190. zk., 2024ko irailaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 10 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4485
EBAZPENA, 2024ko irailaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, argitara emateko Lanbidek profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko finantzatu edo baimentzen duen prestakuntzari lotutako prestakuntza-praktikak egiteko dirulaguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko irailaren 18ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, ontzat eman du Lanbidek finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzari lotutako prestakuntza-praktikengatiko dirulaguntzen deialdia. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) atalean xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lanbidek finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzarekin lotutako prestakuntza-praktiketarako dirulaguntzen deialdia argitaratzea. Deialdia erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2024ko irailaren 18ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa jaso da.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 19a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZEN DEIALDIA PROFESIONALTASUN-ZIURTAGIRIAK LORTZERA BIDERATUTA LANBIDEK FINANTZATU EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZARI LOTUTAKO PRESTAKUNTZA-PRAKTIKAK EGITEKO
Martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez, berrogeita hamabigarren xedapen gehigarri berria sartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua). Hala, prestakuntza-programetan sartutako kanpoko prestakuntza-praktikak edo praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartu behar zirela arautu zen. Xedapen hori 2024ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.
Xedapen horren arabera, nahitaezkoa da enpresetan prestakuntza-praktikak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren Sisteman altan eman eta kotizatzea. Hala, Araubide Orokorrean sartutzat jotzen dira, besteren konturako langileen antzera. Betebehar hauek, ordaindu gabeko praktiken kasuan, praktikak garatzen diren lekuko enpresari edo prestakuntza-zentroari esleitzen zaizkio, enpresarekin hala adostuz gero.
Lanbideren jarduera-eremuan, betebehar horiek eragina dute lantokietan egin beharreko prestakuntza praktikoaren moduluan, erakunde autonomo honek finantzatu eta baimendutako profesionaltasun-ziurtagirien baitan.
Araudi berria aplikatzean, arazo bat sortu zen, Espainian legez bizi ez diren ikasle atzerritarrei ezin zaielako Gizarte Segurantzaren Sisteman alta eman eta, horrenbestez, ezin dutelako prestakuntza amaitzeko beharrezko prestakuntza-praktikak egin.
Egoera horri aurre egiteko, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2024ko otsailaren 13ko, martxoaren 19ko eta apirilaren 23ko bileretan, Lanbidek finantzatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruzko salbuespenezko neurri batzuk onartu zituen. Neurri horien bidez, prestakuntza osatzeko eta titulazioa lortzeko aukera emango zuten prestakuntza-praktikak egitea lehenetsiz, egoitza legeztatzea posible zen kasuetan, prestakuntza-ekintzak gauzatzeko baldintzak egokitu ziren, eta prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera jarri zen, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen errege-dekretuan aurreikusitako ordu-kopuruaren arabera, prestakuntza-zentroetan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ustez, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko beharrezkoak diren prestakuntza-praktikak egiteko modua ematen duten enpresa eta erakunde laguntzaileek, erakunde autonomo horrek finantzatutako edo baimendutako prestakuntzaren eremuan, ez dute osorik bere gain hartu behar praktika horiek egiten dituzten pertsonak Gizarte Segurantzaren Sisteman sartzearen ondoriozko gastua, ez Gizarte Segurantzarekin egin behar diren izapideen kudeaketa-gastuak, ez kotizazioa bera, ez eta bizileku-baimenik ez izateagatik Gizarte Segurantzan alta eman ezin duten ikasle atzerritarrek prestakuntza-zentroan bertan praktikak egiteari lotutako gastuak ere.
Ekimen hau finantzatzeko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plan hori erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2023ko abenduaren 14ko bileran hartutako erabakiaren bidez, eta 2024ko irailaren 18an aldatu zen. Ekimen honek 2.2 gako estrategikoari erantzuten dio («Prestakuntza eraginkorragoa, gure produkzio-sarearen benetako premietatik hurbilagoa, gaitasun profesionalak zein zeharkakoak garatzen dituena»), 2. helburu estrategikoaren barruan («Produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea»). Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa beteko da hala. Plan hori Lanbideren web-orrian argitaratuta dago (www.lanbide.euskadi.eus), «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2024ko irailaren 18ko bilkuran, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzarekin lotutako prestakuntza-praktiketarako dirulaguntzen deialdia onartu zuen, Lanbidek finantzatua edo baimendua. Honela dio:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzetako ikasleek egindako prestakuntza-praktiken gastuak finantzatzea 2024ko ekitaldian, dirulaguntzen bi lerroren bidez:
a) Prestakuntza-enpresa eta -erakundeentzako laguntzak, kotizazio-kostua eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagozkion kudeaketa-gastuak finantzatzeko (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapenean xedatutakoa aplikatuz).
b) Prestakuntza-erakundeentzako laguntzak, Lanbideren baimenarekin beren zentroetan Espainian ez egoteagatik edo legez bizi ez direlako Gizarte Segurantzan alta eman ezin zaien ikasleek egindako prestakuntza-praktiken tutoretzarengatik.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko, guztira 940.000 euroko baliabide ekonomikoak emango dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
Baliabide horiek bi dirulaguntza-lerroetan banatzen dira, honela:
a) 600.000 euro, 1.a) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
b) 340.000 euro 1.b) artikuluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.
