-teknikariaren titulua lortzeko irakaskuntzak baimendu ahal izateko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, eta gai horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena egin dute.

Arau hauek aztertu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legea, Araubide Bereziko Kirol Irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua, Esgrimako Goi Mailako Kirol Teknikariaren titulua ezartzen duen eta haren gutxieneko irakaskuntzak eta sartzeko baldintzak finkatzen dituen ekainaren 8ko 912/2012 Errege Dekretua, Esgrimako Goi Mailako Kirol Teknikariaren tituluari dagokion goi mailako zikloaren curriculuma ezartzen duen azaroaren 4ko ECD/2077/2014 Agindua eta gai horretan aplikagarri diren indarreko gainerako legeak. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea Vitoria-Gasteizko KIIB «AFDA» ikastetxeari emandako baimena aldatzeko, irakaskuntzak gehitzeagatik.

Baimentzen diren irakaskuntzak: araubide bereziko irakaskuntzak, Esgrimako Goi Mailako Kirol Teknikariaren titulua lortzera bideratuak.

Irakaskuntzak zabaltzearen ondorioz, 2024-2025 ikasturtetik aurrera, ikastetxe hori Hezkuntza Sailaren unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuta geratuko da, erregistro-datu hauekin:

Kodeak: 010716 (EAE) eta 01007786 (unibertsala).

Izen generikoa: kirol-irakaskuntzen ikastetxe baimendua (KIIB).

Izen espezifikoa: «AFDA».

Titularra: «Asociación de Federaciones Deportivas de Álava (AFDA)».

Helbidea: Amadeo García de Salazar plaza 2, behea.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lurralde Historikoa: Araba.

Ondoriozko osaera:

• Modalitatea: atletismoa.

Erdi Maila: ziklo 1, 25 ikaspostutarako edukierarekin.

Goi Maila: ziklo 1, 25 ikaspostutarako edukierarekin.

• Modalitatea: saskibaloia.

Erdi Maila: ziklo 1, 25 ikaspostutarako edukierarekin.

• Modalitatea: esgrima.

Goi Maila: ziklo 1, 20 ikaspostutarako edukierarekin.

Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeak ezin izango dut bere burua identifikatzeko bere erregistro-inskripzioan agertzen denez bestelako izendapenik erabili.

Hirugarrena.– Baimendutako irakaskuntzak indarrean dagoen antolamendu akademikoaren arabera emango dira. Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostuen kopuruari, ekipamenduari, irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari eta aplikatu beharreko indarreko gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxeko erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetuko litzateke.

Laugarrena.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen erakunde titularrari dagokio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bidez laguntzak lortu direnik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala