178. zk., 2024ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 12 orri.)
- EPUB (230 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4231
EBAZPENA, 2024ko uztailaren 4koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, EAEko adikzioen arloko jardunbide egokien 2024-2026 aldirako «Elkar Eginez» aintzatespenen deialdia egitekoa.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak adikzioen arloko jardunbide egokien 2024-2026 aldirako «Elkar Eginez» aintzatespenen deialdia egiten du, Adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituen urtarrilaren 21eko 5/2020 Dekretua betez.
Horregatik, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Adikzioen arloko jardunbide egokien 2024-2026 aldirako aintzatespenen deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean jaso diren oinarrien arabera.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.
Hirugarrena.– Ebazpen honetan aurreikusi ez den edozertan, urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Laugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 4a.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,
ITZIAR LARIZGOITIA JAUREGUI.
ERANSKINA
EAE-KO ADIKZIOEN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN 2024-2026 ALDIRAKO AINTZATESPENEN DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da jardunbide egokiak eta ekimen eta erakunde berritzaileak bultzatzea eta sustatzea; hain zuzen ere, proiektuen, esperientzien, metodologien edo zerbitzuen bidez agerian jarri direnak adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.
Jardunbide egokitzat jotzen da jarduketen multzo koherentea, baldin eta testuinguru jakin batean emaitza onak lortu baditu eta antzeko testuinguruetan emaitza positibo berak izan ditzakeela aurreikusten bada. Gainera, kalitate-irizpide tekniko jakin batzuk bete behar ditu.
Ekimen berritzailetzat hartuko dira ideia, ezagutza, antolakuntza-egitura, jarduketa eta esperientzia berritzaileak sortzen eta ezartzen laguntzen duten ekimenak, adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.
Erakunde berritzailetzat hartuko da bere funtzionamenduan eta jardueretan ikuspegi berritzaileak eta sortzaileak ezartzearen alde egiten duen erakundea.
Bigarrena.– Aintzatespenen ezaugarriak.
Epaimahaiak aintzatespen bat eta gehienez hiru ohorezko aipamen eman ahalko ditu, bere iritzian oinarrituta. Sariduna pertsona bakarra, bat baino gehiago edo kolektibo bat izan ahalko dira. Aitzatespenaren irabazleari hauek emango zaizkio: sari bat, adikzioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak diseinatua; ziurtagiri bat eta aitortza publikoa. Aipamenen kasuan, ziurtagiri bat eta aitortza publikoa jasoko dituzte. Aintzatespena edo aitortza jasotzen duten pertsonek edo erakundeek baimena dute horiek jaso ditutela ezagutarazteko beren komunikazio-ekintza eta inprimaki profesionaletan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpenaren egunetik aurrera, aipatuz zein urtetan eman zaien.
Hirugarrena.– Izangaiak.
Aintzatespena eta aipamenak jasotzeko izangai izan ahalko dira EAEko pertsona fisiko eta juridiko, erakunde publiko eta pribatu eta administrazio nahiz instituzio publiko hauek:
– Jardunbide egokiak, egitasmo berritzaileak eta ikerketa-proiektuak egin edo sustatzen dituztenak adikzioen arloan; zehazki, prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren esparruetan.
– Proiektua edo ekimena Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Hautagaitzak aurkezteko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (euskadi.eus): www.euskadi.eus/zerbitzuak/1099305
2.– Hauek aurkeztu ahalko dituzte aintzatespenerako eta aipamenetarako hautagaitzak: batetik, hautagai izan nahi duten pertsona eta erakundeek beraiek eta, bestetik, beste edozein pertsona fisikok zein juridikok nahiz erakunde publikok zein pribatuk. Hautagaitzak bitarteko elektronikoz aurkeztuko dira, aipatutako euskadi.net egoitza horren bidez. Hautagaitzak aurkezteko, deialdi-ebazpenaren I. eranskineko inprimakia bete beharko da.
3.– Hautagaitzek, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute gutxienez, I. eranskineko ereduan zehaztutakoaren arabera:
a) Hautagaitza-formularioa.
b) Jardunbide egokia edo egitasmo berritzailea identifikatzeko memoria deskribatzailea, epigrafe hauekin:
b.1.– Jardunbide onaren, ekimenaren edo esperientziaren izenburua: zehatza eta esanguratsua.
b.2.– Nola lerrokatzen den planarekin.
b.3.– Izaera berritzailea: ikuspegi edo metodologia berriak, esku-hartze sortzaileak eta esperientziaren transferigarritasuna.
b.4.– Gaitasun teknikoa eta kalitatea: hasierako diagnostikoa, proiektuaren plangintza eta garapena, metodologia efektiboa, iraunkortasuna, sektoreartekotasuna, beste eragile edo erabiltzaile batzuen inplikazioa.
b.5.– Ebaluazioa: ebaluazio- eta jarraipen-sistema, helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.
b.6.– Genero-ikuspegia.
b.7.– Oharrak.
b.8.– Eranskinak eta estekak: proiektuarekin lotutako material interesgarrien erreferentziak, esaterako, webguneak, sare sozialak, argitalpenak edo ikus-entzunezko aurkezpenak (10 minutukoak gehienez).
c) Proposatutako erakundearen, pertsonaren edo pertsonen aldeko abalak edo atxikimenduak, hala badagokio, hautagaitzak aurkezten dituztenak hautagaiak ez badira.
Proiektuen dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da, edo bietan.
4.– Eskabideak ez baditu betetzen oinarri hauetako baldintza guztiak zein osatugabea edo akastuna bada, erakunde edo pertsona interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Hautagaitzak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
6.– Hautagaitza aurkeztuz gero, berariaz eta formalki onartzen dira deialdiaren ebazpenean adierazten diren betekizunak eta baldintzak.
7.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml.
Bosgarrena.– Aintzatespenen kudeaketa.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza arduratuko da aintzatespena eta aipamenak emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen hori emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du zuzendaritza horrek.
Seigarrena.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, ondokoek osatua:
Epaimahaiburua:
– Raquel Sanz Álvarez, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko azterketa-teknikaria.
Ordezko epaimahaiburua:
– Imanol Ilárraz Rodríguez, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko teknikari dokumentalista.
Kideak:
– Catarina Paz Camańo, BIOEFeko koordinazio soziosanitarioko teknikaria.
– Jon Antón Cordero, Ekintza Aluviz eta Alubiz Bilbao elkarteko presidentea.
Ordezkoak:
– Yolanda González Rábago, Euskal Herriko Unibertsitateko OPIK Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldeko soziologoa.
– Ane Miren Fernández Gómez, Emakundeko Programak eta prestakuntza arloko teknikaria.
Idazkaria:
– Gotzon Minguez Ojenbarrena, Amurrioko Udaleko adikzioak prebenitzeko teknikaria.
Ordezko idazkaria:
– Mari Mar Lamiquiz Linares, Arabako Foru Aldundiko GOFEko Arabako Lautadako Kuadrillako eta Mendialdeko Kuadrillako prebentzio komunitarioko foru-teknikaria.
Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaikideek adikzioen eta generoaren arloetako teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.
2.– Epaimahaiko posturen bat hutsik geratzen bada edo epaimahaikideren bat bertaratzen ez bada, gaixotzen bada zein bestelako legezko arrazoiren bat gertatzen bada, epaimahaikide titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, epaimahaiaren idazkaritzaren aurrean ordezkapena egiaztatuta.
3.– Epaimahaiaren eraketa baliozkoa izan dadin, bilkurak eta eztabaidak egite eta erabakiak hartze aldera, beharrezkoa izango da gutxienez hiru kide bertaratzea eta horien artean epaimahaiburua eta idazkaria egotea, edo horien ordezkoak.
4.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Botoetan berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du bere kalitatezko botoaz. Hartutako erabakiak baliozkoak izateko, epaimahaiburua eta idazkaria bertan egon beharko dira, edo haien ordezkoak, eta, edonola ere, kideetatik hiru.
Epaimahaiaren idazkariak egindako jarduera eta hartutako erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da.
5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.
Zazpigarrena.– Balorazio- eta adjudikazio-irizpideak.
1.– Epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenetara aurkeztu diren hautagaitzak baloratzeko:
a) Berritzailea izatea: 30 puntu.
a.1.– Adikzioei heltzeko aurrerapenak eta hobekuntzak ekartzen dituzten ekintza eta metodologia berri edo sortzaileak garatzea.
a.2.– Transferigarritasuna: zabaltzeko edo erreplikatzeko aukera.
a.3.– Adikzioei buruzko Euskadiko VII. Planeko helburuetan egindako ekarpena: hobekuntza adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.
a.4.– Herritarrek diseinuan, ebaluazioan eta ezarpenean parte hartzea sustatzea.
b). Proiektuaren edo ekimenaren kaudimen teknikoa eta kalitatea. 30 puntu.
b.1.– Diagnostikoa: egitasmoak edo proiektuak identifikatutako behar bat betetzen du, ebaluazio zorrotz baten ondorioz, eta helburu zehatz eta errealista bat dauka.
b.2.– Plangintza eta garapena: plangintza orokorra, egituratzea, egutegia, ezagutaraztea eta parte-hartzea, xedeko hartzaileengana iristeko komunikazioa eta proiektua sendotzea.
b.3.– Ebidentzian oinarritutako metodologia.
b.4.– Iraunkortasuna: denboran luza daiteke eta eragin iraunkorrak izan ditzake, etorkizunera begirako jarduera-proiektuen bitartez.
b.5) Sektoreartekotasuna eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea; sare-lana eta auzolana.
c) Ebaluazioa: 30 puntu.
c.1.– Ebaluatzeko eta jarraipena egiteko sistema.
c.2.– Helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.
c.3.– Gizartean duen eragina neurtu eta kudeatzea.
d) Genero-ikuspegia: 10 puntu.
d.1.– Genero-ikuspegia barne hartzea, genero-berdintasunaren aldeko helburuak ezarrita, edo berdintasun-politiketan aplika daitekeen ezagutza, batik bat, adikzioen arloan.
Irizpide bakoitzean baloratuko da informazioa argia, ondo definitua eta egituratua izatea, bai eta eranskin gisa aurkeztutako dokumentazio gehigarria ordenatuta egotea eta proiektuarekiko koherentea izatea ere.
2.– Saria eskuratzeko gutxienez 60 puntu batu beharko dira.
Zortzigarrena.– Epaia.
1.– Hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, epaimahaiak aintzatespena (bakarra) eta aipamenak (gehienez, hiru) nori eman erabakiko du, hartutako erabakiaren arrazoiak adierazita. Ebazpena emateko epea gehienez lau hilabetekoa izango da, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epaimahaiak epaia eman ondoren, Osasun Publikoko zuzendariak aintzatespena eta aipamenak esleitzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, ez ematekoa.
2.– Aintzatespenaren eta aipamenen xedea eta ezaugarriak aintzat hartuta, aurkeztutako hautagaitzak ez badira nahikoa kalitatezkoak edo ez badauzkate beharrezko merezimenduak, epaimahaiak erabaki dezake aintzatespena ez ematea.
3.– Epaimahaiaren erabakia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari jakinaraziko zaio ebazpen bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Saria onartzea.
Pertsona edo erakunde saridunak hamar eguneko epea izango du, ebazpena jakinarazten den datatik hasita, aintzatespenari edo aipamenari idatziz eta berariaz uko egiteko. Epe hori igarota, onartutzat joko da.
Hamargarrena.– Aintzatespen publikoa.
1.– Aintzatespena eta aipamenak horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango dira. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona sariduna ezin bada joan ekitaldi publiko horretara (pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren edo erakundearen legezko ordezkari bat), beste pertsona bat izendatu beharko du aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aintzatespena edo aipamenak jaso dituzten pertsonen edo erakundeen izena eta saritutako proiektuen eta ekimenen berri eman ahalko du, egokien iruditzen zaion bidearen bidez –Internet barne–, denbora-mugarik gabe. Halaber, berariaz aipatu ahal izango ditu lanen nahiz proiektuen egileak edo arduradunak.
3.– Aintzatespenak eta aipamenak jasotzen dituzten pertsonek eta erakundeek aintzatespena jaso dutela ezagutzera eman ahalko dute izaera profesionaleko beren komunikazio-ekintzetan eta inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik beretik; betiere aipatuz aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaien.