Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2024ko irailaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4477

3/2024 FORU ARAUA, irailaren 13koa, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua aldatzekoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «3/2024 Foru Araua, irailaren 13koa, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua aldatzekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2024ko irailaren 13a.

Gipuzkoako diputatu Nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa (UFFF) arautzen duen 15/1994 Foru Arauaren 3.1 a) artikuluak ezartzen du funtsaren % 1,2 1.100 biztanletik beherako udalerrien artean banatu beharko dela, baita horietako bakoitzari kuota finko bat esleitu ere.

Kuota finko horren helburua da baliabide gehigarriak bermatzea tamaina txikiko udalerri izateak dakarren zailtasunari eta egoera bereziari aurre egiteko. 1994. urteaz geroztik, alabaina, kuota gehigarri hori ez da eguneratu.

Hala, 2024ko aurrekontuko datuak aztertuta, ondorioztatzen da zenbateko finko horiengatik 2.091.522,12 euroko finantzaketa bideratzen zaiela 1.100 biztanletik beherako udalei, hau da, urte horretako UFFFaren % 0,32, eta ez % 1,2. Gainera, diferentzia hori handituz doa urtetik urtera, UFFFaren zuzkidura ere handitzen doan neurrian.

Foru arauaren aldaketaren bitartez, 1.100 biztanletik beherako udalei UFFF osoaren % 1,2 bermatuko zaie, eta zenbateko hori haien artean banatuko da zati berdinetan.

Modu horretan, bidea ematen zaie Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak 2024ko urtarrilaren 26an eta Gipuzkoako Finantza Kontseiluak 2024ko martxoaren 22an egindako eskaerei.

Beraz, neurri honen oinarrian foru aldundiaren eta udalen arteko adostasun eta elkarlana daude, azken urteotan udal txikienek egindako eskaerari erantzuten baitzaio, haien etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dute aurrerantzean, haien egoera bereziari aurre egiteko eta herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak indartzeko.

Foru arauak artikulu bakarra du, baita azken xedapen bat ere.

Artikulu bakarra, bere aldetik, hiru apartatutan banatzen da. Lehenengoak 15/1994 Foru Arauaren 3.1 artikuluaren a) eta b) letrak aldatzen ditu: a) letraren aldaketak, lehen adierazi den bezala, xede du 1.100 biztanletik beherako udalerriei UFFFaren % 1,2ko finantzaketa bermatzea, guztien artean zati berdinetan banatuta; b) letraren aldaketa teknikoa da, eta haren edukia a) letraren formulazio berrira egokitzea du helburu.

Foru arauaren artikulu bakarraren bigarren apartatuak ere izaera teknikoa du, eta urriaren 7ko 4/2021 Legera egokitzeko egiten da (lege horren bitartez ezarri da zer metodologia aplikatuko den 2022-2026 aldian baliabideak banatzeko eta foru aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko). Lege horrek ekarritako aldaketetako bat DFg kenkaria kentzea izan zen, zeina ordura arteko metodologian erabiltzen baitzen lurraldeak Ekonomia Itunetik erabilgarri izango zituen baliabideak kalkulatzeko. Hortaz, foru arau honen artikulu bakarreko bigarren apartatuaren bidez ezabatzen da, halaber, DFg kenkari horri buruz lehen zegoen aipamena, gaur egun ez baitago halakorik.

Foru arau honen artikulu bakarraren hirugarren apartatuak ere izaera teknikoa du, gaur egun indarrean ez dagoen arau baten aipamena eguneratzeko.

Azken xedapen bakarrak foru araua noiz jarriko den indarrean arautzen du.

Artikulu bakarra.– Azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duena, aldatzea.

Azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duena, honela aldatuko da:

Bat.– 3. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) 100eko 1,2 zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle bitarteko udalerrien artean.

b) 100eko 90 biztanleen kuota gisa banatuko da udalerrien zuzenbidezko biztanleriaren zuzeneko proportzioan. Biztanleen kuotan beharrezko egokitzapenak egingo dira a) letrako kuota gehi b) letrako kuota kontzeptupean esleitutakoa gehitzeko. Era horretan, udalerri batek ezingo du kontzeptu berdinengatik bera baino biztanle gutxiago dituen aurreko udalerriak baino zenbateko gutxiago jaso.»

Bi.– 6. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Hurrengo ekitaldiko otsailean behin betiko likidazioa egingo da Euskal Autonomia Erkidegoari egindako ekarpenen behin betiko likidazioan oinarrituta.»

Hiru.– 7. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren aurrerakinak udalei emateko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 92. artikuluak dioenari jarraituko zaio.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Hala ere, artikulu bakarraren lehen apartatua 2025eko ekitalditik aurrera aplikatuko da.


Azterketa dokumentala