Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2024ko irailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4378

AGINDUA, 2024ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deia egiten baita ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko.

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteetarako. Hezkuntza-sistemara etorri berriak diren ikasleei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea. Hizkuntza indartzeko programak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikatzeko zailtasun handiak dituzten ikasle etorri berriei (IEB) zuzenduta daude.

Ikasturte osoan zehar etengabe heltzen dira ikasle etorkinak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemara, eta zaila da aurreikustea horien kopurua, jatorria eta norakoa. Nahiz eta datu historikoek iragarpen eta estimazioa egitea ahalbidetzen diguten (ezaguna dugun joera mantentzen dela suposatuz), ziurgabetasun-maila handia da migrazioak aldagai ugariren eta aurreikusi ezinezko nazioarteko gertakarien mende baitaude. Lurralde ordezkaritzek Eskolatze Batzorde Iraunkor bana dute, funtzio nagusitzat ikasle etorri berriak ikastetxeetan modu arin eta egokian banatzea duena. Ikasle etorkin gehien matrikulatzen dituzten ikastetxeek berehala behar izango dute hizkuntza indartzeko plan bat, ikasle etorri berriei eskola-dinamikan parte-hartzen laguntzeko. Horregatik, ordurako laguntzak eskuragarri egon behar du, eta ikasle etorri berri horien kopuruaren araberakoa izan behar da proportzioaren aldetik. Azkenik, laguntzaren kalkulua ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoaren arabera modulatuko da, ikastetxetako errealitatea aintzat hartzeko.

Ikastetxeek errefortzu-ekintza beharrezkoak eta atzeraezinak has ditzaten, deialdi honek, estaldura eman behar die halako ekintzei ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten, hain zuzen ere. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2024-2025 ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Horrela dago jasota Hezkuntza Sailak bere webgunean argitaratu duen 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 6. eta 45. orrialdeetan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/).

Kontuan hartuta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege horren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, 698/1991 Dekretua (abenduaren 17koa; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak,

EBAZTEN DUT

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea. Programa horiek ikasle etorri berriei (IEB) zuzenduko zaizkie; hain zuzen ere, komunikazio-zailtasun handiak dituztenei proposatutako eskolatzeari dagokion eskola-dinamikan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituztelako. Beraz, hizkuntza indartzeko plan batean parte hartzeak aukera emango die 2024-2025 ikasturtean curriculum-eskakizunei arrakasta-aukera handiagoekin aurre egiteko.

Deialdi honen ondorioetarako, ikasle etorri berriak dira 2023ko urtarrilaren 31z geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak EAEko hezkuntza-sistemako Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) eta Batxilergoko ikasketaren batean. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta gehienez ere 18 urte bete beharko dituzte 2024-2025 ikasturtean.

2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntza finantzatzeko, bi milioi zazpiehun mila (2.700.000) euro bideratuko dira.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Diruz laguntzekoak izango dira, batetik, ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko saioak ematea, eta, bestetik, saio horietarako programazio didaktikoa prestatzea (helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak).

Aipatutako jarduerak I. eranskinean aipatzen diren titulazioak dituzten irakasleek egin beharko dituzte.

Hona hemen egin beharrekoak:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa sortzea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Ikasle horientzako banakako esku-hartze plan bat sortzea, tutorearen laguntzarekin.

– Hizkuntza indartzeko irakaskuntza antolatzea:

○ Ikasleak ezagutzea.

○ Ikasgela antolatzea.

○ Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

○ Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Eginkizun hauek beteko dituzte hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera:

○ Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

○ Ikasle etorri berrien harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak garatzen laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte hartzen dutela sustatzea.

○ Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

○ Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-komunitateko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek, gainerako irakasleekin batera, honako funtzio hauek beteko dituzte:

○ Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

○ Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira irakasleak kontratatzearekin edo dagoen kontratua luzatzearekin lotutakoak, eta gaztelaniaren eta/edo euskararen irakaskuntzarekin zuzenean lotutako baliabide bibliografikoak edo didaktikoak eskuratzearekin lotutakoak.

Irakasleak kontratatzeari dagozkion ordainsariak ez dira inolaz ere ordainketa eskuordetu bidez ordaindu. Izan ere, horrek finantzaketa bikoitza ekarriko luke. Hori saihesteko, III. eranskinean zehaztu beharko dira parte hartzen duen irakasle bakoitzak ordainketa eskuordetuari eta laguntza-programa honi eskainitako orduen ehunekoak. Ikastetxeko zuzendariak adierazpen batean laukitxoa markatuz eta orria sinatuz bermatuko du programa horretarako diruz lagundutako orduak eta ordainketa eskuordetuari dagozkionak ez datozela bat.

Ikastetxe bakoitzak hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = eskatutako IEB kopurua*728*(1+ikasle bekadunen %).

Adibidez, ikastetxe batek 10 IEB baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*728*(1+0,20)=8.736 euro. Beste ikastetxe batek IEB kopuru bera badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*728*(1+0,80) = 13.104 euro.

Kasuan kasuko gertaeren arabera, honako doikuntza hauek hartuko dira kontuan:

1.– 1 edo 2 IEB bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

2.– Azaldutako irizpideak aplikatu ondoren, onartutako programa guztiei esleitu beharreko zenbatekoak 1.2 artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua gainditzen badu, ikastetxeei esleitutako zenbatekoak proportzionalki txikituko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara iritsi arte.

3.– Ikastetxe batek III. eranskinean eskatutako aurrekontua ez bada egokitzen 2025eko urtarrilaren 31n matrikulatuta dituen IEBen benetako kopurura, jakinarazi egingo zaio eta aukera izango du aurkeztutako proiektua zabaltzeko eta diruz lagun daitekeen gehieneko kreditura egokitzeko hamar eguneko epean, jakinarazpenetik zenbatzen hasita.

4. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrak, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa garatzeko Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuetako edo udal-titulartasuneko ikastetxeetako pertsona edo erakunde titularrak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta 2. artikuluan deskribatzen diren jarduerak egin behar dituzte, diruz lagun daitezkeenak.

6. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Zergen eta Gizarte Segurantzaren arloetan dagozkion betebeharretan egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera; halaber, ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Betebehar horiek ordaindutzat joko dira zorrak zatikatuta edo geroratuta badaude eta horien ondoriozko betebeharrak egunean badaude.

2.– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dion zigor administratiborik edo penalik ez izatea, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, barne hartuta sexu-diskriminazioa egitearen ondoriozkoak, 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz (martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legea).

Dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.h artikuluaren arabera, «zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan».

Halaber, laguntzetatik eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren, halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Gizonen eta emakumeen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «Berrogeita hamar langile edo gehiagoko enpresen kasuan, aurreko paragrafoan aipatzen diren berdintasun-neurriak berdintasun-plan bat egitera eta aplikatzera bideratu beharko dira, kapitulu honetan ezarritako irismena eta edukia izango dituena, eta, era berean, lan-arloko legerian zehazten den moduan negoziatu beharko dena».

50 langile baino gehiago ez badituzte eta, beraz, berdintasun-planik eduki beharrik ez badute, hori adierazi beharko da eranskineko erantzukizunpeko adierazpenean, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen araubidea arautzen duena. Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako betekizunak.

7. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskaera-orrian bertan azaltzen da), egiaztatuko da alderdi hauek betetzen direla:

– Xede eta helburu bererako administrazio publikoen edo erakunde pribatuen laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen ez aritzea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz (martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaririk ez egin izana; prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea; hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta konkurtsoan itun batek eragingarritasuna hartu badu; esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaitua, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoela.

– Kausaren batean errudun deklaratuta egoteagatik, Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu izendatutako herrialde edo lurralde batean.

– Berdintasun Planik aurkeztu ezean, 50 langile baino gehiago ez dituela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du (beraz, ez dago behartuta plana egitera).

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskaeran eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, finantzaketaren publikotasuna jakinarazteko publizitate-neurriei dagokiena barne (Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluari jarraikiz), bai eta honako hauek ere:

a) Emandako dirulaguntza 15 eguneko epean onartzea, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Onartzen ez bada, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari eskatu beste informazio ematea ikastetxean gauzatzen diren programei buruz.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea bestelako administrazio edo erakunde publikoen zein pribatuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edota baliabideak lortu direla xede bererako; bai eta dirulaguntza eman zenean zeuden baldintzak aldatu direla ere, halakorik izan bada.

2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar da entitate onuraduna. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetan eskaera, kontsultak eta gainerako izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute 91/2023 Dekretuan, (ekainaren 20koa, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzkoa).

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eta hori izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bete beharreko formularioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042912

10. artikulua.– Eskaerak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042912

2.– Eskaera-eredua II. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042912

Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

– Ikastetxean egingo diren hizkuntza indartzeko programen deskribapena (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena. III. eranskina), honako hauek adierazita:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleek programan eta ordainketa eskuordetuan duten dedikazioaren ehunekoak, irakasleek programan aritzeagatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango duen programaren irakaskuntzan. Programa horretarako diruz lagundutako orduak eta ordainketa eskuordetuari dagozkionak bat ez datozela adieraziko du ikastetxeko zuzendariak laukitxoa markatuz eta horri berbera sinatuz.

○ Parte hartzen duten ikasleen Hezkuntza Nortasun Agiriaren (HNA) kodea, maila eta jatorrizko herrialdea.

○ Programaren programazio didaktikoa eta, besteak beste, errefortzuaren ezarpen-data, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko Eskola Kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta dirulaguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Irakasleen titulazioaren kopia (I. eranskinean zerrendatutakoren bat izan beharko da nahitaez) eta dirulaguntzaren xede den programan parte hartzen duten irakasleen indarreko lan-kontratuaren kopia, salbu eta dokumentazio hori dagoeneko administrazio honen esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko adieraziko da zer dokumentu mota aurkeztu zen (titulazioa, euskara-titulua eta/edo indarrean dagoen lan-kontratua) eta zer prozeduratan.

– Nahitaezko berdintasun-planaren erregistro-ziurtagiria, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Legearen 46.5 artikuluaren arabera.

2.– Dokumentazioa aurkezteko moduari buruzko informazioa eta formulario normalizatuak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042912

12. artikulua.– Aurkeztutako eskaerako akatsak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera, aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, aipatutako legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

Eskaeraren osteko izapideak, zuzenketak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

13. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

– Xedea: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

○ Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

○ Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

○ Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza (https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml).

– Arauak:

○ Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

○ 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

14. artikulua.– Balorazioa.

1.– Aniztasunari Arreta Emateko Zerbitzuak egiaztatuko du jasotako eskabideen dokumentazioa deialdian aurreikusitakora egokitzen dela, eta txosten bat egingo du ebazpen-proposamenarekin. Txosten hori Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari helaraziko zaio, eta zuzendaritza izango da deialdia ebazteko organo eskuduna.

2.– Ikasle etorri berrien kopuruak ez du gaindituko kasu bakoitzean lurraldeko eskolatze-batzorde eskumendunek ofizioz eguneratutakoa, 2025eko urtarrilaren 31n dituzten datuekin. Lurralde-ordezkaritzak datu horiek alderatuko ditu ordezkaritzetako ikastetxeak antolatzeko zerbitzuetan eskuragarri dauden matrikulazio berrien erregistroekin.

3.– Ikasle bekadunen ehunekoa (1. artikuluan jasotako mailei dagokie soilik) Aniztasunari Arreta Emateko Zerbitzuak kalkulatuko du, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuak 23-24 ikasturteari buruz egiaztatutako datuekin (ikasle guztiak eta ikasle bekadunak).

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen- eta jakinarazpen-epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza da deialdi honen ebazpen-organoa.

Aniztasunari Arreta Emateko Zerbitzuaren arduradunak ebazpen-proposamena igorriko dio Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari, hura baita ebazpena emateko organo eskuduna. Proposamen horretan, honako hauek adieraziko ditu: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zeintzuk diren eta zenbat ematea proposatzen duen, eta, ukatuz gero, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak.

2.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du, eta bertan zehaztuko ditu dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren araberako datuak: «Ebazpenak, dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden eta berriz aipatzea errepikatzea litzatekeen baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi ahal izango dira ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko».

Behin-behineko ebazpenaren jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/. Eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

3.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu-eremu berberak izango ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, aipatutako bitarteko elektronikoen bidez, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Interesdunetako batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, errekurtsoaren aurkezpen-datatzat hartuko da zuzenketa egin den data.

5.– Deialdia ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada aurreko apartatuetan ezarritako moduan, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaera ezetsi egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

6.– Emandako laguntzak EHAAn eta Hezkuntza Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila) argitaratuko dira, publikotasun-ondorioetarako.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei dirulaguntzak, bi ordainketa-aginduren bidez:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 80koa, deialdiaren behin betiko ebazpena eman eta dirulaguntza berariaz onartu ostean, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean.

b) Bigarrena gehienez gainerako % 20koa izango da. Hurrengo atalean aipatzen den dokumentazioa epe barruan jaso ondoren, laguntzaren likidazioa egingo da. Inolaz ere ez da izango egindako gastu osoa baino handiagoa, ezta laguntza emateko ebazpenean jasotako zenbatekoa baino handiagoa ere. Gainera, justifikazioa amaitzean, lehen ordainketari dagokiona baino txikiagoa bada, aldea erreklamatuko da.

2.– 2025eko irailaren 15a baino lehen, dirulaguntza jaso duten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean:

Hizkuntza indartzeko gauzatutako programa bakoitzaren deskripzio-memoria, formulario normalizatuekin bat etorriko dena: justifikazio-memoria (IV. eta IV-B eranskinak) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (V. eranskina), zehaztuz, besteak beste, artatutako ikasleak, parte hartu duten irakasleak, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, lanorduak guztira eta lortu diren emaitzak.

Halaber, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Hizkuntza indartzeko programetako langile-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa (indartze-programetako irakasle-kostuen ziurtagiria, VI. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren adostasun-ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak (TC edo baliokideak), horien lan-egoera egiaztatzearren.

Artikulu honetan aipatutako eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042912

Eskaeraren osteko izapideak, memorien eta ordainagirien aurkezpena barne, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

17. artikulua.– Dirulaguntzen baldintzen ez-betetze eta aldaketen kontrola.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen mende egongo dira kasu guztietan, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako itzulketa-kausak izatea.

– Dirulaguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten ez bada.

– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, abenduaren 21eko 20/2023 Legean, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitu egingo dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea–, agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia eta lege orokor horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala