Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2024ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4325

2/2024 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, irailaren 3koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea aldatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak indarrean duen Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 26 artikuluan ezartzen du ezen balio erantsiaren gaineko zerga itundutako tributu bat dela, estatuak une bakoitzean ezartzen dituen edukizko eta formazko arau berberei jarraituz erregulatu behar dena.

Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, badute ahalmena aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazioaldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko. Baina, eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Ekainaren 26ko 4/2024 Errege lege Dekretuak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko hartutako zenbait neurri luzatu eta arlo fiskal, energetiko eta sozialean premiazko neurriak hartzen dituenak, aldaketak sartu ditu aipatutako zergan, tributua erregulatzen duen foru araudian nahitaez sartu beharrekoak direnak.

Aipatutako 4/2024 Errege lege Dekretuaren 1. eta 2. artikuluetan sartu diren aldaketak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean jasotzea du xede foru dekretu arauemaile honek.

Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluak aldi baterako luzatzen du, 2024ko abenduaren 31ra arte, elikagaien zenbait entregari zerga tasa murriztuak aplikatzeko epea, elikagaien inflazioak datozen hilabeteetan bilakaera positiboa izatea errazteko eta herritarrengan eta, bereziki, egoera ahulagoan dauden pertsonengan horrek modu positiboan eragiteko, aparteko neurri hori pixkanaka ezabatzeraino.

Helburu horrekin, 2024ko irailaren 30era arte, BEZaren tasak ehuneko 5ean mantentzen dira jateko pasten eta hazi olioen kasuan eta ehuneko 0an premiazko elikagaien kasuan. Era berean, data horretara arte, ehuneko 5etik ehuneko 0ra murrizten da oliba olioari aplikatu beharreko tasa. Data horretatik aurrera –inflazioa nabarmen murriztea espero da ordurako– eta abenduaren 31ra bitarte, zerga tasak ehuneko 7,5era eta ehuneko 2ra igoko dira, hurrenez hurren, eta une horretan, prezioen murrizketak posible egingo du apartekoa eta aldi baterakoa den neurri hau desagertzea, familien eroste ahalmenari eragin gabe.

Horrekin bermatzen da elikagai horien azken prezioak arrazoizkoak izatea merkatua erabat normalizatu arte, zeina aurtengo azken hiruhilekoan eta 2025ean ere gerta daitekela uste baita. Aldaketa horiek 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen laugarren xedapen iragankorrean jaso behar dira.

Hala ere, gorago adierazi den bezala, irailaren 30era arte ehuneko 5etik ehuneko 0ra murrizten da dieta osasungarri baten funtsezko eta oinarrizko elikagaia den oliba olioaren entregei aplikatuko zaien zerga tasa; urriaren 1etik urte amaiera bitarte entrega horiek ehuneko 2an zergapetuko dira; eta, are garrantzitsuagoa dena, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera premiazko elikagaitzat hartuko da oliba olioa eta ehuneko 4ko tasa supermurriztua aplikatuko zaio; jakina, horrek eskatzen du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea behin betiko izaeraz aldatzea ondorio horietarako.

Aurrekoaren ondorioz, ekainaren 26ko 4/2024 Errege Lege dekretuaren 2. artikuluak tasa murrituen aplikaziori buruzko Balio Erantsiaren gaineko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 91.Bi.1 artikuluaren 1. ordinala aldatu du, eta aldaketa horrek xede du ezartzea entrega, inportazio edo batasun barruko eskurapenetan oliba olioak ere sartuta geratzen direla balio erantsiaren gaineko zergaren 100eko 4ko tasa aplikatzen zaien ondasunen artean. Aldaketa hori uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 91.Bi.1 artikuluaren 1. zenbakian jaso behar da.

Esandako aldaketak foru araudian jasotzea ezinbestekoa da zerga itunduen araudia eguneratuta mantenduko bada, estatuak une bakoitzean ezartzen dituen edukizko eta formazko arau berberen arabera erregulatu behar direla aintzat hartuta.

Bestalde, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen artikuluak aplikatzeak agerian utzi du beharrezkoa dela hobetzea 91.Bi.1 artikuluaren 4. ordinalari euskaraz emandako idazketa, eta zeregin hori foru dekretu arauemaile honen bidez egiten da.

Alde horretatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Foru dekretu arauemaile horietarako eskuordetza arauemailea aipatutako 2/2005 Foru Arauak emandakotzat jotzen da, aurreikusita dagoen helbururako baliatu behar bada betiere.

Foru Aldundiak eskuordetze horretaz baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta haien arrazoibideetan adierazi behar da eskuordetze espezifiko horren babesean ematen direla.

Azkenik, behin onetsita, foru dekretu arauemaile horiek Batzar Nagusietara bidali behar dira batzarkideen kontrola izan dezaten, ofizialki argitaratzea eta indarrean jartzea eragotzi gabe.

Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13. artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluaren kasu berdinetan.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatzea uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa.

Aldaketa hauek sartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean:

Bat.– Laugarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Laugarren xedapen iragankorra. Elikagaien entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuei aldi baterako aplikatu beharreko zerga tasa, bai balio erantsiaren gaineko zergan eta bai baliokidetasun errekarguaren ondorioetarako.

Bat.– 2024ko uztailaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte:

1.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:

a) Hazi olioak.

b) Jateko pastak.

Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 0,62 izango da.

2.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, ogi arrunta egiteko bakarrik erabiliak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animalia espeziek emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta esne hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Elikadura Kodearen eta hura garatzeko onartutako xedapenen arabera, produktu naturaltzat hartzen diren frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak.

g) Oliba olioak.

Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 0 izango da.

Bi.– 2024ko urriaren 1etik aurrerako ondorioekin eta 2024ko abenduaren 31ra bitarte:

1.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 7,5eko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:

a) Hazi olioak.

b) Jateko pastak.

Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 1 izango da.

2.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 2ko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, ogi arrunta egiteko bakarrik erabiliak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animalia espeziek emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Frutak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak, baldin eta produktu naturalak badira Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emandako xedapenen arabera.

g) Oliba olioak.

Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 0,26 izango da.

Hiru.–Aurreko apartatuen arabera zerga tasan aplikatzen diren murriztapenen onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murriztapenaren zenbatekoa ezin izango da erabili, ez osorik ez partez, enpresen mozkin marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igoaraziz, nahiz eta horrek ez duen kenduko ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartzea eta publizitatzea.

Neurri horren eraginkortasuna prezioen bilakaeraren jarraipen sistema baten bidez egiaztatuko da, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketak eragotzi gabe.»

Bi.– 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 91.Bi.1 artikuluaren 1. ordinala honela geratuko da idatzita:

«1.a Produktu hauek:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren ore izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, ogi arrunta egiteko bakarrik erabiliak.

b) Ogia egiteko irinak.

c) Edozein animalia espeziek emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta esne hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Frutak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak, baldin eta produktu naturalak badira Elikadura Kodearen eta hori garatzeko emandako xedapenen arabera.

g) Oliba olioak.»

Hiru.– 91.Bi.1 artikuluaren 4. ordinalaren euskarazko bertsioa honela geratzen da idatzita.

«4.a Mugitzeko gaitasuna murriztuta daukaten pertsonentzako ibilgailuak, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu bategineko I. eranskinaren 11. zenbakian aipatuak, eta pertsona desgaituek bakarrik erabiltzeko diren gurpil aulkiak.

Gurpil aulkietan doazen pertsona desgaituak garraiatzeko, zuzenean edo egokitu ondoren, autotaxi edo autoturismo berezi gisa erabiltzen diren ibilgailuak, eta, behin egokituta edo egokitu gabe, gurpil aulkian dauden edo mugikortasun murriztua duten desgaituak garraiatzeko erabili ohi diren ibilgailu motordunak, gidaria edozein dela ere.

Aurreko paragrafoan jasotako ibilgailuei zerga tasa murriztua aplikatzeko, eskuratzailearen eskubidea aitortu beharko da aldez aurretik, eta eskuratzaileak ibilgailua zertarako erabiliko duen justifikatu beharko du.

Bigarren apartatu honen ondorioetarako, desgaitutzat hartuko dira 100eko 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak. Desgaitasun gradua frogatzeko, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo ebazpena aurkeztu beharko da.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan adierazitako eran sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2024ko irailaren 3a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.


Azterketa dokumentala