189. zk., 2024ko irailaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4467
EBAZPENA, 2024ko irailaren 5ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean».
Azken bi hamarkadetan, inbertsio-ahalegin handia egin da trenbide-azpiegituraren ahalmena hobetzeko. Horretarako, trazadura hobetzeko jarduketak egin dira, trenbideak bikoiztuz, bitan banatuz eta ETSk kudeatzen duen zabalera metrikoko sareko geltokiak berrituz. Jarduketa horien bidez, besteak beste, salgaiak garraiatzeko trenak eta bidaiariak garraiatzeko trenen sarea gurutzatzeko eremuak edo bitan banatzeko eremuak ezarri dira, era horretan inbertsioak hobetzea lortzen baita salgaien trafikoa zabalera metrikoko sareetan bultzatzeko, betiere egokiro bat etorrita eskaera handiko eremuetan bidaiarien trafikoaren maiztasuna areagotzeko sarearen ahalmena handitzeko estrategiarekin.
Esate baterako, trenbidea bitan banatu da Oikian, saihesbidea egin da Loiola eta Herrera artean, bitan banatu da Amorebieta eta Lebario artean, saihesbidea egin da Ermuan, jarduketak Eibar, Karakaten eta Mendaron, etab. Jarduketa horiek aipatu helburuetarako balio izan dute, eta beste batzuk abian daude, edo hasteko zorian; adibidez, Altzolako saihesbidea, Aginagako tunela, Pasaiako porturako zabalera metrikoko sarbidea, Amarako salgaien saihesbidea eta Zarauzko geltoki berriarekin lotutakoa. Horiek guztiak lagungarriak izango dira ETSren sareak ahalmen handiagoa izateko eta bidaiarien zein salgaien trafikoa bateragarria izateko.
Halatan, lehendik egindako jarduketen ostean, proiektu honetan definitzen den azken jarduketa hau (trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, Bilbo-Donostia lineako 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean) lagungarria izango da gaur egun Bilbo-Donostia linean gauez egin behar diren salgai-trenen joan-etorriak egunez egin ahal izateko bidaiarien trafikoaren haraneko orduan. Horren ondorioz, ez da eraginik, ez interferentziarik gertatuko ETSk gauez egiten dituen mantentze-lanetan, eta, gainera, salgaiak garraiatzeko trenen gaueko ohiko trafikoa saihestuko da biztanlegune handietan.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) lehiaketa publiko bat egin du, Deban 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua idazteko laguntza teknikoko zerbitzua kontratatzeko, eta, TYPSAri esleitu zaio kontratua.
Proiektatu diren jarduketek osagai hauek dituzte:
• Banatutako baztertze-trenbidea:
Banatutako baztertze-trenbidea proiektatzen da sarrerako eta irteerako desbideratzeen artean, KPetan aurrera. Baztertze-trenbidera sartzeko orratza 72+492,276 KPan dago (1. desbideratzea, KPetan aurrera), eta trenbide nagusira irteteko orratza 73+070,685 KPan dago (2. desbideratzea).
Bitan banatutako trenbide berriaren oinplanoa eta altxaera paraleloak dira egungo bidearekiko. Oraingo trenbidea proiektu honetarako egin den jasotze takimetrikotik abiatuta modelizatu da.
• Plataforma drainatzeko sistema:
Proiektatu den drainatze-sistema bide bikoitzeko plataforma berriaren eskuineko bazterrean zehar doa, bitan banatu den tartean. Zehazki, kolektore lurperatu bat dago, eta erregistro-putzuak ditu saretekin. Erauzketa-ezpondaren oineko arekak bertan isurtzen du, areka dagoen luzeran.
• Kanalizazioak eta hodiak plataforman:
Bide bikoitzeko plataforma berriaren eskuineko bazterrean, zuntz optikoaren hodiak jarriko dira, bitan banatutako tartean. Egungo trenbidearen eskuineko bazterrean zeuden, eta desbideratu egin dira obra egin ahal izateko.
Horrez gain, bitan banatutako tartean, kanaleta prefabrikatu bat gehitu zaio ereduzko sekzioari, seinale eta komunikaziorako. Hori ere bitan banatutako trenbide bikoitzaren plataformaren eskuin bazterretik doa.
Lauza bat ere proiektatu da, banatutako baztertze-trenbidearen katigamendu berriak gordetzeko etxola hor egongo da eta.
• Banatutako baztertze-trenbidearen elektrifikazioa:
Banatutako baztertze-trenbide berria osorik elektrifikatzea proiektatu da, eta egungo bide bakarraren katenariarekin konektatzea.
• Zerbitzu-bidea:
Proiektatu den zerbitzu-bidea eta trazadura paralelo samar doaz, eta zerbitzu-bideak bitan banatutako tartearen luzeraren zati handi samar bat irauten du. Zerbitzu-bidea Itsaspe auzora iristeko bidean bertan hasten da, trenbide-plataformara iristeko egungo bidearekiko konexioan. Obrara sartzeko balioko du, eta obrako ebakiak lotzeko ere bai, irauten duen artean.
Zerbitzu-bideak 707 m inguruko luzera du. Maniobretarako plataforma du amaieran, eta trenbidearen sarbidea 27 m luze eta 9 m zabal da.
• Zeharkako drainatze-obra ZDO-72+500:
Proiektatu den zerbitzu-bidea Urtzabale errekaren ubidearen gainetik pasatzen da, ZDO-72+502aren inguruan. ZDO horren galeria hidraulikoa luzatzeko asmoa dago, bideak ubidea gurutzatzeko harlangaitz-hormarekiko paralelo, egungo trenbide-plataformari eusteko, ondoan. Urtzabale erreka trenbide-plataformaren azpitik pasatzen da galeria hidraulikoan zehar, eta aipatu den horma galeria horren sarreran dago, urak gora. Galeria 5 m inguru luzatzen da.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi berrehun eta hogeita hamabi mila zortziehun eta hogeita hamabost euro eta hogeita hamabi zentimo da (3.232.835,32 euro). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua lau milioi seiehun eta berrogeita hamalau mila bederatziehun eta berrogeita hemeretzi euro eta berrogeita hemezortzi zentimo (4.654.959,58 euro) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua BEZa kanpo: lau milioi hirurehun eta berrogeita lau mila laurehun eta berrogeita bi euro eta hogei zentimo (4.344.442,20 euro),.
Obrak egiteko hamabi (12) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, lau milioi seiehun eta berrogeita hamalau mila bederatziehun eta berrogeita hemeretzi euro eta berrogeita hemezortzi zentimo (4.654.959,58 euro) da, eta obrak egiteko epea hamabi (12) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta eraikuntza-proiektuan bertan dagokion eranskinean zerrendatuta dauden ukitutako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 5a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.