186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4405
250/2024 DEKRETUA, irailaren 10ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Bermeoko udalerrian, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Bermeoko Demiku auzoko hornidura-sarearen hobekuntza-proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko.
Bermeoko Demiku auzoko hornidura-sarearen hobekuntza-proiektuaren espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko azaroaren 7an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko abenduaren 19ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (241 zk.) iragarkiak argitaratuz. Geroago, 2024ko apirilaren 29an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitutako eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko deklarazioa egin zezala, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea atzeraezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:
«Gaur egun, Demikuko ur-biltegiaren hurbileko hornidura-sareak HDPEzko hodi-tarteak ditu, eta, hodi horiek gabezia handiak dituzte, duela 40 urte baino gehiago instalatu zirenetik erabilera luzea izan baitute. Horrek matxurak eragin ditu behin eta berriz (eta horren ondorioz presio-galerak eta emari-gabeziak jasaten dituzte sarearen erabiltzaileek), bai eta hornidura eten egin beharra ere, matxura horien konponketa lanak egiteko.
Gainera, beste mota bateko ondorioak dakartza, hala nola ingurumen-ondorioak (ur-galerak), kalteak hirugarren batzuei eta inguruneko abonatuei eskaintzen zaien zerbitzuak okerrera egitea.
Azaldutako aurrekariak ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) uste du gaur egun auzoan dagoen hornidura-sareak, dagoen egoeran, ez diela ur-horniduraren jarraitutasuna bermatzen gune horretako abonatuei.
Arazoa areagotu egiten da sarea, uren beherako bidean, hurbil dagoelako hornidura-sistemako elementu kritiko batetik, hau da, Demikuko ur-biltegitik, eta biltegi horrek Demiku auzo osoa hornitzen du.
Hodiek pitzadurak izaten dituzte behin eta berriz. Ondorioz, beharrezkoa da hodi horiek berritzea BBUPren abonatu guztiei hornidura egokia bermatzeko (ur-kalitate eta -kantitateari dagokionez).
Sarea hobetuz, abonatuek jasaten dituzten eragozpenak ekiditea lortuko da (ur-jarioen ondorioz jasaten diren ur-galerak ekiditeaz gain)».
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, baldin eta nahitaezko desjabetzeak barne hartzen baditu egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurzoruan jarduketa bakartuak egin behar badira. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2024ko irailaren 10eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Bermeoko Demiku auzoko hornidura-sarearen hobekuntza-proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeok.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko irailaren 10ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.