184. zk., 2024ko irailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (177 KB - 5 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
4348
AGINDUA, 2024ko irailaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako nahitaezko hezkuntzako eta haur-hezkuntzako (lehen zikloko eta bigarren zikloko hirugarren maila) jantoki-zerbitzuaren prezio publikoak finkatu, eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak zehazten baitira.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluan xedatzen denez, «eskubide publikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak eta erakunde autonomoenak direnak erlazio eta egoera juridiko jakin batzuen ondorioz: hau da, erlazio eta egoera horietan erakunde horiek ahalmen publiko batzuen jabe direnean».
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko testu bateginak (irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena), 30.– 35. artikuluetan, prezio publiko horiek finkatzeko irizpide orokorrak arautzen ditu, eta laugarren artikuluan, tasak honela definitzen ditu: zergapekoek borondatez eskatu edo jasotzekoak ez diren edo sektore pribatuak eman edo egiten ez dituen zerbitzuak emateagatik edo jarduerak zuzenbide publikoko erregimenean egiteagatik ordaindu beharreko zergak. Beraz, ondorioztatzen da jankideen kuotak, ikastetxe publikoak ahal publikoen titular diren heinean eta tasa gisa ezin direnez hartu, prezio publikoak direla.
Tasei eta Prezio Publikoei buruzko testu bateginaren 30. artikuluaren arabera, prezio publikotzat hartuko dira «zuzenbide publikoko erregimenean egindako zerbitzuengatik edo jarduerengatik ordaintzen diren diru-kontraprestazioak, tasa gisa hartzen ez direnak». Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuan arautzen dira prezio publikoak ordaintzeko eska daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak. Dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du ezen Euskal Autonomia Erkidegoko sailek eta haren erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela dekretu horren eranskinean zerrendatzen diren zerbitzuengatik; hirugarren artikuluak, berriz, prezio publiko horiek ezartzeko edo aldatzeko prozedura jasotzen du.
Hala, aipatutako dekretuaren eranskinaren bosgarren apartatuak eskola-jantokiko zerbitzua jasotzen du, Hezkuntza Sailak prezio publikoak kobratu ahal izateko eskaintzen dituen zerbitzu eta jardueren artean.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan jantoki-zerbitzua erabiltzeagatiko prezio publikoak finkatzea derrigorrezko hezkuntzan eta haur-hezkuntzan (lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa), irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 33. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. artikulua.– Prezio publikoen zenbatekoak eta zergapean ez dauden kasuak.
1.– Prezio publikoaren zenbatekoa indarrean dagoen eskola-jantokiko zerbitzua arautzen duen aginduan jasotako jankide-moten arabera finkatzen da.
– Ohiko jankidea. Prezio publikoaren zenbatekoa: 4,60 euro eguneko.
– Ohiko jankide etena. Prezio publikoaren zenbatekoa 4,60 euro eguneko.
– Aldi baterako jankidea. Prezio publikoaren zenbatekoa: 5,20 euro eguneko.
– Beste batzuk. Indarrean dagoen eskola-jantokiko zerbitzua arautzen duen aginduan adierazitako pertsonak. Prezio publikoaren zenbatekoa: 8,10 euro eguneko.
2.– Ikastetxeek ezin izango dituzte inola ere ezarri agindu honetan xedatutakoez bestelako prezio publiko osagarriak.
3. artikulua.– Salbuespenak.
1.– Prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egongo dira, eskolako jantoki-zerbitzua arautzen duen araudian jasotako baldintzetan, hezkuntza-arloan eskumena duen Saileko langile hauek:
– Sukaldeko langileak.
– Jantokiko arduradunak.
– Hezkuntza-laguntzako espezialistak.
2.– Era berean, agindu honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egongo dira enpresa esleipendunetako langileak, eskolako jantoki-zerbitzua arautzen duen indarreko araudian jasotakoaren arabera.
4. artikulua.– Hobariak.
Arau honen bigarren artikuluan adierazitako prezio publikoei 1,30 euroko hobaria aplikatuko zaie soilik ohiko jankideak edo aldizkako ohiko jankideak diren ikasleentzat, baldin eta, aldi berean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Hezkuntza-arloko eskumena duen saileko ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.
– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetan, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldatutako bizilekua, eta ikastetxea izatea aipatutako bizilekutik hurbilen dagoena eragin-eremu horien guztien artean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetan, lehen hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen arabera dagokion ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilen dagoena izatea.
Baldintza hori ez da eskatuko hezkuntza-administrazioak ikastetxea berariaz esleitzen duenean, salbu eta esleipen horrek gurasoen berariazko eskaerari erantzuten badio.
Eskola-mapa aldatzen denean, baldintza hau ez zaie eskatuko aldaketaren aurretik prezio publikoaren hobaria baliatzen ari ziren ikasleei non ez duten bizilekua aldatzen, ezta haiekin bizi diren eta ondoren matrikulatzen diren anai-arrebei ere, baldin eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako etapetan lehen aldiz matrikulatzen badira.
– Ikastetxearen eta erroldatze-helbidearen arteko distantzia honako hau edo handiagoa izatea:
a) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleak: 2 kilometro.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleak: 4 kilometro.
c) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, edozein hezkuntza-etapatan eskolatuta daudela ere: 2 kilometro edo gehiago.
d) Mugikortasun urri iraunkorra duten ikasleak: 500 metro.
Distantzia neurtzeko, ikaslearen etxetik ikastetxera oinez doan ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat.
Salbuespen gisa, tresna informatikoaren bidez kalkulatutako oinezkoen ibilbidea ezin bada ibili bide-segurtasuneko gutxieneko baldintzetan, zenbaketatik kanpo geratuko da eta, proposatutako ibilbide alternatiboen artean, baldintza horietan oinez benetan ibil daitekeen kilometraje txikiena duena hartuko da kontuan. Salbuespen hori gertatzen den ikusteko, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak erabaki eta proposatu beharko du bidea ezin dela erabili aipatutako baldintzetan, eta, hala badagokio, lurralde-ordezkaritza eskudunak onartuko du.
Agindu honen ondorioetarako, bide-segurtasuneko gutxieneko baldintzetan ibiltzeko modukotzat jotzen da zirkulaziorako egokia den bidea, zeinaren bidez bideragarria baita ikasleen eguneroko joan-etorria, haien osotasun fisikorako arriskurik eragin gabe.
– Matrikulatuta dagoen ikasturtea amaitzen den urtean ez gainditzea adin-muga hau:
a) Derrigorrezko hezkuntza: 18 urte baino gehiago ez betetzea.
b) Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta hezkuntza bereziko unitate edo ikastetxeetan eskolatuta dauden ikasleak: 25 urte baino gehiago ez betetzea.
5. artikulua.– Hobaria eskatzeko eta ebazteko prozedura.
1.– Ikasleek edo haien legezko ordezkariek, emantzipatu gabeko adingabeak badira, matrikula egitean dagokien ikastetxean jantokiko prezio publikoaren hobaria eskatuko dute urtero, ikasturte bakoitzerako.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako epean egindako eskaerak lurralde-ordezkaritza eskudunek aztertuko dituzte, eta egiaztatuko dute agindu honen 4. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen direla.
3.– Lurralde-ordezkaritzek, adierazitakoa egiaztatu ondoren, ebazpena emango dute eskatutako murrizketa emateko edo ukatzeko. Ukatuz gero, berariaz adieraziko da arrazoia. Ebazpen hori esteka honetan argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1248201
4.– Ikastetxeak eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dizkio laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak. Ebazpen horien aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean organo kudeatzailearen aurrean, eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegian.
6. artikulua.– Ordaintzeko eta likidatzeko betebeharra.
1.– Agindu honetan ezarritako prezio publikoak ordaindu beharko dituzte, zerbitzua arautzen duen araudiaren arabera, eskola-jantokiko zerbitzua erabiltzen duten pertsonek.
Erabiltzaile adingabe emantzipatugabeen edo tutoretzapean dauden adin nagusikoen kasuan, amak, aitak edo legezko tutoreak ordaindu beharko du.
2.– Zerbitzuaren erabilera baimendu ondoren egingo da ordainketa, hura arautzen duen araudiaren arabera, eta, nolanahi ere, zerbitzua erabili ondoren.
3.– Ordainketa urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren 16. artikuluan jasotako edozein ordainketa-bidetan egin ahal izango da.
4.– Beste bide batzuk aukeratzen ez badira eta berariaz hala jakinarazten ez bada, banku-helbideratzea erabiliko da agindu honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzeko, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren 20. artikuluan jasotako baldintzetan. Ordainketa hilabetea amaitutakoan egingo da, dagokion ikastetxeko jantokiko kontuan sartuz.
5.– Ordainketa-sistemak ordainagiri bat ematea aurreikusiko du, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Betearazpen-bideko diru-bilketa.
Zerbitzua erabiltzeko eskubidea galtzeari edo eteteari kalterik egin gabe, hala badagokio, zerbitzua arautzen duen araudiak ezartzen dituen baldintzetan, diruzaintza-arloan eskumena duen sailak premiamenduzko administrazio-prozeduraren bidez eskatuko ditu prezio publikoak ez ordaintzeagatiko zorrak, dagokion errekarguarekin, gehi Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuan aurreikusitako moduan legez eska daitezkeen berandutze-interesak, gastuak eta kostuak.
8. artikulua.– Ordaindutako prezioaren zenbatekoa itzultzea.
1.– Jantokiko prezio publikoaren zati bat itzuliko zaie jantokiko erabiltzaileei, honako kasu hauetan:
– Jankide batzuk ez badira jantokira joaten aurrez programatutako eta onartutako jarduera osagarrietan parte hartzeagatik eta piknik-zerbitzurik behar ez dutelako, baldin eta aldez aurretik enpresa esleipendunari jakinarazten bazaio. Jarduera horiek planifikatu eta enpresa esleipendunari jakinarazi beharko zaizkio planifikatzen diren unean eta gutxienez 24 ordu lehenago.
– Jankidea jantokira ondoz ondoko bost eskola-egunetan edo gehiagotan joaten ez denean, baldin eta gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin jakinarazten bada.
2.– Bi kasu horietan itzuli beharreko zenbatekoa ikasleak kasu bakoitzean ordaindu beharreko prezio publikoaren % 50 izango da, hutsegitearen lehen egunetik.
3.– Greba bada, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Ikastetxeak jantoki-zerbitzua eskaintzen ez badu, itzuli beharreko zenbatekoa prezio publikoaren % 100 izango da.
– Ikastetxeak jantoki-zerbitzua hezkuntza-maila jakin batzuetan soilik eskaintzen badu, itzuli beharreko zenbatekoa jantokiko prezio publikoaren % 100 izango da jantoki-zerbitzua eskaintzen ez duen hezkuntza-mailetan.
– Ikastetxeak jantoki-zerbitzua eskaintzen badu, jantokira joaten ez diren jankideei itzuli beharreko zenbatekoa absentzia-egunei dagokien jantokiko prezio publikoaren % 50 izango da, baldin eta gutxienez 24 ordu lehenago jakinarazten bada.
4.– Kobratutako prezio publikoak hurrengo hilean kobratu beharreko prezio publikoetatik deskontatuta itzuli ahal izango dira, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren II. tituluaren III. kapituluan xedatutakoaren arabera.
5.– Prezio publikoak ofizioz itzuliko ditu dagokion ikastetxeak, eta, beharrezkoa bada, lurralde-ordezkaritza eskudunaren aldez aurreko baimena lortuko du, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren 27. artikuluan jasotako baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauaren aplikazioa.
Agindu honetan ezarritakoa 2024-2025 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 9a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.