Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4404

249/2024 DEKRETUA, irailaren 10ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita ezen, Getariako udalerrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu behar dituela Askizuko saneamendu-proiektua (Getaria) gauzatzeko ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko.

Askizuko (Getaria) saneamendu-proiektuaren espedientea prestatu eta formalki onartu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko foru-diputatuak (gaur egun Jasangarritasun Departamentuko foru-diputatua) 2023ko maiatzaren 30ean emandako foru-aginduaren bidez honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta hogei egun balioduneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko ekainaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (107. zk.) iragarkiak argitaratuz. Geroago, 2024ko otsailaren 6an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak ukitutako eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko deklarazioa egin zezala, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta zazpi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea atzeraezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Gaur egun, Getariako Askizu eta San Prudentzioko biztanleguneek natura-ingurunera isurtzen dituzte beren hondakin-urak, ia aurretiko tratamendurik gabe. Noizbehinka badaude hobi septikoak solidoak erreken ibilguetara iritsi ez daitezen, baina arazketa-sistema horien eraginkortasuna ez da ia hautematen materia organikoak eragindako kutsadura saihesteari dagokionez. Oro har, isurketa horiek hartzen dituen ingurunea ur gutxiko ibilgu bat da, eta horrek areagotu egiten du isurketen eragina.

Bizilagunek eta ganaduak sarbidea dute erreka-ibilgu horietara, eta, ondorioz, konpondu beharreko osasun-arazoa da. Baina, badira konponbidearen premia justifikatzen duten ingurumen-arrazoiak ere; izan ere, ingurune naturalaren kutsadurak zuzenean eragiten die hor garatzen diren habitat eta espezieei.

Proiektu honek jasotzen du Askizuko biztanlegunearen isurketak biltzeko kolektoreak egitea. Horrela azpiegitura prestatuta utziko da, gerora inguruneko beste hainbat isurketa jaso ahal izateko (San Prudentzioko biztanleguneko isurketak, besteak beste). Kolektorera gehituz joango diren isurketak, egiten diren heinean, Getariako saneamendu-sistema orokorrarekin lotuko dira, eta, horren bidez, Getariako HUAra eramango dira. Han, behar bezala araztuko dira eta ingurunera isuri.

Arrazoi horiek direla eta, beharrezkotzat jotzen da proiektu honek jasotzen dituen lanei lehenbailehen ekitea».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, baldin eta nahitaezko desjabetzeak barne hartzen baditu egikaritze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolamendu horren elementuren bat, edo hiri-lurzoruan jarduketa bakartuak egin behar badira. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2024ko irailaren 10eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu behar dituela Askizuko saneamendu-proiektua (Getaria) burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeok.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko irailaren 10ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala