178. zk., 2024ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (346 KB - 17 orri.)
- EPUB (276 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4229
AGINDUA, 2024ko uztailaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2024-2025 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan intensibo erregimenean lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duena.
Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, produkzio-lanarekin lotutako ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez langabezia gutxitzeko neurriak sustatzeko, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakatsi eta ikasteko prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduak prestakuntza eta lana txandakatzea helburu duen eta gazteei zuzenduta dagoen ikas-ekinezko Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu. Programa horren helburua, besteak beste, honako hauek arautzea da: garatu beharreko prestakuntza-jarduera, jarduera horren egiaztapena, prestakuntza-zentroen eta enpresen rola, programaren finantzaketa eta programa horren babespean eginiko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen ziozko dirulaguntzak.
Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak ezartzea, enpresako eta lanbide-heziketako ikastetxeko irakasteko eta ikasteko prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 uzErrege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.
Ildo horretatik, ikas-ekinezko prestakuntza-programen bitartez, ikastetxean nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea hasierako Lanbide Heziketako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.
Ekainaren 28ko 4/2018 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzkoak) III. kapituluan sustatzen du lanbide-heziketa duala, eta hori bultzatzera bideratutako ekintzak ezartzen ditu.
Lanbide-heziketa duala garatzea helburu estrategikoa da, garapen-maila handiagoa duten Europako beste herrialde batzuetan ezarritako lanbide-heziketaren eredua bultzatzeko ezinbestekoa den aldetik. Aipatu legearen bidez, lanbide-heziketa dualaren sistema sendo eta zabala garatzeko eta ezartzeko elementuak ezarri nahi dira. Sistema horretan sartuko dira bai hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako heziketa, bai beharrezkoak diren espezializazioak, oro har, produkzio-sareak, eta, bereziki, ezagutzaren sektore nagusiek eskatutakoak.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Prestakuntza Profesionalaren Antolamendu eta Integrazioari buruzkoak, ezartzen du lanbide-heziketa osoa duala izango dela, eta prestakuntza-zentroaren eta enpresaren artean egingo dela.
Lege horren 67. artikuluak erregimen intensiboko lanbide-heziketa duala ezartzen du, lanbide-heziketako ikastetxean edo ekoizpen-jarduerarekin parekatutako enpresan edo organismoan prestakuntza txandakatuz egiten den lanbide-heziketari dagokiona, prestakuntza-kontratu baten esparruan. Gainera, bosgarren xedapen iragankorrean ezartzen da 2028ko abenduaren 31ra arteko aldi iragankor bat gaitzen dela lanbide-heziketa dualerako beka-sistematik (azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan jasoa) legean aurreikusitako prestakuntza-kontratura igarotzeko.
Era berean, Lanbide Heziketako sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren IV. tituluan enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza hori arautzen da.
Gainera, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana, 2022ko azaroko Gobernu Kontseiluak onartua, Lanbide Heziketako euskal sistemaren hurrengo eraldaketa gidatu behar duen tresna gisa aurkezten da.
Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren bidez, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketa bultzatu nahi da, laugarren industria-iraultzaren erronkei erantzun ahal izateko eredu berritu, aurreratu eta disruptibo baten bidez, garapen iraunkorrerantz aurrera eginez, produkzio-ingurune berri baten erronkei, digitalizazioari, konektibitateari, garapen iraunkorrari eta ezagutzaren kudeaketari aurre egingo dien giza talentua bultzatuz, gure gizartearen lan-, ekonomia-, zientzia- eta kultura-eraldaketei erantzuteko.
Agindu honek ikastetxe pribatu itunduetako pertsona titularrei zuzendutako dirulaguntzak arautzen ditu. Ikastetxe horiek intensibo erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak izan beharko dituzte 2024-2025 ikasturterako, Lanbide Heziketako sailburuordeak baimenduta.
Deialdi hau Hezkuntza Sailak finantzatuko du eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuko du, ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualera bideratutako jardueren esparruan.
Ondorioz, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean eta Hezkuntza sailburuaren 2024ko urtarrilaren 24ko Aginduan (Sailaren 2024rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duena ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta helburua.
1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakaskuntza-ikastetxe pribatuek Lanbide Heziketako sailburuorde jaunaren ebazpen bidez baimendutako intensibo erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak garatzea, 2024-2025 ikasturtean, betiere deialdi honetako dirulaguntza-eskaera aurkeztu baino lehen baimendu badira.
Intensibo erregimeneko lanbide-heziketa duala izateko, Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 67. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
Euskal Autonomia Erkidegoan ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuko 4. artikuluan ezarritako iraupenak izango dituzte proiektuok.
Edozein kasutan, proiektuak bat etorriko dira azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuak, Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua garatu eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzen dituenak, ezarritako betekizun eta baldintzekin, eta bereziki, 30. artikuluan ezarritakoarekin.
2.– Dirulaguntza hauen helburua da ikastetxeei berezkoak zaizkien ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak enpresen instalazio, metodologia eta baliabideekin konbinatzea, lanbide-heziketako tituluak eskuratze aldera.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta kostuak.
1.– Diruz lagun daitekeen jarduera da, ikasleak enpresan dauden bitartean, ikastetxeko irakasleek 1529/2012 Errege Dekretuko 20.3 eta 30.5 artikuluetan eta 83/2015 Dekretuko 2.4 artikuluan ezarritako tutoretza-lanak egitea.
2.– Diruz lagungarriak izan daitezke ikasketa-eskaintza proiektuak garatzen dituzten programak, baldin eta ikastetxeei berezkoak zaizkien ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak enpresen instalazio, metodologia eta baliabideekin konbinatzen badituzte, lanbide heziketako tituluak eskuratze aldera.
3.– Diruz lagun daitezkeen kostu ekonomikoak bitartekaritza-, kudeaketa- eta tutoretza-jardueretatik eratorritakoak dira (material suntsikorra, material didaktikoa, ebaluaziorako materia eta tutoreen lekualdatzeetatik eratorritako gastuak).
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke itundutako Oinarrizko Lanbide Heziketako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloak eta espezializazio kurtsoak itunpean ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako pertsona edo erakunde titularrak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:
a) 2024-2025 ikasturtean oinarrizko lanbide heziketako, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat itunduta izatea.
b) 2024-2025 ikasturterako onartuta eta baimenduta izatea intensibo erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen artean batera egina.
2.– Ezingo dira onuradun izan dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, 13. artikulukoan azaldutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta berrogieta hamar mila eurokoa izango da. (750.000) euros.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan.
2.– Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoari buruzko ekainaren 20koa 91/2023 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak.
4.– Interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0120513
5.– Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira.
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7.– Halaber, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.
1.– Eskaera egiteko, inskripzio-orria erabili beharko da, agindu honen I. eranskinean dagoena; inskripzio-orri hori, berriz, modu telematikoz lortu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan.
2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta baita ere Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa den, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Aginduan.
Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
3.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuloaz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
– Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean ez dagoela.
– Ordainduta dauzkan dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
5.– Interesdunek egokitzat jotzen dituzten proiektu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, betiere deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte; hori bai, aurkeztutako proiektu guztiak jasoko dituen eskabide bakarra egingo dute.
Baimendu eta onetsitako proiektuak ikastetxean bertan gordeko dira, eta Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzaren eskura egongo dira.
Horrez gain, enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarriko dira programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.
Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:
II. eranskina Lanbide Heziketako sailburuordeak onetsi eta baimendutako programen zerrenda. Bertan adieraziko da zentro bakoitzeko baimendutako proiektu kopurua, eta honako datu hauek jasoko dira proiektu bakoitzari buruz: ikaslearen izena, ikastetxeko tutorea, lanbide-heziketa zikloa eta enpresa.
7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
8. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritza izango da dirulaguntzak emateko prozedura honetako organo kudeatzailea.
9. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
1.– Dirulaguntza emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikastetxeei: intensibo erregimeneko heziketa dualaren programak aurkeztea, horretarako baimena izatea eta laguntza hau eskatzea.
2.– 2024-2025 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den dirulaguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 4.1 artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, dirulaguntzek ezingo dute inola ere gainditu 941 euro-ko kopurua ikasle bakoitzeko.
3.– Ikastetxe bereko hainbat ikaslek enpresa berean egiten badituzte antolaketan eta edukietan bat datozen Lanbide Heziketa Dual intensiboko hainbat proiektu (nahiz eta ikasleek enpresan instruktore ezberdinak izan), ikasle bakarra zenbatuko da aurreko ataleko zenbatekoaren ondoreetarako. Azterketa hori egiteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: modalitatea, enpresa, tutorea jatorrian (ikastetxean), tutorea destinoan (enpresan) eta heziketa-ziklo bera.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Plangintza eta Antolaketako zuzendariak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan dagoen «Nire Karpeta» ren bidez, jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, ikastetxe onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Halaber, ebazpenean zehaztuko dira ezetsi eta ukatutako eskabideak eta erabaki hori hartzera eraman duten arrazoiak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
11. artikulua.– Justifikazioa.
Justifikazioa III. eta IV. eranskina –azken txostena– betez egingo da.
Intensibo erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programak amaitzean, lanbide-heziketako ikastetxeak azken txostena egingo du, eta txosten horretan jasoko dira egin diren jarduerak eta ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza- eta enplegu-programan parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzko datu estatistikoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, laneratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran. Interesgarritzat jotzen diren bestelako alderdiak ere jasoko dira.
Eskabide horiek aurkezteko epea 2025eko uztailaren 18an amaituko da.
Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoan dagoen «Nire Karpeta»ren bidez
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
12. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Intensibo erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa horiei dagozkien dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:
a) Lehenengo zatian, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70,698 ordainduko da, betiere 17.1 artikuluko epea igaro bada eta dirulaguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, 2024an, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak benetan egin izana eta horien kostua ziurtatzen duten egiaztagiriak aurkeztu eta gero, 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko duzu, helbide honetan: https://euskadi.eus/hirugarrenak
13 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Ikastetxe onuradunak Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean badaude, dagokion itzulketa-prozedura abiaraziko da.
2.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako prozedura beteko da.
Hona prozedura:
a) Prozedura hasi eta ebazteko ardura Lanbide Heziketako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpen bidez burutuko du prozedura.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion dirulaguntzen arloko berandutze-interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Aldi hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko arduradunari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
14. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta ezarritako mugak urratuz beste dirulaguntza batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.
2.– Ikasleak baja hartzen badu edo uko egiten badio, kontratuaren iraupenaren proportzioan murriztuko da ordainketa.
3.– Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
15. artikulua.– Kontrola, ikuskaritza eta segimendua.
1.– Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren kontrol-, ikuskaritza- eta segimendu-lanak egingo ditu egoki deritzonean, eta beharrezkotzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko eskatuko du, edozein kasutan, emandako dirulaguntzei dagokienez Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Esku-hartzailetza Nagusiari dagokion finantza-kontrolari kalterik egin gabe.
2.– Ikastetxeek erraztu egingo dituzte jarduketa horiek, bereziki kontuen eta eragiketen auditoretzen esparruan egindakoak, baita jarduera fisikoak in situ egiaztatzeko jarduketak eta eskumeneko agintaritzek egindako beste edozein ebaluazio-jarduketa ere.
16. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.
17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko du.
3.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzari.
5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri ematea Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzari.
6.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan, informatiko zein bestelakoetan, adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».
7.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27 eta 42. artikuluak.
18. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
1.– Datu pertsonalak tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Lanbide-heziketarekin lotutako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko.
Legitimazioa:
– Interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: onuradunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean:
https://www.eusladi.eus/clausulas-informativas/webb01-sede/es/transparencia/047400-capa2-es.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra
(https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML /? Uri-CELEX: 32016r0679 & from = ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php? Id-BOE-A-2018-16673).
2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabidearekin batera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari baimena ematen zaio beste erakunde publico batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea,Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua eta Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 23a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.