2.– Baldin dirulaguntza-lerro batean kreditua amaitzen ez bada, aukeran dago soberan geratutakoa beste lerroko laguntzak finantzatzeko erabiltzeko.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzekotan, prestakuntza-enpresek edo -erakundeek beren gain hartu behar dute Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta kotizazioaren ordainketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzei lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten duten ikasleei dagokienez, praktikak egiteko enpresa izan edo prestakuntza-ekintzak eman dituen prestakuntza-erakundea izan, eta hala hitzartu badute bien artean sinatutako hitzarmenean edo akordioan.
Laguntza hauetatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuak ere, baldin eta sail horrek kudeatu eta ordaindu baditu Gizarte Segurantzako kotizazioak.
2.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak eman dituzten prestakuntza-erakundeak, baldin eta beren prestakuntza-zentroan eta beren bitartekoekin kudeatu eta egin badituzte Espainian legez bizi ez diren ikasleei dagozkien praktikak, Lanbideren aldez aurreko baimenarekin.
Laguntza horietatik kanpo daude Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak.
3.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren entitateak:
a) Kondenaturik daudenak delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Kondenatua edo zehatua daudenak, epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, eta igarota ez edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
d) Kausaren batean errudun deklaratuta daudenak, administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragitea.
e) Merkataritza-sozietateen kasuan, administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkari direnak egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Egunean ez dutenak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Egunean ez dituztenak dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
i) Zehapen administratibo edo penalak dituztenak sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, zehapen-epea igaro gabe.
j) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausa batean daudenak, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia eragin, bultzatu edo sustatzen dutenak; horren barruan, baita konbertsio-terapiak sustatu edo egiten dituztenak.
k) Zehatuta daudenak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeari buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota bete ez dutenak, edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiborik hartu gabe daudenak.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausa batean daudenak.
n) Inskripzio-prozedura administratiboa etenda dutenak, legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiolako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ez dituen 3. apartatuan xedatutako eskakizunak eskabide-orrian dagoen erantzukizuneko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko moduko jarduketak.
Deialdi honen babesean, honako jarduera hauek jaso dezakete dirulaguntzaren bat:
a) 1.a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza lerroari dagokionez, honako gastu hauek lagun daitezke diruz:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagirien lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten duten ikasleek 2024an ordaindutako Gizarte Segurantzako kotizazioa, 2024ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean egindako praktika-egunengatik.
– Aurreko paragrafoan aipatutako prestakuntza-praktikak egiteko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko izapideen kudeaketa-gastuak.
b) 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza lerroari dagokionez, prestakuntza-zentroan bertan prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitartean enpresako tutore-lana egiten duen profesionalaren edo irakaslearen lana diruz laguntzerik izango da, legez Espainian bizi ez diren ikasleen Lanbideren baimenarekin.
Diruz lagunduko dira 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako prestakuntza-praktiketako orduak, baldin eta Lanbidek baimena eman badu praktikak eskabidea aurkeztu aurretik hasteko.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– 4. artikuluko a) apartatuan deskribatutako jarduketa eta gastu diruz lagungarriei dagokienez, hauek dira dirulaguntzen zenbatekoak:
a) Gizarte Segurantzarekiko kotizazioa: 0,46 euro, kontratatutako pertsona eta praktika-egun bakoitzeko.
b) Kudeaketa-gastuak: 40 euro pertsona bakoitzeko eta egiten duen prestakuntza praktikoko modulu bakoitzeko. Nolanahi ere, dirulaguntza hori ezin da izan eskabidean justifikatutako jarduera horren kostua baino handiagoa, 6. artikuluaren 3.2 apartatuan aurreikusitako baldintzetan; beraz, justifikatutako benetako gastua txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hari egokituko zaio.
2.– 4. artikuluko b) apartatuan deskribatutako diruz lagun daitekeen jarduerari dagokionez, laguntzaren zenbatekoa 2,25 eurokoa da prestakuntza-praktiken ordu bakoitzeko.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ (esteka bat egongo da Lanbideren webgunean).
Gizarte Segurantzarekiko izapideen kotizazioagatik eta kudeaketa-gastuengatik 1 a) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza lerroko laguntzak finantzatzeko izapideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia egiteko jarraibideak helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246601.
Prestakuntza-zentroan egindako prestakuntza-praktiken tutorizaziorako 1 b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen lineako laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia honako helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1246602
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskaera bakarra aurkeztuko da prestakuntza-enpresa edo -erakunde bakoitzeko eta dirulaguntza-lerro bakoitzeko, 4. artikuluan kasu bakoitzerako adierazitako 2024an diruz lagundu daitekeen aldi osorako.
3.– 1.a) artikuluan aurreikusitako laguntza-lerroari dagozkion laguntzei dagokienez, eskabide-inprimakiaz gain (osorik bete beharko da), honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
3.1.– Gizarte Segurantzan kotizatzeagatiko laguntzei dagokienez:
a) Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak, «Kotizazioen likidazio-agiria» eta «Langileen izen-zerrenda», prestakuntza-praktikak egiten dituzten pertsonei alta eman zaien kotizazio-kontuaren kodeari dagozkionak.
b) Gizarte Segurantzari egindako ordainketen egiaztagiriak.
3.2.– Gizarte Segurantzarekin egin beharreko izapideak kudeatzeko laguntzei dagokienez:
a) Dirulaguntza eskatu duen enpresatik edo entitatetik kanpoko enpresa batek egiten badu kudeaketa: fakturaren kopia, honako hauek zehaztuta: zenbat pertsonarengatik egin dituen kudeaketak, fakturatutako pertsona bakoitzeko zenbatekoa eta zer eperi dagokion, bai eta faktura ordaindu izanaren egiaztapena ere.
b) Kudeaketa dirulaguntza eskatzen duen enpresak edo prestakuntza-erakundeak berak egiten badu: ziurtagiri bat, honako hauek adieraziko dituena: kudeaketak egiten dituen langilearen nortasuna, langile horren urteko ordainsari gordinaren zenbatekoa eta enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostua, urteko lanaldiaren orduak, bai eta dirulaguntzaren xede diren prestakuntza-praktikak egin bitartean jarduera horretan eman dituen orduak ere.
4.– 1.b) artikuluan aurreikusitako dirulaguntza lerroari dagozkion laguntzei dagokienez, prestakuntza-zentroan bertan egindako prestakuntza-praktikei buruzko eskaera-inprimakian jasotako informazioa ofizioz egiaztatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.
5.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hori adierazteko emandako ebazpenaren bidez.
6.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko azaroaren 30ean amaituko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da prozedurak izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa.
2.– Bi dirulaguntza lerroei dagozkien laguntzak emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentziakoa izango da.
Eskabideek deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ordenan emango dira, espedientea noiz osatu den, 2. artikuluan dirulaguntza lerro bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
Aurrekontu-zuzkidura agortuz gero, ezeztatu egingo dira laguntza jasotzeko zain zeuden eskabideak, eta hori hala izango dela argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko dio eskatzaileari, egoitza elektronikoaren bidez.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan entitate interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, litekeena da dirulaguntzaren eskaera ezetsitzat ulertzea.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezake interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da aditzera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Prestakuntza-erakundeen eta -enpresa onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, oro har Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27. eta 42. artikuluetan ezartzen direnak eta, zehazki, hauek:
a) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
b) Dena delako egiaztatze- eta kontrol-egintzen mende jartzea, honako erakunde hauek erabaki ahala: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu baditu, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeretakoren bat aldatu bada.
e) Berariaz adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotako finantzaketa diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horien zioz bideratzen diren ekintzetan ere.
9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.
2.– Administrazioa laguntzak ordaintzeko moduan izan dadin, erakunde eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, horretarako inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, gerta liteke emandako dirulaguntza ere aldatzea, hori bai, inondik ere aldatu gabe deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan jasotakoak. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira helburu bererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman ditzakeen beste dirulaguntzekin, Gizarte Segurantzako kotizazioaren murrizketak izan ezik.
12. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezingo da exijitu dirulaguntza ordaintzeko; aldiz, jasotako kopuruak osorik edo partzialki itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzen den atzerapen-interesa eskatuko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik, baldin eta laguntzen entitate onuradunek urratu egiten badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har aurreikusitako betebeharrak eta deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako baldintzak, edo 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-arrazoiren bat egiten badute. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egin dela, eta laguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete direla frogatu beharra ez betetzea.
b) Dirulaguntza horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe jasotzea.
c) Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.
d) Deialdi honetako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den entitateari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrez gain, egoki iritzitako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
3.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epea izango da.
Itzulketa borondatezko epean egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
13. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatuko zaizkie, egoki bada.
Datuen titularrek aukera daukate datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzeko, tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
14. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «de minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen duen «enpresa bakarra» erregelamendu horren 2.2 artikuluak.
2.– Dirulaguntza jasotzen duen prestakuntza-enpresak edo -erakundeak aurreko hiru urteetan jasotako minimis laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, frogatzeko aldera minimis laguntza berriak ez duela aipatutako araudian ezarritako gehieneko muga gaindituko.
15. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.
Deialdi honetan berariaz aurreikusi ez den kontu guztietan, honakoa aplikatuko zaio laguntza-programa honi: Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak lege hori garatzeko Erregelamenduan xedatutakoa (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).