Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2024ko irailaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
4290

AGINDUA, 2024ko irailaren 9koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, «Joxe Mari Korta» sarien 2024ko ekitaldirako deialdia argitaratzen duena, «Joxe Mari Korta» sariak arautzen dituen Industria eta Berrikuntzako sailburuaren 2009ko uztailaren 29ko Aginduan ezarritako esparruaren barruan.

Industria eta Berrikuntzako sailburuaren 2009ko uztailaren 29ko Aginduak (2009ko abuztuaren 10eko EHAA, 151. zk.) «Joxe Mari Korta» sariak arautzen ditu. Agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 20ko Aginduaren bidez aldatu zen (2011ko maiatzaren 17ko EHAA, 92. zk.).

Aipatutako aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, egokia da 2024ko ekitaldirako sarien deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arauak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 4. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da «Joxe Mari Korta» sariak arautzeko den Industria eta Berrikuntzako sailburuaren 2009ko uztailaren 29ko Aginduan aurreikusitako sarien 2024ko ekitaldirako deialdia egitea. Agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 20ko Aginduaren bidez aldatu zen.

2. artikulua.– Baldintzak.

Agindu arautzailearen 3. artikuluan azaldutako pertsona fisikoak izan daitezke agindu honen bidez deitutako sarien onuradun.

Egiaztatu beharko da aurkeztutako hautagaitzek Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituztela, agindu arautzailearen 5. artikuluak exijitzen duen bezala.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Hautagaitzak eta nahitaezko gainerako dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein bide erabiliz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdia egiten duen agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 9a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala