Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2024ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4344

EBAZPENA, 2024ko irailaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Las Carreras – Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) bizitegitarako hiri-lurzoruari buruzko LC-06 Egikaritze Unitatearen Antolamendu Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2024ko ekainaren 28an, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak Las Carrerasko bizitegitarako hiri-lurzoruaren LC-06 egikaritze-unitatea Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera osatu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2024ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbenako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Las Carreraseko bizitegitarako hiri-lurzorua LC-06 egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Las Carreras, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) bizitegitarako hiri-lurzoruaren LC-06 egikaritze-unitatearen Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan honen xedea da HAPOren 2010eko egikaritze-unitaterako ezarritako etxebizitza-kopurua arrazionalizatzea (indarrean dagoen plangintza), etxebizitzaren tamaina egokitzeko, eraikigarritasuna handitu gabe.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkiako goragoko plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planak lurzoruaren erabilera arrazionalizatzen laguntzen du, etxebizitzaren tamaina murrizten baitu. Gainera, aurreikusitako garapenak aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzeko neurriak har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, afekzio-eremuan egiten diren jarduketak eta jarduerak honako arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez egiten direnean: kultura-ondarearen babesa, hondakinen kudeaketa, isurketak, lurzoruaren babesa, urak, kutsadura akustikoa, ingurumena eta segurtasuna eta osasuna, besteak beste.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Berezi honen eremua Bizkaiko Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerriko (Bilbo Metropolitarreko eremu funtzionalaren barruan) Putxeta auzoko bizitegitarako hiri-lurzoruaren egikaritze-unitatea (LC 06) baino ez da. HAPOren arabera, hiri-lurzoru finkatua da.

Eremuan ez dago kutsatuta egon daitekeen lurzorurik, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren arabera. Akuiferoen kalteberatasuna «ertaina» da IDEren arabera, baina «handia» da GeoEuskadi-ren aburuz, eta lurzoruaren iragazkortasuna txikia da pitzaduragatik. Landaredia hirikoa da nagusiki (erruderal nitrofiloa).

Eremuan ez dago Batasunaren Intereseko Habitatik, ezta Interes Bereziko Eremurik ere faunari dagokionez (eremutik hurbil dago El Bache erreka, ur-ipurtatsaren lehentasunezko banaketa-ibilgua, baina ez da aurreikusten Plan Berezitik eratorritako jarduerarik ibilgu horretan). Era berean, ez dago Natura 2000 Sarean jasotako espaziorik, Ramsar Zerrendako hezegunerik, xedapenen batean jasotako naturagune babestu edo garrantzitsurik, zein flora berezirik, eta ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen Sarearekin. Era berean, ez dago eraginik jasan dezakeen kultura-ondareko elementurik.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kartografiaren arabera, eremuko paisaia «meatze-paisaia» da, eta ez da paisaia-interes bereziko elementurik edo alderik aipatzen.

Eremuko zarata kontuan hartuta, inpaktu akustikoaren azterketak ezartzen du aztergai den eremuan eragin handiena duten foku akustiko nagusiak hauek direla: iparraldean dagoen BI 734 bidetik zirkulatzen duen ibilgailuen trafikoa eta Bilboko aldirietako sarearen C 2 lineako tren-trafikoa –Renfek darabil eta aztergai den eremuaren hego-ekialdean dago–, hurrenez hurren. Eremu horrek LC-06 egikaritze-unitatea hartzen du, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriko Plan Bereziari dagokiona.

Plan Bereziaren garapenak eremuan dauden ingurumen-elementuetan izan ditzakeen ondorioak, indarrean dagoen araudiarekin alderatuta, honako hauek dira:

– Hidrologia: lurpeko uren gaineko inpaktua neurrizkotzat jotzen da obren fasean (IDEaren arabera, akuiferoen urrakortasun-maila ertaina da, baina GeoEuskadi-ren aburuz, ordea, handia da).

– Airearen kalitatea: inpaktu neurritsua izango da erabilera-fasean, ibilgailu gehiago egongo baitira. Berdin egikaritze-fasean, obren ondorioa baita.

– Zarata: zaratak gora egingo du eta neurrizko inpaktua izango du, batez ere eraikuntza-fasean; erabilera-fasean, Eragin Akustikoari buruzko Azterlanaren arabera, ez dira kalitate akustikoko helburuak 4 metroko altueran gaindituko.

– Hondakinak sortzeak neurrizko eragina izango du, batez ere eraikuntza-fasean; beraz, neurriak ezarri beharko dira.

Gainerako inpaktuak oso positibotzat jotzen dira:

– Eraikina lurzatiaren partikularretara hobeto egokitzea (eragina lurraren geomorfologian).

– Lurzoruaren aprobetxamendu eraginkorragoaren ondoriozko inpaktuak, etxebizitza bakoitzeko azalera txikiagoa baitago, ondo bateragarriak dira:

– Baliabide gehiago kontsumitzea (edateko uraren hornidura handiagoa, okupazioa handitu ahala; saneamendu-sarearen ustiapen handiagoa);

– Paisaiaren gaineko inpaktua, erabilera-fasean; izan ere, zona hori aldatu egin da jatorrizko egiturarekiko, eta ez da aurreikusten aurreikusitako eraikinaren altuera nabarmen handituko denik. Egikaritze-fasean ere paisaiaren gaineko inpaktua dago, obren ondorioz, makina astunak baitaude.

– Ingurune sozioekonomikoa (eragina bide-egituretan obra-fasean), edo, besterik gabe, ez da inpakturik aurreikusten (landaredia, fauna, kultura-ondarea). Bestalde, ez da inolako eragin larririk edo kritikorik identifikatu.

3.– Ebazpen honetan neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, Las Carrerasko bizitegitarako hiri-lurzoruko LC-06 egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharrekoak, ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan ez ditzan eta ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Plana onartzearen ondorioz, bereziki, eta besteak beste, honako neurri hauek zehaztuko dira –garatzen diren plan edo proiektuetan aplikatuko dira–, bai obren faseari dagokionez, bai funtzionamendu-faseari dagokionez:

1.– Obra-fasean dagoen eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

2.– Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek azaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

3.– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obrako materialak baldintza meteorologiko txarretan (euriteak edo haize gogorrak) garraiatzea saihestuko da. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Plan Bereziaren garapenak lurzoruan izan ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Ahal den neurrian, irizpide bioklimatikoak eta energia-eraginkortasunekoak hartuko dira kontuan baserria zaharberritzean.

– Honako hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea, materialen kontsumoaren inpaktua minimizatzea (lurren balantzea/oreka, etab.), material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen argitaratuak: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak gutxitzea.

– Barnealdeko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana garatzeko proiektuak diseinatzeko, klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira kontuan.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten. Las Carreraseko bizitegitarako hiri-lurzorua LC-06 egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbenako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Las Carreraseko bizitegitarako hiri-lurzorua LC-06 egikaritze-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala