184. zk., 2024ko irailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 13 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
4349
AGINDUA, 2024ko irailaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa) ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan dauden eskola-jantokiak arautzen dituena.
Argi dago hezkuntza-sistemak funtsezko zeregina betetzen duela gizabanakoen prestakuntzan. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehazten denez, honako hauek dira hezkuntza-sistemaren printzipioak: kalitatezko hezkuntza ikasle guztientzat, haien zirkunstantziak eta egoera edozein direlarik ere; ekitatea, hezkuntzaren bidez nortasuna erabat garatzeko aukera-berdintasuna bermatuko duena; hezkuntza-inklusioa eta eskubide- eta aukera-berdintasuna, edozein motatako diskriminazioa gainditzen laguntzeko, eta hezkuntza-irisgarritasun unibertsala, zeinaren bidez konpentsatuko baitira desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak, arreta berezia jarrita desgaitasunen ondorioz gertatzen direnei. Gainera, lege horren 82.6 artikuluak landa-eremuetako eskolatzeari dagokionez xedatzen du ezen ingurune horietako eskolatzearen plangintzak baliabide ekonomiko nahikoa izan beharko duela, mantendu daitezen landa-ikastetxeen sarea, hala behar duten ikasleen garraioa eta jantokia.
Testuinguru horretan, gure gizartean gertatu diren aldaketa sozial eta kulturalen ondorioz, arian-arian, hezkuntza-arloko zerbitzu osagarriak sortu dira; esate baterako, jantoki-zerbitzua. Prestazio hori, eduki akademiko hutsekin zuzenean lotuta ez badago ere, funtsezkoa da hezkuntza-prozesu osoan, gizarte-errealitate berri batek bultzatutako eskaria gero eta handiagoa delako. Ildo horretan, familien eta ikasleen beharrei eta interesei erantzun egokia eta eraginkorra eman nahi izan zaie, ahal den neurrian horietara egokituz.
Aipatutako guztiaren garrantziaren isla da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Lege berriak eskola-jantokiaren eginkizun pedagogikoa indartu duela, eta, era berean, adierazi duela eskola publikoaren plan estrategikoaren parte izango dela, haren azpiegiturak eta zerbitzuak hobetze aldera.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 22ko Agindua eskola-jantokiak modu homogeneoan arautzeko onartu zen, bai antolamendu-egiturari dagokionez, bai funtzionamendu-kostuei dagokienez; izan ere, zerbitzu-prestazioaren heterogeneotasunak oro har komeni ez diren eta baliabide publikoak kudeatu behar direnean are gutxiago komeni diren egoerak eta ondorioak eragiten zituen. Aginduak zuzeneko kudeaketaren eredua definitu zuen ikastetxe publikoetako eskola-jantoki guztietarako. Helburua zen jantoki-zerbitzu lehiakorra eta kalitatezkoa eskaintzea, ikastetxeen autonomia errespetatuz. Kudeaketa ikastetxeen esku geratzen zen, haien ekimenaren mende. Halaber, laugarren xedapen gehigarriaren arabera, zuzeneko kudeaketa izango zen jantoki-zerbitzua emateko behin betiko formula.
Hala ere, kontuan hartuta, alde batetik, 2000ko martxoaren 22ko Agindua onartu zenetik denbora luzea igaro dela, eta bestetik, errealitate sozioekonomiko berriei erantzutea komeni dela, egokitzat jotzen da arau berri bat onartzea, familien egungo beharretara egokituko dena, indarrean dagoen aginduaren gabeziak edo hutsuneak zuzenduko dituena eta eskola-jantokiko zerbitzuari segurtasun juridiko handiagoa emateko neurriak aurreikusiko dituena.
Funtsean, agindu honen xedea da eskola-jantokiei buruzko agindu berri bat egitea eta onartzea, zerbitzu osagarri hori berdintasun- eta ekitate-printzipioen arabera eskuratu dadin arautzeko, eta zerbitzua erabiltzen duten ikasleei, haien familiei eta ikastetxeei ahalik eta segurtasun juridiko handiena emateko.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko derrigorrezko hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa) ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan eskola-jantokiko zerbitzua emateko baldintzak arautzea, eta, orobat, jantoki horien irekiera-, funtzionamendu-, eta, hala badagokio, finantzaketa-baldintzak ere arautzea.
2.– Eskola-jantokiko zerbitzua da goizeko eskolak amaitzen direnetik arratsaldeko eskolak hasi arte ematen den bazkari-zerbitzua, barnean direla bazkaldu aurretik eta ondoren dauden denbora libreko tarteak. Kudeaketa integraleko sistema bat da, eta zerbitzu-tipologia hauek hartzen ditu:
Menua ikastetxeko jantokian.
Jantoki-zerbitzua erabiltzen duen emantzipatu gabeko ikasle adingabeari edo tutoretzapean dagoen adin nagusiko ikasleari ikastetxean arreta ematea goizeko eskolak amaitzen direnetik arratsaldeko eskolak hasi arte edo jaso arte.
2. artikulua.– Eskola-jantokiko zerbitzua ematea.
1.– Eskola-jantokiko zerbitzua ikastetxearen bitartez emango da, eta zuzeneko kudeaketako jantoki izendatuko da.
2.– Sektoreko enpresak kontratatuko dira jantoki-zerbitzua emateko.
3.– Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zerbitzua ematean nahitaez bete beharreko baldintzak ezarri ahal izango ditu; nolanahi ere, gutxieneko baldintza hauek zehaztuko dira:
– Zerbitzua zein egun eta ordutan emango den.
– Menu motak eta dieta bereziak.
– Zerbitzuaren erabiltzaileak onartzeko irizpideak.
– Jantokiko plazen kudeaketa eta plazak esleitzeko lehentasunak.
– Langileen ratioak eta lan-baldintzak.
Aseguratutako zenbatekoa edo estalduraren irismena; hau da, gorabeherarik sortzen bada, polizak zer zenbateko estali behar duen, gutxienez. Zenbateko hori zehazteko, hainbat irizpide hauek hartuko dira kontuan, hala nola jardueraren izaera eta arriskua, parte-hartzaileen kopurua eta erabili beharreko instalazioen edo ondasunen ezaugarriak.
3. artikulua.– Baimena ematea.
1.– Ikastetxe publikoetako eskola-jantokiak irekitzeko eta funtzionamenduan jartzeko, administrazio-baimenaren printzipioa bete beharko da. Baimen hori ezinbestekoa izango da, jantoki-zerbitzua eman nahi bada.
2.– Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak eskola-jantokiak irekitzeko eta funtzionamenduan jartzeko baimena emango du, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Hezkuntza-plangintzako irizpideengatik eta baliabideen aprobetxamenduagatik komeni ez denean, ez da baimenik emango.
4. artikulua.– Jantoki partekatuak.
Jantoki partekatuak dira ikastetxe bat baino gehiagoko ikasleak artatzen dituztenak, horretarako baimen espresua izanik.
5. artikulua.– Jantoki bat baino gehiago duten ikastetxeak.
Ikastetxeek, jankide kopuruaren eta eraikinaren ezaugarri arkitektonikoen arabera, jantoki bat baino gehiago eduki ahal izango dute, betiere horretarako espresuki baimenduta badaude.
6. artikulua.– Kudeaketa informatikoa.
Baimendutako eskola-jantokien ezaugarriei buruzko informazioa hezkuntza-arloan eskumena duen sailak kudeatutako aplikazio informatiko batean erregistratuko da.
II. KAPITULUA
ZUZENEKO KUDEAKETAKO JANTOKIAK
LEHENENGO ATALA
BAIMEN-ARAUBIDEA
7. artikulua.– Zuzeneko kudeaketako jantokiak baimentzeko baldintzak eta prozedura.
1.– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak (aurrerantzean OOG) jantokia baimentzeko eskaera igorriko dio dagokion hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari, organo horretako presidenteak sinatuta, eta, halaber, dokumentu hauek helaraziko dizkio:
OOGren erabakia, informazio hau espresuki biltzen duena:
– Jantoki-zerbitzua emateko modalitatea, agindu honen 11.1 artikuluaren arabera.
– Jantokiaren gehieneko edukiera; txanda bakoitzeko jankide kopurua adieraziko da.
– Aurreikusitako jantokiaren ezaugarri orokorrak deskribatzen dituen memoria, ikastetxeko zuzendariak sinatua; han, alderdi hauek aipatuko dira:
– Instalazioak, jantoki kopurua eta jantokien kokapena.
– Jantokirako eskatutako antolaketako eta funtzionamenduko barne-araubidea.
– Bazkaltzeko txandaren aurreko eta ondorengo tarteetarako programatuta dauden jarduerak.
2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza eskuduna arduratuko da baimena eskatzeko espedienteak izapidetzeaz, eta hezkuntza-arloan eskumena duen saileko zerbitzu zentralei igorriko dizkie. Espedienteez gain, txosten hauek bidaliko dizkie:
– Eskaera egin duen ikastetxeak dituen espazioen, ekipamenduaren eta instalazioen egokitasunari buruzko txostena.
– Zerbitzua ematea komeni den ala ez azaltzen duen txostena.
– Ikastetxeko ikasleen ezaugarrien berri ematen duen txostena (bekadun kopurua, asistentzia-araubidea eta abar).
3.– Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak sei hilabeteko epea izango du baimena emateko edo ukatzeko ebazpena emateko, eskaera egiten den egunetik aurrera. Baimena bi motatakoa izan daiteke: behin-behinekoa, jantokian egokitzapen-obrak egin behar badira eta bien bitartean jantoki-zerbitzuaren funtzionamendua berma badaiteke; edo behin betikoa.
4.– Baimena emateko ebazpenean, eskola-jantokiko zerbitzuaren prestazioaren funtsezko ezaugarriak jasoko dira, hala nola jantokiaren kudeaketa-eredua, prestazioaren titularra eta txanda bakoitzeko gehieneko jankideak.
8. artikulua.– Baimena aldatzea.
Baimenaren baldintzak aldatu nahi badira, hezkuntza-arloan eskumena duen sailari eskaera egin beharko zaio, dagokion lurralde-ordezkaritzaren bidez. Baimena aldatzeko eskaera ikasturteko azken hiruhilekoan egingo da; horrela, baimena ematen bada, aldaketa hurrengo ikasturtearen hasieran jarri ahal izango da indarrean. Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak erabakiko du baimena alda daitekeen ala ez.
9. artikulua.– Baimena errebokatzea.
1.– Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo jantoki-zerbitzuak defizit ekonomikoa badu, eskola-jantokia irekitzeko eta funtzionamenduan jartzeko baimena errebokatu ahal izango da, Ordezkaritza Organo Gorenari entzun ondoren. Nolanahi ere, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren irizpideak ez betetzea baimena berehala errebokatzeko arrazoia izango da. Sail horren irizpideak Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean ezarriko dira, han jasotzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
2.– Era berean, ikastetxeko OOGk ezin baditu bermatu jantokiaren funtzionamendu eta antolaketa egokirako beharrezkoak diren baldintzak, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak zerbitzua emateari uztea erabakiko du.
BIGARREN ATALA
ZUZENEKO KUDEAKETAKO JANTOKIEN KONTRATU-HARREMANA ETA EZAUGARRIAK
10. artikulua.– Kontratu-harremana.
Zuzeneko kudeaketako araubideko ikastetxeetan eskola-jantokiko zerbitzua ematen duten enpresak kontratatzeko, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean eta haren ondorengo aldaketetan adierazitakoari jarraituko zaio. Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko kontratazio-organoak izapidetuko du kontratazio-espedientea, kontratazio-arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.
11. artikulua.– Zuzeneko kudeaketako jantokien ezaugarriak.
Zuzeneko kudeaketako jantokiek ezaugarri hauek izango dituzte:
1.– Janaria prestatzea:
– Kanpoan prestatutako janaria. Kontratatutako enpresaren sukalde nagusian presatuko da janaria, eta enpresak ikastetxera eramango du.
– Ikastetxean bertan (in situ) prestatutako janaria. Ikastetxeko jantokian prestatuko da janaria, eta kontratatutako enpresak lehengaiak jarriko ditu.
2.– Janaria in situ prestatzen duten ikastetxeek sukaldeko langile hauek izan ditzakete:
– Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko sukaldeko langileak.
– Zerbitzua ematen duen enpresak kontratatutako sukaldeko langileak.
3.– Begiraleak eta officeko langileak zerbitzua adjudikatuta duen enpresak kontratatuko ditu, salbu eta ikastetxeak lan horiek egiten dituen langilerik badu.
4.– Ikastetxeek begiraleen, sukaldeko langileen eta officeko langileen ratioak bete beharko dituzte, eta horiek Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean daude jasota, han ezartzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
HIRUGARREN ATALA
JANTOKI-ZERBITZUA ERABILTZEA ETA JANTOKIKO PLAZAK ESLEITZEA
12. artikulua.– Plazak esleitzea.
1.– Ordezkaritza Organo Gorenak, baimendutako gehieneko edukieraren arabera, lehentasun-hurrenkera honen arabera esleituko ditu jantokiko plazak:
1. Ohiko jankideak:
1. Garraioa erabiltzeko eskubidea duten ikasleak.
2. Prezio publikoaren hobaria jasotzeko eskubidea duten ikasleak.
3. Ikasle bekadunak.
4. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabak.
5. Ikastetxe berean jantoki-zerbitzua erabiltzen duten neba-arrebak dituzten ikasleak.
2. Aldizkako ohiko jankideak.
3. Noizean behingo jankideak.
2.– Aipatutako hurrenkera aplikatzerik ez badago edo hurrenkerak ez badu balio lehentasuna nork duen erabakitzeko, hezkuntza-maila baxuagoetako ikasleek izango dute lehentasuna, eta, haien artean, bizilekua urrutien dutenek edo mugitzeko zailtasun handienak dituztenek.
3.– Era berean, artikulu honen lehenengo apartatuan aipatutako lehentasun-hurrenkera Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean zehaztuko da, han jasotzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
4.– OOGk lehentasun-ordena zehatzagoa sartu ahal izango du jantokiaren funtzionamenduari buruzko erregelamenduan, baina aipatutako irizpide orokorrak errespetatuz eta irizpide objektiboetan oinarrituta.
13. artikulua.– Jankide motak.
1.– Jantokian zenbat aldiz eta zer eperen barruan jango duten kontuan hartuta, ohiko jankideak, aldizkako ohiko jankideak edo noizbehinkako jankideak izango dira ikasleak.
2.– Ohiko jankideak izango dira:
a) jantokiko zerbitzua ikasturte osorako eskatu duten Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, gutxienez astean hiru (3) egunetan joaten direnak.
b) arratsaldez Hedatze proiektuan parte hartzen duten ikasleak, hiru hilabetez jarraian eta gutxienez astean hiru (3) egunetan joaten direnak.
3.– Aldizkako ohiko jankideak izango dira, zaintza partekatuko egoerak edo guraso edo tutoreen lan-egoerak direla-eta, ikasturte osoan zehar erregulartasunez, baina astez aste edo hilez hil txandakatuta, bertaratzea aurreikus dezaketenak.
4.– Noizbehinkako jankideak izango dira aurreko ataletan ezarritakoak betetzen ez dituzten ikasleak. Onarpen-irizpideak Ordezkaritza Organo Gorenean hartuko dira (agindu honen 15. artikuluan dago araututa).
5.– Era berean, aurreikusita dago irakasleek ere eskola-jantokia erabiliko dutela, noizean behin, aurretiaz zerbitzu zentralaren baimena eskuratuta.
14. artikulua.– Baimendutako langileak.
Aurreko artikuluan aipatutako jankideez gain, honako hauek ere erabili ahal izango dute eskola-jantokiko zerbitzua:
Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko langile hauek:
– Sukaldeko langileek, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.
– Jantokiko arduradunek, baldin eta gainbegiratzen, bertan egoten eta jankideei laguntzen badihardute.
– Hezkuntza-laguntzako espezialistek, baldin eta jantoki-ordutegian beren kargura badauzkate hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, eta haiek zaintzen egon behar badute bai jantoki-orduan, bai atseden-orduetan.
Eskola-jantokiko zerbitzuaren adjudikaziodun diren enpresetako langileek ere erabili ahal izango dute jantoki-zerbitzua, horrela:
– Kanpoan prestatutako janaria duten ikastetxeetan, betiere erabilera horrek ez badu handitzen hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren gastua.
– Janaria ikastetxean bertan prestatzen duten jantokietan, betiere zerbitzua erabiltzeak ez baditu handitzen sukaldeko langileen ratioa edo bestelako gastuak.
LAUGARREN ATALA
FUNTZIONAMENDU-ARAUBIDEA
LEHENENGO AZPIATALA
ORGANO KUDEATZAILEAK
15. artikulua.– Ordezkaritza Organo Gorenaren (OOG) eginkizunak.
1.– Ikastetxeko OOGk eginkizun hauek ditu:
– Eskola-jantokiaren antolaketarako eta funtzionamendurako gidalerroak onartzea.
– Jantokiaren barne-funtzionamenduari buruzko erregelamendua onartzea; ikastetxearen antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduaren parte izango da.
– Jantokiaren funtzionamendua gainbegiratzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeak 36.2.c artikuluan zuzendaritza-taldeari esleitzen dizkion eskumenak.
– Jantokiaren kudeaketa ekonomikoa kontrolatzea, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ezartzen dituen irizpideen arabera, baita jantokiaren urteko aurrekontua eta urte amaierako likidazioa ere. Irizpideak aplikatzen ez badira, jantokia irekitzeko eta funtzionamenduan jartzeko baimena errebokatu egingo da zuzenean, agindu honek 9. artikuluan ezarritakoarekin bat.
– Menuak onartzea, ikasleen beharrizan dietetikoak kontuan hartuta.
– Jantokiko plazak esleitzeko irizpideak, agindu honen 12. artikuluan jasotakoak, betetzen direla gainbegiratzea.
– Ikasleek parte hartzeko programa hauek onartzea: osasunerako hezkuntzakoak, gizarte-ohiturak hartzekoak eta aisialdikoak.
– Jantokiko Batzordearen sorrera onartzea.
– Kontratatutako enpresak emandako zerbitzuaren ezaugarriei eta kalitateari buruzko txostenak bidaltzea Administrazioari, hala badagokio, eta, halaber, zerbitzua ematen duen enpresak janari motari buruz egindako proposamena igortzea.
– Dauden beharren arabera jantokia handitzeko obrak proposatzea, eta jantokiaren instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitea.
– Eskola-jantoki bakoitzaren ezaugarri espezifikoen arabera, begirale-ratioak handitzeko eta sukaldeko eta officeko orduak gehitzeko eskaerak izapidetzea, zerbitzuaren kalitate ona bermatzeko.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, bai eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkionak ere.
16. artikulua.– Ikastetxeko zuzendaritza-kargudunen eta jantokiko arduradunaren eginkizunak.
1.– Indarrean dagoen araudiari jarraituz, ikastetxeko zuzendaritza-kargudunak arduratuko dira jantokia kudeatzeaz eta administratzeaz. Arau honen 4. artikuluak aipatzen dituen jantoki partekatuen kasuan, jantokia partekatzen duten ikastetxeetako zuzendaritza-kargudunak Jantokiko Batzordeko kide izango dira, eta jantokiaren kudeaketa modurik eraginkorrenean antolatu ahal izango dute, jantokiko instalazioak zer ikastetxetan dauden, bada ikastetxe horretako zuzendariaren gainbegiradapean.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako eginkizunak ikastetxeko irakasleen esku utzi ahal izango dira, baldin eta eginkizunok beren borondatez hartzeko prest badaude; ahal dela, irakastordu guztiak beteta ez dituzten irakasleei emango zaizkie, eta pertsona horiek jantokiko arduradun jardungo dute.
3.– Jantokia kudeatzeko eta administratzeko eginkizunak betetzen dituztenei ordutegia murriztuko zaie, irakasleen kolektiboaren negoziazio-esparruan ezarriko den baremoaren arabera. Hasiera batean irakastordu guztiak beteta ez dituzten irakasleen kasuan, murrizketa aplikatzean ordutegia egokitu beharko zaie.
4.– Jantokiko arduradunek jantokiak behar bezala funtzionatzen duela zaindu behar dute. Horretarako, hauek egin beharko dituzte:
– Jantokian egon, bazkaldu aurreko eta ondorengo denbora-tarteetan ere, jantoki-zerbitzua ematen den bitartean, jantokiko diziplina eta funtzionamendua egokia izateko. Jantokiko arduradunen lanaldiaren ehunekoak ikastetxe publikoetako ikasturteak antolatzeko ebazpenetan ezarriko dira.
– Kontrolatu ea enpresa adjudikaziodunek beren betebeharrak ondo betetzen ote dituzten, kontratatutako zerbitzua dela eta: egiaztatuko dute sukaldeko langileek menua edo lehengaia jasotzean kalitatea eta kantitatea behar bezalakoak diren begiratu dutela, eta, orobat, presentazioa, garraioaren eta ontziratzearen higiene-baldintzak, etiketatua, iraungitze-data eta tenperatura egokiak diren kontrolatu dutela.
– Koordinazio-bilerak egin enpresa adjudikaziodunaren eskualde-kudeatzailearekin, jantokiak behar bezala funtzionatzeko behar adina aldiz.
– Lagin testiguak hartu.
– Jantokiko prezio publikoen eta jantokiko funtsen kobrantzaren jarraipena egin.
– Jankideei, menuei eta jantokiko langileei buruzko datuen kontrola egin jantokien aplikazio informatikoaren bidez, eta datu horiek aldian-aldian kontrastatu zerbitzua adjudikatuta duen enpresarekin, enpresak fakturatutako zenbatekoa aplikazioaren datuekin bat etor dadin.
– Begiraleen eta officeko langileen ordu osagarriak kontrolatu eta ontzat eman, enpresa adjudikaziodunak fakturatzeko gero.
– Gertatutako gorabehera aipagarrien berri eman, hiru hilean behin, ikastetxeko Jantokiko Batzordeari.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun bete.
17. artikulua.– Jantokiko Batzordea.
1.– Ikastetxe bakoitzean, jantokiko batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:
– Ikastetxeko zuzendaria; batzordeburu izango da. Jantoki partekatuen kasuan, jantokia osatzen duten ikastetxeetako zuzendariak izango dira batzordeburu.
– Jantokia kudeatzeko eta administratzeko eginkizunak esleituta dituen irakaslea; jantokiaren arduradun izango da.
– Ikasle kopuru jakin bat (DBHko lehen ziklotik aurrera) eta jankideen gurasoen kopuru jakin bat; biak ala biak OOGk erabakiko ditu.
– Jantokiko Batzordea eratu ezean, OOGren Batzorde Iraunkorrak beteko ditu haren eginkizunak, eta, halakorik ez badago, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak.
2.– Jantokiko Batzordeak eginkizun hauek ditu:
– Jantokiko aurrekontua egitea.
– OOGri kontuak ematea.
– Jantokiko arduradunarekin lankidetzan aritzea jantokiko funtsak administratzeko.
– OOGari menuak proposatzea, ikasleen beharrizan dietetikoak kontuan hartuta.
– Ikasleek parte hartzeko programa hauek proposatzea: osasunerako hezkuntzakoak, gizarte-ohiturak hartzekoak eta aisialdikoak.
– Helburuak betetzen ote diren zaintzea.
– Jantoki-zerbitzua ebaluatzea eta OOGri hobekuntzak proposatzea.
– Bileren aktak egitea.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, bai eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkionak ere.
BIGARREN AZPIATALA
SUKALDEKO ETA OFFICEKO LANGILEAK, BEGIRALEAK ETA HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO ESPEZIALISTAK
18. artikulua.– Ikasleei arreta ematea.
1.– Eskola-jantokiko zerbitzua kudeatzean, jantokiaren erabiltzaile diren ikasleen arreta bermatuko da, hala bazkaltzen ematen den denboran, nola bazkaldu aurreko eta ondorengo denbora-tarteetan.
2.– Kudeaketaren izaera eta modalitatea edozein direla ere, ikasleei arreta egokia emateko behar den langile kopurua izendatuko da zeregin horretarako, bat etorriz Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean ezarritakoarekin, han ezartzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
19. artikulua.– Sukaldeko langileak.
1.– Janaria in situ prestatzen duten ikastetxeetan sukaldeko langileak arduratuko dira elikagaiak elaboratzeaz eta prest edukitzeaz. Sukaldeko langileek eginkizun hauek dituzte:
– Elikagaiak prestatzea eta janaria behar bezala aurkeztea, jangelara eramanez.
– Sukaldean erabiltzen diren produktuak eta lehengaiak eskatzen eta kontserbatzen laguntzea.
– Sukaldea eta sukaldeko tresneria garbitzea, eta instalazioak prest jartzea.
– Jantokiaren funtzionamendu egokiari eragiten dioten kontuen berri ematea jantokiko arduradunari, besteak beste lehengaien hornidurari eta tresnen mantentzeari dagokienez.
– Bere esku jarritako produktuen kontserbazioa eta aprobetxamendua kontrolatu eta zaintzea.
– Sukaldean erabiltzen den materiala berrikusi eta kontrolatzea, eta horren inguruko edozein gorabehera jakinaraztea.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, indarrean dagoen eta aplikatu behar den lan-araudiak ezarritakoaren arabera. Horrez gain, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean ezarritakoa beteko da, han ezartzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
2.– Sailaren mendeko sukaldeko langileen lan-baldintzak aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan daude zehaztuta. Bestalde, enpresa adjudikaziodunaren mendeko sukaldeko langileen lan-baldintzak Hezkuntza Sailaren mendeko zuzeneko kudeaketako eskola-jantokietako kolektibitate-enpresen hitzarmen kolektiboan daude jasota.
20. artikulua.– Officeko langileak.
1.– Officeko langileek officeko lanak egingo dituzte janaria prestatuta eramaten zaien ikastetxeetan. Officeko langileek eginkizun hauek dituzte:
– Elikagaiak kontsumitzeko prestatzea eta higienizatzea, eta, hala badagokio, berritzea.
– Janaria zerbitzatzea eta janaria mahaietatik jasotzea.
– Jantokia muntatzea eta desmuntatzea eta jantoki-zerbitzua ematea.
– Sukaldeko makinak, sutegiak, lanabesak, tresneria, lokalak, altzariak eta sukaldeko eta jantokiko gainerako elementuak garbitzea, gainbegiratuta.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, indarrean dagoen eta aplikatu behar den lan-araudiak ezarritakoaren arabera. Horrez gain, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean ezarritakoa beteko da, han ezartzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
2.– Enpresako langileen lan-baldintzak Hezkuntza Sailaren mendeko zuzeneko kudeaketako eskola-jantokietako kolektibitate-enpresen hitzarmen kolektiboan daude jasota.
21. artikulua.– Begiraleak.
Begiraleek eginkizun hauek dituzte:
– Jantokian ordenari euts dakion zaintzea.
– Ikasleak artatzea eta zaintzea hala jantokian nola bazkaldu aurreko eta ondorengo atsedenaldietan.
– Janaria zerbitzatzea eta, bazkariak amaitzean, sukaldeko tresneria jasotzea eta jantokiko altzariak eta instalazioak garbitzen laguntzea.
– Eskola-jantokiak izaera hezitzailea duenez, ikasleen lankidetza sustatzea; Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko lehen mailatik gorako ikasleek mahaia jartzen eta jasotzen lagunduko dute, eta DBHko lehen mailatik gorakoek zerbitzatzen eta hezkuntza-maila baxuagoetako ikasleei arreta ematen parte hartuko dute.
– Ikasleek parte hartzeko programa hauek garatzea: osasunerako hezkuntzakoak, gizarte-ohiturak hartzekoak eta aisialdikoak.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, bai eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkionak ere. Horrez gain, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak indarrean duen zirkularrean ezarritakoa beteko da, han ezartzen baitira jantoki-zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko jarraibideak.
22. artikulua.– Hezkuntza-laguntzako espezialistak.
1.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta jantokian autonomia-programa bati lotuta dauden ikasleek hezkuntza-laguntzako espezialista baten laguntza beharko dute. Hezkuntza-premia berezien arloko aholkulariek egindako ebaluazio psikopedagogikoa erabiliko da ikasle batek hezkuntza-laguntzako espezialista behar duen erabakitzeko; profesional horiek esango dute beharrik baden, eta jarduketa-plan pertsonalizatuan jasoko da. Espezialistarik behar ez den kasuetan, jantokiko begiraleek artatuko dituzte hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.
2.– Hezkuntza-laguntzako espezialistek eginkizun hauek dituzte:
– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak artatzea eta zaintzea, hala jantokian nola bazkaldu aurreko eta ondorengo atsedenaldietan.
– Zerbitzua behar bezala emateko beharrezko den beste edozein eginkizun, bai eta indarrean dagoen araudiak agintzen dizkionak ere.
HIRUGARREN AZPIATALA
SEGURTASUNA ETA HIGIENEA
23. artikulua.– Osasun-ikuskapena.
1.– Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak eskola-jantokien osasun-egoera kontrolatuko du, hargatik eragotzi gabe osasun-arloan eskumena duen sailari eta toki-entitateei esleitutako eskumenak.
2.– Era berean, ikasturtean zehar, jantokiaren edukiera eta instalazioen eta jantokiko tresnen egoera aztertuko dira, eta horiek egokitzeko eta hobetzeko proposamenak egingo dira.
3.– Baimendutako jantoki guztiek osasun-ikuskapenerako bisita-liburua izango dute.
LAUGARREN AZPIATALA
FINANTZAKETA
24. artikulua.– Eskola-jantokien finantzaketa.
1.– Jantokiak jankideek ordaindutako prezio publikoekin finantzatuko dira, bai eta beste ente publiko edo pribatu batzuek horretarako egindako ekarpenekin ere, halakorik badago.
2.– Era berean, jantoki-zerbitzuak sortutako kostua prezio publikoen sarrera baino handiagoa bada, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak, ikastetxe bakoitzari dagokion kalkulua egin ondoren, kostu hori estaltzeko beharrezkoak diren zuzkidura gehigarriak esleituko ditu.
3.– Jankideek prezio publikoak behin eta berriz ez ordaintzeak jantokiko plaza galtzea eragin dezake. Ikastetxeko OOGk hartuko du horren inguruko erabakia.
4.– Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bateginaren 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta zerbitzuaren kanpo-kontratazioaren kostua prezio publikoaren zenbatekoa baino handiagoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko da prezio publiko horrek estaltzen ez duen zatia.
BOSGARREN AZPIATALA
GAINBEGIRATZEA
25. artikulua.– Jantoki-zerbitzua gainbegiratzea.
1.– Hezkuntza-arloan eskumena duen sailak gainbegiratuko du eskola-jantokien funtzionamendu administratibo eta ekonomikoa, arlo horretan eskumena duten saileko zerbitzuen bitartez.
2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek jantokien jarraipen administratiboa eta ekonomikoa egingo dute, eta horretarako behar den informazio guztia bilduko dute.
3.– Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeen ekonomia-finantzazko kudeaketaren erregimena arautzeko den uztailaren 28ko 196/1998 Dekretuaren 21. artikulua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 101.6 artikuluarekin bat etorriz, jantokia zuzeneko kudeaketako araubidean duten ikastetxeek diru-sarreren kontu baimendu bat izango dute, funtzionamendu-gastu orokorren kontu baimenduarekiko independentea, eta, hala, kontu horren saldoa aldian-aldian likidatuko zaio Hezkuntza Administrazioari. Kontu horretan, jantoki-zerbitzura bideratutako diru-sarrerak eta zerbitzu horren ondoriozko gastuak soilik erregistratuko dira, funtsak likidatzeko.
4.– Era berean, ikastetxeen kudeaketa ekonomikorako jarraibideak aplikatuko dira, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak indarrean duen zirkularrean aurreikusitakoak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hizkuntza-ereduak.
Administrazioak behar diren ekintzak sustatuko ditu zuzeneko kudeaketako jantokietan jantoki-lanak egiten dituzten langileak ikastetxeek eskaintzen dituzten hizkuntza-ereduetara egokitu daitezen.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lan arloko legeria.
Agindu honen edukiak, nolanahi ere, agindu honen eraginpeko langileei aplikatu beharreko akordio eta hitzarmenetan ezarritakoaren mende egongo dira.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legeria osagarria.
Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa aplikatuko da.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.
Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskola-jantokiko zerbitzua kudeatzen duten entitateek egiaztatuko dute jantokiaren erabiltzaile diren ikasleekin harremana duten pertsonek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa –abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututakoa– dutela; halaber, gauza bera egiteko eskatuko diete kontratatutako enpresei, hala badagokio.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da 2000ko martxoaren 22ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako derrigorrezko irakaskuntza-mailetako eta Haur Hezkuntzako (2. zikloa) jantokiak arautzen dituena, bai eta agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Betearazteko ahalmena.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari ahalmena ematen zaio agindu honetan ezarritakoa betearazteko behar diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauaren aplikazioa.
Agindu honetan ezarritakoa 2024-2025 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 9a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.