Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2024ko urriaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4513

EBAZPENA, 2024ko irailaren 13koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Gipuzkoan Donostia-Hendaia linean Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua. REV.B».

Donostian Topoaren saihesbidea martxan jartzearekin batera, ustiapen-eredu berri bat hasiko da Zumaia eta Hendaia artean, maiztasunak handituz batez ere, zerbitzu hobea eskaintzea helburu duena, bidaiariak, automobila utzita, trenbideko garraio publikora alda daitezen.

Eszenatoki berri horretan, Zumaia-Hendaia lineako geltokiak espero den eskarira egokitu behar dira, joan-etorri segurua, irisgarria, erosoa eta azkarra ahalbidetuko duten instalazioak eskainiz.

Eusko Jaurlaritza, ETS ente publikoaren bitartez batez ere, hainbat jarduera egiten ari da helburu horiek lortzeko. Besteak beste, 2021ean Altza-Galtzaraborda tartearen 2 kilometro luzeko bikoizketa eraikitzeko lanak esleitu ziren, inguruko biztanleek 7,5 minutuko maiztasunarekin Donostiara joateko aukera izan dezaten Topoaren saihesbidea amaituta dagoenean. Obra horien artean daude Pasaian lurpeko geltoki berri bat egitekoak, zeinak Errenterian amaitzen baitira, Galtzaraborda auzoko Parke kalearen parean, orain Topoa igarotzen den ibarbidean. Obra horiek egungo trenbideekin lotzen dira, geltokiaren hasieran bertan, baina hari eragin gabe; hala ere, dauden nasen gainean pasabide berri bat eraikiko da, eta geraleku zaharra eraitsiko.

Lehen aipatutako bikoizketa-obren aldi baterako erremate gisa, bikoizketa luzatzeko irtenbiderik onena ebazten den bitartean, eta Galtzarabordako geltokiaren instalazioak hobetzeko, gaur egungo segurtasun, irisgarritasun eta erosotasun eskakizunetara egokituz, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua idazteko lizitazioa egin zuen. Proiektua 2020ko azaroaren 12an esleitu zitzaion Sestra Ingeniería y Arquitectura SL enpresari. Proiektuaren helburu nagusia zen geltokiaren filtrazio larriak konpontzea eta eraikinaren akaberak eguneratzea, haren itxura formal eta funtzionala berrituz, metro-sistemaren irudi korporatiboan integra zedin.

Proiektua idatzi bitartean, egiaztatu zen konpondu beharreko patologien benetako irismena aurreikusitakoa baino handiagoa zela. Zehazki, besteak beste, garrantzi handiko jarduketak behar dituzten bi alderdi daude. Alde batetik, geltokia inguratzen duen eta trenbidearen azpitik gurutzatzen duen udal saneamendu-sareak akats ugari ditu, eta, ondorioz, ezin da behar bezala mantendu, eta hausturak, filtrazioak eta usainak sortzen dira. Bestetik, nasako horma, Hendaiako noranzkoan, ez da euste-horma bat, ezponda bat ezkutatzen duen itxitura-horma bat baizik. Horregatik guztiagatik, eta patologia horiek konpontzeko irispidea zaila zelako bereziki, ondorioztatu zen komeni zela geltokia birgaitzeko lanak egitea, trenbidearen eta nasen inguruan Altza-Galtzaraborda tarteko obrak egiten ziren aldi berean, erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragiteko, bide bakarreko ustiapena behar duten jarduketak koordinatuz.

Alaberga errekastoari eragiten dioten saneamendu-lanak Altza-Galtzaraborda tarteko obren barruan sartu ziren; hasieran, trenbidearen azpiko saneamendu-bidegurutzea lehengoratzea aurreikusi zen, baina ez zen xedatu sareari dagozkion arazoak konpontzeko behar zen zehaztasun eta definizio mailarekin. Aldiz, erabaki zen Donostiako noranzkoko nasaren horma berria geltokia birgaitzeko lanen barruan egitea, Altza-Galtzaraborda tartean zehaztutako trenbideen gaineko pasabide berria estribu-horma gisa jasango duen zatian izan ezik.

Gauzak horrela, bi obren artean sarbide komun bat adostea eta bi kontratuetako lanak sinkronizatuta eta elkarren segidan egitea falta zen.

Horregatik guztiagatik, 2024ko otsailean ETSk «Galtzarabordako geltokiaren inguruan jarduketak koordinatzeko proiektua idazteko zerbitzua» lizitatu zuen, eta EPTISA-CINSA ingeniaritza-zerbitzuari esleitu zitzaion 2024ko maiatzean, 2 hilabeteko epearekin. Proiektu horrek zenbait kontratutan egin beharreko jarduketak definitu ditu. Zehazki eta laburbilduta:

• Galtzarabordako geltokiko nasen inguruko obretarako sarbidea.

• Galtzarabordako geltokiko nasa berriko hormak, Hendaiarako noranzkoan.

• Trenbide-instalazioen inbentarioa.

Proiektu horretatik eratorritako datuekin, ETSk bere baliabideekin egin du B berrikuspen hau, SESTRAk 2021ean definitutako «Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua» izenekoa, EPTISAk egindako hegoaldeko nasako horma berriaren definizioa gehituz.

Proiektu honen xede diren lanen definizioa, beraz, dokumentu hauetan oinarritu da:

• Galtzarabordako geltokiaren proiektua, 1988koa. Udalaren artxiboa.

• Altza-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza-proiektua eta haren aldaketak (gaur egun egiten ari diren obrak).

• Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua. SESTRA, 2021.

• Galtzarabordako geltokiaren inguruan jarduketak koordinatzeko proiektua (EPTISA-CINSA).

«Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua, B berrikuspena-2024ko uztaila» proiektuaren helburua da Euskotrenen Donostia-Hendaia lineako Galtzarabordako geltokiaren birgaikuntza eta modernizazioa gauzatzeko behar diren obrak zehaztea, eraikuntza-proiektu baten berezko mailarekin, egiten ari diren obretatik eta definitutako proiektuetatik eratorritako beharrezko aldaketak gehituz, jarduketa hauen bidez:

• Egungo atondoa eraberritzea.

• Hendaiarako noranzkoan nasa eta eskailera horma berria eraikitzea, ezponda hondeatuz eta eutsiz.

• Nasa bakoitzean markesina berria jartzea, altuera eta kokapen egokikoa.

• Zoladura berria eta akaberak egitea nasetan.

• Ekialdeko saneamendu-sarea konpontzea.

• Proiektu honetan zehaztutako obrak eta gaur egun egikaritzen ari direnak (Altza-Galtzaraborda tarteko instalazioak eta obra zibila) koordinatzeko bideak ezartzea.

• Obrak amaitu ondoren, Apeadero kalea egungo egoerara itzultzea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua bi milioi zazpiehun eta zazpi mila seiehun eta hirurogeita sei euro eta hogeita hamalau zentimokoa da (2.707.666,34). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua hiru milioi zortziehun eta laurogeita hemezortzi mila zazpiehun eta hirurogeita zortzi euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa (3.898.768,76) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hiru milioi berrehun eta hogeita bi mila ehun eta hogeita bi euro eta laurogeita hamalau zentimokoa da (3.222.122,94) da, BEZa kanpo.

Obrak egiteko, hamabost (15) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, nahitaezko dokumentuak txertatzeari eta indarrean dagoen araudia betetzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak aztertuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea «Gipuzkoan Donostia-Hendaia linean Galtzarabordako geltokia birgaitzeko eta modernizatzeko proiektua. REV.B». Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi zortziehun eta laurogeita hemezortzi mila zazpiehun eta hirurogeita zortzi euro eta hirurogeita hamasei zentimokoa (3.898.768,76) da, eta obrak egiteko epea hamabost (15) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden ukitutako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, idazki bat helarazi beharko diote organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik eragotzi gabe aldez aurretik errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 13a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala