Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2024ko irailaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4486

AGINDUA, 2024ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, kooperatiba edo fundazio diren itunpeko sareko ikastetxeetan inbertsioak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Hezkoop-2024).

Irakaskuntzako kooperatibak gizartean parte hartzeko tresna dira; horrek berak ikastetxeen titular diren erakunde horien alderdi espezifiko eta bereizgarri bat ezartzen du, haien izaera dela-eta ez baitute irabazi-asmorik, eta Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legeak arautzen ditu.

Alde horretatik, 2014ko uztailaren 9an, Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren artekoa asmo eta lankidetza hitzarmena sinatu zen. Akordio horren bidez, besteak beste, konpromiso hau hartu zen: «kooperatiba-mugimendua sustatzeko dauden finantza-tresnak indartzea».

Era berean, ekainaren 2ko 9/2016 Legearen arabera juridikoki fundazio gisa eratutako ikastetxeek interes orokor bati erantzuten diote.

Bi kasuetan, desagertzen direnean likidazio-eragiketen emaitza Administrazioari itzultzeko eskatzen da, deialdi honen xederako; kooperatiben kasuan, indarrean dagoen araudiaren bidez geratzen da egiaztatuta hori, eta fundazioen kasuan, berriz, estatutu erregulatzaileetan jasota egon behar delako.

Gauzak horrela, nabarmentzekoa da ikastetxeen titular diren kooperatibak eta fundazioak finantza-ahalegin handia egiten ari direla beren eraikin eta instalazioak legediaren eskakizunetara egokitzeko, azken urteotan asko aldatu baita legedia.

Ahalegin horren jakitun izanik, sail honek, indarrean dagoen legeriak ematen dizkion eskumenak erabiliz, ikastetxeen finantza-zama arintzen lagundu nahi du, eta, aldi berean, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko ikasleei eskaintzen zaien irakaskuntzaren kalitatea hobetzen lagunduko duen ingurune batean gauzatzea erraztu nahi du hezkuntza-jarduera. Era honetako azken deialdia 2021ekoa bada ere, sail honek deialdi hau bultzatzen jarraitzeko asmoa du.

Eta arau hauek dira aplikatzekoak: abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da irakaskuntza-kooperatibek edo itunpeko ikastetxeen titular diren fundazioek izenpetutako maileguak finantzatzeko laguntzetarako deia egitea, baldin eta maileguak hezkuntza-erabilerarako higiezinak erosteko edo eraikuntza berriko obrak egiteko, eraikuntzak handitzeko, ordezteko eta indarreko legeriak eskatutako betekizunetara egokitzeko eskatu badira. Hezkuntzako eraikinen eraikuntza arautzen duen araudian zehaztutako espazioen gaineko jarduketak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan egindako inbertsioetarako izenpetutako maileguetarako izango da.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Eskabidea aurkezten den egunean maila hauetakoren bat ematen ari diren itunpeko ikastetxeek eskatu dezakete laguntza: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Berezia.

3. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Dirulaguntza lortzeko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Bereziko mailetarako itundutako ikastetxeen titularrek baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a) Irakaskuntza-kooperatiba gisa eratuta egotea.

b) Fundazio gisa eratuta egotea, baldin eta estatutuetan ezartzen bada, desagertuz gero, likidazio-eragiketen ondoriozko ondasunak oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari zuzenduko zaizkiola.

2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeek, beren bazkide nagusien artean kooperatiba-ikastetxeren bat izan eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza-mailaren bat ematen badute eta zeregin hori itunduta badute, aurreko paragrafoko baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, edo horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik izan daitezkeen debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

4.– Egiaztatzea indarrean dauden xedapenetan ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan (otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.).

5.– Betetzea, kasu guztietan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. eta 14. artikuluan ezarritako obligazioak.

4. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

Baldintza hori bete behar da, bai onuradun izateko, bai dirulaguntzaren likidazioa egin arte onuradun izaten jarraitzeko. Horrenbestez, dirulaguntza ematen denean, nahiz ordainketak egiten direnean egiaztatu beharko da betetzen dela.

2.– Eskabidean aukera emango da erakunde eskatzailea organo kudeatzaileak informazioa automatikoki egiaztatzearen aurka agertzeko. (III eranskina).

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuta (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hura), eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri emango duela.

b) Entitate eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, edo ez duela horretarako legezko debekurik.

c) Eskatzaileak adierazten duela eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

d) Halaber, eskatzaileak adierazten duela eraikuntza berriko obrak, handitzekoak, ordeztekoak eta indarreko legeriak eskatutako baldintzetara egokitzekoak egin badira, legezkoak direla.

5. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Hogeita lau milioi (24.000.000,00) euro bideratuko dira, guztira, laguntza-programa hau finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako kontu-sailen kontura finantzatuko da.

2.– Aurrekontuko baliabideen arabera, eta eskatutako dirulaguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, areagotu egin daiteke esleitutako dirulaguntza, laguntza horiek ebatzi aurretik, hala baitago ezarrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan. Inguruabar hori Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen maileguak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, diruz lagundu daitezke 2. artikuluan zehaztutako zentroen titularrek finantza-entitateekin sinatutako 50.000 euro edo gehiagoko maileguak, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzetan, baldin eta inbertsioa amaitzeko epea 2021eko urriaren 1etik deialdi honetako eskabideak aurkezteko azken egunera bitartekoa bada, aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Diruz lagundu daitezkeen maileguekin finantzatutako inbertsioek betekizun hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betez, behin-behinekotasun egoerak desagerrarazten lagunduko duten inbertsioak izatea; halakotzat hartzen dira alokairuan dauden lokalak, gela prefabrikatuak, etxebizitzen beheko solairuak, eskolaratzeko egokitzat jotzen ez diren espazioak.

b) Indarrean dauden lege-baldintzak betez, ikastetxeetako espazioak handitzeko inbertsioak, espazio horietan nahikoa lekurik ez dagoelako ikastetxeak eskolatzen dituen unitate-kopururako.

3.– Edonola ere, deialdi honetatik kanpo geratzen dira inbertsio hauek:

a) 2021eko irailaren 30a baino lehen amaitutakoak, bai eta 2021eko azaroaren 3ko Aginduaren babesean finantzatutakoak (2021eko azaroaren 11ko EHAA, 224. zk.).

b) Inbertsio errealak berritzeko baino ez diren obrak, indarrean dagoen hezkuntza-itunen erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak bideratzeko, kontsultak egiteko eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan dago araututa (Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0190305

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/nirekarpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/servicios/0190305

Dirulaguntza eskatzen den inbertsio edo obra bakoitzeko eskaera bat aurkeztu behar da. Mailegu bera inbertsio bat baino gehiago egiteko aurkezten bada, eskabidean adierazi behar da.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak, nahi duten hizkuntzatan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Exekuzio-proiektuak, planoak eta dokumentazio grafikoa cd formatuan aurkeztuko dira, Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinetan.

9. artikulua.– Nahitaezko agiriak.

Eskabidearekin batera, I. eranskineko txantiloia beteta eta agiri hauek aurkeztu behar dira, oro har:

1.– Eraikuntza berriko, handitzeko, ordezteko eta egokitzeko obrak egiteko eskabideen kasuan: Ez dira diruz lagunduko esklusiboki irakaskuntzarako ez diren jarduerak.

a) Ikus-onetsitako exekuzio-proiektuak behar dituzten obrak egitea jasotzen den eskabideen kasuan:

a.1.– Exekuzio-proiektu ikus-onetsia (formatu digitalean), berrikuntzak edo handitzeak egin aurreko eta ondorengo planoak barne, kasu guztietan argi eta garbi adieraziz espazio bakoitza zertarako erabiliko den eta zenbateko azalera erabilgarria izango duen.

a.2.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak.

a.3.– Obra-bukaerako ziurtagiri ikus-onetsia.

a.4.– Obra-bukaerako dokumentazio ikus-onetsia.

a.5.– Kreditu-entitateek inbertsioak finantzatzeko emandako maileguak egiaztatzen dituzten agiriak, maileguen baldintza guztiak eta eskaeraren eguneko egoera adierazita.

b) Ikus-onetsitako proiekturik behar ez duten obrak egitea jasotzen den eskabideen kasuan:

b.1.– Azalpen-memoria bat, jarduketaren planoak eta azalerak ere jasoko dituena, eskumena duen teknikari batek egina.

b.2.– Eskumena duen teknikariak idatzitako memoria balioetsia.

b.3.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak. Obra ikastetxeak berak kudeatu badu gremio eta hornitzaileak banan-banan kontratatuz, hornitzaileen eta gremioen zerrenda aurkeztu beharko da, bakoitzaren zenbatekoekin.

b.4.– Obra-onarpenaren akta edo ikastetxearen erakunde titularraren erabakia, obra bukatutzat ematen duena, obra ikastetxeak berak kudeatu badu.

b.5.– Azalpen-memoria eta obraren likidazioa, zeinetan zehaztu beharko baita jatorrizko memoriarekiko aldaketarik egon den ala ez. Aldaketarik egin bada, azaldu egin behar dira, eta benetan exekutatutako neurketak zehaztu; horretaz gain, jatorrizko aurrekontua eta benetan exekutatutakoa alderatzen duen konparazio-taula bat ere erantsi beharko da.

b.6.– Kreditu-entitateek inbertsioak finantzatzeko emandako maileguak egiaztatzen dituzten agiriak, maileguen baldintza guztiak eta eskaeraren eguneko egoera adierazita.

c) Horrez gainera, ikastetxearen titularra ez bada higiezinaren titularra:

c.1.– Alokairu- edo lagapen-kontratua.

c.2.– Jabearen baimena obrak exekutatzeko.

2.– Higiezinak erostea helburu duten eskabideen kasuan:

a) Salerosketaren eskritura, higiezinaren deskribapena eta balioa adierazita.

b) Planoak eta dokumentazio grafikoa: higiezinaren kokapenaren, solairuen, sekzioen eta altxaeren planoak, 1/100 edo 1/200 eskalan (formatu digitalean).

c) Kreditu-entitateek inbertsioak finantzatzeko emandako maileguak egiaztatzen dituzten agiriak, maileguen baldintza guztiak eta eskaeraren eguneko egoera adierazita.

3.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela ziurtatzea/egiaztatzea (II. eranskina erabili).

4.– Kreditu-entitateei maileguen 2024ko lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoei dagozkien banku-ordainketak egin zaizkiela egiaztatzeko dokumentazioa.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsak zuzentzea.

Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak eskabidean akats edo okerren bat aurkitzen badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta zuzentzeko hamar eguneko epea emango dio, eta adieraziko zaio zuzenketarik egiten ez badu eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotakoari jarraituz.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Balorazio Batzorde batek aztertu eta sailkatuko ditu eskabideak; kide hauek izango dira:

a) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendaria; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Ikastetxe- eta Plangintza-zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona.

b) Plangintza- eta Antolaketa-zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona.

e) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako teknikari bat. Idazkari-lanetan arituko da, eta ahotsa izango du, baina botorik ez.

Balorazio-batzorde horrek, aldez aurretik txostena egin eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari helaraziko dio behin-behineko edo behin betiko ebazpen-proposamena. Ebazpen horretan, laguntzak eman zaizkien ikastetxeak eta emandako zenbatekoak jasoko dira, eta adierazi beharko da betetzen dituztela eskatutako betekizunak, agindu honetan aurreikusitako esleipen- eta kuantifikazio-irizpideak aplikatuz.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

Agindu honetako baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxeei emango zaizkie laguntzak, baldin eta agindu honetan bertan ezarritako denboran eta forman eskatzen badituzte.

5. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako zuzkidura nahikoa ez bada aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko (betiere, 14. eta 15. artikuluetako irizpideen arabera kalkulatutako zenbatekoei aurre egiteko), eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da aipatutako zuzkidura, horietako bakoitzarentzat hasieran eskaera guztiak ordaintzeko beharrezkoa den zenbateko osoa kontuan hartuta kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.

14. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

Dirulaguntza jaso dezake irizpide hauek aplikatuta ateratzen den inbertsio-zenbatekoak:

1.– Eraikuntza berriko obrak, handitzekoak, ordeztekoak eta indarreko legeriak eskatutako baldintzetara egokitzekoak egiten badira, zenbateko hauen artetik txikiena izango da diruz lagundu daitekeen zenbatekoa: (I. eranskina).

a) aurkeztutako obraren likidazioa.

b) modulu ekonomikoak aplikatuta ateratzen den zenbatekoa.

Modulu ekonomikoak, obra motaren arabera:

Eraikinak:

– Espazio itxien egokitzapena: 643 €/m2

– Espazio erdi-itxien egokitzapena: 1.123 €/m2

– Handitzeak: 1.604 €/m2

– Handitzea; espazio itxietan solairuarteak eraikitzea: 962 €/m2

Kirol-eremuak, gimnasioak eta aldagelak:

– Espazio itxien egokitzapena: 481 €/m2

– Espazio erdi-itxien egokitzapena: 669 €/m2

– Handitzeak: 830 €/m2

– Jolastokiak: 162 €/m2

Gehieneko azalera-muga Hezkuntza Sailak, unitate eta ikaspostuen arabera, ikastetxeen beharretarako programetan taularatuta duena izango da.

2.– Higiezinak erostera bideratutako inbertsioen kasuan, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:

– 2010eko otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren arabera gutxieneko betekizun gisa ezarritako eremuei dagokien partearen erosketa-balioa.

– Aurreko 1. apartatuko modulu ekonomikoak aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere 8 urteko mailegu tipoaren eta kuota finkoaren amortizazioaren eta interesaren % 50 izango da. Maileguaren printzipala da diruz lagundu daitekeen zenbatekoa, 14. artikuluan ezarritakoaren eta urteko % 6,5eko interesaren arabera kalkulatuta.

Baldin eta entitate eskatzaileak inbertsioak finantzatzeko eskatutako maileguaren saldo bizia diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 50 baino txikiagoa bada, 14. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuta, saldo bizi horren amortizazioa eta interesa izango dira dirulaguntzaren zenbatekoa.

Agindu honen ondorioetarako, maileguaren saldo bizitzat joko da agindu hau argitaratzen den egunean maileguak duen egoera.

Edonola ere, gehienez ere maileguak iraungo duen 8 urteko epean benetan egindako eta justifikatutako kostuak lagunduko dira diruz. Dirulaguntza ez da izango ikastetxeen erakunde titularrek Agindu honen xede diren inbertsioak finantzatzeko kreditu-entitateekin sinatuta dituzten maileguek sortzen duten kuota baino handiagoa, eta maileguak erabat amortizatuta daudenean utziko dio dirulaguntzak ondorioak izateari.

Mailegua aldez aurretik kitatuz gero, betiere geratzen den saldoa baino zenbateko handiagoa duen beste batekin subrogatzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da mailegua kitatzen den egunetik aurrera, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, dirulaguntzaren kitapena egingo da, agindu honen 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Mailegu bera eskaera bat baino gehiagotarako aurkeztuz gero, maileguaren saldoak, gutxienez, aurreko artikuluaren arabera diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren batura izan behar du; bestela, zenbateko hori hainbanatu egingo da inbertsio bakoitzerako.

16. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikok emandakoekin, betiere laguntza horien baturak gainditzen ez badu agindu honetan jasotako diruz lagundu daitekeen kopurua. Muga hori gainditzen bada, gehiegizko kopuru hori kendu egingo zaio agindu honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoari. Era berean, bateragarriak dira hezkuntza-ituneko eskola unitateko gastuei aurre egiteko ekonomia-moduluko berritzeak eta inbertsioak egiteko partida jasotzearekin.

Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 h) artikuluan ezarritakoaren arabera (IV. eranskina).

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, balorazio-batzordeak proposatuta, laguntzak emateko prozedurari amaiera emango dion ebazpena emango du deialdia EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean; egindako eskabide guztiei erantzungo die. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa. Era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, informatzeko asmoz soilik.

2.– Zehaztutako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko dira eskaerak, hala agintzen baitute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak etan Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2025 Legeak; hala ere, lege horren arabera, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra du.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, bitarteko elektronikoz, «Nire Kudeaketak» atalaren bidez, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki taularen bidez jakinarazten denetik aurrera.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzaren onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Honela, deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren bidez jakinarazi eta hamabost eguneko epean, dagokion entitateak ez badio dirulaguntzari berariaz uko egiten baliabide elektronikoen bidez (Nire Kudeaketak atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta), onartu egin duela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza eman den horretarako erabiltzea.

3.– Deialdi honetan emandako dirulaguntzari dagokionez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioak betetzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

4.– Hezkuntza Sailari obra azaltzen duen kartel bat jartzeko aukera ematea.

5.– Jakinaraztea obra horiek egiteko beste laguntzarik eskatu den, eta, hala badagokio, lortu den.

6.– Eska daitekeen beste edozein betebehar, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 paragrafoan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

7.– Excel datu-orria betetzea; erantsitako dokumentua.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zatika, hiru hilean behin ordainduko zaie dirulaguntzaren onuradunei, hiruhilekoa amaitu ondoren, gehienez ere zortzi urtean, onuradunek dagokion hiruhilekoan mugaeguneratutako zenbatekoak kreditu-entitateei ordaindu dizkietela egiaztatu ondoren. Lehenengo ordainketa 2024ko lehen, bigarren eta hirugarren hiruhilekoei dagokiena izango da, mugaeguneratutako kopuruak kreditu-entitateei ordaindu dizkietela adierazten duen frogagiria aurkeztu ondoren. Ordainketa horiek ez dute gaindituko dagokion aldian sortutako kuotaren zenbatekoa. Justifikazio-agiriak Nire Kudeaketak atalaren bidez izapidetuko dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea beteta, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publiko edo pribatutatik bestelako dirulaguntzak edo laguntzaren bat jaso bada, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena.

Horretarako, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak dagokion kitapen-ebazpena emango du, non doitu egingo baita emandako dirulaguntzearen zenbatekoa.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Finantzaketa ematea eragin zuten baldintzak ez direla betetzen egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legez dagozkion interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari, hori guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoaren arabera. (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.)

22. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673 deialdi hau izapidetzerakoan jasotako datu pertsonalak –datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena eman dute parte-hartzaileek– fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da dirulaguntzen deialdi hau eta harekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzea, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Horretaz gain, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ere aplikatuko da. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza izango da. Zuzendaritza horretara jo beharko da datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko: Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz. Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055100-capa2-eu.shtml),

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jaso ez diren prozedura-alderdi guztietarako Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala