186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 3 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
4407
AGINDUA, 2024ko irailaren 11koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.
Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera, honako hauek behar dira unibertsitate-titulu ofizialak irakatsi ahal izateko: autonomia-erkidegoko eskudunak unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz egindako nahitaezko eta aldeko txostena; dagokion kalitate-agentziak ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko egindako aldeko txostena; eta Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-plana egiaztatzea eta adierazitako autonomia-erkidegoak hura ezartzeko baimena ematea.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da ikasketak nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.
Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago unibertsitate-ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan eta Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.
822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluak arautzen du ikasketa ofizialen ikasketa-planak egiaztatzeko prozedura. 3. puntuaren arabera, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko nahitaezko txosten bat egingo dute, egiaztatze-prozedura hasi aurretik. Prozedura honetan, baimendu beharreko titulazio guztiek lortu dituzte proposatutako ezarpenen beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko aldeko txostenak, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren eskutik.
Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza Sailak agindu-proposamena prestatu behar du gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurak aldeko txostena egin dio, 2024ko ekainaren 26an, 2024-2025eko ikasturterako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.
Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan xedatutakoarekin bat, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko proposamenen aldeko egiaztatze-txostena egin du (eranskinean dator irakaskuntza horien zerrenda).
Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea eranskinean zerrendatutako masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialei dagozkien ikasketa-planak.
Horrenbestez, Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2024ko uztailaren 24ko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Baimena ematea eranskinean zerrendatzen diren masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek Gobernuari igor diezaion tituluen ofizialtasuna ezartzeko proposamena, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitate-titulu ofizialen egiaztapena berrituko da, bat etorriz Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. eta 35. artikuluekin.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.