184. zk., 2024ko irailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (434 KB - 28 orri.)
- EPUB (140 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4367
AGINDUA, 2024ko irailaren 10ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2024ko deialdia egin eta oinarri arautzaileak ezartzen baitira Gastrobikain kalitate gastronomikoa sustatzeko programaren de minimis araubidean jasotako laguntzak emateko.
Gastronomia eta Elikaduraren 2024ko Plan Estrategikoa bat dator 2020-2024ko Gobernu Programaren printzipioekin, batez ere osasuna bermatzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko printzipioekin. Gainera, printzipio hauek jasotzen ditu: lehentasuna pertsona eta enpresetan jartzea, elikadura-ekosistema integratua, dinamikoa, lehiakorra eta nazioartekoa sustatzea eta elikadura-sistema seguru, jasangarri eta osasungarri baten alde egitea.
Planaren helburua da elikaduraren eta gastronomiaren balio-katearen balio erantsia % 25 handitzea 2020-2024ko aldian.
Plana, orobat, Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa da elikaduraren balio-katea garatzeko, ekoizpen primariotik elikagaien kontsumoraino, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila izango da planaren gidari.
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza elikaduraren balio-katea lantzen ari da, eta ondorioztatu du elikagaien sektoreak, zentzu zabalenean, elikagaien industria ez ezik beste sektore batzuk ere hartzen dituela barnean: lehen sektorea, banaketa, merkaturatzea eta gastronomia, bai eta beste alderdi batzuk ere, hala nola marketina, ikerketa eta hezkuntza.
Ezinbestean, Plan Estrategikoak proposatutako jarduketa-ildoetako bat da elikadurari eta gastronomiari lotutako negozioak sortzen laguntzea; apartatu horretan, zenbait neurri eta jarduketa-lerro jasotzen dira, eta haien artean, sustapen-neurriak daude, hala nola deialdi honetan bildutakoa. Hori dela eta, egoki iritzi zitzaion kalitate gastronomikoa sustatzeko dirulaguntza-lerro bat sortzeari, eta, horretarako bi programa eratuko dira.
Horietan lehena negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten eta gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzenduta dago. Bigarrena, berriz, erreferentziazko gida gastronomikoetan jada aintzatetsitako establezimendu gastronomikoei zuzenduta dago, betiere kategoria hobetu nahi badute, egun duten bikaintasunaren barruan.
Aurrekari hurbilak ditugu 2018, 2019, 2022 eta 2023ko ekitaldietan egin ziren antzeko deialdiak. Iazkoa bezala, agindu hau laguntza-programa bat da, helburu duena kalitate gastronomikoa sustatzeko proiektuak bultzatzea eta haietarako pizgarri izatea. Deialdi honen bitartez, ekonomikoki lagundu nahi dira gastronomiaren eta elikaduraren sektorean estrategikotzat jotzen diren ekimen gastronomikoak: alde batetik, tituludun berrien negozio gastronomiko berriak; eta, bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzea.
Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta 1.050.000 euroko finantzaketa dute bi programetarako. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko da. Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrian (www.euskadi.eus) argitaratua baitago; esteka honen bidez kontsulta daiteke:
Arau hauek xedatutakoari jarraikiz erregulatzen da deialdia: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain programaren laguntzetarako 2024ko deialdia egitea, agindu honen I. eranskinean jasota dauden oinarriekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 10a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Eranskin honen xedea da kalitate gastronomikoa sustatzeko Gastrobikain laguntzen 2024ko deialdia arautuko duten oinarriak ezartzea.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen helburua da gastronomiaren sektorean estrategikotzat hartzen diren ekimen gastronomikoei laguntza ekonomikoa ematea. Horretarako, bi motatako laguntzak proposatzen dira:
– batetik, negozio gastronomiko berri bat sustatzeko asmoa duten eta gastronomiako tituludun berri diren gazteei zuzendutako laguntzak,
– bestetik, ospe handiko negozio gastronomikoen bikaintasuna sendotzeko laguntzak.
2. oinarria.– Araubide juridikoa.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak hauen bidez arautuko dira: aginduan bertan xedatutako alderdiak; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.
2.– Agindu honetan ezarritako laguntzek jakinarazpena egiteko betebeharretik salbuetsitako laguntzen tratamendua izango dute, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzearen ingurukoa da erregelamendu hori.
3. oinarria.– Laguntza-lerroak.
1.– Laguntza-lerro hauek ezartzen dira, agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:
a) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programa. Negozio gastronomiko berriak sustatzea da helburua, baldin eta gastronomiako unibertsitate-graduetako edo sukaldaritzako eta/edo jatetxe-arloko goi-mailako zikloetako tituludun berriek abian jarritakoak badira eta kalitatea bereizgarri badute.
b) Bikaintasuna sendotzeko programa. Ibilbide eta kalitate aintzatetsia duten establezimendu gastronomikoak babestea da helburua, sektoreko kalitate-estandarretan eta -ziurtagirietan hobetzeko helburuarekin, bereziki nazioartean ezagunak diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan.
2.– Agindu honen ondoreetarako, hauek izango dira establezimendu gastronomikoak: kontsumorako elikagai eta/edo edariak ekoitzi, zerbitzatu eta saltzearekin lotutako jarduera ekonomikoa egiten duten sukaldaritza-establezimenduak, pertsona fisiko edo juridiko bat buru dutenak.
3.– Programa bakoitzak dauzkan ezaugarri propioak direla eta, eskatzaile bakoitzak programetako batean bakarrik parte hartu ahal izango du.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Hauek izan daitezke agindu honetan jasotzen diren laguntzen onuradunak:
• Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako negozio baten gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartu duten edo hartuko duten pertsona fisikoak.
• Nortasun juridikorik gabeko entitateak, hala nola ondasun-erkidegoak, sozietate zibilak edo antzekoak, baldin eta negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartu duen pertsona negozioaren % 10aren edo gehiagoren titularra bada eta negozio hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua badago. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikulua bete behar da; zera dio: «berariaz adierazi beharko dira, bai eskaeran, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio-konpromisoak, baita horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epe legez aurreikusitakoa igaro arte».
• Sektore pribatuko pertsona juridikoak: bakar-bakarrik negozioaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartu duen pertsona negozioaren % 10aren edo gehiagoren titularra bada eta negozio hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua badago.
2.– Hirugarren oinarriaren 1. paragrafoan ezarritako bi laguntza-lerroetarako, pertsona fisikoak, nortasun juridikorik gabeko entitateak eta sektore pribatuko pertsona juridikoak izan daitezke onuradun.
5. oinarria.– Laguntzen finantzaketa, zenbatekoa eta ezaugarriak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 1.050.000 euro dira 2024ko ekitaldirako; horietatik 350.000 euro 2024ko ekitaldiari dagozkio, eta 700.000 euro, berriz, 2025eko ekitaldiari.
2.– Gehieneko zuzkidura orokor horretatik, 630.000 euro proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programan erabiliko dira: 210.000 euro, 2024ko ekitaldiaren kontura, eta 420.000 euro, 2025ekoaren kontura; eta 420.000 euro bikaintasuna sendotzeko programan erabiliko dira: horietatik, 140.000 euro 2024ko ekitaldiari dagozkio, eta 280.000 euro, berriz, 2025ekoari. Programetako baten zuzkidura agortzen ez bada, sobera gelditu den kopurua beste programari gehituko zaio, programa horretan diruz lagun daitekeen proiekturik badago.
3.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, kopuru hauekin:
– Negozio gastronomikoen proiektu berriak: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 50.000 euroko mugarekin.
– Bikaintasuna sendotzea: diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 40 gehienez, proiektu bakoitzeko 80.000 euroko mugarekin.
4.– Emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango da gehienez–, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin beharko da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.
6. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Betekizun orokorrak:
Oinarri honetan adierazita dauden betekizunak konplitu beharko dituzte onuradunek, eta ezingo dute egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko ezein debeku-kasutan.
A) Eskatzailearenak:
1) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betekizun hori nahitaezkoa da onuradun izateko, eta egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.
2) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
3) Erregelamendu honetako de minimis araubideko laguntzen onuradunek ezin izango dute 300.000 euroko laguntza-muga gainditu emakidaren aurreko hiru urteetan, eta, gainera, eskabidean jakinarazi beharko dute de minimis laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan. Hala izanez gero, emailearen nortasuna eta emandako zenbatekoa jakinarazi beharko dituzte.
4) Egunean egotea itzulketa-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Ulertuko da betebehar horien ordainketak egunean dituztela, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatikatuta badaude edo bertan behera uztea erabaki bada dagokion itzulketa-ebazpena dela-eta. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola laguntza jasotzeko, eta, hortaz, egiaztapen-jarduerak bi unetan egingo dira: dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.
5) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioaren arlokoak barnean hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.h) artikuluan ezarritakoaren arabera.
6) Konkurtso-deklarazioa eskatuta ez edukitzea; ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren pean ez egotea, edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
7) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
8) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa ez eragitea.
9) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea lege hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.
10) Zerga-egoitza ez izatea erregelamendu bidez zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
11) Ez egotea ezein berreskuratze-aginduren menpe, Europako Batzordeak erabaki izanagatik laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
12) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela eta, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraituz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egon arren halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela.
13) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
14) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
15) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
16) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak beteta edukitzea, eta hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzea, hala jasota baitago agindu honen V. eranskinean.
B) Proiektuenak:
1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
2) 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean garatu beharko dira diruz lagundutako proiektuak, eta, betiere, 2024an hasitakoak izan behar dute.
3) Proiektuak, zer udalerritan kokatzen den, hango jarduera-lizentzia emateko eskatzen den araudia betetzea.
2.– Berariazko betekizunak:
A) Eskatzailearenak.
1) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan: negozio berrian gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza beren gain hartuko duten pertsona fisikoek gastronomiako unibertsitate-graduko titulu bat edo sukaldaritzako edo jatetxe-arloko goi-mailako zikloetako titulu bat izan behar dute, eta, gehienez ere, 35 urte bete 2024. urtean.
2) Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko ditu:
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako establezimendu gastronomiko baten titularra izan edo hura zuzentzea, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan, esaterako: Michelin Gidaliburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.
Aurreko aintzatespenak ez dituzten eta azken bi urteetan ireki diren establezimenduen kasuan, halakoen titularrak diren edo haiek zuzentzen dituzten pertsona fisikoek establezimendu gastronomiko baten titular izan behar izan dute edo hura zuzendu, goi-mailako kalitatearekin eta ibilbidearekin, hala aitortuak nazioartean erabiltzen diren bikaintasun gastronomikoko zerrendetan eta gastronomia-gidetan, esaterako: Michelin Gidaliburua, Fifty Best San Pellegrino zerrenda, Repsol Gida, Zagat Gida, OAD Zerrenda edo Euskal Gastronomia Akademiaren Gida.
B) Proiektuarenak.
1) Lokal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, dirulaguntzaren xede den negozio gastronomikoa garatzeko; lokal hori jabetzan eduki beharko da, edo, bestela, gutxienez 5 urterako errentamendu-kontratua egiteko konpromisoa hartu beharko da, edo gutxienez 5 urteko indarraldia geratu beharko zaio errentamendu-kontratuari. Proiektua ezingo da garatu eskabidean proposatutakoa ez den beste lokal batean.
2) Inbertsioak berekin badakar obra zibil bat egitea funtzionatzen ari den establezimendu batean, obra gauzatzeko lizentziak eta baimenak eskatuta egon beharko dute.
3) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko laguntza-lerroan, gutxienez 30.000 euroko inbertsioa egin beharko da aktibo finkoetan.
4) Bikaintasuna sendotzeko programaren laguntza-lerroan, baldintza hauek bete beharko dituzte proiektuek:
a) Helburutzat izatea jatetxearen kategoria hobetzea edo areagotzea, aurreko paragrafoan aipatutako nazioarteko gastronomia-gida eta bikaintasun gastronomikoko zerrenda garrantzitsuenetan jada aitortua duen kategoriatik abiatuta.
b) 75.000 euroko gutxieneko inbertsioa izatea.
3.– Onuradun izateko betekizunak laguntza justifikatzeko unera arte mantendu beharko dituzte.
4.– Inola ere ezingo dira laguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debeku-kausaren batean dauden elkarteak. Era berean, ezingo dira onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez-zilegitasun penalen arrazoizko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, haren bitartez, dagokion erregistroan inskribatu ahal izan arte.
7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. apartatuan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:
a) Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak.
– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
Hala ere, ahal den neurrian behintzat, eskabideak aurkezteko eta espedientea izapidetzeko bide telematikoa erabiltzea gomendatzen da.
– Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1075907 Programa Gastrobikain (erref.: 1075907); euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075907 Gastrobikain programa (erref.: 1075907).
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentuak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi prozeduraren gainerako izapideetan bide hori bera erabili behar direnik, edonoiz alda daiteke eta.
b) Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dute eskabidea.
3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena:
gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1075907
euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075907
4.– Eskabidea egin osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/micarpeta euskaraz, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta;
5.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena, justifikazio-agiriak eta gainerako dokumentuak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke:
gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/servicios/1075907
euskaraz, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075907
6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
7.– Oinarri hauen eranskin gisa argitaratuta dago laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia.
8.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
A) Identifikazio-agiriak. Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskrituraren kopia autentikoa, eta entitatearen eratze-eskriturarena eta estatutuena, dagokien erregistroaren zigilu eta guzti.
B) Agindu honen III. eranskineko edukia jasotzen duen memoria bat.
C) Kapituluen araberako inbertsioen zerrenda zehatza, 3. puntuan adierazitako webgunean dagoen dokumentu-eredua erabiliz.
D) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez ziurtatuko baita eskatzaileak, eskabidea aurkezteko unean, agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 6. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, kontuan harturik zein laguntza-lerro eskatu duen.
E) Proposatutako lokalean egingo diren lanen eta instalazioen aurreproiektua.
F) Deialdi honen 15. oinarriko 2.b) apartatuan ezarritako mugak gaindituz gero, hiru eskaintza bereizi, memoriaren aurrekontuko kontzeptu bakoitzari dagozkionak. Eskaintzek konparagarriak izan behar dute, eta antzeko kontzeptuen bidez xehatuak egon; eskaintza ekonomikoen edo proformako fakturen konparazio bat ere aurkeztu behar da, eta azaldu behar da zergatik egin den hautatutako eskaintzaren alde.
G) Negozio gastronomiko berrietarako proiektuetan, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
1) Proiektuaren buru izango den eta jatetxe berriaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren tituluaren kopia autentikoa, eta espediente akademikoaren kopia, non batez besteko kalifikazioa agertuko baita.
2) Ospe aitortuko chefekin izandako lan-esperientziaren justifikazioa.
H) Bikaintasuna sendotzeko proiektuetan, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
1) Establezimenduak jasotako aintzatespenak.
2) Azalpen-memoria, alderdi hauei buruzkoa: efizientzia energetikoa hobetzea, hondakinak minimizatzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea. Taula bat, erakusten duena inbertsioaren % 20 baino gehiago horretara bideratzen dela.
3) Hornitzaile edo ekoizleekin egindako akordioak.
I) Proiektuak baloratzeko, hauek aurkeztu beharko dira, bi kasuetan:
1) Sukaldaritza-eskaintza eta ardo-karta.
2) Komunikazio-plana eta sare sozialetako estrategia.
3) Alergenoen liburua edo kartan ematen diren argibideak.
4) Espazioaren estetika eta dekorazio-mota, argazkiak aurkeztuta.
9.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK eta eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion agiri edo ziurtagiria aurkeztu beharko du, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 9. apartatuan eskatutako dokumentazioa lehendik administrazio honetan edo beste batean entregatu denean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.
Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu dituen dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.
11.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, dirulaguntza eman duen organoak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
13.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, beharrezkotzat jotzen baditu eskabidean adierazitakoa egoki ulertu eta ebaluatzeko eta eskaera izapidetzeko.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak inbertsiotzat hartuko dira, eta, hortaz, hala kontabilizatu beharko dira enpresaren urteko kontuetan. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2003 Legearen 30. artikuluan diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz ezarrita dauden zehaztapen guztiak aplikatuko dira:
– Obra zibila egiteko nahitaezkoak diren ordainsari profesionalak, gehienez ere proiektuaren gauzatze materialaren % 8ra artekoak.
– Lokalak egokitzeko lanak, makineria erostea, instalazioak egitea, altzariak.
– Bulegotikako ekipamenduak, lanabesak, uniformeak eta abar, diruz lagundu daitekeen proiektuaren guztizkoaren % 20ra arte.
– Inbertsioak egitea, ingurumen-inpaktua minimizatzeko eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.
– Enpresaren funtzionamendurako berezkoak diren informatika-programak, web-plataformak sortzea, erreserbak online egiteko softwarea, web-plataforman hizkuntza hautatzeko aukera, sare sozialetako jarduera areagotzea.
– Bikaintasuna sustatzeko aholkularitza-plana, diruz lagundu daitekeen proiektuaren guztizkoaren % 20ra arte.
Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programari dagokionez:
– Proiektua gauzatuko den lokalaren lehen urteko errentamendua, 100.000 euroko mugarekin.
– Lokala erostea edo eskualdatzea, 100.000 euroko mugarekin.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.2 artikuluaren bigarren paragrafoa betez, «Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa epeetan ordainduak izan beharko dira edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan».
9. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren kostuak.
Ez dira diruz lagunduko:
– Bulegoko altzariak.
– Ordezkaritza-gastuak.
– Makinak ez diren inbertsioen finantza-errentamendua.
– Laguntzaren xedearekin zuzenean lotuta ez dauden kostuak (segurtasun-kamerak, alarmak...).
– Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste zerga eta tasa batzuk.
– Ez dira diruz lagunduko guztira 1.000 eurotik beherakoak diren inbertsio-proiektuak.
– Ez dira diruz lagunduko guztira 200 eurotik beherakoak diren makinak eta/edo lanabesak.
– Kontuen koadroaren 6. taldean kontabilizatutako kostuak, Kontabilitate Plan Orokorrean ezarritakoaren arabera.
10. oinarria.– Diruz lagunduko diren proiektuak aukeratzeko prozedura.
1.– Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, lehiaketa bidezko norgehiagokaren prozedura baliatuko da; horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, 12. oinarrian ezartzen diren balorazio-irizpideak aplikatuz.
2.– Gutxienez 30 puntuko puntuazioa gainditzen duten proiektuekin bi zerrenda egingo dira, dirulaguntza-lerro bakoitzeko bat; zerrendak beherantz ordenatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta puntuazio altuena duten proiektuei emango zaizkie dirulaguntzak, lerro bakoitzaren funtsak erabat agortu arte.
3.– Puntu-berdinketa egonez gero, dagokion programaren lehen tokian ezarritako balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen proiektua lehenetsiko da. Orduan ere berdinketak jarraituz gero, bigarren tokian ezarritako irizpideko puntuazio handiena hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren.
11. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
1.– Proiektuak baloratzeko, kalitaterako eta berrikuntzarako duten joera hartuko da aintzat, eta balorazio-irizpideak eta horiei dagozkien puntuazioak eta haztapenak erabiliko dira, jarraian zehazten den moduan:
A) Proiektu gastronomiko berriak sustatzeko programari dagokionez, 105 puntu lortu ahal izango dira gehienez, honela banatuta:
1) Sukaldaritza-eskaintza eta ardo-karta. 0 puntutik 35era bitartean eman ahal izango dira, apartatu hauen arabera:
a) Sukaldaritza-eskaintza, ongi egituratua eta aurkeztua: 0-5 puntu.
b) Garatutako sukaldaritza-eskaintza, kontzeptuarekin bat datorrena: 0-5 puntu.
c) Ardo-eskaintzaren eta proposamen gastronomikoaren arteko koherentzia: 0-5 puntu.
d) Ardo-karta, ondo landua, informazio onarekin (urtabea, upeltegia...): 0-5 puntu.
e) Eskaintzaren kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa: 0-15 puntu.
2) Establezimenduaren gastronomia- edo sukaldaritza-zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsonaren espediente akademikoa. 0 puntutik 15era bitartean eman ahal izango dira, espedientearen batez besteko notaren arabera:
a) Espedientearen batez besteko nota 5,00-6,50 bada: 5 puntu.
b) Espedientearen batez besteko nota 6,51-8,50 bada: 10 puntu.
c) Espedientearen batez besteko nota 8,51-10,00 bada: 15 puntu.
3) Ospe handiko chefekin haien establezimendu gastronomikoetan izandako lan-esperientzia: Gehienez 20 puntu eman ahal izango dira, irizpide eta apartatu hauen arabera:
a) Gutxienez urtebetez, bekarekin edo praktiketan: 5 puntu.
b) Bi urte baino gutxiagoko lan-kontratua: 10 puntu.
c) Bi urteko edo gehiagoko lan-kontratua: 20 puntu.
4) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak: 0-10 puntu emango dira parametro hauen arabera:
a) Komunikazio-plan globala: 0-5 puntu.
b) Aktiboak izatea sareetan, aldizkako argitalpenekin: 0-5 puntu.
5) Konpromisoa hartzea, dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei arreta eskaintzeko: 0-20 puntu.
6) Dirulaguntza exekutatzea.
a) Gastrobikain programan egindako lehenengo eskabidea bada: 5 puntu.
b) Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo bietan onuradun izanik, onartutako proiektuaren % 80 edo gehiago gauzatu bazen: 4 puntu.
c) Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo bietan onuradun izanik, proiektuaren % 80 baino gutxiago gauzatu bazen: 0 puntu.
B) Bikaintasuna sendotzeko programari dagokionez, 105 puntu lortu ahal izango dira gehienez, honela banatuta:
1) Sukaldaritza-eskaintza eta ardo-karta. 0 puntutik 35era bitartean eman ahal izango dira, apartatu hauen arabera:
a) Sukaldaritza-eskaintza, ongi egituratua eta aurkeztua: 0-5 puntu.
b) Garatutako sukaldaritza-eskaintza, kontzeptuarekin bat datorrena: 0-5 puntu.
c). Ardo-eskaintzaren eta proposamen gastronomikoaren arteko koherentzia: 0-5 puntu.
d) Ardo-karta, ondo landua, informazio onarekin (urtabea, upeltegia...): 0-5 puntu.
e) Eskaintzaren kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa: 0-15 puntu.
2) Nazioartean ezagunak diren sukaldaritza-gidetan eta bikaintasun gastronomikoko zerrendetan aintzatespen akreditatua duten establezimenduak. 0-15 puntu emango dira, honela:
a) Bi Michelin izar: 15 puntu.
b) Michelin izar bat: 10 puntu.
c) Michelin izarrik ez eta aintzatespenak beste gida batzuetan: 5 puntu.
3) 0-10 puntu emango dira inbertsioaren % 20 baino gehiago bideratzen bada efizientzia energetikoa hobetzera, hondakinak minimizatzera edo oztopo arkitektonikoak ezabatzera.
4) Tokiko produktuak* erosteko formalizatzen den bi urteko konpromiso-kontratu bakoitzeko. 0-20 puntu emango dira, honela:
a) Tokiko produktua erosteko kontratu bakoitzeko, 2 puntu emango dira.
b) Ekoizleak zuzenean hornitzen badu tokiko produktua erosteko kontratu hori, 2 puntu gehiago emango dira.
5) Komunikazio-estrategia eta sare sozialak: 0-10 puntu emango dira parametro hauen arabera:
a) Komunikazio-plan globala: 0-5 puntu.
b) Aktiboak izatea sareetan, aldizkako argitalpenekin: 0-5 puntu.
6) Konpromisoa hartzea, dieta berezia egiteko premia duten pertsonei (zeliakoak eta abar) edo zenbait jakiri alergia dietenei arreta eskaintzeko: 0-10 puntu.
7) Dirulaguntza exekutatzea.
a) Gastrobikain programan egindako lehenengo eskabidea bada: 5 puntu.
b) Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo bietan onuradun izanik, onartutako proiektuaren % 80 edo gehiago gauzatu bazen: 4 puntu.
c) Gastrobikain programaren azken bi deialdietako batean edo bietan onuradun izanik, proiektuaren % 80 baino gutxiago gauzatu bazen: 0 puntu.
Agindu honen esparruan, tokiko produktutzat hartuko da Euskadiko kalitate bereiziko markei atxikitako produktu oro, hala nola Eusko Label, Euskal Baserri, Jatorri Deitura Babestua (JDB), Adierazpen Geografiko Babestua (AGB), Euskadiko Produktu Ekologikoa eta Ekoizpen Integratuko Produktua. Tokiko produktutzat hartuko dira, halaber, Basque Wine markak babestutako produktuak.
2.– 30 puntu baino gutxiago lortuz gero, laguntza-eskabidea ez da onartuko.
3.– Gutxienez 30 puntu lortuz gero, dirulaguntza-ehuneko hauek aplikatuko zaizkie diruz lagundu daitezkeen kostuei, betiere agindu honen 5. oinarrian ezartzen diren mugen barruan:
a) 30 puntu baino gutxiago: eskabidea ez da onartuko.
b) 30 puntutik 50 puntura: % 20ko dirulaguntza.
c) 51 puntutik 75 puntura: % 30eko dirulaguntza.
d) 76 puntutik 105 puntura: % 40ko dirulaguntza.
12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa eta ebazpena-proposamena.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da laguntza hauek kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena: Elisa Torre-Enciso Enciso, Yon Loinaz Mariezkurrena eta Amaya Jalón Ayala Mauricio. Lehenengoa presidentea izango da, eta, azkena, berriz, idazkaria. Beharrezkoak izanez gero, ordezko hauek izendatuko dira, hurrenez hurren: María Luisa Fraile Correa, Borja Martínez De Antoñana Saenz De Cámara eta Nerea Martínez Pérez.
Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.
4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta betetzen ez dutenak bereiztea. Horrez gain, araudia betetzen ez duten eskabideen zerrenda egingo du, eta banan-banan azalduko du zein izan den baztertzeko arrazoia.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.
c) Laguntza mota bakoitza baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, bi proiektu-zerrenda egitea, dirulaguntza-programa bakoitzeko bat, beherako ordenan; horrez gain, hautaketaren eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren txostena egitea.
5.– Balorazio-batzordeak barne-funtzionamendurako arau propioak ezar ditzake. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
6.– Balorazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren titularrak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamenak, gutxienez, agindu honen 13. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.
7.– Prozeduran entitate interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta entitate interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.
8.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako entitate interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
13. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era, errekurtsoak.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko da eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
A) Onartutako eskabideetan:
1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2) Diruz lagundutako proiektuaren izena.
3) Diruz lagundu daitekeen inbertsioa, lortutako puntuazioa eta laguntzaren ehunekoa.
4) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntza, urteka banatuta.
5) Proiektua gauzatzeko epea.
6) Emandako laguntza de minimis laguntza dela ere jasoko da, Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua berariaz aipatuta eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu dela adierazita.
B) Ukatutako eskabideetan:
1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2) Ukatzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan.
4.– Norgehiagoka-prozedurari buruzko ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.
5.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/micarpeta euskaraz, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta;
Administrazio Prozeduraren Legearen arabera, jakinarazpen-datatzat hartuko da ebazpena EHAAn argitaratzen den eguna, eta data hori izango da kontuan hartuko dena; beraz, interesdun bakoitzari ebazpena helarazteko egingo den izapidea ez da jakinarazpentzat hartuko.
6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek oinarri honetan jasotako betebeharrak konplitu behar dituzte, hau da, besteak beste, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9., 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak:
1) Laguntza emateko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den proiektua; 2024. urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.
2) Eman den xede zehatzerako erabiltzea laguntza.
3) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak ez badu dirulaguntza berariaz onartzen, onuradun gisa proposatutako pertsonak hari uko egin diola ulertuko da.
4) Dirulaguntzaren xede den inbertsioa mantentzea, hura egin eta hurrengo 5 urteetan gutxienez; denbora horretan ezingo da besterentzerik egin, ezta diruz lagundutako helburuak ez direnetara bideratu ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.5 artikuluak ezartzen dituen salbuespen-kasuetan izan ezik.
5) Gutxienez 5 urtez mantentzea dirulaguntza esleitzeko balorazio-irizpide gisa balio izan duten kalitate-estandarrak eta proposamen gastronomikoa. Aspektu hori gerora kontrolatuko da, ausaz, urtean behin; hain zuzen ere, diruz lagundutako inbertsioen % 4 kontrolatuko da gutxienez.
6) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea proiektua partzialki edo osorik gauzatu den, eta zuzendaritza horren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.
7) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
8) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea beste administrazioren bati edo ente publiko zein pribaturen bati helburu berdina betetzeko beste laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu izana eta, hala badagokio, lortu izana; ekarpenik jaso bada, beraz, haren zenbatekoa eta entitate emailea zehaztu beharko dira.
9) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.
10) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztia argiki jasotzea, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.
11) Kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsio guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.
12) Bost urteko epean gordetzea jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne–, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.
13) Proiektua gauzatu izana justifikatzea 15. oinarrian aurreikusitako epeetan.
14) Jasotako funtsak edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
15) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
16) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
17) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan.
18) Gainfinantzaketarik ez eragiteko konpromisoa hartzea.
19) Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluan adierazita dagoen laguntza-betebeharra konplitzea.
15. oinarria.– Dirulaguntzaren xede diren inbertsioen kontratazioa.
1.– Dirulaguntzen xedea inbertsioak gauzatzea denez, onuradunek dirulaguntzen xede diren inbertsio guztiak hirugarrenekin kontratatuko dituzte.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kontratatzerakoan, arau hauek beteko dira:
a) Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka inbertsioak gauzatzeko erantzukizun osoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.
b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratuei buruzko legedian ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean (40.000 euro obra-kontratuak direnean, edo 15.000 euro hornidura- edo zerbitzu-kontratuak direnean, bi kasuetan BEZa kanpo), onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago nahikoa entitate halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituenik.
Aurkeztutako eskaintzen artetik bat hautatzeko (justifikazioan aurkeztuko dira eskaintzok), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie; proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatu ezean, memoria batean justifikatu beharko da berariaz erabakia.
Ezingo da kontratua zatikatu, haren diru-zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak ez betetzeko.
c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak aurrez aipatutako mugak gainditzen ez dituen gainerako kasuetan ere, onuradunak berdin-berdin kontratatu beharko du hirugarrenekin efikazia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz, eta ez da onartuko merkatuko prezioen gainetik nabarmen gora dagoen inolako gasturik.
d) Onuradunak ezingo du inoiz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko hitzarmenik egin Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.
e) Onuradunak ondasunak, zerbitzuak edo hornidurak kontratatzen baditu berarekin lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin, honako baldintza hauek bete beharko ditu aurretik:
i) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatuko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako termino beretan.
ii) Dirulaguntza ematen duen organoaren baimena eskuratzea aurretik.
Organo emailearen ebazpen baten bidez baimendu edo ukatuko dira halako kontratazioak, gehienez ere bi hileko epean, baimen-eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jaso ezean, eskaera onartu dela ulertuko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.
Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluan adierazten den inguruabarren bat betetzen bada.
16. oinarria.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epeak.
Deialdi honen babespean diruz lagundutako inbertsio-proiektuek 2024an hasitakoak izan behar dute, eta, gauzatu, urte horretako urtarrilaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitartean gauzatuko dira.
