178. zk., 2024ko irailaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (4448 KB - 49 orri.)
- EPUB (3179 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
SEGURTASUN SAILA
4225
EBAZPENA, 2024ko irailaren 4koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente Kategoriako karrerako funtzionarioentzat esku-hartze espezialitateko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.
Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua, azken dekretu horri egindako aldaketak (hauek eginda: maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretua, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretua, apirilaren 20ko 120/2010 Dekretua eta azaroaren 22ko 142/2022) eta Ertzaintzaren espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023ko Dekretua, Ertzaintzaren zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien araubidea arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretua, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretua eta Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretua.
Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.
Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek ebatzi du Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente Kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako esku-hartze espezialitateko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, hauen arabera:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako Agente Kategoriako karrerako funtzionarioak esku-hartze espezialitateko ikastaroan sartzeko.
2.– 7 lanpostutarako deialdia egiten da.
3.– Hautaketa-prozedura beste fase bat bezala osatuko da, prestakuntza-ikastaro bat eginez. Prozedurak prestakuntza-fase bat eta praktika-fase bat izango ditu, biak derrigorrezkoak eta baztertzaileak.
4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, deitutako lanpostuen kopurua handitu ahal izango da, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Handitze hori Hamaikagarren Oinarriko 3. zenbakian aurreikusitako izapidea baino lehen egin beharko da.
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Aurretiaz eskaera egitea.
b) Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.
Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategorian zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.
c) Atxikita dagoen lanpostuan gutxieneko iraupen-aldi baten mende ez egotea ebazpen hau argitaratzen den egunean, salbu eta denbora hori beteta badago, edo organo eskudunak uko egitea onartu badu, edo horren lotura eta arrazoi berdinaren mende dagoen beste lanpostu bat lortu nahi badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan eta apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 6.4 azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onartzen duen Dekretua laugarren aldiz aldatzeko azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuaren eranskinean agertzen den bazterketa medikoen koadroan sartuta ez egotea.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dituzte aurreko paragrafoan ezarritako baldintza guztiak.
3.– Pertsona onartu eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzean bete beharrekoak.
Baldintza horiek ofizioz egiaztatuko ditu deialdia egin duen organoak. Horretarako, Segurtasun Saileko organo eskudunak dagokion ziurtagiria eman beharko du.
Hala eta guztiz ere, hautaketa-prozedura osoan zehar, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egingo zaizkie, ebazpen honen Bigarren Oinarriko 1.e) puntuan aipatutako baztertze medikoen koadrora egokitzen diren egiaztatzeko.
Horretarako izendatutako epaimahai mediko batek egingo du egiaztapen hori.
4.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko eskumena duen organoak jakiten badu pertsona horietakoren batek, hasieran edo gerora sortutako inguruabarrengatik, deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzetako bat betetzen ez duela, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, entzunaldia egin ostean.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek sailaren Gurenet intranetaren bidez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Eskabidean adierazi beharko da zein hizkuntzatan egin nahi diren oposizio-probak, euskaraz edo gaztelaniaz.
4.– Eskabidean adierazi beharko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla.
5.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta horrek esan nahi du izangai bakoitzak berariaz eta zalantzarik gabe adieraziko duela bere osasun-egoera ona dela proba fisikoak egiteko, eta bere erantzukizunpean egingo dituela.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
2.– Baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, behin-behineko zerrendan adieraziko da zein izan den baztertzeko arrazoia, eta 10 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko eta, hala badagokio, eskabidearen akatsak zuzentzeko.
3.– Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartuko edo baztertuko dira. Ebazpen horren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egingo da, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
Bosgarrena.– Epaimahai-kalifikatzailea.
1.– Oposizio-probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, epaimahai-kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahaiburu batek eta bi bokalek osatuko dute epaimahaia, eta horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Osaeran, kideen inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioak beteko dira, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa ere.
Epaimahai-kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
2.– Epaimahai-kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua erregulatzen duten arauen arabera arautuko da.
Epaimahai-kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errefusatze-arrazoiak aplikatuko zaizkie.
Epaimahai-kalifikatzailean parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.
