186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (175 KB - 6 orri.)
- EPUB (170 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4399
ERABAKIA, 2024ko ekainaren 11koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: irakasle, ikertzaile funtzionarien Negoziazio Mahaiak 2024ko ekainaren 10ean hartutako gutxienezko akordioa berresteko dena, UPV/EHUko langileen erretirorako neurri bereziei buruzkoa.
2024ko otsailaren 9an, IIP funtzionarioaren erretirorako igarotze-batezbestekoak tratatzeko negoziazio kolektiboa ireki zen.
2024ko otsailaren 9ko eta 2014ko martxoaren 1eko Erretiroen Batzorde Teknikoak, 2024ko martxoaren 1eko Batzorde Parekideak eta 2024ko martxoaren 25eko, 2024ko apirilaren 19ko, 2024ko maiatzaren 10eko, 2024ko maiatzaren 17ko, 2024ko maiatzaren 31ko eta 2024ko ekainaren 10eko Negoziazio Batzordeak egindako bileren ondoren, eta kontuan hartuta egungo egoera juridikoa eta arauek diotena, Administrazioak eta gehiengo sindikalak gutxienezkoen akordioa lortu dute, baina negoziazio kolektiboarekin jarraitu ahal izango da proposamen honetan jasota ez dauden gaiak lantzeko (besteak beste, funtzionarioen erretiro partziala). Negoziatuko da, halaber, ezintasun orokor osoari, erabateko ezintasun iragankorrari eta baliaezintasun handiari dagozkien kalte ordainen behin betiko arautzea, Epaitegi Gorenak oraindik ez baitu gai honetaz epai irmorik eman. Segurtasun juridikoa dela eta, auzibitartea dagoenez, gai horren negoziazioa etenda egongo da Auzitegi Gorenak epaia eman arte. Epaia ematen denean berehala betearaziko da, bere horretan.
Ondorioz, IIP funtzionarioen Negoziazio Mahaian lorturiko akordioaren ondoren, Irakasle - Ikertzaileen arloko errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Berrestea Irakasle-Ikertzaile funtzionarioen 2024ko ekainaren 10eko Negoziazio Mahaiaren gutxienezko akordioa, erretirorako neurri bereziei buruzkoa (ikus eranskina).
Bigarrena.– Akordioak ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Hirugarrena.– Interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango dute akordioaren aurka Gobernu Kontseiluan, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, kontatzen hasita erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik.
Leioa, 2024ko ekainaren 11a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
AKORDIOA, UPV/EHUKO IRAKASLE-IKERTZAILE FUNTZIONARIOEN NEGOZIAZIO MAHAIARENA, HAIEN ERRETIRORAKO NEURRI BEREZIEI BURUZKOA
Kontuan harturik egungo egoera juridikoa eta arauek diotena, proposatzen da gutxienekoen akordio bat onartzea, nahiz eta negoziazio kolektiboarekin jarraitu ahal izango den, proposamen honetan jaso gabeko gaiak lantzeko, kontuan izanik gainera kasu batzuetan gai horiek aurreikusi direla estatu mailan sinatutako akordioetan. Bereziki aipatu behar da ezintasun orokor osoari, erabateko ezintasun iragankorrari eta baliaezintasun handiari dagozkien kalte ordainen behin betiko arautzea, Epaitegi Gorenak oraindik ez baitu gai honetaz epai irmorik eman. Segurtasun juridikoa dela eta, auzibitartea dagoenez, gai horren negoziazioa etenda egongo da Auzitegi Gorenak epaia eman arte. Epaia ematen denean berehala betearaziko da, bere horretan.
Lehenengoa.– Printzipio orokorrak.
Hauek dira akordioaren printzipioak:
a) Indarrean dauden arauak errespetatzea, aplikazio araubide juridiko guztietan. Akordio honen ondorioz hartutako neurrien bidez, ahalik eta trataera berdintsuena eman nahi zaie UPV/EHUn diharduten enplegatu publiko guztiei.
b) Erretiroen ondorioz hutsik geratuko diren plazak erabiliko dira UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen premiei erantzuteko, kontuan harturik 2014ko irailaren 17an irakasle-ikertzaile funtzionario eta lan kontratudunen Plangintza Batzordeek lan bermeak mantentzeari begira onartutako Oinarrizko Akordioetan jasotakoa.
Bigarrena.– Irakasle-ikertzaileen irakats ahalmena murriztea.
a) Baldintzak:
– Karrerako funtzionarioa izatea unibertsitateko irakasle kategoriaren batean, eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran, UPV/EHUn eraginezko zerbitzuetan 6 urteko antzinatasuna izanik (5 urte, genero indarkeriaren, kontziliazioagatiko eszedentziaren edo kontziliazioagatiko lizentziaren kasuan, zerbitzu aktiboko urteak gutxienez urtebete murriztu badira).
– Konpromisoa hartzea erretiroa hartzeko ikasturtearen urtarrilaren 31n edo abuztuaren 31n, Gizarte Segurantzak, edo, hala badagokio, Klase Pasiboen erregimenak horretarako ezarritako gutxieneko baldintzak betez gero.
– 60-67 urte izatea erretiroa hartzeko unean.
b) Irakats ahalmena (Jardun edo hura ordeztuko duen sistema aplikatu baino lehen) murrizteko aukera egongo da:
Erretiroa hartzeko ikasturtea ken 3 urte: % 12,5 [1 h/a tutoretza].
Erretiroa hartzeko ikasturtea ken 2 urte : % 25 [2 h/a tutoretza].
Erretiroa hartzeko ikasturtearen aurreko ikast.: % 37,5 [2 h/a tutoretza].
Erretiroa hartzeko ikasturtea: % 50 [3 h/a tutoretza].
(Ikus .PDF)
Erretiroa hartzen bada lehen lauhilekoa amaitzean, murrizketa aplikatuko da azken lau urteetan; hau da, sartuko da lehenengo ikasturteko bigarren lauhilekoa (murrizketekin).
(Ikus .PDF)
Irakats ahalmena murrizteko aukera hau hartuko duten irakasle-ikertzaileek konpromisoa hartuko dute erretiroa hartzeko lehen lauhilekoa (urtarrilaren 31) edo ikasturtea (abuztuaren 31) amaitzean. Hori egin ezean, dagokien erregularizazioa aplikatuko zaie.
c) Deialdiak.
Murrizketa hauek hartu nahi dituzten irakasle-ikertzaileek bi deialdi izango dituzte ikasturte bakoitzean eskaria aurkezteko, eta Gizarte Segurantzaren agiria aurkeztu beharko dute eskariarekin batera (erretiro arrunta zer adinetan hartu behar duten adierazten duena).
d) Bateraezintasunak.
Murrizketa hauek bateragarriak izango dira erretiro partzialarekin.
e) Murrizketak metatzea.
Sailetako irakaslanaren urte anitzeko plangintzaren barruan, murrizketak metatu ahal izango dira erretiroa hartu aurreko aldiaren amaieran, ikerketa eta kudeaketa ahalmenak mantenduta.
(Ikus .PDF)
f) Irakasle-ikertzaileen kredituen murrizketen ondorioz txikitu egiten da kasuan kasuko sailaren ahalmena, eta horrek sailaren urteko irakats betebeharra vs urteko irakats ahalmena ratioa (UIL/UIA) % 95etik gora eramaten badu, murrizketa horiek konpentsatu egin behar dira irakasle laguntzaile doktore, agregatu edo titular plazak hornituta (edota etorkizunean horiek ordeztuko dituzten beste plaza batzuk), erretiroak gauzatu aurretik.
Hirugarrena.– Erretiro partziala.
a) Legeak baimentzen badu, funtzionarioek erretiro partziala hartu ahal izango dute txanda kontratuaren bidez.
b) Kasu horietan, bigarren ataleko murrizketak bateragarriak izango dira erretiro partzial horrekin, nahiz eta kontratazio bakar bat egin ahal izango den jatorrizko plazaren kontura.
c) Sailetako irakaskuntzaren urte anitzeko plangintzaren barruan, murrizketak metatu ahal izango dira azken zatian. Beraz, oinarrizko bi aukera egongo dira:
(Ikus .PDF)
Oharra: A eta B taulak egin dira kontuan hartuta 2027ko baldintza orokorrak, behin betiko erretiroa ikasturtea amaitzean hartuko duten irakasleentzat. Murrizketak egokituko dira eskatzailearen egoerara, eta mantendu egingo da behin betiko erretiroa abuztuaren 31n edo urtarrilaren 31n hartzeko derrigortasuna, irakaslana modu egokian antolatze aldera.
Laugarrena.– Ordaindutako baimena eta eszedentzia.
a) Irakaslana ondo planifikatzeko, bat ez datozenean erretiroa hartu nahi den data eta lauhilekoaren edo ikasturtearen amaiera, ordaindutako baimena edota eszedentzia eskatu ahal izango da, soldatarik gabe, Gizarte Segurantzan kotizatuta.
b) Baldintzak:
– Karrerako funtzionarioa izatea unibertsitateko irakasle kategoriaren batean, eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran, UPV/EHUn eraginezko zerbitzuetan 6 urteko antzinatasuna izanik (5 urte, genero indarkeriaren, kontziliazioagatiko eszedentziaren edo kontziliazioagatiko lizentziaren kasuan, zerbitzu aktiboko urteak gutxienez urtebete murriztu badira).
– Konpromisoa hartzea erretiroa hartzeko ikasturtearen urtarrilaren 31n edo abuztuaren 31n, Gizarte Segurantzak, edo, hala badagokio, Klase Pasiboen erregimenak horretarako ezarritako gutxieneko baldintzak betez gero.
– 60-67 urte izatea erretiroa hartzeko unean.
c) Baldintza horiek betetzen dituzten irakasle-ikertzaileek ordaindutako baimena hartu ahal izango dute, gehienez 6 hilabetekoa, erretiro dataren edo erretiroaren aurreko eszedentziaren aurre-aurreko aldian.
d) Baldintza horiek betetzen dituzten irakasle-ikertzaileek eszedentzia ere hartu ahal izango dute, gehienez 6 hilabetekoa, erretiro dataren aurre-aurreko aldian.
e) Ordaindutako baimena ez da bateragarria izango irakats ahalmenaren murrizketekin, ez eta erretiro partzialarekin ere.
f) Eszedentzia bateragarria izango da irakats ahalmenaren murrizketekin. Izan ere, eszedentzia aldia erabili ahal izango da erretiro-data ikasturtearen edo lehenengo lauhilekoaren amaieratik deslotzeko; nolanahi ere, balizko aurreko irakats ahalmenaren murrizketak egutegi akademikora lotu beharko dira (urtarrilaren 31ra zein abuztuaren 31ra).
Bosgarrena.– Genero arrakalari loturiko baimen berezia.
a) UPV/EHUn lanean egon diren bitartean adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko eszedentzia, baimena edo lanaldi murriztua hartu duten pertsonek baimen berezi bat eskatu ahal izango dute erretiroa (edo laugarren ataleko baimena edota eszedentzia) hartu aurre-aurretik, soldata osoa jasorik:
1.– Adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko eszedentziaren kasuan, baimen berezia hilabetekoa izango da eszedentzia urte bakoitzeko, gehienez 3 hilabetekoa.
2.– Lanaldi murrizketaren kasuan, urteen araberako haren baliokidea kalkulatuko da, eta kalkulu horretatik ateratako urte bakoitzeko hilabeteko baimen berezia emango da, gehienez 3 hilabetekoa.
b) Baldintzak: Karrerako funtzionarioa izatea unibertsitateko irakasle kategoriaren batean, eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran, UPV/EHUn eraginezko zerbitzuetan 10 urteko antzinatasuna izanik.
c) Baimen berezi honetako bi azpimotak metagarriak izango dira (gehienez 3 hilabetera arte) eta bateragarriak izango dira bigarren ataleko irakats ahalmenaren murrizketarekin, txanda kontratuarekin eta ordaindutako baimenarekin.
Seigarrena.– Jarraipen batzordea.
Akordioa sinatzen duten sindikatuek eta administrazioak batzorde parekide bat eratuko dute, urtean behin gutxienez bilduko dena, adostutakoaren jarraipena egiteko eta modu egokian aplikatzeko. Gainera, bilera horretan aztertuko da urtero eginiko eskarien bilakaera eta eskaeren eragina UPV/EHUko sailen antolakuntzan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Akordio hau berrikusi ahal izango da, gerora sortutako inguruabarrengatik adostutakoaren lege esparrua, esparru konbentzionala, ekonomikoa edo aurrekontu arlokoa aldatzen bada. Nolanahi ere, berrikusi aurretik, sindikatuekin negoziatu beharko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Erabaki hau aplikatuz, ezohiko deialdi bat egingo da 2023-2024 ikasturtea amaitu aurretik. [Akordioa ekainaren 15a baino lehen berresten bada].
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aurretik hartutako neurriak aplikatu zaizkien pertsonek [hau da, Erretiroen Batzorde Teknikoak 2015eko uztailaren 24an sinatutako Akordioan (Gobernu Kontseiluak 2015eko urriaren 1ean berretsitakoa) edo Gobernu Kontseiluaren 2022ko Akordioan jasotako neurriak] neurri horien pean jarraituko dute. Hala ere, nahi izanez gero, aukera izango dute akordio berri honetako neurriren bat eskatzeko, eta dagokion erregularizazioa egingo da kasu horretan.
AZKEN XEDAPENA
Akordio hau eraginkorra izan dadin, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du, eta irakasle-ikertzaile funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko Hitzarmenean dagokion atalean jasoko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Testu honek baliorik gabe uzten ditu Gobernu Kontseiluaren 2022ko urriaren 20ko akordioan [UPV/EHUren giza baliabideak arrazionalizatzeko planari buruzkoa (1. fasea): erretirora iragateko neurriak] jasotako irakasle-ikertzaile funtzionarioen irakats murrizketei buruzko artikuluak.
Adostasun horren erakusgarri, dokumentu hau sinatzen dute, Leioan, 2024ko ekainaren 10ean.