17. oinarria.– Gastuaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:
a) Ordaintzeko eskaera, partziala edo azkena den adieraziz, eta laguntza-deialdi honen informazio-webgunean emandako ereduari jarraituz.
b) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa. Memoria horrek agindu honen IV. eranskineko edukia bildu behar du.
c) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio Betebeharrak Arautzeko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria. Kontuan hartu beharko da, halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. eta 28.4 artikuluetan ezarritakoa. Laguntza justifikatzen duten gastu-kontzeptuak zehaztu beharko dituzte fakturek. Orobat, auditoretza-txostena ere balia daiteke gastuak egiaztatzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32.2 artikuluaren arabera.
d) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
e) Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
f) Lokala erosi bada, behar bezala onetsita dagoen eta kasuan kasuko erregistro ofizialean izena emanda duen tasatzaile independentearen ziurtagiria.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, onuradunak berariaz egin ahal izango dio uko baimen inplizitu horri, eta, hala egiten badu, dagokion agiri edo ziurtagiria aurkeztu beharko du, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.
4.– Aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta gauzatutako gastuaren zenbateko osoa eta onuradunaren ekarpena egiaztatuko dituzte; bukatzeko, proiektua gauzatu izanari buruzko azken ziurtagiria egingo dute.
5.– Laguntzak egoki kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, gehienez hilabeteko epea egongo da egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa entregatzeko, inbertsioak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita.
18. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Ordainketak honela egingo dira:
A) Aurreko oinarrian aipatzen diren dokumentuen bidez inbertsioa edo gastua justifikatu ondoren, eta behin Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikariek inbertsioei buruzko ziurtagiria egin dutenean.
B) Urte anitzeko proiektuak badira, ordainketa partzial bat egin daiteke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren araberakoa, interesdunak aurretik hala eskatzen badu, eta aintzat hartuta aurrekontuetan erabilgarri dagoen dirua.
2.– Laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunek alta emanda egon beharko dute Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros
Oharra: euskarazko bertsioa hemen: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Ez da ordainketarik egingo, onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada, ebazpen batek hala adierazita, dirulaguntza bat itzuli behar izateagatik.
4.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, edo inbertsioa edo gastua egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura hasiko da.
19. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Beste entitate publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, horren berri eman eta justifikatu egin beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete beharko dira. Horretarako, dirulaguntza eman duen organoak dagokion aldaketa-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko, hala badagokio. Horrez gain, kasua bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako itzulketa-prozedura hasiko da.
2.– Onuradunak aldaketaren bat egiten badu diruz lagundutako proiektuan, horren berri eman beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta aldaketa behar bezala justifikatu.
Laguntza emateko ebazpena aldatuko da, baldin eta diruz lagundutako proiektuari egindako aldaketek zerikusia badute 11. oinarrian jasotako irizpideen arabera baloratu behar izan diren alderdiekin, eta, beraz, eskaera onartzeko erabakigarriak izan direnekin; horiez gain, inguruabar hauek ere ebazpena aldatzea eragingo dute:
1.– Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuaren hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.
2.– Hornitzaileak aldatzea, jatorri bereko eta kalitate bereko edo handiagokoen ordez aldatzen direnetan salbu.
3.– Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.
Gainerako aldaketek ez dute eragingo laguntza emateko ebazpena aldatzea.
3.– Baldin eta egindako inbertsio edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontu onartua baino, eta betiere laguntza helburu bererako erabiltzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, dirulaguntza eman duen organoaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.
20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote organo emaileari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.
2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren, 13. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz. Organo emaileari zuzendu beharko dio uko egiteko eskaera, eta, hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
21. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeen kausa izango dira, gutxienez, honako hauek:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean baldintzarik ezarri bada, haiek ez betetzea.
c) Laguntza zertarako eman zen, xede hori ez betetzea.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean egotea.
2.– Onuraduna aurreko apartatuan adierazitako ez-betetzeen kausaren batean badago, laguntza eman duen organoak itzulketa-espedientea egingo du, alderdi interesdunari entzungo dio –15 eguneko epea emanda egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko–, eta ebazpen baten bidez adieraziko du interesdunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, partzialki edo osorik, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola jasotako laguntza guztiak edo batzuk eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Onuradunaren edo, hala badagokio, entitate laguntzailearen betetze-maila erabateko betetze-mailara nabarmen hurbiltzen denean eta onuradun edo entitate laguntzaile horrek egiaztatzen duenean bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, entitate onuradunak azkenik jasoko duen zenbatekoa edo itzuli beharko duena –kasuan-kasuan zer dagokion– benetan gauzatu eta justifikatu duen inbertsioarekiko proportzionala izango da.
Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
22. oinarria.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo entitate pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publiko edo ente pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua, eta, hala gertatuz gero, agindu honetan emandako laguntza gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.
3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, de minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 300.000 euro jaso ditzake hiru urteko edozein alditan. Erregelamenduaren ondoreetarako kontuan hartu behar den hiru urteko aldi hori etenik gabe ebaluatu behar da. De minimis laguntza berri bat ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa hartu behar da kontuan.
Adierazitako muga gaindituz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio deialdi honi jarraikiz emandako laguntzari, organo emailearen ebazpen baten bidez, entitate onuradunari entzun ondoren.
23. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Elikagaien kalitate- eta industria-arloko laguntzak.
– Arduraduna: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza; Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila.
– Xedea: Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren laguntzen, beken eta I+Garen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.
– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burutuko den eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak:
– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
– Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS). Organismo ordaintzailea.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml#
– Araudia:
• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
II. ERANSKINA
Laguntzaren eskabide-inprimakia webgune hauetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1075905
Hau da inprimakiaren edukia:
Eremu generikoak:
• Identifikazio-agiriaren mota.
• Zenbakia.
• Izena (pertsona fisikoak soilik).
• Lehen abizena (pertsona fisikoak soilik).
• Bigarren abizena (pertsona fisikoak soilik).
• Sexua (pertsona fisikoak soilik).
• Entitatearen izena (pertsona juridikoak soilik).
• Telefono finkoa.
• Telefono mugikorra.
• Helbide elektronikoa.
• Lurralde historikoa.
• Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.
• Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.
• Abisuak jasotzeko mugikorra.
• Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.
Eremu osagarriak: alderdi hauek jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:
– Enpresa ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
– Diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion ala ez beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta halakorik eskuratu duen ala ez.
– Diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion ala ez beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, de minimis araubidearen pean.
Erantzuna baiezkoa bada, taula hau bete beharko da:
(Ikus .PDF)
– Sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean.
– Egunean dituen ala ez EAEko Administrazioak eta haren mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kopuru zehatzak ordaintzeko betebeharrak. Betebehar horien ordainketak egunean dituela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatikatuta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.
– Ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik edo kondenarik ezarrita epai irmo baten bidez, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioaren arlokoak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.
– Ez du eskatu konkurtso-deklaraziorik; ez dago ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta; ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; ez dago esku-hartze judizialaren eraginpean, eta ez dago desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
– Ez du eragin Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuetan, edo ez daukate Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik, lege horretan edo arlo hori arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
– Ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea eragozten duen zehapenik ezarrita ebazpen irmo baten bidez, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Zerga-egoitza ez dauka erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
– Ez egotea ezein berreskuratze-aginduren menpe, Europako Batzordeak erabaki izanagatik laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
– Ez du galdu dirulaguntzak lortzeko aukera ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela eta, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraituz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egon arren halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta ez badute egiaztatzen jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela.
– Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Eskabidea aurkezteak berekin dakar Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari baimen inplizitua ematea, automatikoki egiazta ditzan NANa eta IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordaindu izana; apartatu bat egongo da, baimen hori berariaz ukatzeko aukera emango duena, eta, aukera hori baliatuz gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.
Markatu, baldin eta baimenik ematen EZ badiozu Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurreko paragrafoan aipatutako eremuak automatikoki egiazta ditzan.
Horregatik, eta eskabidean adierazitakoaren arabera, aukera dago interesdunek baimenik ez emateko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari informazioa jaso dezan eta, orduan, interesdunek konpromisoa hartuko dute zuzendaritza horrek eskatzen dien dokumentazio guztia aurkezteko.
Administrazio Prozeduraren Legearen 28.2 artikuluaren arabera, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak. Administrazio jarduleak agiri horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, non eta interesdunak ez dion aurka egiten.
Horretarako, interesdunak adierazi beharko du zein administraziotan, zein prozeduratan eta zein datatan aurkeztu zuen dokumentazioa, eta erantzukizunez deklaratu beharko du ez dela aldaketarik egon dokumentazio horretan.
III. ERANSKINA
Eskabide-memoriak eduki hauek hartu beharko ditu barnean:
1.– Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).
2.– Enpresaren egitura.
3.– Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.
4.– Inbertsioaren aurretik landutako produktuen merkatua.
5.– Proiektuaren kokalekua.
6.– Gauzatu beharreko ekintza zehatzen deskribapena (obra zibila, makineria...).
7.– Ekoizpen-prozesu berrien eta lortu beharreko produktuen deskribapena (halakorik bada).
8.– Gauzatzeko epea.
9.– Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegua sortzea...).
10.– Azken bi urteetako balantzea eta emaitza-kontua.
11.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.
IV. ERANSKINA
Ordaintzeko eskaera bakoitzari justifikazio-memoria bat erantsi behar zaio, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa; atal hauek izango ditu memoria horrek:
1.– Egindako ekintza zehatzen deskribapena, onartutakoekin alderatuta.
2.– Ekoizpen-prozesu berrien eta egindako inbertsioarekin lortutako produktuen deskribapena.
3.– Bete diren gauzatze-epeak.
4.– Inbertsioarekin lortutako emaitzak.
Dokumentazio grafikoa (planoak, argazkiak...) eta memoriari eranstea beharrezkotzat/komenigarritzat jotzen den gainerako dokumentazioa gehi daiteke.
Mota horretako memoria bat aurkeztu beharko da ordainketa-eskaeraren fase bakoitzerako, baldin eta ordainketa bi fasetan egitea eskatzen bada.
V. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3 BIS ARTIKULUAN EZARRITAKO ORDAINKETA-EPEAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEKO DOKUMENTAZIOA
Onuradunaren edo entitate laguntzailearen izaera lortzeko, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko entitateek ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute betetzen dituztela lege horretan ezartzen diren ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.
Betetze-maila egiaztatzeko, frogabide hauek baliatuko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta.
Horrez gainera, b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek agiri hauetako bat aurkeztu ahal izango dute:
1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko den ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen duen informazioaren arabera.
Ziurtagiri hori hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte izango da baliozkoa.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, adostutako prozedurei buruzko txostena aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, zeinean ondorioztatuko baita, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeko dauden fakturen lagin bati egindako berrikusketa, salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, edo, salbuespenik aurkituz gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren ondorioetarako, ordainketa-epeak betetzeko baldintza betetzat joko da, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epe horien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean.