Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2024ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4397

ERABAKIA, 2024ko irailaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez sortzen baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Emergentzietako Koordinatzaile Nagusi lanpostua.

Osakidetzaren errealitate aldakorrari eta biztanleriaren beharrei erantzuteko asmoz, Osasun Itunaren diagnostikoari buruzko txostenak dio euskal osasun-sistema eraldatu behar dela, betiere herritarren beharrak eta itxaropenak ardatz gisa hartuz.

Testuinguru horretan, zailtasun handiak antzeman dira Emergentzietako erakundean modu heterogeneoan biltzen diren zerbitzuen kudeaketan. Ondorioz, hainbat gizarte-eragilek agerian utzi dituzten arloak hobetzeari ekin behar zaio, Emergentzietako zerbitzu horien baliabideen kudeaketa eraginkorra eta efizientea erraztuko duen egitura behar bezala eratzeko. Egitura hori Osakidetzako zerbitzu kritiko gisa eratzen da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan herritarren beharrei erantzutera bideratu behar da, lehentasunez.

Ospitalez kanpoko eremuan arreta eta osasun-garraio urgentea behar duen pazientearen asistentzia gero eta konplexuagoa denez, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan emergentzietako dispositiboak koordinatzea, betiere ekitatea eta asistentzia-dispositibo horien eskuragarritasuna bermatuz.

Deskribatutako helburuak betetzeko, zerbitzu hau konplexua denez, Emergentzietako Zerbitzuen kudeaketa integrala eta zeharkakoa dela ziurtatu behar denez, eta Osasun Itunean jada aurreratuta dagoen eraldaketari ekin behar zaionez, beharrezkoa da Emergentzietako Koordinatzaile Nagusi lanpostu bat sortzea. Horrek, zerbitzuekin batera, zerbitzu horiek behar bezala funtzionatzeko behar diren hobekuntzak gauzatzera ekingo dio.

Hala, Emergentzietako Koordinatzaile Nagusiaren figura sortu behar da Osakidetzan. Emergentzietako Koordinatzaile Nagusi bat izendatzeak (1. lanbide-taldeko Antolaketako Zuzendariorde Mediko maila izango du) lagundu egiten du egitura behar bezala konfiguratzen, modu horretan Emergentzietako Zerbitzuen baliabideen kudeaketa eraginkorra eta efizientea errazteko.

Administrazio Kontseilu honek, azaldutakoaren esparruan eta Estatutu Sozialen 8.5 artikuluan esleitutako eskumenei jarraiki, honako erabaki hau hartzen du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Osakidetzako Emergentzietako Koordinatzaile Nagusiaren lanpostua sortzea onartzen da. Lanpostu hori Zuzendaritza Nagusiari atxikita egongo da organikoki, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan Emergentzietako arloan asistentzia-estaldura zaintzeaz arduratuko da.

Bigarrena.– Osakidetzako Emergentzietako Koordinatzaile nagusiari dagokio, besteak beste, ondoren adierazten diren eta berariaz jasotzen diren funtzioak betetzea (horiek lanpostuaren funtsezko izaera eta nolakotasuna osatzen dute):

– Emergentzietako zentro eta zerbitzu guztien etengabeko harremana eta beste asistentzia-eremu batzuekiko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea, bai ospitale-arreta eta arreta espezializatuari dagokionez, bai Lehen Mailako Arretari eta EAGri dagokienez.

– Emergentzietako laguntza-zentro eta -dispositiboen eta haien profesional-taldeen jarduerak koordinatzea.

– Premiazko arreta behar duten pazienteentzako asistentziaren eta lekualdatzearen logistika erraztea, eta horretarako talde eta pazienteen arreta eta lekualdatzea erraztuko duten arau teknikoak eta jardun-protokoloak lantzea.

Hirugarrena.– Osakidetzako Emergentzietako Koordinatzaile nagusia Osakidetzako plantillako langilea izango da, eta 1. lanbide-taldeko Antolaketako Zuzendariorde Mediko lanpostuaren baliokidea izango da. Bere gaitasun profesionalak eta, batez ere, premiazko arretaren arloan dituen ezagutza espezializatuak eta arlo horretako praktika kontuan hartuta izendatuko da.

Laugarrena.– Emergentzietako Koordinatzaile Nagusiaren figura hori sortzeak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren egitura aldatzea dakar, lehen ente publikoaren erakunde zentrala zeritzona. Aldaketa horren bidez, Osakidetzako Emergentzietako Zuzendariordetza berri bat sortzen da, organikoki Zuzendaritza Nagusiaren mende egongo dena, eta emergentzietako koordinatzaile nagusia bertan sartuko da.

Bosgarrena.– Emergentzietako koordinatzaile nagusia izendatzen denean, dagokion prozeduraren bidez, eta erakundearekin behar bezala harremanetan jarri ondoren, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu beharko dizkio esleituta dituen koordinazio-funtzioak behar bezala garatzeko eta Emergentziak antolatzeko planteatzen dituen plan funtzionala eta kudeaketa-plana.

Seigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidentea,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala