184. zk., 2024ko irailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
4363
AGINDUA, 2024ko abuztuaren 1ekoa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Virtualware Labs izeneko fundazioaren azkentzeko eta likidatzeko erabakiak.
2023ko urriaren 16an, sailaren Erregistro Elektroniko Orokorrean sartu zen Fundación Virtualware Labs izeneko fundazioaren patronatuak erabakitako azkentzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Horrekin batera, administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Azkentzeko erabakia fundazioaren patronatuak 2022ko azaroaren 15ean hartu zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak haren arrazoia berretsi zuen 2024ko otsailaren 16ko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
2024ko otsailaren 29an, berriz, azkentzeko erabakia hartu ondoren hasitako likidazio-aldian egindako eragiketak onartzeko erabakia hartu zen.
Likidazioaren soberakina Asociación contra el Despilfarro de Alimentos «Banco de Alimentos de Bizkaia» izeneko elkarteari eman zaio. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/05273/1995 erregistro-zenbakiarekin, eta onura publikokotzat deklaratu zen maiatzaren 2ko 78/2001 Dekretuaren bidez, zeina 2001eko maiatzaren 25eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (97. zk.) argitaratu baitzen.
Azkentzeko eta likidatzeko erabakiak, eta nahitaezko gainerako dokumentazioa, eskritura publiko bidez formalizatu ziren, 2024ko martxoaren 21ean, Bilbon, Francisco Regalado Marichalar notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 279), zeina zuzendu egin baitzen geroago, 2024ko ekainaren 4an, notario beraren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez (protokolo-zenbakia: 582), Fundazioen Erregistroak 2024ko maiatzaren 22an jakinarazitako errekerimendua betetze aldera. Gainera, azken eskritura hori dokumentuak gaineratzeko 2024ko ekainaren 19ko eginbidearen bidez osatu zen.
Azkenik, 2024ko uztailaren 30ean, Fundazioen Babesletzak erregistro-inskripzioa egin aurretik nahitaezkoa den txostena eman du.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, Agindu bidez, espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40., 41., 42., 43. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 48. eta 49. artikuluetan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Virtualware Labs izeneko fundazioaren azkentzeko eta likidatzeko erabakiak, Agindu honen datarekin, 2024ko martxoaren 21ean eta 2024ko ekainaren 4an, Bilbon, Francisco Regalado Marichalar notario jaunaren aurrean egiletsitako azkentze- eta likidatze-eskrituretan aurreikusitako zehaztapenekin bat etorriz (279 eta 582 protokolo-zenbakiak, hurrenez hurren), fundazioari buruzko erregistro-idazpenak ezeztatzeko.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.