178. zk., 2024ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 23 orri.)
- EPUB (314 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4232
AGINDUA, 2024ko irailaren 3koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2024rako deialdia egiten baita nekazaritza-azpisektorea dibertsifikatzeko laguntzetarako, ekoizpenaren eraldaketari edo kalitateari lotutako berrikuntzaren eremuan.
Euskal nekazaritza-sektorearen ezaugarri nabarmenetako bat da ekoizpen-azpisektore askotan dibertsifikatuta egotea, eta hori, era berean, gure eremu geografiko txikiak iparraldetik hegoaldera duen egiturazko aniztasun agroklimatikoaren ondorioz gertatzen da.
Hala, euskal nekazaritzan, azpisektore hauek daude presente: baratzezaintza, frutagintza, zereala, patata, erremolatxa, oleaginosoak, olibadiak eta mahastizaintza, bai eta abeltzaintzako azpisektoreak ere, hala nola esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardi-esnea, arrautzetarako eta haragitarako hegaztiak, txerriak, zaldiak, untxiak eta erlezaintza. Horrez gain, basogintzako azpisektore indartsu bat dago, papera eta egurra ekoizteko espezieen landaketei lotua.
Aniztasun horren ondorioz, eta azpisektoreren baten koiuntura ekonomiko txarra gorabehera, EAEko BPGari ekarpen makroekonomiko orekatua eta egonkorra egiten zaio.
Hala ere, gure nekazaritzako ikerketa- eta berrikuntza-zentroak ekoizpen-nitxo oso berritzaileak eta errentagarritasun ona izan dezaketenak detektatzen ari dira, sail honi hiru helburu estrategiko hauek lortzen laguntzen diotenak:
– Gure herrialdean elikagaiak ekoizteko, eraldatzeko eta merkaturatzeko egitura berriak finka daitezen ahalbidetzea.
– Elikagaiak kalitate ziurtatuko erregimenetan ekoizteko dugun politika indartzea.
– Ekintzaile gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko ekoizpen-aukera berriak ematea, sektore hori gaztetze aldera.
Alde horretatik, agindu honek laguntzak arautzen ditu prozesu berritzaileei, eraldaketa-prozesuei edo kalitate ziurtatuko parametroen araberako merkaturatze-prozesuei lotutako azpisektore jakin batzuetarako; laguntzon helburua da ekoizpen-nitxo berritzaile berri horietan sartzeko apustua egiten duten edo dagoeneko bertan dauden edo nekazaritza-jarduera dibertsifikatu nahi duten ekintzaileei laguntzea.
Agindu honen bidez, aurten, laguntzak emango zaizkie beren ekoizpen osoa edo ekoizpenaren zati bat azpisektore edo nitxo hauetako baten batean inskribatzen duten ustiategi-titularrei: lupuluaren ekoizpena, barietate jakin batzuetako ogitarako zerealak, fruitu lehorreko zuhaitzak (intxaurrondoa eta hurritza), ahuntz-esnea, boilurra edo trufa, gizakiak edo animaliak elikatzeko hotzeko prentsaketako oleaginosoak, olibadia, mahairako sagarra eta fruitu gorriak.
Laguntza hauek Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren babesean ematen dira –erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–; eta, beraz, dirulaguntzok agindu hau argitaratu eta hogei egun balioduneko epean jakinaraziko zaizkio Europako Batzordeari.
Deialdiak aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 21/2023 Legean.
Halaber, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, deialdi hau sartuta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024ko, 2025eko eta 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko aginduan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean dago argitaratuta (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/diru-laguntzen-plan-estrategikoa-ekonomiaren-garapen-jasangarritasun-eta-ingurumen-sailarena-2024-2025-eta-2026-urteetarako/).
Halaber, hauek ere aplikatu behar dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko arauak, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak xedatzen du ezen, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia dutela.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2024ko urterako oinarriak onartzea nekazaritza-azpisektorea dibertsifikatzeko laguntzetarako, ekoizpenaren eraldaketari edo kalitateari lotutako berrikuntzaren eremuan. Agindu honen I. eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 3a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA
1. oinarria.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Agindu honen xedea 2024ko laguntzen deialdia egitea da, berrikuntzarekin eta kalitatearekin lotutako nekazaritza-nitxo berriak abian jartzea sustatzeko, eta, era berean, euskal nekazaritza-sektorea eraldatzeko eta gaztetzeko prozesuak bultzatzeko.
2.– Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez-itzulgarritzat hartuko dira, eta Batasunaren araudiari eta ingurumena babesteari buruzko legeriari jarraikiko diete.
3.– Dirulaguntzak emateko, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
2. oinarria.– Laguntza-lerroak.
1.1 oinarriko xedea garatzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:
1.– Lehen lerroa: ustiategietako titularrentzako laguntzak ekoizpen-jarduera garatzen lagunduko dieten inbertsioei ekiteko, baldin haien ekoizpena, edo ekoizpenaren zati bat 5. oinarrian deskribatutako azpisektore edo ekoizpen-nitxoren batean inskribatzen bada.
2.– Bigarren lerroa: ustiategien titularrentzako hasierako laguntzak, ustiategiaren zati batean edo ustiategi osoan nekazaritza-jarduerak abian jartzeko, 5. oinarrian deskribatutako azpisektore edo nitxo produktiboen barruan.
3.– Bi laguntza-lerroak bateragarriak dira, eta ezin izango da gainditu ustiategi bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa (100.000,00 euro).
3. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2024an, 900.000 euro erabiliko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.
2.– Lehen lerrorako 600.000 euro bideratuko dira, eta bigarren lerrorako, berriz, gainerako 300.000 euro. Behar izanez gero, soberako funtsak linea batetik bestera aldatu ahal izango dira.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Bigarren oinarrian deskribatutako laguntza-lerroen onuradun izan ahalko dira ustiategiaren titular edo titularkide diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta baldintza orokor hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ustiategi baten titularra edo titularkidea izatea, edo sektorean sartzeko prozesuan egotea Gaztenek programaren barruan (onetsitako proiektua) NPEPEan gazteak sektorean sartzeko xedatutakoaren arabera.
b) Ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean behar bezala inskribatuta egotea.
c) Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzea, eta zigorrik jaso ez izana arlo horietan berorietan deialdi honen aurretiko azken hiru urteetan.
d) Ustiategi osoa edo zati bat nekazaritza-ekoizpenerako erabiltzea, azpisektore produktibo hauetakoren batean, 5. oinarrian ezarritako baldintzetan: lupulua, barietate jakin batzuetako ogitarako zerealak, fruitu lehorretarako zuhaitz-sailak (intxaurrondoa eta hurritza), ahuntz-esnea, boilurra edo trufa, gizakiak edo animaliak elikatzeko hotzeko prentsaketako oleaginosoak, olibadia, mahairako sagarra eta fruitu gorriak.
e) ETE bat izatea Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera; erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak edo entitateak:
a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta daudenak, edo zigortuta daudenak prebarikazioa, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak direla eta.
b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak; kaudimengabetzat jota daudenak prozeduraren batean; konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta arrazoi horien errudun deklaratuta daudenak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, baldin lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak dituztenak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Egunean ez dituztenak indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), ez eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak ere.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Ordaindu gabe dituztenak dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
h) Ebazpen irmo bidez zehatuta daudenak, eta, beraz, galdua dutenak laguntzak lortzeko aukera, lege honen edo beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat jaso duten pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, halaber, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontrako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute.
i) Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta ebazpen irmo administratibo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisikoak zein juridikoak, publikoak zein pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak egikaritu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez dutenak, eta ez dutenak egiaztatu hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana.
k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
l) Eskatzaileak jakinarazi behar du ea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo ente publiko zein pribaturen bati, bai eta eskuratu duen ala ez ere.
m) Ezingo dira inola ere lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuren bat jaso duten elkarteak.
Ez-zilegitasun penalen arrazoizko zantzuak egoteagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da onuradun izan, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.
3.– Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, baldin Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta ezin dela barne-merkatuarekin bateratu.
5. oinarria.– Laguntza jaso dezakeen azpisektore bakoitzerako betekizun espezifikoak.
4. oinarrian adierazitako baldintza orokorrez gain, baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dira:
a) Lupulua hazten duten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– 2024an gutxienez 0,20 hektarea lupulu haztea.
– Ustiategia ekoizpen merkaturagarrian badago:
• Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 14ko 1850/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera ziurtatuta egotea ekoizpena.
• Garagardoa ekoizteko, ekoizpena Euskal Garagardo Elkarteko egileei komertzializatzea.
• Beste ekoizpen batzuetarako, ekoizpena EAEko operadoreei jartzea lehentasunez.
b) Ogitarako zerealak hazten dituzten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– 2024. urtean (2023-2024ko kanpaina) gutxienez 20 hektarea zereal erein izana, ogitarako espezie eta barietate hauetako baten batenak: garia (Espelta, Soissons, Rebelde edo Filon barietateak) eta zekalea (ogitarako edozein barietate).
– Ekoizpena Euskal Ogia egiteko edo ziurtatutako ekoizpen ekologiko gisa merkaturatzea.
c) Fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoak eta hurritzak) ustiategien titularrei dagokienez:
– 2024. urtean gutxienez hektarea bat intxaurrondo edo hurritz landatzea.
– Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriaren babespean edo 4.0 nekazaritzari lotutako aholkularitza egiaztatuaren bidez laboratzea (fertiirrigazioa; tantakako edo mikroaspertsio bidezko ureztapena, hala badagokio; lurzoruen analisia; ongarritze selektiboa eta abar).
– Ekoizpenean egonez gero, fruituak ustiategian ontziratzea edo enpresa eraldatzailearekiko kontratua izatea.
d) Ahuntz-esnearen ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– Ustiategia Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotea.
– Behar bezala erregistratutako ahuntz-ekoizleen elkarte bateko kide izatea.
– 2024. urtean gutxienez jezteko 50 ahuntz-buru izatea.
– Esnearen errendimendu- eta kalitate-kontrolak egitea EAEn erregistratutako aholkularitza-zentro baten bidez, eta erreferentziako laborategi baten ziurtagiria izatea.
– Esnea ustiategian eraldatzea, artisau-gazta, gazta ekologikoa edo Label Gaztaberri markako gazta ekoizteko, edo esne-ekoizle gisa erregistratuta egotea Label Gaztaberri gazta ekoizteko.
e) Boilurra edo trufa hazten duten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– 2024an gutxienez 0,5 hektarea berri lantzea ustiategian.
– Arabako Boilurra Kooperatiba Elkarteko kide izatea edo ekoizpena elkarte horren bidez merkaturatzea.
– Tuber melanosporum Vitt onddoarekin mikorrizatutako arte edo haritz bidez haztea trufa.
f) Gizakiak edo animaliak elikatzeko oleaginosoak hazten dituzten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– 2024an gutxienez hektarea berri bat koltza, liho edo ekilore haztea erabilera industrialetarako (hotzeko prentsaketa, findu gabe).
– Ekoizpena fingailurik gabeko bitarteko mekanikoen bidez eraldatzea, eta ekoizpenaren % 50 gutxienez animalien elikadurara bideratzea, eta % 30 gutxienez giza kontsumora.
g) Boilurra edo trufa hazten duten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– Ustiategian gutxienez hektarea bat landatzea Arabako Errioxako edo Arabako Mendialdeko eskualdeen barruan.
– APRORAko olio-errotan ehotzea.
– Eusko Labelen edo ziurtatutako ekoizpen ekologikoan inskribatuta egotea edo, hala badagokio, ekoizpenaren % 50 merkaturatzea.
h) Mahairako sagarra hazten duten ustiategien titularrei edo titularkideei dagokienez:
– Gutxienez 2.500 m2-ko barietate hauetako baten mahairako sagarrondoa landatzea: Topaz, Elstar, Mairac, Errezila, Crimson crips, Smeralda, Kanadako errege-sagar grisa edo Dalinco.
– 4 x 1,25 m2-ko landaketa-esparrua erabiltzea, edo txikiagoa ureztatze inplementatuarekin.
– Frutazainen baterako merkaturatzaileen bidez merkaturatzea ekoizpena.
i) Fruitu gorriak (marrubiak, ahabiak, andere-mahatsak, mugurdiak eta masustak) landatzen dituzten ustiategietako titularrei edo titularkideei dagokienez:
– Gutxienez 2.500 m2 landatzea aire zabaleko landaketetan eta 1.000 m2 berotegiko landaketetan.
– Tantakako ureztapen pean landatzea eta, ahal dela, maneiu agroekologikoan: maneiu agroekologikoa (ziurtagiririk gabe) ezarpenaren lehen 4 urteetan, eta maneiu ekologikoa (erregistroa trantsizioan EKOLURRAn) ezarpenaren laugarren urtetik aurrera.
– Plangintza bat aurkeztu beharko da, laguntzak irauten duen bitartean izurriteak, gaixotasunak eta ongarritzea nola kudeatuko diren zehaztuko duena.
– Ekoizpena zirkuitu laburretan merkaturatu beharko da, tokiko produktu gisa.
6. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak; aurkezpenaren ondorengo izapideak ere bitarteko horien bidez egin beharko dira. Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ditzakete eskabideak.
– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztu daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, ezinbesteko izango da aldez aurretiko hitzordua hartuta izatea, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean
– Elektronikoki: eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkeztu daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/1206804).
Helbide horretan (https://www.euskadi.eus/servicios/1206804), eta/edo eranskinean eskuragarri egongo dira bai eskabide-formularioa, bai eskabideak aurrez aurre nahiz telematikoki aurkezten eta justifikatzen laguntzeko informazioa ere.
3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/. Beste pertsona bati ordezkaritza-ahalmena eman behar bazaio jardun dezan, ordezkaritza hori justifikatu egin beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Izapidetze elektronikoaren kasuan, eskabidea aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin eta jakinaraziko dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
6.– Eskatzaileak aukeran euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango ditu eskabidea eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
7.– Eskatzaileek eskabide-eredu normalizatua bete beharko dute eta, horrekin batera, egin behar den inbertsioaren txostena, informazio honekin:
1.– Ustiategiaren titularra den sustatzailearen identifikazioa.
2.– Enpresaren egitura. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, parte-hartzaile guztiak eta haien NAN zenbakiak.
3.– Proiektuaren kokalekua.
4.– Proiektuaren deskribapena (ekoizpen-prozesua, aurreikusitako inbertsioak, merkaturatzea).
5.– Ezarriko den berrikuntza teknologikoaren deskribapena.
6.– Bideragarritasun-plana.
8.– Eskatzaileek, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina) sinatu beharko dute, agindu honetan eskatutako betekizunak betetzen direla, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla eta onuradun-izaera lortzeko debekuetako ezeinetan ez dagoela adierazteko, debeku horietako ezeinetan ez egotearen lekukotza judizialik, ziurtagiri telematiko edo datu-transmisiorik, edo administrazio-ziurtagiririk lortzerik izan ez den kasuetan.
9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu eskatzailearen NANa, IFKa, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
10.– Eskatutako dokumentazioa beste administrazio batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu dituen eta noiz. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
11.– Edonola ere, aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen bestelako argibide edo dokumentazio osagarria eskatu ahalko dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak eskatzaileari.
7. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko oinarrian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin.
2.– Eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeaz arduratuko den organoak egokitzat jotzen duen informazioa eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro baloratzeko; 10 eguneko epea emango dio informazioa aurkezteko, eta adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, eskatutako informazioa kontuan hartu gabe baloratuko dela proiektua.
8. oinarria.– Laguntzak kudeatzea eta Balorazio Batzordea.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza da.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatzen den moduan.
3.– Lerro baterako emandako laguntzen bolumena 3.2 oinarrian lerro horretarako finkatutako aurrekontura iristen ez bada, soberako aurrekontua beste lerrora aldatu ahal izango da.
4.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, esleitutako inbertsioaren zenbatekoa (1. lerroa) edo zuzeneko dirulaguntza (2. lerroa) diru kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru kopuru erabilgarri hori izango da.
5.– Kide anitzeko organo bat eratuko da eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde deiturikoa. Hiru kide izango ditu, zuzendaritza eskudunari atxikiak; horietako bat programaren arduraduna izango da, eta beste biak zuzendaritza horretako teknikarien artean aukeratuko dira. Halaber, ordezko bat izendatuko da batzordekide bakoitzeko. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak izendatuko ditu horiek guztiak, ebazpen bidez, eta ebazpen horretan adieraziko da nor izango diren batzorde horretako idazkaria eta batzordeburua. Ebazpena EHAAn argitaratuko da. Bere eginkizunak betetzeko, batzordeak beharrezko irizten dien arloko aditu guztiei eskatu ahal izango die bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko.
6.– Balorazio Batzordearen egitekoak hauek izango dira:
a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Halaber, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak (inbertsio-eskabideak eta sektorean sartzekoak) ebaluatzea; hau da, proiektuak baloratzea eta agindu honetan finkatutako irizpide objektiboak zenbateraino betetzen dituzten aztertzea, laguntza motaren arabera.
c) Egindako ebaluazioaren emaitzak jasoko dituen txostena egitea, ezarritako laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta.
7.– Balorazio-batzordeak nahi dituen funtzionamendu-arauak ezarri ahalko ditu, eta horietan xedatzen ez den guztian Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.
9. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Aurreko oinarrian aipatu den Balorazio Batzordearen txostena kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du; bertan, zer entitate eskatzaileri dirulaguntza ematea proposatzen den eta dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dira.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.
3.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
10. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeari dagokio deialdia ebaztea. Ebazpen bakarra emango du, eta hor jasoko dira eskatutako zein laguntza emango diren eta zein ukatuko.
Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta txosten horretan jasota geratuko da onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.
2.– Ebazpenak hauek jaso beharko ditu:
a) Dirulaguntza eman zaion eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda.
b) Xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, bai eta justifikatzeko modua ere.
c) Gainerako eskabideak ezestea.
3.– Lehiaketa bidezko norgehiagokaren prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluari jarraikiz. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu.
Horrez gain, eta informazio gisa, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta interesdun bakoitzari bereziki eragiten dioten ebazpenaren alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak barne, banakatuta eta behar bezala arrazoituta. Era berean, aplikatutako irizpide objektiboen eta laguntzaren ehunekoaren berri emango da. Informazioa modu elektronikoan helaraziko da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/nirekarpeta
Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako data joko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, laguntzak emateko aldi baterako esparruak ezarritako gehieneko epea baino lehen. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, noiznahi, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
11. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntza ematea ebazten denetik gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko dira laguntzak.
2.– Ordainketa bakarra izango da, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan. Dirulaguntzak lortu ahal izateko, dirulaguntza jasotzeko behar diren baldintzak eta betekizunak egiaztatu beharko dira. Hori dela eta, dirulaguntza ematen den unean justifikatutzat joko dira; nolanahi ere, Administrazioak egiaztapen-jarduketak eta finantza-kontrola egin ditzake datuen zehaztasuna frogatzeko.
3.– Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeak, emaitzak, egiaztapenak eta aurkeztutako dokumentazioa oinarritzat hartuta, ordainketa bakarra egingo du, dagokion ebazpenaren bidez.
4.– Onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.
12. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen duen beste edozeinekin, baldin eta dirulaguntza guztien batura ez bada handiagoa agindu honek finkatzen dituen gehieneko ehunekoak eta mugak baino. Batura hori handiagoa bada, berriz, gehiegizko kopuruari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.
13. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak ere:
a) Emandako laguntza onartzea. Hala bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da.
b) Dirulaguntza dagokion helburu jakinerako erabiltzea.
c) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku jartzea gastuak egin direla egiaztatzeko behar diren dokumentu guztiak.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
e) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea ea beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu zaizkion helburu bererako bestelako administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, eta, hala badagokio, eskuratu diren. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, berriz, entitate emaileari jakinaraziko dio. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatuz gero, inguruabar objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari (zuzendaritza horrek laguntza eman duen entitateari jakinaraziko dio). Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Eman den dirulaguntzaren indarraldi osoan egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.
h) Entitate onuradunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.i) artikuluan adierazten den publikotasun-eginbeharra betetze aldera, laguntzen deialdi honetan lortutako dirulaguntzaren berri emango diote publiko orokorrari. Horretarako, hau egin behar dute:
Jardueraren sustapenarekin zerikusia duten argitalpen, liburuxka edo publizitate guztietan, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren dirulaguntza berariaz aipatzea. Halaber, agindu honek araututako dirulaguntza lortu dela adierazten duen kartel bat jarriko dute gutxienez, publikoak erraz ikusteko moduko leku batean, eraikinera sartzeko ateburutik edo ateburuetatik gertu, eta gutxienez A3 neurrikoa. Kartela gutxienez 6 hilabetez eduki beharko da jarrita, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik.
Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.
Publizitatea Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
j) Erkidegoko kontrol-organo eskudunek egin beharreko egiaztapen-jarduketak bete beharko ditu.
14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.
2.– Horretarako, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko; edo, hala badagokio, sobera jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzultzeko prozedurari ekiteko aginduko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozedura aplikatuta horretarako.
15. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak eskabidean atzera egin ahalko du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskabidea helarazi beharko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, eskaera onartuko du, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 93. eta 94. artikuluekin.
2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen sailburuordeak berariaz onartuko du uko egite hori, ebazpen bidez, eta prozedura bukatutzat joko du entitate horri dagokionez. Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
16. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetze espedientea (bertan, entzunaldia emango zaio interesdunari) egin aurretik, ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat, betiere dagozkion gainerako ekintzak ezertan eragotzi gabe.
2.– Era berean, dirulaguntzarekin lotutako jarduketaren kostuarekiko gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gainditzen bada; horrek, dena dela, ez du eragotziko bestelako zigorrak jarri ahal izatea, ez eta kalte-galeren ordainak eta erantzukizun penala exijitzea ere, hala badagokio. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira, dagozkion ondorioetarako.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.6 artikuluaren arabera, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarduna egin duela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko zaio; edo, hala badagokio, zati bat itzuli beharko du, eta gauzatutako jarduerak erabateko betetze-mailari begira duen proportzioaren arabera egingo da kalkulua. Edonola ere, onuradunak kobratu ahal izango duen zenbateko partziala bat etorriko da onartutako dirulaguntzatik behar bezala justifikatu den egiazko zenbatekoarekin, eta laguntza ematen duen entitateak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren ordainduko zaio.
17. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Datuen babesari buruzko informazioa hemen lortu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa1-eu.shtml
II. KAPITULUA
1. LERROKO LAGUNTZAK
18. oinarria.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.
Laguntzen 1. lerroko onuradun izateko, 4. eta 5. oinarrietan ezarritako betekizunez gain, betekizun gehigarri hauek ere bete beharko dira:
a) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
b) Inbertsioak hasita ez egotea eskaera aurkezten den unean. Eskakizun horretatik salbuetsita egongo dira obra zibileko proiektuaren ordainsariak eta makineriaren konturako ordainketak. Egoera hori Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak in situ egindako ikuskapen baten bidez egiaztatuko da, edo notario-akta bat aurkeztuz –entitatearen kontura izango da–, baldin eta akta horretan nahikoa elementu jasotzen badira instrukzio-organoak inbertsioa hasi ez dela egiaztatzeko.
Salbuespen gisa, bisita horien ordez, ez hastearen aktak egin ahal izango dira modu ez-presentzialean, baldin eta funtzionarioak ezin badira inbertsioaren tokira joan akta in situ egiteko, edo, bestela, onuradunak emandako edozein frogagiri egokiren bidez, baldintza hauek betetzen badira:
1.– Ezinbesteko arrazoiak direla medio, laguntzaren xede den eragiketaren lekua edo inbertsioaren kokalekua bisitatu ezin izatea.
2.– Akta egiteko erabilitako baliabide telematikoek eta eskatzaileak emandako dokumentazioak, argazki geoetiketatuak eta datatuak barne, argi eta garbi egiaztatzea egin nahi diren inbertsioak ez direla hasi akta aurkeztu den unean.
c) Gaitasun eta trebakuntza profesional egokiak egiaztatzea, dela nekazaritza-adarrean gutxienez bigarren mailako lanbide-heziketako titulu akademiko bat duela egiaztatuz, dela nekazaritza-jardueran 2 urte baino gehiago eman dituela frogatuz.
19. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
A) Gastu hauek diruz lagundu ahalko dira:
1.– Makineria eta ekipamendu berriak erostea edo haien finantza-errentamendua produktuaren merkatu-balioraino, elementu hauetan:
– Uztak biltzeko robotikako inbertsioak.
– Zehaztasuneko makinak, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorean, honako hauetarako:
• Produktu kimikoen erabilera murriztea, batez ere produktu fitosanitarioena eta ongarriena.
• Laboreen trazabilitatea eta kalitatea kontrolatzea ereiteko eta lantzeko fasean.
• Abereen genetika eta ugalketa hobetzea.
– Goi-teknologiako instalazioak eta elementuak berotegietako zenbait sistematarako; besteak beste, argiztapen, berokuntza eta ureztatzeko sistemetarako.
– Berrikuntza teknologikoan oinarritutako laboreetan eta ganaduetan beharrezkoak diren instalazioak, ekipamenduak eta makinak.
– Abereak kudeatzeko prozesuak digitalizatzea.
2.– Hainbat urtetarako landareak erostea.
3.– Ureztatze/ureztapen-instalazioei dagokienez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, xedapen honetan ezarritakoa betetzen dutenak soil-soilik lagundu ahalko dira diruz: Nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen duen Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduaren 14. artikulua, 6. apartatua, f) letra.
4.– A) puntuan adierazitako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterlanak barne; bideragarritasun-azterketak diruz lagundu daitezkeen gastuak izaten jarrai dezakete, nahiz eta, emaitzen arabera, 1., 2. eta 3. puntuetan jasotako gastuak ez ordaindu.
5.– Diruz lagundu ahalko dira, halaber, inbertsioak, baldin beharrezkoak eta aurreko puntuan adierazitakoen osagarriak badira; adibidez, hauek:
a) Ondasun higiezinak eraikitzea eta eskuratzea, finantza-errentamendua barne, edo bigarren eskuko ondasun higiezinen hobekuntza, baldin eta, azken hamar urteetan, ez badute jaso dirulaguntza nazionalik edo erkidegokorik, laguntzak jarraitzen duen kasuan laguntza bikoiztea dakarrenik.
b) Aurreko atalean aurreikusitako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunari buruzko aholkularitzari dagozkion ordainsariak, bideragarritasun-azterketak barne, proiektuaren gauzatze materialaren % 8raino. Bideragarritasun-azterketek diruz lagundu daitezkeen gastuak izaten jarraituko dute, nahiz eta, emaitza kontuan hartuta, aurreko puntuetan aurreikusten diren gastuak ez egin.
c) Ondasun ukiezinetan eginiko inbertsio hauek: programa informatikoak erosi edo garatzea, eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka erregistratuak eskuratzea.
d) Bioenergia ekoizteko ekipoetan egindako inbertsioak, efizientzia-estandarrak betetzen badituzte, ustiategian soilik kontsumitzeko direnean.
e) Ingurumen-inpaktua txikitzeko eta haren kalitatea hobetzeko prozesuetan inbertsioak egitea, bereziki ustiategien karbono-aztarna gutxitzen laguntzen duten prozesuetan; helburuak izan behar du produktuek ekoizpen-prozesuetako baldintza tekniko eta sanitarioak betetzen dituztela egiaztatzea edo horietara egokitzea.
f) Hondamendi naturalek, hondamendi natural batekin pareka daitezkeen salbuespenezko gertaerek edo fenomeno klimatiko kaltegarriek, animalien gaixotasunek eta babestutako animalien eta landareen izurriteek kaltetutako nekazaritza-ekoizpenaren potentziala berrezartzearekin lotutakoak, bai eta gertakari eta faktore horiek eragindako kalteen arriskua prebenitzearekin eta arintzearekin lotutakoak ere.
B) Diruz lagundu ezin diren gastuak. Ez dira diruz lagunduko:
a) Ustiategien salerosketa edo transferentzia.
b) Sozietate bat eratzeko eta hasteko gastuak.
c) Inbertsioa egiten den lursaila erosteko eta erosten diren lokal eta pabiloi eraikietako lurzoruaren balioa ordaintzeko inbertsioak.
d) Makinak birjartzeko inbertsioei lotutakoak, baldin eta makinaren amortizazioaldia bete ez badute (gutxienez 7 urte).
e) Nekazaritzako ekoizpen-eskubideak eta ordainketa-eskubideak erostea.
f) Urteko landareak erostea eta landatzea, salbu eta lerro honetarako kostu lagungarrien 5 f apartatuan jasotako inbertsioei aurre egiteko denean eta higadura genetikoko arriskuan dauden landare-barietateak babesteko denean, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen Zuzentarauen 210. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz.
g) Animaliak erostea, salbu eta lerro honetarako kostu lagungarriei buruzko 8 f apartatuan jasotako inbertsioei aurre egiteko denean eta arraza mehatxatuetako animaliak erosten direnean, 2016/1012 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. puntuan definitutakoaren arabera, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-eremuetarako estatu-laguntzei aplika dakizkiekeen zuzentarauen 207. puntuan aipatutako konpromisoei jarraikiz; horrez gain, salbuespena da, halaber, azienda harrapari handien aurka babesten duten txakur zaindariak erostea.
h) Ustiapen-kapitala.
i) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta beste zerga batzuk.
j) Normalean 5 urtetik beherako zikloetan amortiza daitezkeen materialak. Ezingo dira diruz lagundu, halaber, kontabilitateak gastutzat hartzen dituen inbertsioak, salbu eta azterlanak eta proiektuak.
k) Bigarren eskuko ekipamendua erosteko inbertsioak.
l) Garraio-elementuak, salbu eta ekoizpen-prozesuei kondiziorik gabe lotuta daudenean eta ustiapenaren/instalazioaren barruan daudenean.
20. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.
1.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoaren gaineko oinarrizko dirulaguntza:
• Nekazaritza- eta abeltzaintza-makinak: % 10.
• Gainerako inbertsio hautagarriak: % 20.
Oinarrizko dirulaguntza horiek handitu egingo dira, hala badagokio, espedienteari esleitutako maila eta puntu-baremo hauen arabera:
• 15 puntu baino gehiago: + % 0.
• 15 puntutik < 30 puntura: + % 15.
• 30 puntutik < 50 puntura: + % 20.
• 50 puntutik < 100 puntura: + % 30.
• 60 puntuko proiektuak: + % 40.
2.– Produktu batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, ordena honetan emango zaie lehentasuna:
a) Inbertsio-zenbateko handiena duten proiektuak, inbertsio-zenbateko txikienekoen aldean.
b) Adinez gazteenak diren titularrek eskatutako proiektuak, adinez zaharrenak direnen aldean.
Lehenespen-irizpideak aplikatzean berdinketa ebazten ez bada, laguntza-eskabidearen sarrera-hurrenkeraren arabera lehenetsiko da.
3.– Nolanahi ere, laguntza Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako laguntzen gehieneko ehunekoetara mugatuko da. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
4.– Inbertsio-proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 70.000,00 eurokoa izango da.
21. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
1.– Agindu honek arautzen dituen inbertsio-proiektuen balorazioa egiteko, proiektu bakoitzari puntuazio zehatz bat emango zaio, eta puntuazio horren arabera kalkulatuko da eman beharreko laguntza, oinarri honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Agindu honen ondorioetarako, onuradun potentzial batek zenbait inbertsiotarako dirulaguntza eskatzen duenean, guztia inbertsio-proiektu bakar batean bilduko da (onuradun bat, espediente bat).
3.– Inbertsio-proiektu batek gehienez 60 puntu lortu ditzake.
4.– Kontuan hartuko dira betetzen diren balorazio-irizpide hauetako bat edo batzuk eta irizpide horiei dagozkien puntuazioak:
a) Onuraduna zer motatakoa den, puntuazio hau emango da:
– Ustiategietako titularrek, gazteek edo emakume nekazariek sustatutako inbertsio-proiektuak: 30 puntu.
– Sektorean lehendabizikoz sartu diren ustiategietako titularrek sustatutako inbertsio-proiektuak: 25 puntu.
– Titulartasun partekatuek sustatutako inbertsio-proiektuak, edo pertsona juridikoek sustatutakoak, baldin eta gutxienez % 50ekoa bada emakume nekazarien esku dagoen partaidetza kapital sozialean edo banaketa-kuotan (elkartutako pertsona fisikoak bi direnean), edo % 40koa (elkartutako hiru pertsona fisikoren edo gehiagoren kasuan): 20 puntu.
– Jarduera nagusia nekazaritza duten ustiategietako titularrek (ATP) sustatutako inbertsio-proiektuak: 20 puntu.
– Pertsona juridiko diren gainerako titularrek sustatutako inbertsio-proiektuak: 15 puntu.
– Onuradun izan daitezkeen beste batzuek sustatutako inbertsio-proiektuak: 10 puntu.
Titularren bat mota bat baino gehiagokoa bada, puntuak ezingo ditu metatu, eta puntuazio handieneko mota esleituko zaio soil-soilik.
b) Ustiategi motaren arabera, 10 punturekin osatuko dira (ez-metagarriak) mota hauetakoren bateko ustiategietan sustatutako inbertsio-proiektuak:
– Ekoizpen ekologiko ziurtatua edo kalitate-programa ziurtaturen bat duten ustiategiak.
– Nekazaritza-ingurumeneko kontratua duten ustiategiak, edo karbono-aztarna murrizteko programa edo proiektu piloturen bati atxikita daudenak.
– Ekoizpenaren % 40, gutxienez, zirkuitu laburren bidez merkaturatzen duten ustiategiak.
– Euren ekoizpenaren % 50 baino gehiago EAEn ofizialki aitortutako ekoizle-kooperatiba baten edo ekoizle-elkarte baten bidez merkaturatzen duten ustiategiak.
Mota horietako edozein 5 punturekin osatuko da, baldin eta ustiategia mendi-nekazaritzako eremu –MNE– batean edo muga naturalak edo espezifikoak dituzten beste eremuren batean badago.
c) Inbertsio-proiektu hauek 15 puntu ez-metagarrirekin osatuko dira:
– Nekazaritza-lurzoruan ingurumen-inpaktu negatiboak arintzeko inbertsio-proiektuak: ongarrien erabileraren eraginkortasuna hobetzeko ekipoak (traktoreak kanpo geratzen dira), eta simaurra eta mindak biltegiratzeko eta banatzeko hobekuntzak.
– Ustiategiko energia-kontsumoa murriztea sustatzen duten inbertsio-proiektuak.
– Ureztatzeko instalazio finkoetarako edo biomasa bidezko bero-ekipoen instalaziorako inbertsio-proiektuak (barne-erabilera).
– Ustiategietan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen duten inbertsio-proiektuak.
– Inbertsio-proiektu berritzaileak, zuzeneko ekoizpen-kostuak murrizteko eta lanaren produktibitatea hobetzeko.
– Uzta hobeto biltegiratzeko eta ekoizpenen kalitatea hobetzeko inbertsio-proiektuak.
III. KAPITULUA
2. LERROKO LAGUNTZAK
22. oinarria.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.
Laguntzen 2. lerroko onuradun izateko, 4. eta 5. oinarrietan ezarritako betekizunez gain, betekizun gehigarri hauek ere bete beharko dira:
– Lehenengo aldiz EAEko ustiategien erregistroan titular gisa izena emanda egotea, gehienez ere deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik.
– Gaitasun eta trebakuntza profesional egokiak egiaztatzea, nekazaritza-adarrean gutxienez bigarren mailako lanbide-heziketako titulu akademiko bat duela egiaztatuz.
– Laguntza jasotzeko, eskatzaileak enpresa-plan bat aurkeztu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-zentro teknologiko baten bermearekin.
– Enpresa-planak proiektuaren bideragarritasuna eta izaera berritzailea jaso beharko ditu, eta haren edukia agindu honen II. eranskinean xedatutakora egokitu beharko da.
– Nekazari gazteen kasuan, Europar Batasunean indarrean dagoen araudiaren arabera, Gaztenek prozeduran inskribatuta egotea, gazteak sektorean (Euskal Autonomia Erkidegoa) sartzen laguntzeko Estatuko NPEPEan ezarritako xedapenen arabera.
23. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira azpisektoreak edo ekoizpen-nitxoak garatzeko ustiategian egiten diren inbertsioak; inbertsio horiek eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan zehaztu behar dira.
24. oinarria.– Laguntza zenbatekoa den.
1.– Laguntza 30.000 euroko zuzeneko dirulaguntza izango da gehienez, eta 10.000 euroko zuzeneko dirulaguntza, gutxienez.
25. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza 7. oinarrian jasotako enpresa-plana onartu ondoren emango da, eta NEIKER Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak emandako balorazio teknikoaren arabera barematuko da; balorazio horretan, enpresa-planaren izaera berritzaileari emango zaio lehentasuna. Baremo hauek erabiliko dira:
– Planaren balorazio teknikoa 0-5 puntukoa denean: 10.000 euro.
– Planaren balorazio teknikoa 6-8 puntukoa denean: 20.000 euro.
– Planaren balorazio teknikoa 9-10 puntukoa denean: 30.000 euro.
2.– Proiektu batek baino gehiagok puntu kopuru bera lortzen badute, ordena honetan emango zaie lehentasuna:
– Adinez gazteenak diren titularrek eskatutako proiektuak, adinez zaharrenak direnen aldean.
– Inbertsio-zenbateko handiena duten proiektuak, inbertsio-zenbateko txikiena dutenen aldean.
Lehenespen-irizpideak aplikatzean berdinketa ebazten ez bada, laguntza-eskabidearen sarrera-hurrenkeraren arabera lehenetsiko da.