190. zk., 2024ko irailaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 4 orri.)
- EPUB (122 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4492
EBAZPENA, 2024ko irailaren 23koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestua babestu eta inskribatzeko eskaera aldatzearen aldeko erabakia ematen duena
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, Arabako Sagargileen eta Sagardogileen Elkarteak, Sagardo Mahaia Elkarteak, Sagar Uzta Sagardogileen Elkarteak, Fruitel Elkarteak eta Bialka Elkarteak osatutako sagar eta sagardo ekoizleen taldeak «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eskaera aurkeztu zuen. Espedientearen azken izapidetze fasean, Frantziako Gobernua aurka agertu zen, eta Europako Batzordeak bi alderdien arteko kontsulta-epea planteatu zuen. Kontsulta horien emaitza gisa, eta mugaren bi aldeetako ekoizleak ados daudelarik, mugaz gaindiko jatorri-deitura babestu baten izapidetzeari ekin zaio: «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa».
Hala, estatu mailako aurkaratze-prozedura hasi zen eta «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiria jendaurrean jartzeko epea ireki, bi hilabetekoa, hirugarrenek aurka egiteko aukera izan zezaten, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izan ere, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren bidez arautu da jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Frantzian ere zegokion izapidetzea egin zen, eta agintaritza eskudunak Journal Officiel de la République Françaisen argitaratu zuen baldintza-agiria. Frantzian, jendaurrean jartzeko fasean, Normandiako eta Bretainiako sagardo ekoizleen talde bat aurka agertu zen Frantziako Agintaritza Eskudunaren aurrean. Aurka egitea eragin zuten puntuak zuzentze aldera, bi alderdien arteko kontsultak egin dira, eta mugaz gaindiko jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiri berri bat atera da hortik: «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa».
Orain, estatu mailako aurkaratze-prozedura hasi eta «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiria jendaurrean jartzeko epea ireki behar da, bi hilabetekoa, hirugarrenek aurka egiteko aukera izan dezaten, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izan ere, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren bidez arautu da jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko uztailaren 22an, garai hartako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean (zeinaren barruan baitzegoen Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza hau) «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eskabidea sartu zen. Eskabide hori honako hauen artean idatzi zuten: Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, Arabako Sagargileen eta Sagardogileen Elkartea, Sagardo Mahaia Elkartea, Sagar Uzta Sagardogileen Elkartea, Fruitel Elkartea eta Bialka Elkartea. Halaber, dokumentazio osagarri egokia erantsi zen.
Bigarrena.– 2016ko irailaren 16an, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren 2016ko abuztuaren 30eko Ebazpena argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua babesteko eta inskribatzeko eskabidea argitara emateko. Hala, estatu mailako aurkaratze-prozedura hasi zen, eta bi hilabeteko epea ireki zen, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko zena, legez Espainian bizi zen eta bere eskubide legitimoak edo interesak ukitu zirela irizten zion pertsona fisiko edo juridiko orok zegokion aurka egiteko adierazpena aurkeztu zezan. Hori guztia, jatorrizko deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzeko urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretua aldatzeko martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera eta bat etorriz gorago aipatutako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 96.3 artikuluan ezarritakoarekin.
Hirugarrena.– BOEn argitaratu eta bi hilabete baino gehiago igaro ondoren, eta ez zenez aurka egiteko adierazpenik aurkeztu, 2017ko otsailaren 10ean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren 2017ko urtarrilaren 16ko Ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), «Euskal Sagardoa/Sidra del País Vasco» jatorri-deitura babestua babestu eta inskribatzeko eskaeraren aldeko erabakia ematen duena. Halaber, 2017ko abuztuaren 4an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 13ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez onartzen baita «Euskal Sagardoa/Sidra Natural del País Vasco» jatorri-deitura babestua, eta zeinaren bidez estatu mailako babes iragankorra ematen baita. Era berean, 2017ko abuztuaren 14ko BOEn ere berdin jardun zen, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak Europako Batzordeari une egokian bidali zion espedientea.
Laugarrena.– 2023ko otsailaren 9ra arte, inskripzio-eskaera ez zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratu. Horretara iritsi ahal izateko, Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko aldebiko negoziazio aldi luze bat egin da, eta azken horrek aurkeztu den JDBaren baldintza-agiriaren zenbait elementu zuzentzeko eskaerei erantzun die. Argitalpen hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 50.2 artikuluaren arabera egin da (erregelamendua nekazaritzako eta elikadurako produktuen kalitate-araubideei buruzkoa da), eta, argitalpen horrekin, aurkakotasun-jakinarazpenak egiteko nahitaezko aldia ireki da Europa mailan eta hirugarren herrialdeetan.
Bosgarrena.– Horretarako ezarritako epearen barruan, 2023ko maiatzaren 4an, Frantziak erregistratzeko eskaeraren aurkako adierazpen arrazoitua aurkeztu zuen, eta bere argudioak bi premisatan oinarritu zituen:
1.– Erregistroa eginez gero, haiek legez merkaturatzen dituzten izen, marka edo produktuei kalte egingo litzaiekeela.
2.– Sagardoaren elaborazio tradizionala egiten dutela, eta, eskatutako «Euskara Sagardoa» eta «Sidra Natural del País Vasco» erregistroa egitea lortuko balitz, kalte handiak egingo litzaizkiekeela «Cidre Basque» eta «Euskal Sagarnoa» deiturei.
