186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
4402
AGINDUA, 2024ko irailaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, larrialdien eta babes zibilaren arloko dominak edo plaka-diplomak emateko prozedura hasten duena.
Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denez, «domina edo plaka-diploma emateko espedienteari ofizioz emango zaio beti hasiera, urtero, segurtasun publikoaren arloan eskumena daukan sailburuak erabakia hartu ondoren eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den agindu baten bidez».
Dekretu horren 13. artikuluaren arabera, domina jartzeko edo plaka-diploma zein diploma eskura emateko ekitaldia 112 zenbakiaren Europako Eguna ospatzen den datan izango da, salbu eta aukera- edo presa-arrazoiengatik beste une batean egitea egokiagotzat jotzen bada.
Hori dela eta, agindu honen bidez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzaren larrialdien eta babes zibilaren arloko sariei buruzko azaroaren 21eko 253/2017 Dekretuan araututako dominak edo plaka-diplomak emateko espedientea irekitzeko erabakia hartzea.
Bigarrena.– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren oinarrizko zerbitzuak edo zerbitzu osagarriak beren mende dituzten administrazio publiko, erakunde, entitate, profesionalen edo boluntarioen organizazio edo elkarte, enpresa publiko nahiz pribatuek sari horiek emateko proposamen arrazoituak egin ahal izango dituzte, hilabeteko epean Aldizkari Ofizialean prozeduraren hasiera argitaratzen denetik aurrera. Dena den, prozedura hasi aurretik jasotako proposamenak ere kontuan hartuko dira.
Hilabeteko epe hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Proposamenak eskura aurkez daitezke Zuzenean-Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Bizkaia: Kale Nagusia 85, 48001 Bilbao; Gipuzkoa: Andia 13, 20003 Donostia; Araba: Ramiro Maeztu 10 behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira (https://www.euskadi.eus/servicios/1052808 Segurtasun Sailaren sariak eta dirulaguntzak atalean (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/segurtasun-saila/) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako gainerako tokietan.
Hirugarrena.– Proposamenetan datu hauek jaso behar dira, eta haiekin batera dokumentazio hau aurkeztu:
a) Proposamena egiten duen entitatearen identifikazioa.
b) Saria jasotzeko proposatzen den pertsona fisikoaren edo juridikoaren datuak (pertsona fisikoen kasuan, sexua adierazita).
c) Eskatzen den saria eta, domina bada, bereizgarri-mota zehaztuta.
d) Proposamena egiten duenaren eta proposatzen den pertsonaren jakinarazpenetarako helbidea.
e) Proposatzen den saria merezi izatea justifikatzen duen memoria, merezimenduzko ekintza, jarduketa edo jarduerak modu zehatzean jaso eta saria merezi izateko arrazoiak adierazten dituena.
f) Proposamena egiten duenak egokitzat jotzen duen dokumentu oro.
Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu hau eta Agindu honek bertan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Bosgarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren esanbidezko ebazpena eman arte, edo haren presuntziozko ezespena gertatzen den arte, hilabete igarotzeagatik errekurtsoa izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik.
Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Administrazioarekiko Auzien Epaitegi eskudunean; horretarako epea bi hilabetekoa da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 13a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.