3.– Hautaketa-sistema osatzen duten probak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai-kalifikatzaileari dagozkio, eta autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai-kalifikatzaileak aholkulari espezialistak erabili ahal izango ditu bere lanetarako, hautaketa-prozesuko proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulariek beren espezialitateetan aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango.
Aholkulari horien jarduna objektibotasun, inpartzialtasun eta konfidentzialtasun printzipioen mende egongo da.
5.– Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, oinarri hauetan aurreikusten ez den guztian hautaketa-prozedura garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere.
6.– Epaimahai-kalifikatzailearen erabakiak hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.
7.– Epaimahai-kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:
2024bbt@seg.euskadi.eus
Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die, betiere Ertzaintzako funtzionarioen helbide elektroniko korporatibora zuzenduta.
Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.
1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, izangaien gaitasuna zehaztuko duena eta haien arteko lehentasun-ordena finkatuko duena.
2.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, hau da, oposizio-fasea osatzen duten ariketa edo proba guztien guztizkoa, merezimenduen ebaluaziotik ateratzen dena gehituta, hala badagokio: ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, euskararen ezagutza baloratzea eta polizia-lana aintzatestea. Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioak izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.
Zazpigarrena.– Oposizioa proba hauek egitea izango da:
1.– Lehenengo proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Gaitasun fisikoko proba edo azterketa: 0 puntutik 70 puntura baloratuko da eta proba honen hiru testetako bakoitza gainditu beharko da. Test horiek deialdi honen eranskinean zehazten dira.
Hauek dira hiru testak:
– Indarra neurtzeko testa. 0-30 puntu emango dira, eta hori gainditzeko 18 puntu lortu beharko dira nahitaez.
Zortzi ariketa egingo dira. Ariketa bakoitzak 30 segundoko iraupena izango du, eta 30 segundoko errekuperazioa izango du ariketen artean. Ahalik eta errepikapen gehien egin beharko dira.
Azken puntuazioa ariketa bakoitzean lortutako partzialen batura izango da, eranskinean zehazten den moduan.
– Erresistentzia-testa. 0tik 30 puntura bitartean baloratuko da, eta hori gainditzeko 18 puntu lortu beharko dira nahitaez.
Erresistentzia aerobikoko ariketa bakarra egingo da, eranskinean deskribatzen den bezala.
Azken puntuazioa betetako aldiari dagokiona izango da, eranskinean zehaztutako baremoaren arabera.
– Ur-inguruneko testa. 0tik 10 puntura bitartean baloratuko da, eta hori gainditzeko 5 puntu lortu beharko dira nahitaez.
Ariketa bat egingo da uretako ingurunean, igeriketa gehienez 50 metroko distantzian, urperatzea eta ariketa jakin batzuk egitea konbinatuz, eranskinean zehazten den bezala.
Azken puntuazioa testa gauzatzeko denborari dagokiona izango da, eranskinean zehaztutako baremoaren arabera.
Ariketa fisikoak parte hartzen dutenen erantzukizunpean egingo dira; horretarako, kirol-arropa egokiarekin aurkeztu beharko dira. Ezin da eskularrurik edo antzekorik erabili, ezta errendimendu fisikoa edo kirol-errendimendua hobetzen duen beste edozein elementu erabili ere.
2.– Bigarren proba, derrigorrezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa, esku-hartzeko polizia-lanak behar bezala egiteko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehaztera bideratua. Test motako galdetegi-formatuan egingo da.
Proba honetan 0 eta 40 puntu artean emango dira. Proba honek hiru ariketa izango ditu, guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak, eta ariketa bakoitzaren balioa honelakoa izango da:
a) Arrazoitze-ariketa (0 eta 14 puntu arteko balioa).
b) Pertzepzio-gaitasunen ariketa (identifikazioa, bereizketa, memoria...). (0 eta 13 puntu arteko balioa)
c) Gaitasun espazialen ariketa (0 eta 13 puntu arteko balioa).
Ariketa bakoitzean test erako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz.
Test erako galdetegi bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu eta bat bakarra izango da zuzena.
Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza 1/3 balioarekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta bi erantzun dituztenak ez dira zigortuko.
Proba hori gainditzeko, gutxienez hiru ariketetako bakoitzari esleitutako balioaren erdia lortu beharko da, eta gutxienez 20 puntu hiru ariketen batuketan.
Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai-kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai-kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:
HPB = (PZ x PBgeh) / (PZgeh)
Hau da:
HPB = Hautagaiak lortutako puntuazio bihurtua.
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena = Erantzun zuzenak – (hutsegiteak x 1/3).
PBgeh = Ariketan lor daitekeen puntuazio bihurtua (ariketan gehienez lor daitekeen puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera).
PZgeh = Ariketaren puntuazio zuzena gehienez (ariketan lortutako puntuazio zuzena gehienez).
3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea. Esku-hartzeko lanpostua betetzeko gaitasun-proba. 12 test egin beharko dira, guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak. Test bakoitzak ebaluazio-item batzuk ditu, izangaia gai den ala ez zehazteko. Test bakoitzaren baremaziorik ez da egongo, eta horietako edozein gainditzen ez bada, izangaia hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.
a) Ariketa desberdinetarako dorrera kanpoko eskailera bidez igotzeko testa.
b) Ariketa desberdinetarako dorretik rapel jaitsiera-testa.
c) Esku hartzeko ekipamendua eramateko eta lekualdatzeko testa.
d) Sokatik jaisteko testa.
e) Etxebizitzetako barruko aldeetatik mugitzeko testa.
f) Oztopoen ibilbidean dotazio-motxila eramateko testa.
g) Orientazio-ibilbidearen testa.
h) Behatzeko gaitasunaren testa.
i) Irekitzeko materiala erabiltzeko testa.
j) Arauzko arma laburraren tiro- eta manipulazio-testa.
k) Landa-inguruneko ibilbide-testa.
l) Gune konfinatuetan oztopoak gainditzeko testa.
4.– Laugarren proba, derrigorrezkoa eta baztertzailea. Nortasun orokorreko ezaugarriak eta desegokitasun- edo ez egokitze-adierazleak ebaluatzea eta izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehaztea deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko.
Proba honi 0 eta 40 puntu artean emango zaizkio. Proba honek bi ariketa izango ditu, bakoitza derrigorrezkoa eta baztertzailea, eta 0 eta 20 puntu arteko balioa izango du ariketa bakoitzarentzat.
Proba hau izango da:
a) Nortasun-proba egitea, nortasun orokorraren ezaugarriak ebaluatzeko, bai eta hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen desoreka- edo egokitzapen-adierazleak ere. Ariketa hau 0 eta 20 puntu artean baloratuko da, eta automatikoki baztertuko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituztenak.
Nortasun-probaren ariketa (testa) eta zuzenketa elkarrizketa pertsonalaren ariketa egin aurretik egingo dira.
b) Elkarrizketa pertsonala egitea, deitutako lanpostuaren lanbide profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko izangaien jokabide eta gaitasun-egokitasuna zehazteko. Ariketa hau 0 eta 20 puntu artean baloratuko da, eta automatikoki baztertuko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituztenak.
Elkarrizketa pertsonaleko ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen duten pertsonek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute. Curriculum hori formatu normalizatuan beteko da, eta ez da puntuagarria izango, elkarrizketa pertsonala egiteko elementu lagungarria baino ez delako izango.
Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.
1.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan iragarriko dira, gutxienez egutegiko zazpi egun lehenago. Gainerako probak egiteko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira.
2.– Epaimahai-kalifikatzaileak probak eta horiek osatzen dituzten ariketak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, baita egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, aurrekoa gainditu dutenekiko bakarrik ebaluatuko da proba bakoitza.
3.– Epaimahaiak hautaketa-prozeduratik kanpo utziko ditu modu automatikoan nahitaezko probak egiteko egindako deialdira adierazten den egunean, orduan eta lekuan, agertzen ez direnak, baita ezinbesteko arrazoiengatik izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie proba edo ariketetako edozein hasita gero agertzen direnei.
Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago baditu, ez-bertaratutzat joko da horietako batera ez joatea edo atzeratzea.
Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Epaimahai-kalifikatzaileak probak egiteko datak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu, baldin eta haurdun egoteagatik edo erditu aurretik edo erditu ondoren egoteagatik arriskuren bat duten emakumeen kasuan hala eskatzen badute, betiere inguruabar horiek Epaimahai-kalifikatzaileari jakinarazten bazaizkio proba edo ariketa egin aurretik, eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada.
4.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak eraman beharko dira probetara, eta Epaimahai-kalifikatzaileak beti eskatu ahal izango du agiri horiek aurkeztea.
5.– Proben emaitzak Epaimahai-kalifikatzailearen erabakiaren bidez jakinaraziko dira, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Merezimendu-lehiaketa.
1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten pertsonei bakarrik aplikatuko zaie.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egindako merezimenduak bakarrik baloratu ahal izango dira.
3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta fase horretan lortutako puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.
4.– Lehiaketa-fasean honako hauek baloratuko dira:
4.1.1.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Balio akademikoa duten tituluak emateko legez gaitutako ikastetxeek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da hizkuntza horien ezagutza. Atal honetan 6 puntu emango dira gehienez, xehetasun eta maila hauen arabera:
a) Tarteko maila (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2, edo baliokidea): 1 puntu hizkuntza bakoitzeko.
b) Maila aurreratua (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko C1 edo goragokoa, edo baliokidea): 2 puntu hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntza berak ezin izango du balorazio bat baino gehiago ekarri; beraz, maila handienekoa bakarrik hartuko da kontuan.
4.1.2.– Polizia-lana aintzatestea:
Polizia-lanari egindako aintzatespenetan gehienez 3 puntu emango dira. Abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzkoan) araututako aintzatespenak ematea baloratuko da, baremo honen arabera:
a) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri gorriko domina: 1,5 puntu.
b) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri berdeko domina: 1,0 puntu.
c) Polizia-merezimenduagatiko bereizgarri zuridun domina: 0,5 puntu.
Lehiaketa-faseko emaitzak Epaimahai-kalifikatzailearen erabaki bidez argitaratuko dira.
Hamargarrena.– Euskararen ezagutzaren balorazioa.
Euskararen ezagutza 8 puntura arte baloratuko da, baremazio honen arabera:
– Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B-2 maila edo baliokidea: 8 puntu.
Hautaketa-prozesuaren barruan merezimendu gisa baloratzeko, hizkuntza-eskakizunak dituzten pertsonek agiri bidez alegatu eta egiaztatu beharko dute eskaera egiteko unean.
Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek Erregistroan kontsultatzeko.
Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko maila horien baliokideak diren titulazioak azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotzen dira (297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituena), bai eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan ere (47/2012 Dekretua, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeari eta euskarazko hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteari buruzkoa).
Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.
Hamaikagarrena.– Azken kalifikazioa.
1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskararen jakite-maila baloratzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio. Halaber, hautaketa-prozeduran parte hartuko duten pertsonen lehentasun-hurrenkera zehaztuko du.
2.– Sailkapen-ordenaren araberako berdinketak irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:
a) 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena.
b) Emaitza hobea oposizioaren laugarren probako elkarrizketa pertsonalean.
c) Puntuazio hobea oposizioko lehen proban, indarra neurtzeko testean.
d) Puntuazio onena oposizioko lehen probako erresistentzia-testean.
3.– Hautaketa-sistema osatzen duen kalifikazioa amaitu ondoren, bosgarren oinarrian aurreikusitako Epaimahai-kalifikatzaileak honako hauek onartuko eta argitaratuko ditu, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko dizkio:
a) Sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraiki hautaketa-sistema gainditu duten pertsonen zerrenda.
b) Esku-hartze espezialitateko ikastaroan sartzeko proposatutako 14 pertsonen zerrenda, sailkapen-ordenaren lehentasunari jarraituz. Zerrenda hori hautaketa-sistema gainditu duten 7 pertsonek osatzen dute, gehi beste 7 pertsonek. Hori guztia prozedura honen eskakizun-maila kontuan hartuta, hautaketa-prozesuaren eta prestakuntza-ikastaroaren inbertsioa optimizatzeko.
c) Esku-hartzean espezializatzeko ikastaroan sartzeko proposatu ez diren pertsonen zerrenda.
Hamabigarrena.– Esku-hartzean espezializatzeko ikastaroa eta praktikaldia.
Esku-hartzean espezializatzeko ikastaroak prestakuntzaldi bat eta praktikaldi bat izango ditu. Praktikaldi horiek nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta bi aldiak gainditu beharko dira ikastaroa gainditzeko.
A) Esku-hartzean espezializatzeko ikastaroa.
1.– Hamaikagarren oinarrian xedatutakoaren arabera proposatutako pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez deituko dira, esku-hartzean espezializatzeko ikastaroak egiteko.
2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du interesdunei ikastaroetan parte har dezaten jakinaraztea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
Prestakuntza-ikastaroa hasten den egunean ikastaroan ez hasteak ikastaroan sartu ez diren pertsonei ikastaroan baja ematea ekarriko du, salbu eta ikastaroan ez egotea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari behar bezala jakinarazitako ezinbesteko arrazoiren batengatik gertatzen bada. Ezinbesteko kasutzat joko da lanean ez hastea lanerako ezintasun iragankor baten ondorio denean, gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja-partearen bidez justifikatuta.
3.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu baino lehen borondatez uzten bada, Administrazioak aukera izango du uko egiten duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko. Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:
– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera).
– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipazio pertsonalaren zenbatekoa.
4.– Prestakuntza-ikastaroak horiek arautzen dituen ikasketa-planaren arabera egingo dira.
5.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo bertako zuzendari nagusiak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan egingo dira.
6.– Prestakuntza-ikastaroetarako atxikipena era askotakoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea, ezkontza eta erditzea, erditu aurreko edo erditu ondoko egoerak aplikatuz. Gorabehera horiek hauteman ahal izateko, eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte, egutegiko hamar eguneko epean, 11.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.
Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatzearen, ezkontzaren eta erditzearen, erditu aurreko eta erditu ondoko egoeren ondoriozko inguruabarrak aplikatuz dagokien ikastaroaz bestelako ikastaro batera atxikitako prestakuntza-ikastaroa egiten duten pertsonek ez dute kalifikaziorik jasoko prestakuntza aurreratu badute, eta 11.3.a) oinarrian xedatutako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren ikastaroaren kalifikazioarekin batera argitaratuko da.
Langileak prestakuntza egitea atzeratu behar badu, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, eskubide horiek atzeratutako pertsonak prestakuntza gainditzearen baldintzapean geratuko dira.
7.– Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.
Prestakuntza-ikastaroan nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.
Aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, haurdunaldiagatik, erditzen egoteagatik edo erditu aurreko edo ondorengo aldian egoteagatik hala eskatzen duten emakumeen kasuan, baldin eta gertaera horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazten bazaizkio ikastaroa egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen bada.
8.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken kalifikazioa hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.
9.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak kanpoan utziko ditu.
10.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin dela ikastaroa gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, betiere interesdunari entzun ondoren.
Ikastaroa gainditu duten eta puntuak batzean (oposizio-lehiaketa fasean eta esku-hartzean espezializatzeko prestakuntza-ikastaroan lortutako puntuaziotik) puntuaziorik handiena lortu duten 7 pertsonak sartuko dira praktikaldian.
B) Praktikaldia.
1.– Praktikaldia BBTn, Esku-hartze Unitatean egingo da.
Aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta/edo lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, baldin eta haurdunaldiko arriskuagatik, erditzen egoteagatik edo erditu aurreko edo ondorengo aldian egoteagatik hala eskatzen duten emakumeen kasuan, baldin eta gorabehera horiek Epaimahai-kalifikatzaileari jakinarazten bazaizkio ikastaro hori egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen bada.
2.– Praktikaldia hasi baino lehen, EAEko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du, praktikaldia balioesteko eta gainditzeko iraupena, sistemak eta prozedurak ezartzeko, eta praktiketako destinoak eta horietan hasteko data esleitzeko. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.
3.– Praktikaldian, esku-hartze espezialitateari dagozkion zereginak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da.
Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakarien gainean baino ez da egingo.
Praktikaldian zehar inguruabarren bat gertatzen bada hautatutako pertsona batzuei aldi hori osatzea eta espezialitatea lortzea eragozten diena, praktikak egiten hasi ahal izango dira ezarritako lehentasun-ordenari jarraituz prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonak; kasu horretan, ikastaro guztiak egin beharko dituzte.
4.– Praktikaldiko kalifikazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak argitaratuko ditu, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak kanpoan utziko ditu.
Hamahirugarrena.– Mediku-bazterketen taulara egokitzea.
1.– Hautaketa-prozeduran, oro har hartuta, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honen Bigarren Oinarriko 1.e) puntuan aipatutako baztertze medikoen taulara egokitzen diren egiaztatzeko.
2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak mediku-epaimahai bat izendatuko du, eta epaimahai horren izendapena hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da.
3.– Mediku-epaimahaia mahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute.
4.– Mediku-epaimahaiak ematen dituen txostenak arrazoitu egin beharko dira hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoiren bat dagoela ikusten bada, eta jarraitzen den prozedurak, nolanahi ere, eragindako pertsonaren entzunaldi-eskubidea errespetatuko du.
5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio oinarri honetan aurreikusitako arrazoiak direla-eta norbait kanpoan uztea.
6.– Oinarri hauetan aurreikusitako mediku-epaimahaiari bosgarren oinarriko 2. eta 6. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.
Hamalaugarrena.– Araubide juridikoa.
1.– Prestakuntza-ikastaroan zehar, ikasleak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Araudiaren eta diziplina-araubideko arauen mende egongo dira, eta, osagarri gisa, irakaskuntza-diziplina falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubideko arauen mende egongo dira.
Nolanahi ere, Euskal Herriko Poliziaren Hautapen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautapen-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako edozeinetan arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.
Era berean, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.
Prestakuntza-ikastaroan zehar nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.
2.– Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, betetzen ari diren lanpostuari buruzko lizentzia emango zaie.
3.– Esku-hartzean espezializatzeko ikastaroa gainditzeak ez du berez eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ezta espezialitate hori eskatzen duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala ere, esku-hartze ikastaroa gainditu duten pertsonak lotuta egongo dira Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 5. eta 10. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinean atxikiko ditu Giza Baliabideen Zuzendaritzak esku-hartzeko espezialitatea behar duten plazetara.
4.– Prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta ez sartzeak edo ez gainditzeak pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du, bai eta izan daitezkeen eskubide guztiak galtzea ere. Baztertzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deklaratuko du.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta ikastaroan edo praktikaldian parte hartzen ez duten edo ikastaroa osatzen ez duten pertsonek hurrengo ikastaroan parte hartu ahal izango dute, inguruabar eragozleak desagertu ondoren, eta horretarako eskaera egin beharko dute aldez aurretik.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio kausa aztertzea, eta hari dagokio gaiarekiko ebazpena ematea.
Hamabosgarrena.– Hautaketa-prozedurako pertsonak identifikatzea.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez identifikatuko dira.
Hamaseigarrena.– Argitalpenak.
Berariaz kontrakorik xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, saileko Gurenet intranetean kontsultatzeko aukera alde batera utzi gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan argitaratzeko data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.
Hamazazpigarrena.– Kalte-ordainak.
Pertsonak edozein barne-hautaketa prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, hautaketan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar sortzen diren bidaiek edo bestelako gastuek –esku hartzeko zerbitzuagatiko kalte-ordaintzat hartzen direnek izan ezik– ez dute horiek jasotzeko eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioa ez da gastu horiek ordaintzera behartuta egongo.
Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkatu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan jasotakoak.
Deialdi honetatik, Epaimahai-kalifikatzailearen jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren organoetatik datozen administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideak arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.
Arkauti, 2024ko irailaren 4a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MIREN DOBARAN URRUTIA.