Seigarrena.– Frantziako agintariek Batzordeari igorritako aurkakotasun-adierazpena ikusi ostean, Batzordeak onargarritzat jo du, bidalitako dokumentazioaren araberakoa da. Horregatik, 2023ko maiatzaren 16an, hori guztia jakinarazten zaie agintaritza eskatzaileei, eta, 2023ko uztailaren 17an, gonbidapena luzatzen zaie bi alderdiei, dagozkien kontsultak egiten has daitezen, eta araubidez ezarritako hiru hilabeteko epea ematen zaie.
Zazpigarrena.– Adostasuna lortzeko prozesuak duen konplexutasuna kontuan hartuta, 2023ko irailaren 14an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontsulten epea iraupen berberaz luzatzeko eskatu zion Europako Batzordeari. Europako Batzordeak eman egin zuen luzapen hori, eta 2023ko irailaren 27an eman zuen haren berri. Hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren (nekazaritza-produktuen eta -elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa) 51.3 artikuluko hirugarren paragrafoaren babesean.
Zortzigarrena.– Azkenik, hainbat hilabetez eskatzailearen eta aurka agertu denaren artean negoziazioak eta informazio-trukeak egin ondoren, 2024ko urtarrilaren 12an, mugaz gaindiko jatorri-deitura babestu bat eratzeko akordio bat lortu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Frantziako agintaritzen artean, eta JDB hori arautuko duen baldintza teknikoen agiriaren edukia eta dokumentu bakarra adostu ziren. Halaber, JDBa honela mantentzea erabaki zen: «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa».
Bederatzigarrena.– Frantzian, mugaz gaindiko JDB berriaren baldintza-agiria jendaurrean ikusgai egon zen bitartean, Normandiako eta Bretainiako sagardo-ekoizle talde bat aurka agertu zen Frantziako Agintaritza Eskudunaren aurrean. Bi alderdien artean bilera batzuk egin eta gero, mugaz gaindiko «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestuaren baldintza-agiri berri bat adostu da.
Eta aurrekari horiei dagozkie
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, autonomia-erkidego honek du, Estatuarekin elkarlanean, jatorri-deituren eta publizitatearen gaineko eskumen esklusiboa.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 19. artikulua garatze aldera, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio: «k) Nekazaritzako elikagai-politika: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, jatorri-deitura ematea eta kalitatea kontrolatzea».
Azkenik, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak 19.1.t) artikuluak, 7.h) artikuluarekin bat etorriz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza gaitzen du eskumena izan dezan ebazpen hau emateko.
Bigarrena.– Espedientea izapidetzerakoan, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan xedatutako izapideei jarraitu zaie (1335/2011 Errege Dekretua, urriaren 3koa, jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzekoa), eta kontuan hartu dira martxoaren 7ko 149/2017 Errege Dekretuak hari egindako aldaketak, eskaera eta hasierako izapidetze guztiei, estatu-mailako aurkaratze-prozedurari eta abarri dagokienez.
Era berean, etapa hori gainditu eta Europako Batzordeari inskripzio-eskaera behar bezala helarazi ondoren, nekazaritza-produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritako izapide guzti-guztiak bete dira.
Aurretik azaldutako guztiagatik, aipatutako arau guztiak oinarri hartuta, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokor eta zehatzaren ondoriozko gainerako arauek agindutako izapideak ere, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Baiestea mugaz gaindiko «Euskal Sagardoa / Sidra del País Vasco / Cidre Du Pays Basque / Cidre Du Pays Basque-Euskal Sagarnoa» jatorri-deitura babestua babesteko eta Batasunaren erregistroan inskribatzeko eskaera berria.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitaratu direla baldintza-agiriari eta dokumentu bakarrari dagozkien testuen bertsio berriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan –aldeko erabakia dokumentu horietan oinarritu da–, eta, hala, honako hauetan horretarako ezarritakoari jarraitu zaiola: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024ko apirilaren 11ko 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 10.6 artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoari (ardoen, edari destilatuen eta nekazaritza-produktuen adierazpen geografikoei buruzkoa) eta nekazaritza-produktuen espezialitate tradizional bermatuak eta nekazaritza-produktuetarako aukerako kalitate-terminoak aldatzen dituenean ezarritakoari (1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduak aldatzen dituena eta 1151/2012 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena: https://www.euskadi.eus/informazioa/jatorrizko-izendapen-babestuak-eta-indikazio-geografiko-babestuak/web01-a2elikal/eu/).
Hirugarrena.– 2.– Ebazpen hau honako hauei bidaltzea: Estatuko Aldizkari Ofizialari, argitara dezan, aldeko erabakia publiko egiten dela bermatzeko; eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, babesteko eta inskribatzeko eskabidea Europako Batzordeari helaraz diezaion, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bertan arautzen baita jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei Batasuneko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Laugarrena.– Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean, legez Espainian bizi eta bere eskubide legitimoak edo interesak ukitu direla irizten dion pertsona fisiko edo juridiko orok eskabideei aurka egin ahal izango die, behar bezala arrazoituta, dagokion aurkakotasun-adierazpen bidez. Adierazpen hori Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari igorriko dio.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, horrela ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 112., 121. eta 122. artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 23a.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,
IKER IGLESIAS EGUIA.