178. zk., 2024ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (215 KB - 18 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4227
AGINDUA, 2024ko irailaren 4koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez Gizarte Ekonomian Ekiteko laguntzen oinarriak onesten baitira eta 2024ko deialdia egiten baita.
Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –aipatutako bigarren lehendakariorde eta sailburuak 2024ko martxoaren 5ean onartua– eta Eusko Jaurlaritzaren 2024ko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntzen ildoei eutsi diete; eta gizarte-ekonomiako enpresen ekintzailetza sustatzen dute. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratuta dago: www.euskadi.eus, zehazki, sailari dagokion guneko «Plan Estrategikoa» izeneko atalean.
Aztertu egin dira Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak azken 25 urteetan gizarte-ekonomiako enpresen babesean eta sustapenean lortutako emaitzak, eta azterketa horrek erakutsi du, gizarte-ekonomia hedatzeari dagokionez, laguntza publikoak hiru aldi zehatzetan izaten direla bereziki eginkorrak. Erdiko postuan gizarte-ekonomiako enpresen sorrera bera dago, kalitatezko enpleguak sortzen baitira: izan ere, baliabide ekonomikoen % 77,56 atal horri esleitzen zaizkio. Gainerako zenbatekoa enpresa bere horretan eratu aurreko fasearen eta enpresa sortu berria bere lehen urteetan mantentzeko fasearen artean banatzen da.
Hori dela eta, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legea onartu dela, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari entzun zaiola, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea gizarte ekonomian ekiteko 2024ko laguntzen oinarriak. Agindu honen eranskinean jaso dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen lege orokor hori), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorrita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 4a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria – Xedea.
1.– Agindu honen xedea Gizarte Ekonomian Ekiteko laguntzen oinarriak onartzea eta 2024rako deialdia egitea da. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.
2.– Agindu honetan azaltzen diren laguntzak hiru kapitulutan banatu dira:
a) II. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresak sortzea sustatuko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak.
b) III. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko eta bultzatzeko laguntzak.
c) IV. kapitulua: gizarte-ekonomiako enpresa eratu berriak sendotzeko laguntzak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta emateko mugak.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, hiru milioi ehun eta hogei mila euro (3.120.000) esleituko dira.
2.– Aurreko zenbakian jasotako zenbateko orokorra honela banatzen da:
a) II. kapituluan jasotakoa betetzeko, seiehun mila (600.000) euro esleituko dira: 2024ko ekitaldirako laurehun eta laurogei mila (480.000) euroko ordainketa-kreditu baten bidez eta 2025eko ekitaldirako ehun eta hogei mila (120.000) euroko konpromiso-kreditu baten bidez.
b) III. kapituluan jasotakoa betetzeko, bi milioi laurehun eta hogei mila (2.420.000) euro esleituko dira: 2024ko ekitaldirako milioi bat bederatziehun eta hogeita hamasei (1.936.000) euroko ordainketa-kreditu baten bidez eta 2025eko ekitaldirako laurehun eta laurogeita lau mila (484.000) euroko konpromiso-kreditu baten bidez.
c) IV. kapituluan ezarritakoa betetzeko, ehun mila (100.000) euro esleitu dira, eta guztiak 2024ko ekitaldikoak dira.
3.– Lehen oinarrian jasotako hiru kapituluen arabera, bereizita aztertuko dira eskatutako laguntza guztiak, baldin eta agindu honetako terminoetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte. Kapitulu bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada entitate onuradunen eskabideei erantzuteko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.
4.– Baliabide ekonomikoen zuzkidura 2.2 oinarrian zehaztutako kapituluren bateko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko nahikoa ez bada, honela jokatuko da:
a) Baietsi diren eskaera guztiei erantzuteko behar beste baliabide dituzten kapituluak modu autonomoan ebatziko dira.
b) Ondoren, egiaztatuko da dagoeneko ebatzitako kapituluetako batean soberako saldorik dagoen; kasu horretan, saldo horiek atal defizitarioei egotziko zaizkie, kapitulu bakoitzerako hasieran bideratutako guztizkoekiko banaketa proportzionalaren arabera.
c) Hala eta guztiz ere, hasieran aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko behar adina baliabide ekonomiko lortzen ez badira, hasiera batean kalkulatutako zenbateko horiek murriztu egingo dira, eta baietsi behar diren eskabideen arteko murrizketa proportzionala aplikatuko da kapitulu bakoitzeko.
5.– Deialdi hau 1.2 oinarrian ezarritako dirulaguntzen lerro bakoitzean ebatziko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritako lehiaz kanpoko konkurrentzia-prozedurari jarraituta.
3. oinarria.– Onuradun izateko eskakizun orokorrak.
1.– Beren jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
2.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko beharrak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorrita.
b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen zaion administrazio- edo zigor-zehapenik jaso ez izana; edo ez egotea horretarako ezgaitzen duen inolako debekuren eraginpean.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinaraztea beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero.
e) Hala badagokio, minimis laguntzak erantzukizunez deklaratzea, agindu honetan araututako laguntza ematen denetik hiru urte lehenago. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
f) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
g) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
i) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako egoeren eraginpean.
j) Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen du agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaziorik ez izateko.
3.– Aurreko ataleko eskakizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
4. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta eskakizun orokorrak ziurtatzea.
1.– Eskabideak eskabide normalizatuaren bidez egingo dira. Egoitza elektronikoan eskuragarri dago.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Entitate eskatzaileek aukera dezakete eskabidea eta dokumentuak euskaraz ala gaztelaniaz aurkeztea. Orobat, prozedura burutzean, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
5.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide hauetan dago eta, bertan, eskuragarri daude izapide-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabideak egiteko formularioetarako lotura ere:
II. kapitulua – Gizarte-ekonomiako enpresak sortzea sustatuko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
III. kapitulua – Gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko eta bultzatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
IV. kapitulua – Gizarte-ekonomiako enpresa eratu berriak sendotzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
6.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
9.– Eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta, arrazoiak emanez, baimen horren aurka agertzen bada. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako agintaritza eskudunen ziurtagiriak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.
10.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, entitate onuradunek adierazi behar dute betetzen dituztela oinarri honetako 2. puntuan zehazten diren eskakizunak, baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan adierazitako gainerako eskakizunak ere.
11.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
12.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza jaso duen entitateak esanbidez uka dezan datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek esleituta dauzkaten egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea. Kasu horretan, entitate eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.
5. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beterik ez badaude, edo behar den dokumentazioarekin batera ez badatoz, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituta.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
6. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarri dira, xede eta helburu bera betetzeko, beste edozein administrazio edo ente publikok emandakoekin.
2.– Dirulaguntzak beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko ente publikoetatik datozenekin uztartzen badira, laguntzen baturak 2., 16., 22. eta 27. oinarrietan, hurrenez hurren, aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman behar duen laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
3.– Laguntza-agindu honetako jardueren bateraezintasun-araubidea era egokian aplikatzeko, berezitasun hauek hartuko dira kontuan:
a) 18.a) oinarrian adierazitako diruz laguntzeko moduko jarduerari dagokionez, ez da ulertuko ordainketa bakarreko langabezia-prestazioak (langabeziagatiko kapitalizazioa) agindu honen xede eta helburu bera duenik.
b) 18.b) oinarrian adierazitako jarduera bateraezina izango da agindu honek ekitaldi honetarako deitu dituen laguntzekin: «Agindua, 2024ko ekainaren 19koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko laguntzen deialdiaren oinarriak onartu eta 2024rako deialdia egiten duena».
7. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, baliabideak eta publizitate-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenean, dirulaguntza eman zaion pertsona eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, berariaz adieraziko dira, hala badagokio, xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zein xedapenen babesean eman den eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi direla ere.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
8. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.
b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera egin dela.
c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.
d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearekin lotutakoak egunean dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoa) zehazten den moduan.
g) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede izan daitezkeelako.
h) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, euskararen erabilera.
k) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
l) 50 bazkide baino gehiago dituzten kooperatiba-sozietateen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea kooperatiba indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin.
m) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
9. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honek edo beste administrazio edo ente publiko batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk aldi berean jaso badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan entitate onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen badira eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan zerrendatutako betekizunak betetzen badira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
10. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate onuradunak agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta entitate interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 80 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.
3.– Administrazioko arau-hausteen kasuetan, dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboen araubidea aplikatuko da, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan arautzen baita.
11. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen entitate onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.
12. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datuen babesari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, helbide hauetara jo dezakezu:
a) II. Kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217909
b) III. Kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217910
c) IV. Kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217911
II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATZEN LAGUNTZEKO ETA ONDOREN HORIEK FINKATZEKO EUSKAL SARE PUBLIKO-PRIBATUA SUSTATU ETA INDARTZEKO LAGUNTZAK
13. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Kapitulu honen ondorioetarako, jarduera hauek diruz lagundu daitezke:
a) Gizarte Ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresa-kultura zabaltzeko ideia-lehiaketak diseinatzea eta egitea.
b) Gizarte Ekonomiaren ereduaren preskriptoreen sarea optimizatzea eta osatzea, tresnak emanez (informazioa eta ezagutza) ekintzailetza kolektibora bideratutako ibilbideetarako «sarrerako ate» izan daitezen. Hauek joko dira diruz laguntzeko moduko ekintzatzat:
1.– Informazio eta prestakuntzako saioak egitea Lanbideko zentroetan, prestakuntza presentzial eta birtualeko eskuliburuekin, langileentzat.
2.– Gizarte Ekonomiako ereduen balio-proposamenak egitea LHko zentroetako, institutuetako eta unibertsitateetako orientazio-zerbitzuetan, eta inplikatutako eragileekin batera aztertzea nola eman garrantzi handiagoa Gizarte Ekonomiari hainbat programatan, hala nola Urrats bat eta Ikasenpresa programetan, edota graduondokoetan.
3.– Lurraldeko eragileen –tokikoak, eskualdekoak, foralak edota BICak izan daitezke– eta ekintzailetzari lotutako beste eragile batzuen –merkataritza-ganberak, aholkularitzak, banku-fundazioak izan daitezke– artean Gizarte Ekonomiako ereduei balioa emateko jarduerak.
4.– Transformazio-, ondorengotza- eta birmoldaketa-prozesuak goiz detektatzeko antena mantentzeko jarduerak, preskriptoreen sarearen informazioan oinarrituta.
c) Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako Urteko Jarduketa Plana egitea, garatzea eta gauzatzea. Plan hori inguruko hezkuntza-entitateek eta eskualde-oinarriko lurralde-eremu batean –batez ere Gizarte Ekonomiakoan– errotutako enpresek parte hartzen duten entitateek egingo dute. Jarduketa Planean eduki hauek txertatu behar dira nahitaez:
– Helburu kuantitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.
– Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko antolakunde edo entitateekiko lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.
– Enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-entitateen berariazko lankidetza edukitzea.
– Etorkizuneko proiektuei estaldura eman diezaieketen gizarte-ekonomiako enpresek edo antolakundeek Lurralde Sustapeneko Urteko Planean parte hartuko dutela ziurtatzea. Proiektu bakoitzerako, planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.
d) Gizarte-ekonomiako enpresa gehiago sortzeko eta eraldatzeko pizgarriak kentzen dituzten oztopo juridikoak aztertzea (Autonomia Erkidegoko araudia).
14. oinarria.– Entitate onuradunak.
Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) Gizarte-ekonomiako enpresen elkarteak eta gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzako egiturak edo taldeak, baldin eta beren helburu sozialean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta sortzea txertatzen badute, eta jarduera horietan gutxienez bi urteko esperientzia badute: 13.a), 13.b) eta 13.d) oinarriko jardueretarako.
b) Xede sozialtzat enpresak sustatzea duten pertsona juridikoak (ahal dela kooperatibak edo lan-sozietateak eratzea), irabazi-asmorik gabekoak edo nagusiki irabazi-asmorik gabeko entitateenak direnak (aurrerantzean, entitate sustatzaileak): 13.a) eta 13.c) oinarriaren jardueretarako.
15. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) 13.a), 13.b) eta 13.d) oinarriaren jardueretarako: aurreikusitako jarduerak bultzatzeko arrazoien eta helburuen memoria zehatza. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu hauek:
– Giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
– Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.
– Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.
– Programaren entitate laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.
b) 13.c) oinarriaren jardueretarako:
– Jarduketa-plana, agindu honen 13.c) oinarrian ezarritako baldintzetan eta eskakizunekin.
– Lurraldeko hezkuntza-entitateen egiaztagiriak, eta entitate horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.
– Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo antolakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria.
16. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Hauexek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 13.a) oinarriaren arabera diruz lagun daitezkeen jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75, entitate onuradun bakoitzeko 35.000 euroko mugarekin.
b) 13.b) oinarriaren arabera diruz lagun daitezkeen jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85, diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzeko 10.000 euroko mugarekin.
c) 13.c) oinarriaren arabera diruz lagun daitezkeen jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85, diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzeko 60.000 euroko mugarekin.
d) 13.d) oinarriaren arabera diruz lagun daitezkeen jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75, entitate onuradun bakoitzeko 30.000 euroko mugarekin.
17. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntzen ordainketa zatituko da, sistema honen arabera:
a) Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, gainerako % 20a, diruz lagundutako jarduera edo jarduerak amaitutakoan.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
a) 13.a), 13.b) eta 13.d) oinarriaren jardueretarako:
– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
– Memoria ekonomikoa, jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatuarekin. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira. Egindako gastuaren egiaztagiriak jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak izango dira.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
b) 13.c) oinarrian jasotako diruz lagundu daitezkeen jardueretarako: egindako sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehatua, non berariaz jasoko baita egindako jarduera osoa, Gizarte Ekonomiako entitateen sustapena eta, hala badagokio, zabalkunde-jardueratik eratorritako beste entitate batzuena barne, eta egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuta.
3.– Justifikazioan barne-gastuak eta entitate onuradunaren berezko langileen gastuak sartzen badira, Gizarte Segurantzaren TC1 eta TC2 ereduen kopiak aurkeztu beharko dira, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkienak; eta jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatu beharko dira. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.
III. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
18. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak hauek direla ulertuko da:
a) Gizarte Ekonomiako enpresak sortzea:
– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira lan-sozietateak eta lan elkartuko kooperatiba-sozietateak, bai eta, beste enpresa mota bat izan arren, lan-bazkideekin eratzen diren kooperatibak ere.
– Gizarte Ekonomiako enpresen eraketatzat hartuko dira, halaber, enpresa-jarduera duten entitateak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzen diren kasuak, bai eta nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatibak eratzen diren kasuak ere.
b) Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotutako sustapen-ekintzak egitea, ondorengo jarraipena eta enpresa-kudeaketako doako aholkularitza barne, enpresaren jarraipena laguntzeko eta mantentzeko, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.
c) 2024an, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko, azterlan hauek egitea:
– Aztergaiak: gero eta galera-maila handiagoa duten sozietate anonimo edo mugatuen bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa, negozio-bolumenaren murrizketa, izakinen gehikuntza, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordinaren murrizketa, zorpetzearen igoera, finantza-gastuen igoera, aktibo garbiaren ahultzea edo desagerpena.
– Azterketa juridikoa eta ekonomiko-finantzarioa, langileek zerbitzuak ematen dituzten enpresaren jabetza eskuratzearen bideragarritasunari buruzkoa, belaunaldi-erreleborik gabe.
19. oinarria.– Entitate onuradunak.
Hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:
a) 18.a) oinarriaren jardueretarako: Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan 2023ko irailaren 16tik 2024ko irailaren 15era bitartean (biak barne) inskribatutako kooperatibek eta lan-sozietateek. Ondorio horietarako, inskripzio-eskabidea dagokion erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.
b) 18.b) oinarriaren jardueretarako: kooperatiben edo lan-sozietateen eraketa sustatzea helburu duten pertsona juridikoek, irabazi-asmorik gabekoak badira edo nagusiki irabazi-asmorik gabeko entitateenak badira (aurrerantzean, entitate sustatzaileak).
c) 18.c) oinarriaren jardueretarako: enpresa-bideragarritasunari buruzko azterlanak egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horien partaidetza nagusia Gizarte Ekonomia ordezkatzen duten antolakundeek izan behar dute, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten beste aholkularitza-enpresa batzuek, gizarte-ekonomiako ordezkaritza-antolakunderen bati elkartuta.
20. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak eta ziurtatzeko modua.
1.– 18.a) oinarrian azaldutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteagatik onuradun gertatu diren kooperatiba-sozietateek eta lan-sozietateek betebehar hauek izango dituzte:
a) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea dagokion erregistroko inskripzio-data osteko urtean zehar, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa.
Aldi horretan, bazkideen artean, baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartu zen bazkide langileen edo lan-bazkideen kopuruari eusten ez bazaio, jasotako laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira, mantendutako bazkide kopuruaren proportzioan.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkarte-egitura batean integratuta jarraitzea, gutxienez dagokion erregistroan inskribatu eta hiru urte bete arte.
c) Agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzentzea; erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresak galerarik badu, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.
d) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitzea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.
2.– Betebehar horiek bete direla honela ziurtatuko da:
a) 20.1.a) oinarrian jasotakoari dagokionez: entitate onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua bidali beharko du Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara, hamabi hilabeteko aldia amaitzen denetik hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio entitateari, horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta, hala badagokio, justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, betiere haren erdia baino handiagoa bada.
b) 20.1.b) oinarrian jasotakoari dagokionez: dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du betebeharra bete dela, dagokion elkartean integratzeari eusten zaiola egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuz. Bi unetan egiaztatuko da: urtebete betetzen denean eta sozietatea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.
c) 20.1.c) eta 20.1.d) oinarrietan jasotakoari dagokionez: dirulaguntza ematen duen administrazioak betebehar horiek ofizioz egiaztatuko ditu, sozietatearen erregistroan inskribatu eta hiru urtera kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuz. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
3.– Entitate onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten elkarte-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari hiru urtez, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta onuradunak itzuli egin beharko du jaso duen gehiegizko kopurua.
4.– Entitate onuradunak sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela justifikatzen badu, gutxienez diruz lagundutako zenbatekoari dagokionez, sozietateak 18.a) oinarrian jasotako betebehar guztiak bete dituela ulertuko da.
21. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) 18.a) oinarriaren jardueretarako:
– Enpresa-proiektuaren enpresa-plana edo planak, lehen ekitaldi osoan garatzeko jarduerak azalduta.
– Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkide langileek gizarte-ekonomiako prestakuntza dutela egiaztatzen duen dokumentazioa, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako erabakiarena, prestakuntza emango duen entitatea zehazki aipatuta.
– Laneko segurtasun eta osasunaren arloko araudiak ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzea, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
– Bazkideen Liburuaren kopia, bai eta sartutako pertsonen sozietate- edo lan-kontratuen kopia ere.
– Sustatutako entitatearen erregistroko inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sartutako bazkide bakoitzak kapitalari egindako ekarpenaren bankuko egiaztagiria.
– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman izanaren kopia edo alta emateko eskabidea aurkeztu izanaren kopia.
– Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adierazten duena.
– Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxe Zaintzako Epaitegiaren autoa edo espetxeak emandako ziurtagiria.
– Hala badagokio, bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo batzuk bere kargura dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo batzuk ardurapean dituzten pertsonak kontratatzen badira.
– Etxeko indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzea.
– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, edo Fiskaltzaren txostena, non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat, edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonek laneratze-enpresaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta bertan prozesua noiz amaitu zen egiaztatu beharko da.
– Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Toxikomano ohiek arlo horretan eskumena duen organoaren jakinarazpenaren kopia aurkeztu beharko dute, eta bertan agertuko da kontratatutako pertsona Errehabilitazio Programan sartzea onartu dela.
b) 18.b) oinarriaren jardueretarako:
– Sustatutako entitatearen eta entitate sustatzailearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Aurreikusitako jardueren, gastu-aurrekontuaren eta finantzaketa-planaren memoria zehatza.
– Enpresaren jarraipen- eta aholkularitza-plana, aurreikusitako metodologia adierazita.
c) 18.c) oinarriaren jardueretarako:
– Bideragarritasunari buruzko azterlan-proiektuaren memoria.
– Justifikazioa, enpresa 18.c) oinarrian jasotako kasuren batean dagoela egiaztatzeko.
22. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek dira dirulaguntzaren zenbatekoa eta muga aplikagarriak:
4.000 euro, harreman mugagabe bidez txertatu den bazkide langile edo lan-bazkide bakoitzeko.
– Halakotzat hartuko da gizarte-ekonomiako enpresan entitatea eratzen denetik 2024ko irailaren 15era bitartean sartu den bazkide langile edo lan-bazkide oro, bi datak barne.
– Aurreko paragrafoan bazkide langileak eta lan-bazkideak aipatzen direnean, eskubide osoko bazkidetzat hartuko dira nekazaritzako eta elikagaigintzako kooperatiben kasuan.
b) Zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaizkio kasu hauetan:
– Emakumeak izatea, entitateko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
– Desgaitua izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat izatea, eta gutxienez % 45eko minusbaliotasun onartua.
– Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
– Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mendeko izatea.
– Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dagoela ulertzeko: pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan dira, betiere modu egiaztatu batean bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Fiskaltzaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
– Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren VIII. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
– Pertsona berak aurreko kasu bat baino gehiago betetzen baditu, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaizkio kasu bakoitzeko, eta dirulaguntza 6.000 eurokoa izango da gehienez ere, sartutako bazkide langile edo lan-bazkide bakoitzeko.
c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.
2.– Entitate onuradunen kasuan, 18.a) oinarriko jarduerei dagokienez: aurreko apartatua aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren % 100.
3.– Entitate onuradunen kasuan, 18.b) oinarriko jarduerei dagokienez: oinarri honetako 1. puntua aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren % 30. Lurralde-sustapen planifikatuko jardueraren onuradun den entitate baten kasuan (13.c oinarria), 18.b) oinarrian aurreikusitako jarduerarengatik diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da.
4.– 18.c) oinarriko jarduerei dagokienez, entitate onuradunentzat: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 100; 5.000 euroko mugarekin egindako azterlan bakoitzeko.
23. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
Dirulaguntzen ordainketa zatituko da, sistema honen arabera:
a) Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 20a, entitate onuradunak ondoren zerrendatzen diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.
– 18.a) oinarriaren jardueretarako: bazkideen liburuaren kopia konpultsatua edo agindu honen 20.1.b) oinarrian aipatzen den entitatearen ziurtagiria.
– 18.b) oinarriaren jardueretarako: egindako jarduerak justifikatzen dituen memoria orokorra. Egindako gastuen justifikazio ekonomikoa jaso beharko da, bai eta egindako ordainketak egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa ere. Era berean, enpresa-planaren bilakaerari eta lortutako emaitzei buruzko azalpen-memoria erantsi beharko da, dirulaguntza ekonomikoa jaso duen entitate bakoitzeko banakakoa.
c) 18.c) oinarriaren jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
24. oinarria.– Minimis laguntzak:
1.– Agindu honetan jasotako 18.a) eta 18.c) oinarrien babesean emandako laguntzek edo dirulaguntzek hau bete beharko dute: Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu beharko ditu, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko. Beste finantzaketa-iturri batzuk deklaratzeko eredua eta minimis laguntzak deklaratzeko eredua agindu honen 4.5 oinarrian adierazitako informazio-fitxan jasota daude.
IV. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESA ERATU BERRIAK SENDOTZEKO LAGUNTZAK
25. oinarria.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa.
1.– Kapitulu honen ondorioetarako, diruz lagundu daitekeen jardueratzat hartuko da enpresa-kudeaketako tresnak ezartzea, bazkide langileei horrelako tresnetan prestakuntza ematea barne.
2.– Kapitulu honen babesean dirulaguntza jaso ahal izateko, aurreko puntuan aipatutako jarduketa enpresa onuradunei jaso edo zuzendu beharko zaie 2015. eta 2023. urteen artean (biak barne) gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen deialdiren batean, enpresen eraketari buruzko atalean.
26. oinarria.– Entitate onuradunak.
Gizarte-ekonomiako enpresen elkarteak izan daitezke onuradunak.
27. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.
b) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.
c) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aholkularitza-enpresarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin zuzenean edo zeharka inolako akzio- edo partaidetza-loturarik ez duela adierazten duena. Betekizun hori ez zaie aplikatuko Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen elkartze-egiturak finkatzeko laguntzen onuradun diren entitate eta elkarte-egiturei, 2024ko deialdian.
28. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 izango da, gehienez ere hiru mila (3.000) euro inplementatutako tresna bakoitzeko.
29. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Ordainketa igorpen bakarrean egingo da, dirulaguntza emateko ebazpena eman eta hurrengo egunetik 15 egun igaro ondoren, berariazko uko-egiterik izan ez bada.
2.– Dirulaguntzaren azkeneko justifikazioa 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da. Entitate onuradunak memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Erabilitako materialen eta egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko da.